Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 otsaila 2020 19:19

Otsailaren 20tik 25era arte iraungo dute jaiek

Goiuri jauregian aurkeztu da 2020ko Gasteizko Inauterietako programazioa; aurten otsailaren 20tik 25era arte iraungo dute jaiek. Desfileetan aterako diren 26 konpartsak ere ezagutarazi dira; parte-hartzaileen erabateko errekorra lortuko da aurten, 7.162 pertsona baitira guztira.

Hilaren 20an hasiko da programazioa, Ostegun Gizenarekin. 17:30ean hasiko da abesbatzen ibilbidea hiriko kaleetan zehar, eta 19:30ean Probintzia plazan elkartuko dira, guztiek batera abesteko.

Otsailaren 21ean (ostirala), Luis Aranburu musika eskolako ikasleen txanda izango da, 19:15ean entzunaldia eskainiko baitute. 20:00etan, Indarra Kultur Elkarteak “Kimuak, Iñausi eta berriak hazi” lana oholtzaratuko du Espainia plazan.

Larunbatean, otsailak 22, Gasteizko margolarien kalejirak emango die hasiera ekitaldiei, Geltoki plazatik Andre Maria Zuriaren plazaraino. Inauterietako lehen desfilea 18:00etan aterako da Legutianoko atetik.

Desfilea Iparralde gizarte etxetik irtengo da, eta ibilbide hau egingo du: Legutianoko atea, Frantzia kalea, Bake kalea, Ortiz de Zarate kalea eta Florida kalea, Florida parkean bukatzeko.

Berritasun gisa, Gaztea irratiak jai bat antolatu du Andre Maria Zuriaren plazan, 20:30ean; disko jartzaileek eta ETS taldearen kontzertu akustikoak osatuko dute egitaraua. Ondoren, gau-jaia izango da Espainia plazan, Tximeleta taldearen eskutik.

Bestetik, 23:00etatik 01:00era arte, Botapa Batukada Elkartearen kalejirak Zabalguneko eta Hirigune Historikoko kaleak girotuko ditu, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta.

Igandean, martxoak 23, Inauterietako bigarren desfilea egingo da, eguerdiko 12:00etan.

Sardina erretzearekin amaituko dira jarduerak, otsailaren 25ean (asteartea). Gaurtik aurrera, Gasteizko Turismo Bulegoan egongo da ikusgai sardina.

Gainera, otsailaren 25era arte kartel lehiaketara aurkeztutako lanak ikusi ahalko dira Ibaiondoko gizarte etxean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:59

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak Xtraclubeko 2020ko udaberri-uda denboraldirako programazioa jarri du abian. Aisialdi, kultura, abentura eta kirolarekin lotutako 38 jarduera eskainiko ditu orotara, formatu ezberdinetan: lantegiak, gaikako ikastaroak, hiriko irteerak, erakustaldiak, kultur bidaiak eta udako kanpalekuak. Guztira 905 leku dira, 12 urtetik 18 urtera bitarteko gazteentzat.

Xtraclub programa duela 13 urte sortu zen, eta gazteen artean aisialdi hezitzailea eta harreman osasuntsuak sustatzeko topagune bat sendotzea lortu du. Gainera, gazteen parte-hartzea asteburuetan oso handia da aisialdi gune horretan. 2019an, udazken eta udaberriko denboraldian, 1.650 erabilera zenbatu ziren, eta eskainitako jardueren % 99 burutu ziren.

Parte-hartzaileek aukera ugari dituzte izena emateko: oinarrizko hurbilketa, egun bakarra irauten duten lantegietan, edo zenbait egun irauten duten ikastaroak, hainbat diziplinatan sakontzeko.

Denboraldi honetan gazteei eskainitako jardueren artean dantza urbanoko eta kantuko lantegiak nabarmentzen dira, agertoki baten gainean abestu eta dantza egiteari beldurra kentzeko behar diren gaitasunak landuko baitira horietan. Hain zuzen ere, ikastaroa amaitutakoan parte-hartzaileek erakustaldia egingo dute, maiatzaren 17an, Aldabeko gizarte etxeko antzokian. Orobat, argazkigintza, sukaldaritza eta robotika ikastaroak egingo dira udalaren gizarte etxeetan, baita askotariko gai eta material lantzeko eskulanen lantegiak ere.

Horretaz gain, abentura eta kirol jarduerak naturaren erdian (“Zirkuitua zuhaitzen artean”, “Egun bat zaldien bizitzan”, “Euskal Kostatik zeharkaldia”, “Surfa Somon”, “Raftinga Kantabrian”, “Sellaren jaitsiera piraguan”…), hiriko irteerak (termak, kart-ak, bolatokia…) eta kultur txangoak (Laredo, Bartzelona…) antolatu dira.

Apiriletik aurrera, udako kanpamentuei buruzko informazioa argitaratuko da: Cunitekoa (Tarragona) eta Gasteiz inguruko nekazaritza kanpamentua. Udalaren web-orrian emango da kanpamentuen berri zabalagoa, udalaren 2020ko opor programaren barruan.

Hemen aurkituko duzu Xtraclub programazioari buruzko informazio guztia: www.vitoria-gasteiz.org/xtraclub

Argibideak eta izen-ematea: Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoa (OMIJ), gizarte etxeak, herritarrei laguntzeko bulegoak, 010 telefonoa eta udalaren web-orria. Izen-ematea formalizatzeko nahitaezkoa da Herritarren Udal Txartela (HUT) indarrean izatea; OMIJen eta gizarte etxeetan eskura daiteke txartela.

 

 

Share
Kategoriak: Oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:39

Klimaren aldeko Ekintzaren Batzordea (2020/02/25)

Gai-zerrenda: 25-02 Klima Ekintza B

Share
Kategoriak: Oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:04

Klimaren aldeko Ekintzaren Batzordea, apartekoa eta premiazkoa (2020/02/19)

Gai-zerrenda: 19-02 Klima Ekintza B

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:54

Aste honetan, Udaltzaingoak harrapatzeak ekiditera zuzendutako zirkulazioko kanpaina berezia egingo du. Ekintza hori 2018-2023rako Bideko Segurtasuneko Udal Plan Estrategikoaren baitan kokatu behar dugu.

Kanpainak igandera arte iraungo du, eta oinezkoak zein gidariak kontzientziatu nahi ditu seinaleetako eta zirkulazioko arauak errespetatzeko beharraren inguruan, hala, oinezkoa beti ahulena izan ohi den istripu mota horiek ekiditeko.

Bestalde, otsailaren 16an, oinezkoen eta merkantzien garraioa kontrolatzeko beste kanpaina bat amaitu zen. Udaltzaingoak 14 kontrol egin zituen eta ehun autobus eta kamioi inguru igaro zen horietatik. Ikuskapen haiek zirela eta, hamar salaketa izapidetu zituzten. Haietako erdia baino gehiago (6) IATa egina ez izateagatik izan ziren.

 

Istripuak

Azken 24 orduotan, Udaltzaingoak 14 zirkulazio-istriputan esku hartu behar izan du eta 2 zauritu gertatu dira horietan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:10

 

 

 kartela_fotoarte_2020

 

Otsailaren 24an (astelehena) hasiko da lanak aurkezteko epea, eta martxoaren 27an (asteazkena) amaituko 

Udaleko Kultura Sailak Fotoarte lehiaketaren 16. edizioa aurkeztu du; aurten “Dantza” izango da gai nagusia. Otsailaren 24tik martxoaren 27ra arte aurkeztu ahalko dira lanak.

Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok deialdiaren helburuak azaldu ditu. “Fotoarteren helburua da herritarrak argazkilaritzara hurbilaraztea, alor horretan sorkuntza sustatzea, eta irudi iradokitzaileen bidez jarduera artistikoa modu erakargarrian ikusten laguntzea.”

Cantok ekimenari egindako harrera ona azpimarratu du. “Aurreko edizioan, 474 artistak 844 lan aurkeztu zituzten, eta horrek erakusten du lehiaketa hitzordu sendotua dela argazkigintzaren zaleen agendan.”

Lanak bide elektronikoz aurkeztu beharko dira, www.vitoria-gasteiz.org/fotoarte web-orrian ageri den formularioa baliatuz.

Epaimahaiak 32 argazki aukeratuko ditu, eta horiekin erakusketa ibiltaria egingo da gizarte etxeetan; udalaren webguneko espazio birtual batean ere erakutsiko dira.

Lehenengo saria 1.000 eurokoa izango da; bigarrena, berriz, 400 eurokoa. “Aurten, hirugarren sariaren ordez, tokiko artistarentzako saria sortu dugu, 400 euroko zuzkiduraz, Gasteizen bizi diren edo bertan ikasi edo lan egiten duten pertsonek aurkeztutako argazkirik onenarentzat“, azaldu du Kultura zinegotziak.

Orobat, bi accesit emango dira, bakoitza 150 eurokoa. Maiatzaren 27an banatuko dira sariak, Ibaiondoko gizarte etxean.

Argazkigintzarekin lotutako zenbait jarduera paralelo antolatu dira lehiaketaren osagarri: hitzaldiak, lantegiak, mahai-inguruak, etab.

Fotoarte_2020 oinarriak

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org/fotoarte

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:56

 


Gasteizko 13 ikastetxetako laurehunetik gora ikaslek Udalaren hezkuntza-jarduera berri batean parte hartuko dute otsailaren 18tik 23ra bitartean; jarduera, hain zuzen, “Bremengo musikariak” izeneko ipuin musikatua da, Haur Hezkuntzako ikasleei zuzendua –zehazki, bost urteko gelakoei–.

Udal Musika Bandak sustatutako proposamen pedagogikoa da, Udalaren Hezkuntza Zerbitzuarekin elkarlanean antolatutakoa. Guztira, hamar saio eskainiko dituzte bost egunetan (otsailaren 18an, 19an eta 20an; eta martxoaren 18an eta 23an), eskola-ordutegian. Saio horiek Musiketxean izango dira (Bandaren egoitza) eta 50 bat minutu iraungo dute. Zehatz-mehatz, bi atal izango ditu jarduerak: lehenik, ikasleek Bandaren musika-tresnak ezagutu ahal izango dituzte gertu-gertutik, bai metalezko zein egurrezko haize-instrumentuak, baita perkusiozkoak ere. Ondoren, “Bremengo musikariak” ipuina entzun ahalko dute ikasleek, narratzaile batek gidatuta. Saioan, The Bremen Town Musicians obra joko du Bandak, Hayato Hiroshe musikari japoniarrarena.

Doako ekintza da ikastetxeentzat, eta material didaktikoak eskaintzen zaizkie, irakasleek aldez aurretik gelan landu ditzaten.

Iaz jada ikastetxe batekin probatutako esperientzia honek helburu hauek ditu: ikasleek zuzeneko musika sinfonikoa lehen aldiz gozatzeko aukera izatea, eta, halaber, musika-banda batekin izango duten lehenengo harremana gertukoa eta didaktikoa izatea.

Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok hau adierazi du: Musika ikaskuntzak, bereziki taldean egiten denean, jendekoitasuna, lankidetza, espiritu kritikoa eta begirunea sustatzen ditu, eta gure hezkuntza publikoak balio horiek guztiak aldezten ditu. Bai Udalaren Hezkuntza Zerbitzua bai Udal Banda berritzaileak izan dira aparteko esperientzia hau proposatzean, ikasleak era pedagogiko eta osoan hurbilduko baititu musika sinfonikora”.

Ikastetxe hauek parte hartuko dute aurten: Aranbizkarra, Landazuri, San Ignacio, San Martín, Judizmendi, Padre Orbiso, Samaniego, Sansomendi, Barrutia, Ángel Ganivet, Santa María de Vitoria, Ramón Bajo eta Miguel de Cervantes.

Jarduera honi buruzko informazio guztia Hezkuntza Zerbitzuaren webgunean dago.

 

Musika adierazpena programa

Ibilbide luzeko udal proiektu baten barruan dago Bremengo musikariak jarduera. Alegia, Musika adierazpena izeneko programaren barruan. Egitasmo horrek kontzertu pedagogikoak eskaintzen dizkie Gasteizko ikasleei 1988az geroztik. Ikasturtero 200 saio baino gehiago antolatzen ditu Hezkuntza Zerbitzuak  hiriko musika-taldeen eskutik, eta 30.000 ikaslek hartzen dute parte.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:37

IGIk antolatu du ekitaldia, nekazaritzako elikagaien estrategiaren barruan; asistentzia librea izango da, librea, lekuak bete arte.

 

Datorren martxoaren 10ean, 18:00etan, “Ekoizpen ekologikoaren ebidentzia zientifikoak” gaitzat duen hitzaldia eskainiko da Aldabeko gizarte etxean. IGIk antolatu du, Hiri Ekologiaren Gelaren barruan eta hiriko nekazaritzako elikagaien estrategiarekin lotuta. Espainiako Nekazaritza Ekologikoko Elkarteko lehendakari Concepción Fabeiro Cortések ekoizpen ekologikoari buruz duen ikuspuntua azalduko du.

Nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura ekologikoaren gorakada moda edo joera izatetik harago doa. Gure elikadura sistemaren ekoizpen sektore guztiei eragiten die eta, horrenbestez, interes, jakin-min eta zalantza ugari sortzen ditu gizartearen arlo guztietan, baita aurkako jarrerak ere, kontsumitzaileengandik hasita nekazaritza industriarekin lotutako enpresa handietaraino. “Hitzaldi honetan azken 15 urteetako argudio eta frogapen zientifikoak biltzen dira, erdizkako mezuen, gezurren edo ekoizpen ekologikoaren kontrako mito deritzenen bidez egiten diren erasoei aurka egiten lagungarri izan daitezen“, adierazi  dute antolatzaileek.

Concepción Fabeiro Cortés Nekazaritzako Ingeniaritzan doktorea da, landare ekoizpenaren arloko irakaslea, Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Nekazaritza eta Mendietako Ingeniarien Goi-mailako Eskola Teknikoari atxikia, eta SEAE-Espainiako Nekazaritza Ekologikoko Elkartea/Espainiako Agroekologiako Elkarteko lehendakaria.

Share