Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-02-20)

Prentsaurrekoa. ‘Felices’ erakusketa, Proiektu Artistikoen deialdian aukeratutako proiektua aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; eta Ruth Briones eta Raquel Durán artistak

Eguna. Osteguna, otsailak 20

Ordua. 10:30

Tokia. Montehermoso Kulturunea, Ur Andela

————————————

Prentsaurrekoa. HIGA2020! Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen 3. Topaketaren aurkezpena

Parte Hartzaileak: Alkateorde eta Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubai; HIGAko zuzendari Beñat Garaio; Hizkuntza Politka Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari Josune Zabala;  EHUko Letren Fakultateko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketa sailburu Mari Jose Olaziregi; Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Lexuri Ugarte; eta Vital Fundazioko zuzendari nagusi Axier Urresti

Eguna. Osteguna, otsailak 20

Ordua. 11:30

Tokia. Oihaneder Euskararen Etxea

Share

Heroina trafikoagatik atxilotuta

Udaltzainek 56 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Gasteiz hiribidean heroina-trafikoagatik osasun publikoaren aurkako delituaren ustezko egilea zelakoan.

Gertakariak 09:15 aldera izan ziren. Udaltzainek etxetik gertu atzeman zuten gizonezkoa. Ikerketa Unitatea pertsona horren jarraipena ari zen egiten, heroina- eta kokaina-trafikoa egiten ari zitekeen susmoa baitzuten, beraz, zaintza-dispositiboa ezarrita zuten.

Gizonezkoa egunero joaten zen Koroatze auzora, eta bertan, udaltzainek egiaztatu ahal izan zuten denbora asko pasatzen zuela, ziurrenik bezeroekin harremanak egiteko. Bezeroekin transakzioak oso modu diskretuan egiten zituen, bide publikoan bertan. Jarraipen horri esker, erosle batzuk identifikatu zituzten, eta horiei administrazio bidetik salaketa jarri zitzaien eta erositako droga konfiskatu zitzaien.

Atxiloketaren ostean, udaltzainek etxebizitza erregistratu zuten eta han 1.000 euro eta saltzeko prest zeuden zenbait dosi topatu zituzten. Gizonezkoaren ibilgailua ere erregistratu zuten, biltegi gisa erabiltzen baitzuen, garaje batean aparkatuta. Ibilgailuan, beste bi pakete handiago topatu zituzten udaltzainek. Guztira, 150 gramo heroina.

Atxilotua gaur goizean geratuko da epailearen esku.

Atzoko operazioarekin, udaltzainek hiru atxiloketa egin dituzte arrazoi beragatik azken 10 hilabeteetan. Lehenengoa Salburua auzoan izan zen, 2019ko martxoan, 300 gramo droga konfiskatuta, bigarrena, 2019ko ekainean, Pilar auzoan, 33 gramo konfiskatuta.

Share

Udal gobernuak azpimarratu du Gardelegik ez duela inoiz hondakin arriskutsurik onartuko eta ez duela Zaldibarko zabortegitik datorren ezer hartuko

Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak azpimarratu du Zaldibarko gertakariak zirela eta Eusko Jaurlaritzak egindako eskaerari erantzuteko eskaini zen lankidetzak oso baldintza argiak dituela. “Inoiz ez da hitz egin Zaldibarko zabortegiko hondakinak Gardelegira ekartzeaz”, adierazi du Fernández de Landak: “Gasteizek ematen duen laguntzak gure zabortegia arautzen duten araudia eta legedia zorrotz errespetatuko ditu beti”.

Horren haritik, Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotziak nabarmendu du Gardelegik arriskutsu ez diren hondakinak baino ezin dituela onartu, eta ez duela amiantoa onartzeko baimenik. Gogora ekarri du, halaber, Ingurumen sailburuordeak berak arriskutsutzat jo zituela Verter Recycling 2002-ren instalazioetan dauden hondakin guztiak, eta han geratuko zirela esan zuela.

Fernandez de Landak zehaztu duenez, Gardelegik Ingurumen Zaintzarako Plana du, eta ingurumen zaintzari buruzko txostena egiten du urtero, zeinak kalitate-entseguen emaitza guztiak jasotzen baititu. Larrialdietako plana ere badu, eta hondakinak onartzeko prozedura zorrotza, berariaz horretaz arduratzen diren udal langileen kontrolpean. Jasotzen dituen materialei buruzko informazioari dagokionez, sortzen den dokumentazio guztia eskuragarri dagoela gogorarazi du. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin partekatutako kudeaketa-sistema bat du, halaber, non hartutako material ororen ezaugarriak zehazten baitira. Tresna horiek guztiek  herritarren segurtasuna bermatzen dute, eta lasai egon daitezkeela Gardelegiko kudeaketaz.

Share

Udaltzaingoak dosierra ireki dio Eztarroako abeltzaintza-ustiategi bati, erreten batera mintzak botatzeagatik

Udaltzaingoak dosierra ireki dio Eztarroako abeltzaintza-ustiategi bati, duela egun batzuk erreten batera mindak isuri zirela antzeman baitzuen.

Herritar batek 092 telefonora deitu zuen joan den otsailaren 5ean, erreten horretako urak kolore marroia eta usain txarra zuela ohartarazteko. Ingurumen Taldeko kide batzuk bertara joan ziren, eta ikusi zuten kutsaduraren jatorria gertuko abeltzaintza-ustiategi batetik lurpetik zetorren hodi bat zela, minda kirats handia zuen likidoa baitzerion.

Gertakariak egiaztaturik, Udaltzaingoak kasu horietarako ezarrita dagoen protokoloa aktibatu zuen, eta 112ra deitu, URA-Uraren Euskal Agentzia bertaratu zedin, harena baita alorreko eskumena. Agenteek isurketaren laginak hartzen lagundu zieten URAko langileei, horren eragina azter zezaten.

Bestetik, ustez isurketaren jatorria zen ustiategiaren titularra aurkitu eta harekin hitz egin zuten udaltzainek, laginak hartzen zituztenean bertan egon zedin, eta horietako bat gordetzeko aukera eman zioten, kontraanalisia agindu nahi bazuen ere.

Kirats handia eta uretan zeuden gorozkiak gorabehera, erretenaren urak hartzen dituen errekak ez zuen kalterik izan. Hurrengo egunean, erretena garbitu egin zutela egiaztatu zuen Udaltzaingoak.

Dena dela, azaldutakoa kontuan izanik, URAk dagokion dosierra abiaraziko du, abeltzaintza-ustiategiak irregulartasunik egin badu ere. Era berean, Udaltzaingoak txostena bidaliko dio Udaleko Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailari.

Share