Prentsa Oharren banner

HIGA2020!: Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Hirugarren Topaketa aurkeztu dute, irailaren 6tik 9ra Gasteizen egingo dena

HIGA 2020, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Hirugarren Topaketa, Gasteizen egingo dute irailaren 6tik 9ra. Gaur goizean prentsaurrekoa egin dute, Oihanederren Euskararen Etxean, ekimena aurkezteko, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren bezpera dela aprobetxatuz. Mundu osoko hiztun gazteak Gasteizen batuko dira, elkarren berri izan eta etorkizunera begira biziberritzeko egitasmoak elkarlanean antolatzeko. 2011n eta 2018an ere topaketa egin da hirian. Eta azken edizioan mundu osoko 75 gazte elkartu ziren Gasteizen, 35 hizkuntza gutxitu ezberdin hitz egiten zituen talde aberats eta dinamiko bat osatuz. Topaketan izena emateko epea irekita dago gaurtik eta maiatzaren 21era arte.

Hizkuntza asko daude munduan, baina denek ez dute bermatuta beraien biziraupena. Iñaki Gurtubai zinegotziaren arabera, “munduan 6.000 hizkuntza badaude eta 200 estatu, atera kontuak”. Hala ere, gutxitutako hizkuntza batzuek biziberritze prozesuan murgilduta daude eta hori da Gasteizen adibidea. Zinegotziaren esanetan eta hirian egindakoa balioan jartzeko, “berezia da Gasteizek hizkuntza biziberritzeari dagokionez egin duen bidea: 1986an, euskaldunak %6 ziren, 2016an, %26,17. Hiri gutxi egongo dira munduan, beren hizkuntza halako neurrian biziberritu dutenik.”.

Gobernuen politikez gain, funtsezkoa da herri ekimenetatik abiatutako lana munduko hizkuntza gutxituen alde. Zentzu horretan, gazteria izango da hizkuntza gutxituen biziberritzea ahalbidetuko duen gizarte-taldea. Globalizazio garai hauetan horrelako erronka bati erantzuteko, hizkuntza gutxituetako komunitate ezberdinetako kideen arteko elkartasun eta elkarlana funtsezkoak izango dira etorkizunean.

Gasteizen gazteek izan dute euskararen biziberritzearen ardura, zinegotziak emandako datu soziolinguistikoetan ikusten den bezalaxe. Horiek horrela, gazte planak, lehenik, eta euskara planak, gero, errealitate horri erreparatu diote eta egoki ikusi dute espazio bat sortzea euskara eta hizkuntza gutxituak biziberritzeko prozesuan ari diren gazteak biltzeko, elkar ezagutzeko eta bizipenak partekatzeko . Horixe da HIGA: hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketa.

Beñat Garaio HIGA-ko zuzendariak zehazten ditu HIGA-k dituen beste helburuak:

  • Hizkuntza gutxituetako mundu osoko hiztun gazteak batu fisikoki, elkarren berri izan eta etorkizunera begira biziberritzeko egitasmoak elkarlanean antolatzeko

  • Hizkuntza gutxituetako biziberritze prozesuen inguruan oinarri teorikoak eta bizipenezkoak jaso, topaketako parte-hartzaileek euren komunitateetara ezagutza horiek eramateko

  • Hizkuntza lankidetzaren helburuak jarraituz, euskararen biziberritze prozesua ezagutzera eman eta partekatzea, besteenetik ikasten dugun bitartean

  • Gazteriaren parte-hartzea aktibatzea, kasu honetan beraien bizitzaren esparru jakin batean

Aurreko HIGA ekitaldian gazteei formakuntza eskaintzeko Udalak eta EHU-k izan zuten elkarlana oso garrantzitsua izan zen. Aurten ere, bien artean Udako Ikastaro ofizial bat antolatu dute HIGA-ren harira. Mari Jose Olaziregi Letren Fakultateko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketa Sailburuaren aburuz, “pozgarria da UPV/EHUren ikuspegitik, topaketa hauek Uda Ikastaroen egitarauaren parte izatea. Arabako campusean 10-12 uda ikastaro antolatzen dira urtero, eta HIGA horien parte izateak Uda ikastaroei funtsezko ekarpena egiten die”. Bere esanetan, unibertsitatea bere esku dagoen guztia egiteko prest dago, 2018ko ekitaldian bezalaxe.

Baina EHU-ko Udako Ikastaro Ofizial bat izan arren, ez da ekimen akademiko soila izango, edo ez behintzat, bere osotasunean. Lau egun horietan denetarik antolatuko da parte-hartzaile guztien interesak eta izaerak kontuan hartzeko. HIGA3-ko zuzendariaren esanetan, gidoia hau izango da: goizetan hizkuntzen biziberritzearen inguruko hainbat gai jorratuko dira adituekin; arratsaldean ekintzak antolatuko dira Gasteiz hobeto ezagutzeko eta beraien arteko harremana sendotzeko; eta bukatzeko, gauetan, ekitaldi kulturalak antolatuko dira, izan kontzertuak, antzerkiak, poesia emanaldiak eta abarrekoak. Antolakuntzak matrikula, otorduak eta lo egiteko tokia ordainduko die gazteei, eta gauzak horrela, elkarrekin 24 ordu pasatuko dituzte lau egunez.

Pasa den ekitalditik hona jauzi kualitatibo nabarmena emango du HIGA2020!-k, izan ere, aurreko esperientzia arrakastatsuen ondoren erakundeak antolakuntzara batzen joan dira, modu batean edo bestean HIGA2020! indartuz. Hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren kasua. Prentsaurrekora joandako Josune Zabala HPSko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariaren esanetan, “guk bereziki nabarmendu nahiko genuke gutxiagotasun linguistikodun (eta kulturanizdun) egoeran dauden gazteen arteko topaketek sinergietan eta harremaentan izan dezaketen eragin biderkatzailea. Gogoeta eta praktiketan, bizipenetan gauzatzen dena. Eta aukera hau EH mailan proposatu izana, eskergarri eta txalogarria da Eusko Jaurlaritzarentzat”.

Aurtengo ekitaldira gehitu den beste erakundeetako bat Arabako Foru Aldundia da. Lexuri Ugarte Gobernantza Irekiko eta Euskara Zuzendariak, bere hitzartzean, aipatzen du HIGA “aukera paregabea dela hizkuntza gutxituen aldarria gertutik ezagutu eta lau haizeetara zabaltzeko”. Iñaki Gurtubai zinegotziaren ildoa jarraituz, Arabak ere aurrerapauso handiak eman ditu euskararen bilakaera soziolinguistikoan eta “horrelako ekimenek agerian uzten dute arabarrok euskararen aldeko apustua berresten ari garela”. Arabako Foru Aldundiaren kasuan, bere Euskara Sustatzeko 2019-2013 Plan Estrategikoko euskara eta gazteria binomioari so egiteagatik adierazi nahi izan diote HIGA2020!-ri babesa.

Bestalde, Axier Urresti Vital Fundazioen zuzendari exekutiboak erakundeak “gure lurraldeko ondare historikoarekin eta kulturalarekin duen konpromisoa” nabarmendu du, “edozein hizkuntza ondare horren zutabea dela ulertuta, nahiz eta hizkuntza gutxitua izan. Ildo horretatik, beharrezkotzat jotzen dugu adin guztietako pertsonen prestakuntza, hezkuntza eta lanerako sarbidea bermatuko duen egitura bat sortzera bideratutako ekintzak babestea, batez ere gazteenen kasuan. Kultura, aisia, partaidetza eta balio komunitarioak sustatzera bideratutako proiektuak babestu nahi ditugu, sortzaile berriak, berrikuntza eta artea bultzatu, hizkuntza gutxituen ikuspegi aberasgarritik ere. Azken batean, kolektibo horrentzako berdintasuna bermatu”.

Share

Urruntze-agindua haustegatik atxilotuta

Udaltzaingoak, 45 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Arriagako Atea kalean atzo gurasoenganako urruntze-agindua hautsi izanaren delituaren ustezko egilea izateagatik. Beste gertakari batzuk direla eta ezagutzen zuen patruila batek ezagutu, identifikatu eta Agirrelandara eraman zuen.

Zegozkion eginbideak Zaintzako Epaitegian bideratu ostean, epailearen esku geratu zen.

Azken 24 orduetan 10 trafiko-istripu erregistratu dira eta pertsona bat zauritu da.

Share

Gasteiz European Green Capital Network sarearen bilera baten egoitza izango da apirilean

Apirilaren 21etik 23ra Europako Green hiriburuek “Giza eskalako” hirien eredua aztertuko dute Atarian eta Europa jauregian.

 

Gasteiz European Green Capital Network sarearen bilera teknikoetako baten egoitza izango da; European Green Capital titulua jaso zuten hiriek zein finalista geratu zirenek osatzen dute sarea. Hala baieztatu du  Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko lehendakari Ana Oregik,  ingurumen organismoaren kontseiluak egindako bileran.

Apirilaren 21etik 23ra, sareak bilera teknikoa egingo du Atarian eta Europa jauregian, “giza eskalako” hirien eredua aztertzeko.  Sarea osatzen duten hirietan landutako irtenbideak eta ereduak aplikatuko ahal izateko materiala eta tresnak sortuko dira lantegietan.

Gaur egun, hiri hauek osatzen dute European Green Capital Network-a, zeina Europako Batzordeak babesten baitu: Amsterdam, Bartzelona, Bristol, Brusela, Kopenhage, Essen, Frankfurt, Friburgo, Gante, Glasgow, Hanburgo, Hertogenbosch, Lahti, Lille, Lisboa, Ljubljana, Malmö, Münster, Nantes, Nimega, Nurenberg, Oslo, Reykjavik, Stockholm, Estrasburgo, Tallinn, Umeå eta Gasteiz.

”Udal gobernuaren asmoa da ingurumen politiken alorrean erreferente diren hiriekin aurretik zituen loturak estutzea eta horretan nabarmendu diren hirien sare estrategiko berriak sortzea” azpimarratu du IGIko lehendakariak.

 

Share

Montehermoso Kulturuneak Raquel Durán eta Rut Brionesen ‘Felices’ erakusketa aurkeztu du

 

Otsailaren 21etik maiatzaren 3ra arte egongo da ikusgai

 programa_felices

Ur biltegiak Raquel Durán eta Rut Brionesen ‘Felices’ erakusketa hartuko du otsailaren 21etik maiatzaren 3ra arte. Montehermoso kulturuneak 2019an proiektu artistikoak sustatzeko egin zuen deialdian hautatutako lau lanetako bigarrena da.

“Gasteizko Udaleko Kultura Sailetik hainbat jarduera-ildo garatzen ditugu sorkuntza artistiko garaikidea sustatu, bultzatu eta ezagutzera emateko asmoz. Ekimen honen bitartez, beren lanak banaka nahiz taldean aurkezteko aukera eman nahi diegu artista lokalei, arte eta kultura garaikidea sustatzen duten ekintzen bitartez, eta horiek herritarrengana hurbilduz“, adierazi du Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok erakusketaren aurkezpenean.

‘Felices’ XXI. mendean gure gizarteak baliatzen dituen zorion-mota desberdinei buruzko hausnarketa multisentsoriala da.

Erakusketa osatzen duten instalazioetako bakoitzak zorionaren alderdi kontzeptualen batean sakontzen du, eta kritikoki zalantzan jarri nahi ditu zorion iraunkorraren bilaketa eta hori ez lortzeak sor dezakeen frustrazioa.

Bihar, hilak 21, inauguratuko da erakusketa; artistek bisita gidatua egingo dute, publikoari proiektua osatzen dutenak lanak zertan diren azaltzearren. Arratsaldeko zortzietan hasiko da.

 

Egileak

Raquelek eta Rutek  talde bat osatzen dute 2014az geroztik. Ikus-entzunezko instalazioen esparruan egiten dute lan batik bat, eta mugitzen den irudiaren lengoaia erabiltzen dute mendebaldeko gaur egungo gizarteari buruz hausnartzeko.

Haien jardun artistikoak norbanakoak kolektibitatearen barruan zer eginkizun duen  aztertzen du, zer sinergia, paradoxa, truke eta inkongruentzia sortzen diren ezinbestean binomio horretatik.

Raquel Durán Arte Ederretan lizentziatu zen, argazkigintzaren eta ikus-entzunezko bitartekoen espezialitatean. Rut Briones Publizitate eta Gizarte Harremanetako lizentziaduna da, eta ikus-entzunezko narratibari buruzko masterra.

Share

Marian Gutiérrez, AMVISAko lehendakari berria

Udal gobernuko zinegotzi Marian Gutiérrez izango da gaurtik aurrera AMVISAko Administrazio Kontseiluko lehendakaria.

Gutiérrez Herritarren Segurtasunaren Sailaren arduradun politikoa da orain, eta Felipe Garcíak zinegotzi karguari uko egin ondoren hartu du udalaren ur enpresaren lehendakaritza. García aurreko agintaldian Arabako Foru Aldundian zuen lanpostura itzuliko da, hau da, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko foru zuzendaritzara.

Igor Salazarrek ordezkatuko du García Udalean; Lan eta Justizia sailburu María Jesús San Joséren aholkularia da egun.

Share

Eraztun Berdeko seinaleak berritu egingo dira, eta ibilbide berrira egokituko, hiru kilometro gehiago baitu

IGIk 35.000 euro jarriko ditu udalerriko parkeak lotzen dituen ibilbide zirkular horretako seinalaztapena hobetzeko

 

Ibilbide berdeen tokiko sarea Gasteizko alderdi adierazgarrienetako bat da, natura eta landa ingurunean ibiliak eta zikloturismoa praktikatzeko aukera ematen baitu, eta udalerrian ingurumen eta kultura interesa duten leku nagusietarako sarbidea baita.

Ibilbideen seinaleztapena da sarean egin beharreko lanetako bat. Eraztun Berdearen itzulia da udal sareko zein Arabako ibilbide berdeen sareko bide nagusietako bat, udalerriz gaindiko beste batzuekin lotzen baita, hala nola Donejakue bidea, Zadorrako ibilbide berdea eta Vasco-Navarro bide berdea. Hiria inguratzen duen ibilaldi zirkularra da, Gasteizko Eraztun Berdeko parkeetan barrena eta horiek lotuz. Duela 7 urte jarri ziren norabide-seinaleak eta identifikazio-piktogramak Eraztun Berdearen itzulian, hiriguneetan zein errepide, bide eta kaleekiko bidegurutzeetan eta parke barruko leku jakinetan.

Urte hauetan hiria eta Eraztun Berdea bera aldatu egin dira, eta horrek Eraztun Berdearen itzuliaren trazatua aldarazi du; esate baterako, Nebera parkea egokitu da, eta Olarizuko lorategi botanikoan bide berriak ireki dira. “Itzuli diseinatu berria hiri eremutik aldentzen da, eta 30 kilometrotik 33ra luzatzen. Trazadura aldaketak egungo seinaleztapena aldatzera behartu du. 2019an, Armentiako eta Salburuko parkeen artean Eraztun Berdearen itzuliaren seinaleztapena berritu eta hobetzeko lanen proiektua idatzi da; bertan zehazten da non kokatuko diren norabide-seinaleak, zein seinale behar den (berriak eta berrerabiliak), zein diseinu eta eduki izango duten, eta zenbateko aurrekontua behar den gauzatzeko“, jakinarazi du IGIko lehendakari Ana Oregik.

Hori guztia kontuan izanik, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko Kontseiluak Eraztun Berdeko seinaleztapena berritu eta hobetzeko kontratua esleitzeko lehiaketara deitzea onetsi du, eta 35.000 euro (BEZa barne) bideratuko ditu horretara.

 

 

 

Share

Alkateak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren eta Sustapen Ministerioaren arteko akordioa jauzi kualitatiboa dela Gasteizen abiadura handiaren etorrera eta lurperatzea gauzatzeko

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren eta Sustapen Ministerioaren artean lortutako akordioa jauzi kualitatiboa da Gasteizen abiadura handiaren etorrera eta lurpeko integrazioa gauzatzeko. Jarduera horrek lehentasuna du Urtaranen gobernuak sustatutako Agenda gasteiztarraren barruan, proiektu estrategiko, itxaropentsu eta funtsezkoa baita Gasteizko etorkizunerako.

Garapen Ekonomikoaren eta Azpiegituren sailburu Arantxa Tapiarekin udaletxean bildu ondoren egin du adierazpen hori Gasteizko alkateak. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredo eta Azpiegitura eta Garraio sailburuorde Antonio Aiz ere izan dira bileran.

Arkautiko lotuneko lanak Eusko Jaurlaritzaren gain utzi izanak —halaxe iragarri zen aurreko astean— “obrak azkarrago eta segurtasun osoz egitea bermatzen du“, Gorka Urtaranen ustez. “Oso akordio garrantzitsua da, aurrerapausoa baita Gasteizen abiadura handia izatearen ametsa errealitate bihur dadin”, nabarmendu du alkateak. Gasteizko alkateak erantsi du, halaber, Sustapen Ministerioa jabetu dela euskal Y-a amaitzeak eta abiadura handia euskal hiriburuetan integratzeak duen garrantziaz. Era berean, Gasteiz-Burgos zatia bultzatu beharra dagoela gogorarazi du, “euskal Y-a Atlantikoko tren korridorearekin eta penintsularekin lotzearren“.

Erakundeek aurreikusitako epeez bezainbatean, ondo bidean, baliteke lanak 2022ko lehen seihilekorako esleituta egotea, bai Arkautiko lotunekoak bai hiri barruko lurperatzeari berari dagozkionak. Horretarako, eraikuntza-proiektuak eta lizitazioa tramitatu beharko dira, baita ingurumen eraginaren ebaluazioa egin ere.

 

 

Share