Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-02-14)

Prentsaurrekoa. ‘Cascarot’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Antzezlanaren egile Gartxot Unasain; eta ATC Teatro konpainiako komunikazio arduradun Naia Muñoz

Eguna. Ostirala, otsailak 14

Ordua. 10:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

———————————

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, otsailak 14

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Europa jauregian “Más 60 Activo” jardunaldia antolatu da, 60 urtetik gorako bizitzan dituen erronkak eta onurak aztertzearren

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak “Más 60 Activo” jardunaldia irekitzeko ekitaldian hartu du parte gaur goizean, Europa jauregian. El Correo-k antolatu du jardunaldia, 60 urtetik gorako bizitzak dituen erronkak eta onurak aztertzearren. Fundazioaren lehendakari Jon Urrestik eta aipatutako egunkariko zuzendari-kudeatzaile María Gotik lagundu diote Armentiari.

Topaketan 400 pertsona inguru elkartu dira. Zinegotziak udalak adinekoekin duen konpromisoa nabarmendu du, Gasteizko biztanleen % 21 baitira. “Programak garatzen ditugu adinekoek etxean bakarrik bizi ahal izan dezaten, sostengu ematen dien gizarte ingurunea eduki dezaten, prebentzio-programetan parte hartu eta aktibo mantentzen laguntzen dieten jarduerez goza dezaten”, azaldu du.

“Más 60 Activo” jardunaldian hainbat gairekin lotutako hitzaldiak eskainiko dira egunean zehar, adinekoei begira denak: teknologia berriak, segurtasuna, hezkuntza edo kirola. Udalak ere hartuko du parte horietan, adinekoentzako zentro soziokulturalei buruzko hitzaldia emanez. Zentroetako teknikari Raquel Villarrealek eta jarduera batzordeetako kide Maite Estívariz Saenzek elkartzeko eta zahartze aktiborako leku horietaz hitz egingo dute.

Share

Bi pertsona zauritu dira istripuetan

Azken 24 ordutan, Udaltzaingoak atzo 8 istriputan esku hartu zuen. Horietan, bi pertsona zauritu dira.

Bestalde, suhiltzaileek Hedegile kaleko etxebizitza batera joan behar izan dute bart. Sukaldean gertatutako suak (bakarrik itzali zen gero), eragina izan zuen sukaldearen gainean eta etxebizitzako gainerako tokietan kea zabaldu zen. PSISZko kideek etxebizitza aireztatu eta gas-hornidura moztu zuten.

Share

Hiriko gazteek kudeatuko dute Gazteria Zerbitzuaren ‘instagrama’

Gasteizko gazteek kudeatuko dute instagram@vitoriagazteok kontua. Udalak, Gazteria Zerbitzuaren bitartez eta Gardentasun eta Edukien Atalarekiko lankidetzan, profil hori sortu du herritarrei ahotsa emateko helburuarekin, udalaren sare sozial bat partikularren —zehazki, 16 eta 35 urte bitarteko gazteen— eskura  jarriz. Ekimen aitzindaria da Estatuan.

Instagrameko profil horrek aukera emango du desberdinen arteko sormena eta komunikazioa sustatzeko, gazteek gehien erabiltzen duten sare sozialetako bat baita. Udalaren helburu nagusia da Gasteizko gazteei beren nortasuna eraikitzen eta autonomia pertsonala garatzen laguntzea, baita gizartean modu aktibo eta parte-hartzailean txertatzen laguntzea ere. Gazteria zinegotzi Miren Fernandez de Landak aurkeztu du ekimena, Ekialde institutuan, kontua kudeatuko duten lehen bi pertsonekin batera. Oihane Sarasti eta Yerai Dominguez dira.

Funtzionatzeko modua, hemendik aurrera, erraza izango da: ekimenean parte hartzeko interesa duten gazteek Udalaren webgunean emango dute izena. Eta aukeratuak izanez gero, bi astez kudeatuko dute kontua. Denbora hori igarota, beste pertsona batek hartuko du lekukoa. Trukean, kontraprestazio bat jasoko dute: GasteizOn-eko saltokietan truka daitezkeen txartelak.

Udala Gasteizen bizi diren eta bertan ikasi eta lan egiten duten 16 eta 35 urte bitarteko pertsonei zuzentzen zaie nagusiki. Haiek izango dira proiektuaren protagonista nagusiak eta kudeatzaile aktiboak. Adinaz eta Gasteizekin duten harremanaz gain, baldintza bakarra izango da: Instagrameko profila izatea eta sare hori erabiltzen esperientzia pixka bat izatea.

 

Berariazko helburuak:

  • Kontua kudeatzen duten gazteen adierazpide izatea, eta haien pozak, arazoak eta interesak lehen eskutik adieraztea eta kontatzea.
  • Hiriko gazteen artean zaletasunei, kezkei, interesei … dagokienez dagoen aniztasuna erakustea.
  • Interakzioa eta komunitatea sortzea hiriko gazteen artean, eta haien eta Gazteria Zerbitzuaren artean.
  • Gazteen interesak ezagutzea eta eskaintza haien interesetara egokitzea.
  • Gazteek Gazteria Zerbitzuari hiriaz duten ikuspegia eta informatzerakoan dituzten lehentasunak helaraztea.

Zer egin behar dute gazteek parte hartzeko? 

            Parte hartu nahi duten gazteek bi aukera izango dute:

  1. v-g.eus/vitoriagazteok webgunean sartu eta formulario erraz bat betetzea.

Hautatutako pertsonek bi astez kudeatuko dute kontua, eta Gasteizko gazteen enbaxadore lanaren ordain gisa, erosketa-txartel bat (60 euroan balioetsia) jasoko dute hiriko saltokietan gastatzeko.

 

  1. Beren profiletatik @vitoriagazteok profilean aldian behin antolatuko diren lehiaketetan parte hartzea. Erosketa-txartelak (30 euroan balioetsiak) irabazi ahalko dituzte.

 

 

 

Share