Prentsa Oharren banner

Gasteizek aitorpena jaso du Parisen, ingurumenaren arloan nazioarteko buru izateagatik

Ana Oregi zinegotziaren adierazpenak

  • Ana Oregi alkateordeak CDP erakundearen 2019ko A-List hirien aitorpen gorena jaso du, “beste hiri batzuek baino hiru aldiz ekintza klimatiko handiagoa egiten ari delako”
  •  Euskadiko hiriburua eta Bartzelona dira nazioarteko sailkapen horretan dauden estatuko bi hiri bakarrak, beste hainbatekin (Europa, Estatu Batu, Kanada, Australia, Hego Amerika, Japonia, Korea edo Hegoafrikakoak)

 

Gasteiz ekintza eta gardentasun klimatikoaren munduko lider izendatu dute Parisen, CDP (Carbon Disclosure Project) erakundearen hirien zerrendan aintzatespen handiena (A+) lortu baitu; nazioarteko erakunde horrek enpresa eta hiriei laguntzen die, korporazio handien ingurumen-inpaktua ezagutaraztearren.

 

Euskadiko hiriburua eta Bartzelona dira nazioarteko sailkapen horretan dauden estatuko bi hiri bakarrak, beste hainbatekin (Europa, Estatu Batu, Kanada, Australia, Hego Amerika, Japonia, Korea edo Hegoafrikakoak)

 

Ana Oregi alkateordeak gaur arratsaldean jaso du aitortza, gure hiria “klimaren aldeko ekintzan zerrenda horretan ez dauden hiriek baino hiru aldiz gehiago egiten ari delako. Horrek emisioak murrizteko eta berotze globalari aurre egiteko bost aldiz ekintza gehiago adierazten du, eta bikoitza egungo arrisku klimatikoetara egokitzeko, uholdeetatik hasi eta bero-boladetaraino “, nabarmendu du erakundeak.

 

Atzerri Gaietako Ministerioak Parisen duen egoitzan egin da CDP Europe Awards ekitaldia. Saritutako hirietako ordezkariek eta erakundeetako ordezkariek parte hartu dute, hala nola, Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen (bideokonferentziaz) eta Frantziako Atzerri Gaietarako Estatu idazkari Jean Baptiste Lemoyne; lehen mailako enpresa eta konpainien nazioarteko arduradun gorenek ere hartu dute parte.

Ana Oregik nabarmendu duenez, “hiri eta eskualdeek bermatzen dute kudeaketa eraginkorrena klima aldaketaren aurrean; izan ere, prebentzio- eta arintze-neurri nagusien % 80 inguru hurbilenean diseinatu eta garatzen dira, beharrezkoak ez diren energia-kontsumoak saihestuz, garraio orekatuak sustatuz, hondakinak murriztuz eta azpiegitura berriak eraikitzean lurralde-plangintza hobea eginez”.

Horren haritik, alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotziak gogorarazi du: “Gasteiz duela ia hiru hamarkada jabetu zen gure munduak dituen premiez eta aurre egin beharreko arazoez, eta neurriak hartzen hasi ginen, planak idazten, iraunkortasunaren bide hori urratzen jarraitzeko ongi kokatuta egotera garamatzaten politikak bideratzen. Ikusten dugu, eta pozgarri da, larrialdi klimatikoaren gainean kontzientzia hartzen ari dela jendea han eta hemen, mundu osoan, eta erakunde publikoei eskatzen dietela planak idatz ditzatela, neurriak ezar ditzatela. Harro gaude aitzindari izateaz, horretan ere, eta beste behin ere adierazten dugu gure konpromisoa, klimaren aldeko ekintzari dagokionez, hura murriztu eta hartara egokitu beharra baitaukagu, planetak bizi duen egoera oso larria dela onartuta”, nabarmendu du Ana Oregik.

 

CDPren kalifikazioa hiriak klima-aldaketarekin lotutako ekintza areagotzera bultzatzeko diseinatu zen. Kalifikazioa 850 hirik baino gehiagok 2019an CDP-ICLEI Txosten Bateratuen Sistemaren bidez emandako datuetan eta Ebaluazio-metodologian oinarritzen da.

 

Plataforma bateratuaren bidez, hiriek ingurumen-datu garrantzitsuak neurtzen dituzte, besteak beste, berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioak, klimarekin lotutako ahulguneak, eta isuriak murrizteko eta arriskuetara egokitzeko ekintzak. Sailkapena ‘A’-tik D- ‘-era doa, gardentasuna, datuen kalitatea eta ekintza-maila aintzat hartuta.

 

“A” kalifikazioa lortzeko, hiriak egokitze eta arintze praktika onenak erakutsi behar ditu, helburu anbiziotsu eta errealistak ezarri, eta helburu horiek lortzeko bidean aurrera egin duela erakutsi. Azkenik, hiriak plan estrategiko eta integralak izan behar ditu  hartzen ari diren ekintzen arrakasta bermatzeko, klima-inpaktuak eta hirian dauden herritarren, enpresen eta erakundeen kalteberatasuna murriztuz.

 

“COP 26 gailurraren urtean, munduko arreta estatuetako gobernuei zuzentzen zaie, karbonoa murrizteko konpromisoak areagotu ditzaten. Hiriak, ordea, aparteko lekuan daude premiazko neurriak hartzeko. 105 hiri horiek, Gasteiz barne, erakusten dute nola egin, beste batzuek jarraitu beharreko adibidea emanez, eta zorionak ematen dizkiegu buruan egoteagatik“, aipatu du CDPko hiri, estatu eta eskualdeetako zuzendari global Kyra Applebyk.

 

CDPk azaldu dutenez, Gasteiz arrazoi hauengatik hartu dute aintzat: klima-aldaketarekin lotuta estrategia sendoak garatzea; isuriak murriztu eta ebaluatzeko eta klima-arriskuak arintzeko azterketak eta ekintzak sustatzea, eta horiei buruzko informazio gardena ematea.

 

Zientziak ohartarazi duenez, emisio globalak erdira murriztu behar dira 2030erako, berotze globala 1,5 ºC-ra mugatu ahal izateko.

 

Gasteizek aurkeztutako txostena (https://81cf2db64486fa633062-3b335fb421c16cc71467d740b79b5793.ssl.cf3.rackcdn.com/comfy/cms/files/files/000/001/920/original/Ayuntamiento-de-Vitoria-Gasteiz-Cities_2019.pdf)

 

 

Gasteizi buruzko informazioa CDPren orrian (https://www.cdp.net/en/articles/cities/vitoria-gasteiz)

 

Share

Prentsa-deialdiak (2020-02-26)

Prentsaurrekoa. ‘The Sky is incide’ erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Estibaliz Canto; UPV-EHUko Arte Ederren Fakultateko dekano Arantza Lauzirika; Susana Viñolo, artista; eta erakusketako komisario Cristina Arrazola

Eguna. Asteazkena, otsailak 26

Ordua. 10:30

Tokia. Montehermoso Kulturunea, Ortuño aretoa

———————————————

Prentsaurrekoa. EnpleoGune Foroaren X. edizioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Enplegu eta Hezkuntza zinegotzi Igor Salazar; eta UPV-EHUko Arabako campuseko errektoreorde Ivan Igartua

Eguna. Asteazkena, otsailak 26

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

 

 

Share

Gasteizek Gardelegin 23.000 tona hondakin ez-arriskutsu sartzea onar lezake, modu sekuentziatuan eta urtebetez gehienez

  • Arabako Lurralde Historikoan sortu baina orain arte zabortegian sartzen ez ziren hondakinei dagokie kopuru hori
  • Kopuru hori gaur egun urtean jasotzen dena baino % 23 gehiago litzateke
  • Gardelegiko zabortegiaren baldintzak eta aukerak azaltzen ditu txosten tekniko batek, Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Udalari, Bizkaiko Aldundiari eta Debagoieneko Mankomunitateari egindako azken eskaerari erantzunez

 

Gardelegiko zabortegian “ez-arriskutsu gisa katalogatutako 23.000 tona hondakin sartzea onar liteke, zeinak Arabako Lurralde Historikoan sortu baina orain ez baitziren Gardelegiko zabortegian sartzen; horiek, a priori, gure zabortegian onargarriak izan litezke”. Hala jasotzen du Ingurumen Sailburuordetzak Euskadiko zabortegi publikoetako arduradunei egindako azken eskaerari erantzuteko Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailak idatzi duen txosten teknikoak; hondakinak berehala jasotzeko duten gaitasuna zehazteko eskatzen zuen sailburuordeak.

Klimaren Aldeko Ekintzaren zinegotzi César Fernández de Landak txostenaren berri eman du batzordean, Eusko Jaurlaritzari igorriko dioten erantzunaren oinarria izango baita. Atzo goizean bilera batera deitu zituen oposizioko talde guztiak, Ingurumen Sailak egindako eskaera ezagutu bezain laster. Bilera horretan, sailburuordetzaren eskaeraren berri eman zitzaien taldeei, eta zinegotziak konpromisoa hartu zuen prestatzen ari ziren txostena taldeekin partekatzeko, behin idatzita. Hala egin du gaur goizean batzorde publikoan.

Cesar Fernandez de Landak gogorarazi duenez, Gasteizko Udalak hondakin kopuru handiagoa har lezake bere gain, “betiere Ingurumen Baimen Integratuan eta zerbitzua ustiatzeko araudian zehaztutako onarpen-baldintzak errespetatzen badira“. Honako hauek lirateke onartzeko baldintzak:

– Hondakinak zabortegian onargarriak izatea, IBIan ezarritako onarpen-baldintzen arabera.

– Hondakinek zabortegia ustiatzeko araudian ezarritako baldintzak betetzea.

– Inolako hondakin arriskutsurik ez izatea, ezta amianto-zuntzdun fibrozementurik ere, haren aurkezpenetako bakar batean ere, Gardelegiko zabortegiak ez baitu hura jasotzeko baimenik, ezta baimena eskatzeko asmorik ere.

Udal sailak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzarekin izan dituen bi bilera teknikoetan adierazi da muga horiekin gaur egun “ez-arriskutsu” gisa katalogatuta  23.000 tona hondakin onar litezkeela udal zabortegi publikoan, Arabako Lurralde Historikoan sortu baina Gardelegiko zabortegian sartzen ari ez zirenak. 23.000 tona horiek gaur egun sartzen direnak baino %23 gehiago suposatuko lukete, eta zabortegiaren gainontzeko ahalmenaren %3a.

Hondakin horien sortzaileek beren hondakinak Gardelegin isurtzeko eskatu beharko lukete, eta zerbitzuaren araudian  eta IBIan ezarritako baldintzak benetan beteko balituzte, onargarriak izango lirateke. Gainera, txostenak planteatzen du hondakin horiek urte bakarrean sartuko direla joko dutela une oro, eta  luzatu nahi izanez gero beste azterketa bat egin beharko dela, lortutako esperientziak kontuan hartuta.

Share

Udaltzaingoak Alde Zaharreko jatetxean lapurreta egin zuenetako bat atxilotu du

Bart goizaldean, Alde Zaharreko jatetxe batean gertatutako lapurretan, kutxa erregistratzailea eraman dute. Lapurreta egin duten bi pertsonetako bat atxilotu du Udaltzaingoak gaur eguerdian.

19 urteko gazte bat, beste mutil baten laguntzarekin, ostalaritza-establezimendura sartu da atzeko aldetik eta kutxa erregistratzailea eraman dute. Geroxeago, udaltzainek kutxa erregistratzailea harresien esparruan aurkitu dute botata. Gertakariak 6:50 inguruan gertatu dira.

Polizia-ikerketen arabera, atxilotua Alde Zaharreko merkatuan topatu dute. Bertatik Agirrelandara eman dute. Udaltzaingoak ikerketak zabalik ditu bigarren susmagarria topatzeko.

Beste jarduera batzuk

Bestalde, Udaltzaingoak 19 urteko gazte bat atxilotu zuen atzo babes-neurria hausteagatik. Era berean, zauriturik gabeko 12 trafiko-istriputan esku hartu zuen.

Suhiltzaileak

Suhiltzaileek 2 trafiko-istriputan hartu zuten atzo parte: tranbia eta autobusaren arteko talkaren ondorioz tranbia bidetik atera zen Luis Olariaga kalean, eta bestetik, ibilgailu bat galtzadatik atera zen Iturritxu kalean.

 

Share

Adurtza eta San Kristobal birgaitze integrala, eraginkortasun energetikoa eta irisgarritasuna kontuan hartzen dituen plan bati esker eraldatuko dira, AGREE proiektuaren barruan

 

Hasierako proposamenak 170 etxebizitza inguru barne hartzea aurreikusten du, hau da, 15 eta 20 eraikin inguru

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila buru duen proiektuan hartuko du parte 21 Zabalguneak, Tecnalia, Bidebi, Donostiako Etxegintza eta Ihobe bazkide dituelarik

Adurtzak eta San Kristobalek osatutako auzoa birgaitze integraleko plan bati esker eraldatuko da, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak gidatutako eta Europako Batzordeak diruz lagundutako AGREE proiektuaren barruan. 21 Zabalguneko kontseiluak hiriko “urrezko” auzo hori proposatzea erabaki du, hainba arazo pilatzen dituzten beste auzo batzuen beharrak aztertu ondoren; izan ere, aurreko agintaldian atariz atari aztertu zituzten horiek.

Zabalgune 21eko kontseiluko presidente Ana Oregik  positibotzat jo du akordio hori: “eraikinetan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzeaz gain, AGREE proiektuak birgaitzearen merkatua indartzea du helburu, eraikinen energia-eraginkortasuna eta irisgarritasuna areagotzea eta ingurumen-onura handiak lortzea, hala nola CO2 isuriak nabarmen murriztea. Proiektu hau bat dator datozen urteetarako diseinatu dugun klimaren aldeko ekintza-estrategiarekin, eta 21 Zabalgunea hiri-birgaitzerako eta -biziberritzerako agentzia gisa sendotzen du “.

Adurtza auzoaren alde egiteko, 21 Zabalguneko talde teknikoak Abetxuku, Adurtza, Ariznabarra eta Zaramaga auzoetako azterketa soziourbanistikoen informazioa baliatu du, eta konpondu beharreko arazoak metatzen diren eremuak ikusteko aukera ematen duten aldagaiak gurutzatu ditu: batetik, egoera txarrean dauden eraikinak, 50 urtetik gorakoak, ez igogailurik ez isolamendu termikorik ez dutenak eta, bestetik, 65 urte edo gehiagoko biztanleak, baita 79 urtetik gorakoak ere (gainzahartzea deritzona). Ikuspuntu horretatik, Adurtza auzoak premia handia du.

Bada erabaki hori hartzea eragin duen beste faktore bat ere: 21 Zabalgunearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza IEA EBC ANNEX 75 “Cost-effective Building Renovation at District Level Combining Energy Efficiency & Renewables” proiektuan  (Barruti mailako eraikinak prezio onean berritzea, eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarriak uztartuz). Testuinguru horretan, azterlan sozio-urbanistikoak egin ziren auzoen berri eman zitzaion unibertsitateari, eta haiek Adurtza hautatu dute aztergai.

Aurrekari gisa, nabarmendu behar da 2017ko maiatzean Olarizu auzoko kontseiluko lehendakariak bilera bat eskatu ziola Hirigintza Sailari, Adurtza eta San Kristobal auzoen ingururako hiri-biziberritzeko proiektua aurkezteko. Europako deialdi baten esparruan auzoko eraikinak birgaitzeko finantzaketa lortzeko egin zuten lana ezagutarazi zuten bilera hartan.

Adurtza, San Kristobal eta Olarizuko auzo-elkarteekin harremanetan jarri ondoren, 21 Zabalgunera eraman zen proposamena, baina eraikinen eta espazio publikoaren azterketak gauzatu ondoren, ekimena gelditu egin zen, prozesua kudeatzeko auzotarren komunitateak biltzen zituen elkarte bat formalizatzen saiatu zirenean. Nolanahi ere, hiria berroneratzeko ekimen hori suspertzeko aukeraren aurrean, auzotarrek aurreko lanei berriz ekiteko interesa adierazi dute, AGREE bezalako proiektu baten esparruan. Izan ere, proiektuak 21 Zabalgunearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango du akordioak formalizatzeko eta kudeaketan aholkuak emateko, eskala-ekonomia aplikatuta.

Zabalgune 21etik uste dugu Adurtza eta San Kristobal AGREE eremu gisa aukeratzeak aurretik egindako lanak eta bere garaian auzo-elkarte eta -komunitateek egindako ahaleginak aprobetxatzea ekarriko lukeela, horrela jarraitutasuna emanez eta auzoak biziberritzeko egindako ahalegina eta proaktibitatea balioetsiz“, azaldu du Ana Oregik.

2019ko urtarrilaren 15ean jakinarazi zuen Europako Batzordeak AGREE proiektuaren esleipena, eta 2019ko irailaren 5ean egin zen proiektua abiarazteko bilera Gasteizen. Bileran parte-hartzaile guztiak izan ziren, Europako Batzordeko Enpresa Txiki eta Ertainentzako Agentzia Exekutiboko bi ordezkari tekniko eta finantzariok lagunduta.

Europako Batzordeak 562.000 euroko dirulaguntza emanda, AGREEk 8,5 milioi euro mobilizatzea espero du, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hiru proiektu pilotutan sartutako etxebizitza-eraikinak energiaren ikuspuntutik birgaitzeko.

Beste deialdi batzuetan ez bezala, deialdi horrek ez ditu birgaitze-inbertsioak finantzatzen, baizik eta  errehabilitazio-inbertsioa (gutxienez 8,5 milioi euro) mugiaraziko duten mekanismo berritzaileak garatzeko behar den laguntza teknikoa, hots, 562.156,25 euroko laguntza teknikoa. 

Etxebizitza Sailak tresna bat garatu du finantza-erakundeekin batera, laguntzen onuradun diren eta birgaitzearen guztizko gasturako ekarpena finantzatu behar duten jabeei eta jabeen erkidegoei kreditua eskuratzea errazteko.

Proiektua 2022. urtera arte hedatuko da Basauri, Donostia eta Gasteizko bizilagun-erkidegoetan gauzatuko diren hiru proiektu pilotu horietan. Zehazki, birgaitze integraleko proiektuak egitea proposatuko da, bereziki irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna lortzeko, esku-hartze horietarako berariaz diseinatutako finantzaketa-sistema berriak sortuz eta bizilagunek prozesuan parte hartzea bermatuz.

AGREE proiektuak 562.000 euroko dirulaguntza du, Horizonte 2020 programa europarrak finantzatua. Europar Batasuneko ikerketa- eta berrikuntza-programarik handiena da, eta haren funtsen bidez proiektu berritzaileak babesten dira, Europaren lehiakortasun globala ziurtatzeko.

 

 

170 etxebizitza Gasteizen

Gasteizen, zehazki, 170 etxebizitza inguru mugiaraztea da proposamena, hau da, 15 eta 20 eraikin inguru. 21 Zabalgunearen aurrekontua, guztira, 83.680 euro da, honela banakatuta: langileen kostua, bidaiak eta bestelako zerbitzuak, zeharkako kostuak eta azpikontrataziorako zati bat (20.000 €).  Proiektuak 36 hilabeteko epea du aurreikusitako helburuak lortzeko.

Hiru proiektu pilotuak gauzatzean lortutako esperientzia eta ezagutza eskuliburu batean jasoko dira, antzeko ezaugarriak dituzten eraikinetan aplikatu ahal izateko. Horrek hobetu egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza-parkearen energia, ingurumen eta gizarte baldintzak. Izan ere, parke hori Europako hegoaldeko zaharrenetakoa da, 1940 eta 1980 artean eraiki baitziren bizitegi-eraikinen % 57, energia-eraginkortasunari buruzko erregulazioak egin aurretik. Gasteizen, zehazki, 4.374 eraikin dira.

 

 

 

Share

Teatro Paraíso taldeak nazioartean duen presentzia sendotuko du, bira bat egingo baitu Europa eta Ekialdetik

Besteak beste, Italia, Frantzia eta Belgikara joango dira ‘Pulgarcito’, ‘Kubik’ eta ‘Xocolat’ lanekin.

 

 

 

 

 

Teatro Paraíso konpainia gasteiztarrak nazioarteko birari ekingo dio beste behin: hiru ikuskizun eskainiko ditu, Arabako antzerkia atzerriko agertokietara esportatzeko asmoz. ‘Pulgarcito’, ‘Kubik’ eta ‘Xocolat lanak hautatu dituzte oraingo abentura honetarako.

Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Estíbaliz Cantok, Teatro Paraísoko zuzendari Pilar Lópezek eta konpainiako zuzendari artistiko Tomás Fernández eta Rosa A. Garcíak aurkeztu dute proiektua prentsaren aurrean. “2020ko biran eramango ditugun hiru ikuskizunak Gasteizko Antzoki Sarearen laguntzari esker sortu dira, eta Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatu. Izan ere, nire sailetik Teatro Paraísok eskaintzen duen kalitateko antzerkiaren alde egiten dugu”, azpimarratu du Estíbaliz Cantok.

‘Pollicino’, Erpurutxoren italierazko bertsioa, 37 aldiz antzeztu dute, eta atzerriko ikuskizun onenarentzako Eolo saria lortu zuen Milango Segnali jaialdian.

Maletak Italiako esperientziez bete ondoren, konpainiak Frantziara joko du, eta han ia hilabete emango dute ‘Kubik’ lanarekin. Lan horrek ikuskizun onenarentzako Feten saria lortu zuen 2013an eta hainbat herrialdetan eskaini dute Frantziara iritsi aurretik: Mexiko, AEB, Hungaria, Errumania, Italia eta Irlanda. Frantzian 21 emanaldi dituzte programatuta, Loira eta Normandia eskualdeetako herri eta hirietan, hala nola Bouloire, Le Mans eta Préaux-du-Perche.

Maiatzaren 24 eta 25ean, berriz, ‘Xocolat’ antzeztuko dute Belgikako Pépites jaialdiaren barruan. Ondoren Txinara joatea da asmoa, baldin eta herrialde hartan piztutako osasun krisiak ahalbidetzen badu.

 Beste Feten sari bat

Bide batez, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak zorionak eman dizkio Gasteizko konpainiari  ‘Úniko, el Príncipe destronado’ ikuskizunarekin interpretazio onenarentzako 2020ko Feten saria lortu duelako;  Iñaki Rikartek zuzendutako lana martxoaren 15ean estreinatuko da Principal antzokian. “Teatro Paraísok azken lau hamarkadetan egindako lana bide onetik doala berresten du sari horrek. Zorionak Paraísori zein Maite Bayón aktoreari”.

 

Share