Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 otsaila 2020 17:00

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, otsailak 28

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————-

Harrera ekitaldia Down Araba – Isabel Orbe elkarteari, bere 25. urteurrena dela eta

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, otsailak 28

Ordua. 12:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

————————————-

Andaluziako eguna dela eta Andaluziako etxeak antolatutako ekitaldia

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, otsailak 28

Ordua. 20:30

Tokia. Andaluziako etxea

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:53

29 urteko txirrindulari bat zauritu egin zen atzo Pio XII. kalean zihoala bizikletatik erorita. Txagorritxuko Erietxera eraman zuten.

Udaltzaingoak, gainera, zauriturik gabeko beste 11 trafiko-istriputan esku hartu zuen eta 22 eta 32 urteko beste 2 gidari ari dira ikertzen bide-segurtasunaren kontrako delituak egotzita.

Suhiltzaileak

Suhiltzaileek sutea itzali zuten atzo hondakinen gaikako bilketako kamioian. Sutea konprimitutako gas naturalak sortu zuen. Posta kalean gertatu zen. SPEISen ekarpenari esker, ibilgailu karga hustu zuten sutea guztiz itzaltzeko.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:31

Martxoaren 2ean (astelehena), Gasteizko Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak udalaren lehen jantoki soziala irekiko du. Arkupeetako egoitza izandakoan eskainiko da zerbitzu hori, 30 leku hasteko.

Izan ere, Arkupeetan bizi ziren 12 pertsonak aste honetan aldatu dira handik hurbilera, Hedegile kaleko Aurora etxebizitza komunitario berrietara.

Udalaren jantoki sozialean bazkari eta afariak emango zaizkie udalaren gizarte zerbitzuek bideratutako pertsonei. Diruzkoa ez den prestazioa da, baliabide ekonomiko nahikorik ez izateaz gain bestelako arazoak dituzten pertsonei zuzendutakoa, hala nola aurrekontua antolatzeko trebetasunik edo etxean janaria prestatzeko aukerarik ez dutenak.

Udal gobernuak Elkarrekin Podemos taldearekin lortutako aurrekontu akordioaren barruan jarri da abian baliabide berria, guztira 200.000 euroan handitu baitziren zenbait partida (makina berriak, zentro eta aretoak, elikagaiak eta janarien garraioa), etxez etxeko zerbitzuan egunean 100 menu gehiago eskaini ahal izateko.

2.453 otordu egunean

Arkupeetako jantoki sozialak udalaren gizarte zerbitzuek eskaintzen dituzten menuen kopurua handitzen lagunduko du; hain zuzen ere, 2019an 2.453 otordu eman zituen egunean, gosariak, bazkariak eta afariak batuta.

Adinekoei laguntzeko San Prudentzio zentro integraleko sukalde nagusitik irteten dira menu horiek, bertan prestatu, biltegiratu, ontziratu eta banatzen baitira Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak kudeatzen dituen zerbitzuetan eskaintzen diren otorduak.  Iaz 895.345 otordu (gosari, bazkari eta afariak) atera ziren instalazio horietatik, zerbitzu hauek hornitzeko:

  • Adinekoei janaria etxera eramateko zerbitzua; egunean 232 otordu banatzen ditu, duela bi urte baino 112 gehiago.
  • Adinekoentzako zentro soziokulturaletako eta zainpeko apartamentuetako jantokiak; orotara 646 leku dituzte, duela bi urte baino 158 gehiago.
  • San Prudentzio egoitza eta eguneko zentroa, udalaren eguneko arreta-zentroak eta gizarte inklusiorako zerbitzuak.

San Prudentzio ALZIko sukalde nagusitik irteten diren otorduei Los Molinos eta Aurora etxebizitza komunitarioetan egunero prestatutakoak gehitzen zaizkie —leku horietan sukalde propioa dute—, eta Babesgabetuen jantoki sozialean eskaintzen direnak —Udalak hitzarmena du zerbitzu hori kudeatzen duen gizarte ekimenarekin—.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:28

Euskaltzaindiak, Gasteizko Udalak eta Oihaneder Euskararen Etxeak, Laboral Kutxaren babesarekin, Euskara ibiltaria erakusketa aurkeztu dute gaur Montehermoso kulturunean-Oihaneder Euskararen Etxean. Otsailaren 28tik apirilaren 26ra bitartean egongo da zabalik, doako sarrerarekin. Erakusketa fisikoaz gainera, Euskaltzaindiaren webgunean ere izango da Euskara ibiltaria ezagutzeko aukera, hain zuzen, lotura honetan klikatuz: https://www.euskaltzaindia.eus/euskara-ibiltaria

  • Iñaki Gurtubai (Gasteizko Udala): “Erakundeen arteko lankidetza azpimarratu nahi dugu. Baita Euskaltzaindiarekin eta Oihanederrekin aspalditik dugun harreman estua eta emankorra. Ohore handia da erakusketa hau gure hirian izatea, eta horregatik Gasteiztar guztiak hona gonbidatu nahi ditugu, euskararen aniztasuna eta aberastasuna ezagutzera”.
  • Andres Urrutia (Euskaltzaindia): Helburu argia du erakusketa honek: dialektologia mailan euskararen Akademiak egiten duen lana guztion eskura jartzea eta bide horretatik herriaren ahotsetik jaso dugun/ditugun euskara eta euskarak herriari itzularaztea, euskararen aniztasuna ezagutu dezan”.
  • Iñaki Lazkano (Oihaneder Euskararen Etxea): “ Erakusketa honen berri izan ondoren, argi izan genuen Gasteizen leku egin behar geniola horrelako egitasmo bati. Oihanederren helburuetariko bat da euskararen eta gainontzeko hizkuntza gutxituen ezagutzan eta normalizazioan eragitea, beraz konbentzituta gaude erakusketa honek lagunduko digula bide hori urratzen”

GASTEIZ (2020-02-28). Euskara ibiltaria erakusketaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da, eta argitalpenak bezala, helburua euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea du helburu (lexikoa, izen-morfologia, aditz-morfologia eta sintaxia). Hala, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli egin nahi dio atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria.

Horretarako, erakusketa bost atal nagusitan dago banatua -Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Natura, eta Bizitza-, eta atal horietako bakoitzean atlaseko mapen hautaketa bat erakusten da, bisitariari aldaera horiek era bisualean erakutsiko dizkiona. Horrez gain, erakusketak jokoak, animazioak eta entzungaien gisako tresnak ere erabiltzen ditu herri hizkeren aberastasun hori erakusteko.

Zentzumenek ere presentzia duten erakusketa da: ikusmenaz gain, entzun egin daitekeena, uki daitekeena, dastatzekoa eta, azkenik, usaintzekoa. Erakusketa honetan bisitariak, euskararen aberastasunaz ohartzeaz gain, hizkuntza-atlas bat zer den ikusteko aukera izango du, eta horren bidez, garai bateko (XIX. eta XX. mendeak) bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutzekoa.

Halaber, erakusketaren mamia Euskararen Herri Hizkeren Atlasa den neurrian, Euskara ibiltariaren helburua ere bada egitasmoaren historia gizarteratzea eta hizkuntza-atlasa lantzeko erabilitako metodologia, materialak eta bestelakoak ezagutzera ematea.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa oinarri

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) euskararen aldakortasunaren berri ematen duen argitalpena da, Euskaltzaindiak argitaratzen duena eta dagoeneko hamar liburuki dituena. Proiektua 80ko hamarkadan abiatu zuten ikerketa baten bidez. Euskal Herriko 145 inkesta-puntu aukeratu zituzten (Araban herri bakarra, Bizkaian 36 eta Gipuzkoan ere 36, Nafarroako Foru Komunitatea: 27 herri, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12), 319 berriemaile eta 2.857 galdera, 1987 eta 1992 artean, 5.000 ordutik gora elkarrizketaren bidez grabatzeko.

Atlasaren mamia gizarteratzeko erakusketa hau 2015ean antolatu zen lehen aldiz Beasainen (Portugaleten, Bilbon, Iruñean eta Baionan ere egon zen). Lau urteko ibilbidearen ondoren, 2019an, Euskaltzaindia bere mendeurrena ospatu zuen urtean, Euskara Ibiltaria eraberritu zuen (baliabide berriak txertatuz), eta aurpegi berria 2019ko martxoa eta ekaina bitartean erakutsi zuen lehen aldiz Bilboko Euskal Museoan. Oihaneder Euskararen Etxera etorri aurretik, San Telmo Museon eta Bermeon ere egon da ikusgai.

 

Erakusketa birtuala, Euskaltzaindiaren webgunean ikusgai

Erakusketa Euskaltzaindiaren webgunean ere ikus daiteke, honako loturan: https://www.euskaltzaindia.eus/euskara-ibiltaria. Honela, Euskara ibiltaria orrian erakusketa fisikoaren elementu berdinak islatzen dira:

  1. Aurkezpenaren atala: erakusketaren azalpen nagusia erakusten da bertan. Azalpenaren audioak ere entzun daitezke, lau hizkuntzatan: euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesa.
  2. Jolas interaktiboen atala: lau dira jolas interaktiboak:

– Euskal ahotsak

– Euskararen unibertsoa

– Hizkuntzaren aberastasuna

– Osatu atalez atal

  1. Erakusketaren eremuak eta bertan agertzen diren panelak.

– Erakusketako panel guztiak ikus daitezke, eremuka banatuta

– Eremu bakoitzeko audioak ere entzun daitezke

Share
Kategoriak: Oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:55

Webgunean dago eskuragarri Iradokizun eta Erreklamazio batzorde berezia martxoaren  5ean (osteguna), 10.00etan, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:28

• Erakusketak, antzerkia, bakarrizketak, kirol erakustaldiak, lantegiak, ur-festa bat, ipuin-kontalariak, batukada eta beste jarduera ugari izango dira martxoaren 8ra bitartean

 

 

 

 

 

2010eko martxoaren 5ean ireki zituen ateak Ibaiondoko gizarte-etxeak. Sareko hamabigarren zentroa izan zen, eta bera da handiena, 14.000 m2 erabilgarri baino gehiagorekin. Hamar urteren buruan, bete da helburua, zein baitzen hiri osoko erabiltzaileak erakartzea, bertan dauden instalazio bereziei eta garraio publikoaren bitartez duen konexio onari esker. Hartara, 355.317 sarrera zenbatu ziren 2019an, hau da, batez beste 1.070 erabiltzaile egunean. 

Ibaiondo Gizarte Etxeko X. urteurrena

Urteurrena ospatu eta zentroaren historia labur baina biziari gorazarre egiteko —baita hori posible egin duten pertsona guztiei ere—, jarduera-programa berezi bat antolatu du Gasteizko Udalak. Gaurtik eta martxoaren 8ra bitartean, erakusketak, antzerkia, bakarrizketak, aerobic-maratoia, kirol erakustaldiak, lantegiak, ur-festa bat, ipuin-kontalariak, batukada bat eta beste jarduera ugari izango dira, herritar guztiei zuzenduta. 

“Erreferente bat da Gasteiz gertuko politika publikoak garatu eta ezartzeari dagokionean. Eta gizarte-etxeak, hala nola Ibaiondokoa, adibide argiak dira, herritarren zerbitzura jarritako gertuko ekipamenduen erakusgarri gorenak. Hiriaren ezaugarri dira, eta harro egon beharra daukagu gasteiztarrok, halako ekipamenduak edukitzeagatik”, adierazi du Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Saileko zinegotzi Borja Rodríguezek, programazio bereziaren aurkezpenean. 

Kirol-instalazio horien artean, nabarmentzekoak dira: bi padel-pista, zeini belar artifizialeko zorua jarri baitzaie berriki, bi gimnasio, kirol-kantxa, zeinek, 2000 m2rekin, aukera ematen baitu aldi berean hiru saskibaloi-partida jokatzeko, eta, batez ere, igerileku berezia, zeinek, 1.130 m2-rekin, ohiko igeriketa-zonaz gain, relax-eremu bat baitu, igerileku ludiko batekin. Joan den urtean guztira 154.192 erabilaldi izan zituen igerilekuak, esan nahi baitu herritarrek gehien erabiltzen duten igerilekuetako bat izaten jarraitzen duela. 

Kulturaren esparruan ere erreferente garrantzitsua izan da Ibaiondoko gizarte-etxea, auzoarentzat nahiz hiri osoarentzat. Félix Petite antzokian musika- eta antzerki-emanaldi ugari izan dira urte hauetan guztietan. Nabarmentzekoak dira, era berean, nagusientzako liburutegia, familientzako liburutegia eta ikasketa-gela, zein 120 pertsona inguruk erabiltzen baitute egunean. Halaber, hainbat areto eta zazpi lantegi ditu zentroak, eta kultur programazio ugaria burutzen da bertan —kultur ikastaroak eta jarduera artistikorako hastapen-ikastaroak—, eta orobat jartzen dira zonako kolektibo eta eragileen eskura, beren premien arabera.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:21

Gaur Gasteiz Sport Business biltzarraren lehen edizioa egiten ari da Europa biltzar jauregian, zeinean kirol eta enpresen alorreko ia 300 profesional elkartu baitira. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López ekitaldiaren inaugurazioan izan da; nazioartean erreferente diren kirolariek eta bertako protagonistek hartzen dute parte biltzarrean.

“Gasteizentzat oso interesgarria da kirola motor ekonomiko eta enplegu sortzaile gisa aztertzen duen biltzar baten egoitza izatea, zeregin profesional ugari garatzen baita alor horretan. Izan ere, gure kirol taldeen arrakastan gero eta garrantzi handiagoa dute kudeaketak, logistikak, komunikazioak eta komunitatearekiko harremanak. Oinarri horrekin, zeina ekitaldi honen hizpide baita, helburuak lorgarriagoak dira”, adierazi du Livia Lópezek.

Hainbat hizlari mintzatuko dira Gasteiz Sport Business biltzarraren goiz eta arratsaldeko saioetan, eta David Meca igerilariak emango dio amaiera.

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:16

Gasteizko Udalak jakin izan duenez, LED bonbillak saltzen ari dira etxez etxe, enpresa energia banatzaile bateko langileen plantak eginda.

Etxebizitzako bonbilla guztiak aldatzeak gastu handia eskatzen duela kontuan hartuta, salmenta-taktika erasokor horren berri eman nahi du Gasteizko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak, eta jakinarazten du ez dagoela herritarrak etxeko bonbilla guztiak LED bonbillekin ordezkatzera behartzen duen araurik batere. Horrenbestez:

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:36

Gaur arratsaldean, informazio-saioa egin da Europa jauregiko Salburua aretoan, hiriko kulturaren arloko ordezkariei Gasteizko auditoriumaren proiektua ezagutarazteko. Hogei pertsona inguru bildu dira alkate Gorka Urtaran, alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregi eta Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Estibaliz Cantoren azalpenak entzutera.

Musika, dantza, antzerki eta abesbatzekin lotutako ordezkariek, arte programatzaileek eta Arkitektoen Elkargo Ofizialak hartu dute parte. Senda ibilbiderako proiektuari buruzko xehetasunak azaltzeaz gain, antzeko entzunaretoen ezaugarriak eta ahalmen eszenikoen berri eman da, hala nola Zaragozakoa, Valladolidekoa, Londresko Royal Albert Hall, Los Angelesko Walt Disney Concert Hall eta Hanburgoko Elbphilharmonie.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:47

Autobus elektriko adimentsua (BEA) instalatzeko lanak aurrera doaz hiriko hainbat lekutan. Proiektuak iraultza ekarriko du hiriko garraio publikoan, eta 2021eko udan hasiko da funtzionatzen.

 

Mendizorrotza inguruetan duela aste batzuk hasi ziren lanetan beste fase bati ekingo zaio bihartik aurrera: Cervantes ibilbideko biribilgunea kentzea. Goizean zehar, Salbatierrabide eta Rosalia de Castro kaleen arteko trafikoa (bi noranzkoetan) biribilgunearen iparraldera aldatuko da, makinek inguru hori eraldatu dezaten. Oraingoz, piboteak eta hesiak erabiliko dira errei berriak mugatzeko.

Trafikoaren antolaketa berriaren eraginez, zuzenean zirkulatuko Salbatierrabide eta Rosalia de Castro kaleen artean, ez baita biribilgunerik izango. Bestetik, Salbatierrabidetik Rosalia de Castrora doazen ibilgailuek Gaztelako ateko biribilguneraino joan beharko dute noranzkoa aldatu eta Cervantes ibilbidera sartzeko (Armentiarantz). Era berean, Rosalia de Castrotik kontrako noranzkoan doazenak ezingo dira zuzenean sartu Cervantes ibilbiderantz (Prado parkerantz), Salbatierrabideko biribilgunerantz jo beharko baitute noranzkoa aldatzeko.

Biribilgunea kenduta, iparraldetik hegoaldera (Prado parketik Armentiara) doazen ibilgailuak ezin izango dira orain biribilgunea dagoen lekutik aurrera igaro; hegoaldetik iparraldera (Armentiatik Prado kalera) doazenek, berriz, Salbatierrabidera baino ezingo dute biratu.

Horretaz gain, atzodanik zenbait aldaketa egin dira Cervantes ibilbidean eta Areitio, Concha Espina eta Ariznabarra kaleetan. Trafikoa antolatu eta errazteko hobekuntza txikiak dira, bidegurutzean oinezkoei lehentasuna ematea, inguruan erosotasuna handitzea eta bide-segurtasuna bermatzea ahalbidetuko dutenak. Cervantes ibilbidean, itxi egin da biribilgunerainoko igarobidea, eta Rosalia de Castro kalera doan irteerako bidea joan-etorrikoa izango da; hartara, auzokoek garajeak erabili ahalko dituzte eta gainerako trafikoa desagertuta oinezkoek eta galtzadatik doazen bizikletek segurtasun handiagoa izango lukete. Bestetik, Areitio eta Ariznabarra kaleak bi noranzkokoak izango dira, bakarrekoak izan beharrean, auzokoek aukera gehiago izan dezaten garajeetan sartu-irtenak egiteko (Gaztelako atetik sartu edo kale horretarantz edo Rosalia de Castro kalerantz irten). Horri guztiari esker, inguruan gutxitu egingo da ibilgailu motordunen trafikoa, eta ondorioz, auzokoen erosotasuna eta bizi-kalitatea eta oinezkoen segurtasuna handituko.

Hainbat erakundek bultzatu dute BEA ezartzeko ekimena: Gasteizko Udalak finantzaketaren % 17,5 emango du; Arabako Foru Aldundiak, % 17,5, eta Eusko Jaurlaritzak, % 65. Irizar e-mobility, Yarritu eta LKSk eratutako aldi baterako enpresa-elkartea ari da lanetan.

 

Share