Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-02-25)

Prentsaurrekoa. Teatro Paraísoren 2020ko nazioarteko jira aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Estibaliz Canto; Teatro Paraisoko zuzendari Pilar López; eta aktore Rosa García eta Tomas Fernandez

Eguna. Asteartea, otsailak 25

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Gasteizek berritu egingo ditu birgaitzeko laguntzak, hartara gehien behar duten pertsonengana iristeko eta premi handieneko jarduerei ekiteko

Gasteizek berritu egingo ditu birgaitzeko laguntzak, hartara gehien behar duten pertsonengana iristeko eta premi handieneko jarduerei ekiteko Horrela planteatu dio 21 Zabalguneko lehendakari Ana Oregik gaur goizean bildu den kontseiluari. Horren arabera, 21 Zabalguneak maileguak emango lituzke, birgaitzearen % 100erainokoak, barne hartuta proiektua, tasak, zergak eta gerta daitezkeen beste gastu batzuk. Elkarrekin taldeak bere sostengua eman dio oinarrizko akordioari.

Oinarri berriek zenbait faktore hartu izan dituzte aintzat. Azken urteetan laguntzak bideratzeko zenbait arau aplikatu diren arren, ez da lortu Gasteizen egoera txarrenean dauden eraikinen birgaitzean nahi bezain beste aurrera egiterik lortu. “Horretan eragin gehien izan duen faktoreetako bat birgaitze-obrei ekin ahal izateko behar beste baliabide ekonomiko eza izan da, batez ere errenta baxueneko bizilagunen artean”, azaldu du Ana Oregik. Gainera, kasu batzuetan diruz lagundutako jarduerak ez dira lehentasun handienekoak izan; esaterako, bazter geratu dira premia handieneko esku-hartze batzuk, irisgarritasunarekin edo egitura-sendotzearekin lotutakoak.

Izan ere, egungo laguntza-ereduan, 21 Zabalguneari dagozkion zereginak, funtsean, eskaerak jasotzera, indarreko araua betetze-maila ebaluatzera eta aldian aldiko dagokion zenbatekoa ordaintzera mugatzen dira. Bestalde, 21 Zabalguneak sortutako diru-sarrerak udalaren lurzoru-ondaretzat jotzen dira, eta horrek ez du partikularren ondare higiezina birgaitzeko itzuli beharrik gabeko diru-laguntzetara bideratzeko aukerarik ematen.

Gainera, Udalak ez du diru nahikorik itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bide bakarraren bitartez hiriko zenbait gunetan gertatzen ari den eraikinen narriadura arazoari aurre egiteko, batez ere hirigune historikoan. Eusko Jaurlaritzak badu itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen sistema ba urteko 25.000 € arteko errenta-tartekoentzat, kreditu-erakunde pribatuekin finantza-lankidetzarako tresna batekin osatzen dena.

21 Zabalguneko lehendakariaren aburuz, Birgaitzeari buruzko arau berriak “arreta egin behar lieke, batez ere, errenta-tarte baxuenei, lehentasun handieneko kasuetan birgaitzeari ekiteko aukera emanez, eta estaliz, beharrezkoa balitz, birgaitzearen gastuen zenbateko osoa. Hots, lehentasuna emango lieke eraikinak birgaitzea eta onik zaintzea oztopatzen dituzten zaurgarritasun-egoerei, izan ere horiek udal-ondarea narriatzera baitaramate, zeharka bada ere, eta txarrerako eragiten baitute auzoaren eta hiri osoaren bizi-baldintzetan”.

Birgaitzea sustatzeko eredu berriak udalaren lurzoru-ondarea baliatu beharko luke, 21 Zabalguneri zor gehiegirik sortu gabe. Gainera, 21 Zabalgunek oso komenigarritzat jotzen du arau berria zenbait urterako izatea, hartara aukera emango lukeelako birgaitze-jarduerak programatzeko ez soilik epe laburrean, eta segurtasuna emango liekeelako eskatzaileei aplikazio-erregimenari dagokionez.

Arau berriak errenta-tarte baxuenak artatuko lituzke lehentasunez, zein Gizarte Politiken Sailak aztertu eta eguneratuko beharko bailituzke. Horren arabera, 21 Zabalguneak maileguak emango lituzke, birgaitzearen % 100erainokoak, barne hartuta proiektua, tasak, zergak eta gerta daitezkeen beste gastu batzuk. Mailegu horiek zama hipotekario gisa islatuko lirateke birgaitutako eraikinean, eta epeak kasu bakoitzaren inguruabarren arabera ezarriko lirateke.

21 Zabalgunek jarduera proaktiboa litzateke, eta, horrenbestez: informazioa emango lieke bizilagunei, eta hiriko auzo narriatuenen birgaitzea sustatuko luke; hiri-birgaitzeko proiektuak identifikatu eta erredaktatuko lituzke, baita obrak kontratatu eta gainbegiratu ere; hipotekak emateko funts propioa sortuko luke; bigarren hipoteken gainean arituz gero, kobraezinak hartuko lituzke bere gain; esku-hartze bitartean pertsonen eguneroko bizitza aldari dezaketen ondorioak aurreikusiko lituzke, esaterako  beste bizileku bat eman beharra.

Eredu berri hori ahalik eta azkarren abiaraztea gorabehera, 2020an erredaktatuko litzatekeen Gasteizko Hiri-Birgaitze eta -Zaharberritzerako zenbait urteko Gida-plan baten bidez egituratuko litzateke. Planaren zuzkidura ekonomikoa zenbait urterako konpromiso-kreditu bidez kudeatuko litzateke, gutxienez agintaldi osorako, hura abian jartzea bermatzeari begira. Behin plana abiarazita, diru-sarrera eta -irteeren arteko oreka ekonomikoa bilatuko litzateke pixkanaka, halako moduan non ez den beharrezko izango funts gehiago gehitzea. Edonola ere, eta behar izatera, Sozietatateak denbora-tarte horretan sortutako udalaren lurzoru-ondaretik hartuko ahalko litzateke.

Share

Olarizun legez kanpo okupatutako etxebizitzak hustu eta eraisteko prozesua aktibatu du berriro Udalak

21 Zabalgunearen kontseiluak zenbait proposamen aztertu ditu eraisketaren ondoren libre geratzen den orubean etxebizitza berriak eraikitzeko

Gaur goizean, 21 Zabalgunearen kontseiluak aurrerapauso garrantzitsua eman du Olarizun legez kanpo okupatutako etxebizitzak hustu eta eraisteko prozesuan. Etxebizitzak berriak eraikiko dira orubean.

21 Zabalguneko lehendakari Ana Oregik “administrazioak ofizioz berreskuratzea” deritzon figura erabiltzea proposatu du Olarizuko etxebizitzetan identifikazio, hustuketa eta eraisteko prozesuari ekiteko.  Horretaz gain, eraisteko proiektua aurkeztu zaio kontseiluari. Udal sozietateko kontseilukideek, bestetik, legez kanpo okupatutako etxebizitzak hustu eta eraitsi ondoren libre geratzen den orubean etxebizitzak eraikitzeko zenbait proposamen ezagutu dituzte.

“Inguruko auzoko legitimoek zein udal talde gehienok planteatzen genuen irtenbidea argitzen ari da, azken urteetan ahalegin berezia egin baitugu kroniko bihurtzeko arriskua zuen egoera bat desblokeatzeko. Gaur 21 Zabalgunean erabakitakoa oso positibo eta garrantzitsua da egoera konpontzeko”, nabarmendu du Ana Oregik.

 

Udalak gidatuko ditu hustuketa eta eraisketa

Urtaranen gobernuaren proposamenak —zeinak  PPren sostengua izan baitu— lau urrats barne hartzen ditu:

1) 21 Zabalguneak amaitutzat jotzea etxebizitza horien emakida.

2) Etxebizitzen jabetza Udalari eskualdatzea.

3) 21 Zabalgunearen kapital murrizketa onestea (beharrezkoa baita finantza-doikuntza hori egitea).

4) Idatzita dagoen eraisketa proiektua Udalari eskualdatzea.

Kontseiluak akordio hori onetsi ondoren, sozietatearen batzar nagusiak berretsi beharko du, eta Tokiko Gobernu Batzarrak etxebizitzak onartutakoan identifikatu ahalko ditu Udalak okupak. Gero, etxebizitza uzteko duten epearen berri eman beharko diete usurpatzaileei, eta hala egin ezean, etxeetatik egotzi. Hori guztia egin ondoren eraitsiko lirateke blokeak.

“Zenbait aukera aztertu ditugu teknikoki, eta proposamen horrexek ahalbidetzen du irmotasun eta eraginkortasun handiagoz jokatzea. Hirian legez kanpoko okupazioen aurka egiten jarraituko dugu, okupazioak ezagutu ahala salatzen, okupak egozten eta etxebizitzak berriz okupatzea ekiditeko neurriak hartzen”, hitz eman du 21 Zabalguneko lehendakariak.

 

 

Share

Atxilotu bat giza hilketaren saiakuntza dela eta

19 urteko gazte bat atxilotu zuten larunbatean giza hilketaren saiakuntza baten ustezko egilea izateagatik.

Hedegile kaleko lonja batean jazo zen, goizeko 10:00ak inguruan. Udaltzaingoak borroka bat zegoela zioen deia jaso zuen eta bertara joan ziren udaltzainek egiaztatu zuten ustezko egilea liskarrean sartuta zegoen beste gizonezko bati labana sartzen saiatu zela. Ondorioz, atxilotu eta Agirrelandako bulegoetara eraman zuten. Handik, epailearen esku geratu zen.

Erasoa jasan zuenak azaleko zauriak (urratuak) zituen, eta ez zen beharrezkoa izan ospitalera eramatea.

Asteburuan, Udaltzaingoak beste 4 lagun ere atxilotu zituen. Ostiralean, udaltzainek errekisitoria judiziala zuen 38 urteko emakumezko bat eta 29 urteko gizonezko bat atxilotu zituzten Legutianoko Ateko saltoki batean molestiak eragiteagatik eta bertaratu ziren polizien aurka oldartzeagatik.

Larunbatean, Udaltzaingoak 39 urteko gizonezko bat atxilotu zuen babes-agindu bat hautsi izanaren ustezko egilea izagateagatik, eta 41 urteko beste gizonezko bat beste bati ukabilka eraso egiteagatik Babesgabetuen plazan.

Istripuak

Ostiraletik, otsailaren 21etik, 30 zirkulazio-istripu gertatu dira eta 3 zauritu izan dira istripu horietan.

Prebentziozko alkoholemia-kontrolak

Azken 72 orduotan prebentziozko bederatzi alkoholemia-kontrol egin dira, eta 100 gidari baino gehixeagok egin behar izan dituzte alkoholemia-probak. Haietako zazpitan, emaitza positiboa izan da.

Sutea ibilgailu batean

Bart gauean, suhiltzaileek Bergarako Ateko orube batean (Betoñu industrialdean) abandonatuta zegoen auto batean gertatutako sutea itzali dute.

Asteburuan, gainera, bi edukiontzitan sortutako sua itzaltzeko lan egin behar izan dute: larunbatean Basoa kalean, eta ostiralean San Antonio kalean.

 

Share

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak dei egin diete familiei, 50 ume saharar har ditzaten uda honetan

 

 

 

 

 

 

  • Afanis familien elkarteak eta Sahararren Euskadiko Ordezkaritzak aurten ere ‘Oporrak bakean’ programa antolatu dute, erakundeen lankidetzarekin batera

Gasteizko Udaleko Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak, Arabako Foru Aldundiak, Ume Sahararrak Hartzeko Familien Arabako Elkarteak (Afanis) eta Euskadiko Frente Polisarioaren Ordezkaritzak dei egin diete Arabako familiei, saharar errefuxiatuen kanpamentuetako haurren bat beren etxeetan har dezaten uda honetan.

Helburua da 11 eta 12 urte bitarteko 50 haur hartzea, Afanisek adierazi duenez, eta helburu hori lortzeko 15 familia gehiago behar dituzte.

‘Oporrak bakean’ aldi baterako harrera programa da, iheslari kanpamenduetan dauden haurrentzat; dagoeneko 44 urte bete ditu. Udako bi hilabeteak Arabako familiekin igaroz umeek eguneroko errealitaterik atseden hartzea da helburua, basamortuan —Algeriako Hamada deritzonean— 55 gradutik gorako tenperaturak jasaten baitituzte udako hilabeteetan.

Halaxe adierazi dute prentsaren aurrean Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendari Nerea Melgosak, Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak, Afaniseko lehendakariorde Irune Lujambiok eta Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkari ondoko Brahim Abdelfatahek. Lau entitateek lankidetza hitzarmen bat daukate izenpetuta ‘Oporrak bakean’ programa garatzeko. Laguntza medikoa eta elikadura orekatua ere ematen dizkie ume sahararrei; aldi berean, kultura-trukea sustatzen da, eta Arabako gizartea sentsibilizatzen.

Agerraldian, Afaniseko lehendakariorde Irune Lujambiok iragarri du aurten, lehenengoz, web orri propioa daukatela (afanis.org), “ezeren aurretik, familiek jakin dezaten zer den ume horiek hartzea”.  Gainera, harrera egiteko programan parte hartu nahi dutenek telefono hauetara dei egin dezakete: 650 134 011 eta 665 711 947; edo mezu bat bidali posta elektroniko honetara: afanisalava@gmail.com.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiaren esanetan, “Oporrak bakean giza elkartasunezko esperientzia eta gizartea eraldatzeko proiektua da. Saharar adingabeei familia baten berotasuna sentitzeko aukera ematen die, etxetik milaka kilometrora egon arren, eta Arabako familiei kultura arteko esperientzia izateko aukera ematen. Gogora ekarri nahi dugu Gasteiz izan zela aitzindarietako bat Sahararekiko elkartasuna adierazten, eta erakundeen babesaz gain, Arabako familien konpromisoari esker lortu da hori; horregatik, aurten berriro bat egiteko eskatzen diegu”.

Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendari Nerea Melgosak adierazi du, bestalde, “Arabako gizartea hurbilekoa, abegikorra eta solidarioa ” dela, eta ‘Oporrak bakean’ ekimenaren helburuetako bat dela “Saharako kanpamenduen errealitatea hurbilagotik ezagutzea, enpatia izatea eta milaka familiak bertan bizi dituzten baldintza latzei elkartasuna adieraztea, hemen familia oso bat dutela jakinaraziz, hau da, Arabakoa eta Euskal Herrikoa, haien kausaren eta eskubideen alde eginez“.

Euskadiko Frente Polisarioaren ordezkariaren  iritziz, azkenik, Arabako familiek harrera egitea “esperientzia handia da, eta hain urrun eta desberdinak diren bi familia eta kulturaren arteko zubiak ezartzeko balio du”.

Share

Harrera ekitaldia Estatu Batuetako ikasleei

Udalak harrera egin die Estatu Batuetako New Hampshire estatuko Nashua hiriko Bishop Guertin High School ikastetxeko ikasle eta irakasleei; Gasteizera etorri dira bisitan Kultur Trukeak direla-eta, Corazonistas ikastetxeak gonbidatuta.

Share