Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-02-05)

Prentsaurrekoa.  Principal Antzokiko Ganbera Zikloa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto; Jesús Guridi Musika Kontserbatorioko zuzendari Puy Asurmendi; Laboral Kutxako Komunikazio arduradun Koldo Ortiz de Urbina; eta Ganbera Zikloaren zuzendari Carlos Seco

Eguna. Asteazkena, otsailak 5

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Udaltzaingoak eskola-garraioa kontrolatzeko kanpaina egin du

Udaltzaingoak eskola-garraioa kontrolatzeko kanpaina berezia aktibatu du. Atzotik, hurrengo ostiralera arte, udaltzainak arduratuko dira garraio mota horretara bideratutako autobusek ezarritako baldintza teknikoak betetzen dituztela eta horiek gidatzen dituzten pertsonak ibilgailu horiekin zirkulatzeko gaituta daudela egiaztatzeaz.

Hau da aurten Udaltzaingoak egin duen trafikoko hirugarren kanpaina berezia. Lehenengoa alkoholaren eta drogen kontsumoan oinarritu zen eta duela bi aste ibilgailuen baldintza teknikoak kontrolatzeko beste bat egin zen.

Tranbia-istripua

44 urteko gizonezko bat zauritu egin zen atzo. Gabriel Zelaia kalean ibilgailua gidatzen ari zela tranbia batek jo zuen bere autoa Forondako Atariarekin lotzen duen bidegurutzean. Zauritua Santiago Erietxera eraman zuten anbulantzian eta tranbiaren zirkulazioa etenda egon zen minutu batzuetan.

Su hartutako ibilgailua

Suhiltzaileak Olarizu mendira joan ziren atzo; bertan, gurutzetik metro gutxira, ibilgailu bat agertu zen erreta. Egiaztatu zuten sua guztiz itzalita zegoela eta ez zegoela biktimarik barruan.

Era berean, Aiurdin tunelaren barruan, istripu batean esku hartu zuten.

Share

Gasteizko Azoka plaza, ONCEren kupoiaren protagonista

 

 

 

 

 

 

 

 Otsailaren 11ko zozketako txarteletan sartuko da azokaren irudia

 

Arabako hiriburuko Azoka plaza ONCEren otsailaren 11ko (asteartea) kupoiaren protagonista izango da, “Hauxe da zure merkatua” sailaren barruan. Merkataritza gune enblematiko hori 5,5 milioi kupoitan agertuko da.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, ONCEren Euskadiko lurralde ordezkari Juan Carlos Anduezak eta ONCEren Gasteizko agentziako zuzendari Concha de la Fuentek aurkeztu dute kupoia, zeinaren bidez merkatuak hirian betetzen duen zeregina aitortzen baitu ONCEk.

“Hauxe da zure merkatua” sailak 52 kupoi ditu, eta udal azokei omenaldia egin nahi die: herri eta hirietako leku enblematikoak izan ohi dira, herritarren egunerokoaren, ohituren eta gastronomiaren lekuko, eta ONCEko saltzaileak ere horien parte dira.

Azken batean, kupoi horiek udal azoken erakusleiho izatea nahi du ONCE gizarte taldeak. Hilean aste batez jartzen dira salgai, astelehenetik ostegunera, “asteguneko” deritzen zozketen barruan.

 Azokan 1,2 milioi euroko saria eman zen

Euskadiko ONCEk 1,2 milioi euro banatu zituen 2020ko urtarrilaren 16an, 10 kupoi sarituz. Horietako batek “La Paga” izeneko saria irabazi zuen, hau da, hilean 3.000 euro 25 urtez; hain zuzen ere, Ramón Tobera saltzailearen eskutik etorri zen saria, zeina ONCEk Azoka plazan duen saltokian aritzen baita.

2015az geroztik —urte hartan hasi zen bisitak erregistratzen—, 10 milioi bisitari baino gehiago hartu ditu Gasteizko Azoka plazak, azokak dituen neurketa sistemen arabera.

Gasteizko Azoka plazaren eraikinak 5 solairu ditu, eta 16.660 m2 orotara. Azoka bera beheko solairuan dago. Bertan 53 txikizkako saltoki daude, non 160 pertsonak egiten baitute lan: 6 harategi, 5 urdaitegi, 4 oilaskotegi, 7 arrandegi, gehi fruta-dendak, lore-dendak, delicatessen produktuen saltokiak eta ozpinetakoen saltokiak. Terrazan 5 ekosaltoki daude, ostegun eta larunbatetan irekitzen dutenak.

Abastos Fundazioak, berriz, instalazio hauek ditu: lore-berotegia, ekitaldi txikiak egiteko prestatua; barazki-berotegia, baratze aeroponiko berritzailea duena; askotarako aretoa, dastatzeak, aurkezpenak, proiekzioak eta talde-jarduerak egiteko; sukaldaritza gela, guztiz hornituriko 18 postu bikoitz dituena, lan-mahai nagusi zabala, bideokamerak eta tamaina handiko pantaila bat. Terraza panoramikoa ere badu, guztiz funtzionala, ekitaldi jendetsuak egiteko aproposa.

Azoka plazaren gaur egungo eraikina 2014an inauguratu zen, baina azokaren historiak 1878ra egiten du atzera. Garai hartako Prokuradore-Sindiko Martin Sarazibarrek azoka plaza publikoa egiteko eraikuntza-proiektua aurkeztu zuen, hiria hornitzen zuten saltokiak —Aiztogile kaleko areto batean zeuden— zaharkituta zeudelako. 1897an, azoka Independentzia plazan eraikitzea erabaki zen, eta Javier Agirre udal arkitektoari agindu zioten proiektua lantzeko.

1899ko abenduaren 31n inauguratu zuen Federico Baraibar alkateak lehen azoka plaza, eta 1975ean eraitsi zen arte erabili zen. Urte hartan ireki zen plaza berria oraingo kokalekuan, Jesus Guridi kalearen eta Santa Barbara plazaren artean, Ángel Esteve arkitektoak proiektatu eta Udalak eraikitako eraikinean. Udalak kudeatu zuen 1997ra arte; urte hartan, Centro Comercial Plaza Santa Bárbara SA sozietateari emakidan laga zitzaion, zeina bertako merkatariek osatzen baitzuten. 2012an eraberritu zen azken aldiz. 2014ko ekainean itxi zen, eta 38 egunez itxita egon ondoren, 2014ko uztailaren 4an ireki zituzten ateak txikizkako merkataritzako saltokiek eta beheko solairuko supermerkatuak. 2015ean, El Corte Inglés-en kirolen atala ireki zen, eta zenbait gastro-taberna, aisialdirako eta ostalaritzako askotariko eskaintza osatuz.

 

 

 

Share

Gasteizek “Pajaritas Azules” saria jaso du Valladoliden, paper eta kartoiaren bilketaren eta birziklatzearen kudeaketagatik

 

 

 

 

 

 

Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak nabarmendu duenez, horrelako aitorpenek “gure hiriak garbiketarekin eta iraunkortasunarekin duen konpromiso eredugarria baieztatzen dute, eta pizgarria dira hobetzen jarraitzeko

 

Valladolideko San Agustin kultur zentroan banatu dira “Pajaritas Azules” sariak. Beste urte batez, Gasteiz saritu dute, paper eta kartoiaren bilketaren eta birziklatzearen kudeaketaren kalitateagatik. Hain zuzen ere, Pasta, Paper eta Kartoiaren Ekoizleen Espainiako Elkarteak (ASPAPEL) kalifikazio gorena (3 paper-txori) eman dio hiriari.

Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak jaso du saria. Orotara 34 herri eta hirik jaso dute sariren bat. Ekitaldian, Ingurumeneko estatuko idazkari Hugo Moránek eta ASPAPELeko lehendakari Jordi Mercaderrek hartu dute parte. “Gasteiz gailenen artean izan da estatu mailan, bertako herritarren inplikazioari eta ohitura gero eta jasangarriagoei aitorpen egin zaielarik. Pozgarria da honelako ekitaldietan parte hartzea, zeinetan gure hiriaren izena eredua eta erreferentea baita. Eta, batez ere, pizgarria dira hobetzen jarraitzeko”, nabarmendu du César Fernández de Landak.

Gasteizen 43 kg birziklatzen dira urtean biztanleko, hau da, estatuko batez bestekoa baino % 137 gehiago.  Euskadiko hiriburua nabarmendu den beste adierazle bat bilketaren hazkundea izan da: 2015etik 2018ra arteko batez besteko hazkundea Espainian % 24 izan da; Gasteizen, berriz, % 41 hazi da paper eta kartoiaren bilketa.

Share