Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-02-12)

Gasteiz Sport Business Kirol Biltzarra aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez; Biltzarraren aditu taldeko partaide eta kirolari Irantzu Garcia; eta antolakuntzako kideak eta babesleak

Eguna. Asteazkena, otsailak 12

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Antonella Broglia Gasteizera etorriko datorren ostegunean, otsailak 13

Gizarte ekintzailetzan aditu eta telebistako pertsonaia den horrek ‘Hitzetik ekintzara’ jardunaldian hartuko du parte, Herritartasunerako Eskola Irekiaren barruan

 

Herritartasunerako Eskola Irekiak herritarren partaidetzari buruzko jardunaldia antolatu du datorren ostegunean, otsailak 13, Goiuri jauregian, ‘Hitzetik ekintzara’ izenburupean. Gizarte ekintzailetzaren alorreko erreferente Antonella Brogliak hartuko du parte, beste aditu batzuekin batera.

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok azpimarratu duenez, “herritarren parte-hartzeaz ari garenean, gai komunen eta interes kolektiboen inguruan eztabaidatu, kolektiboki hausnartu eta akordioak lortzeaz ari gara. Hori oso beharrezko eta garrantzitsua da, baina ez da nahikoa. Herritarren partaidetzaren helburua errealitatean eragin eta jardutea izan beharko litzatekeelako, hura hobetu eta eraldatzea, gure komunitateak solidarioagoak, erantzunkideagoak eta bizitzeko espazio erakargarriagoak izan daitezen”.

Berrikuntzaren eta herritarren partaidetzaren bidez ideiatik ekintzara nola igaro erakusten diguten ereduak eta esperientziak azaltzeko balioko du jardunaldiak.

Antonella Brogliak hainbat pertsonaren benetako istorioak kontatuko dizkigu, berrikuntza eta ekarpen txikiak eginez egunero mundua hobetzen laguntzen baitute.

Mahai-ingurua ere antolatu da, non protagonistek hainbat esku-hartze komunitario azalduko baitituzte: ‘La escalera’ proiektua, auzokoen arteko harremanak sustatzeko asmoz Espainiako zenbait hiritan abian jarritakoa; ‘maldita.es’ proiektua, herritarrak nahasten dituzten gezurrezko albisteak salatzen dituena, eta pentsiodunen mobilizazioa, pentsioen gaia agenda politikoan ahantz ez dezaten sortua.

Arratsaldean, Roberto Gómez de la Iglesiak lantegia eskainiko du; ekonomista eta kultur kudeatzaile ezagunak ‘Conexiones improbables’ programa arrakastatsua gidatzen du. Kultura, ekonomia eta gizarte berrikuntza uztartuz nola egin daitekeen lan era sortzailean ikasiko dute parte-hartzaileek.

Jardunaldia doakoa eta irekia da. Udalaren webgunean eman daiteke izena, 010 telefonoan, edo gizarte etxeetako herritarrei laguntzeko bulegoetan.

Share

Atxilotuta erasotzeagatik eta errebolber lehergarri batekin mehatxu egiteagatik

Udaltzainek 43 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo ustezko delitu hauekin lotuta: errebolber lehergarri batekin mehatxu egitea (ez du benetako munizioa jaurtitzen) eta eraso egitea.  Udaltzainek debekatutako arma izan zezakeen aztertu beharko dute gainera.

Goizeko 08:00ak baino zertxobait geroxeago gertatu zen, 092 zenbakira egindako dei batek Lakua-Arriaga auzoan tiro baten hotsa entzun zuela ohartarazi zuenean. Hainbat patruila joan ziren bertara, eta bi seme-alabekin batera zegoen gizonezko bat topatu zuten han. Kontatu zutenez, familiako batek benetakoa zirudien arma batekin mehatxu egin eta hainbat tiro egin zituen. Defendatzen saiatu ziren, eta borroka hartan, eraso egin ondoren, ihes egin zuen.

Poliziaren ikerketei esker, udaltzainek ustezko erasotzailea eta arma topatu zituzten, eta ondoren atxilotu. Agirrelandako bulegoetan, errebolberrak benetako muniziorik ez zuela jaurtitzen egiaztatu zuten. Atxilotua gaur goizean geratuko da epailearen esku.

Eskola-garraioaren kontrola

Bi gidari salatu zituzten lehengo astean Udaltzaingoak egindako eskolako garraioaren kontrol-kanpainan: haietako batek ez zituen arriskua aldez aurretik ohartarazteko triangelua eta txalekoa, eta bestea baimendu gabeko garraioarekin lotuta salatu zuten.

Udaltzaingoak hogei kontrol inguru muntatu zituen, eta hogeita hamalau autobus berrikusi zituzten horietan.

Share

Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak indarrak batu dituzte Gasteizen energia berriztagarrien alorreko proiektuak sustatzeko

Alkate Gorka Urtaranek eta Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak hitzarmen bat sinatu dute, “Vitoria-Gasteiz Green Deal” planaren barruan iraunkortasun energetikoarekin lotutako neurriak eta berriztagarrien alorreko proiektuak ezartzeari begira

Alkate Gorka Urtaranek eta Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, Gasteiz iraunkortasuna gakotzat dituzten irtenbide berritzaileen alorrean erreferente bihur dadin.

Hitzarmenaren bitartez, Udalak eta EEEk bideragarritasun-azterlanak egingo dituzte energia berriztagarriak (biogasa, eguzki-energia fotovoltaikoa, biomasa eta beste) aprobetxatzeko ahalmena zehazteko eta udalerriko zenbait lekutan energia-eraginkortasuna hobetzeko.

Besteak beste proiektu hauek aztertuko dira: Gardelegiko zabortegiko lurretan eguzki-planta fotovoltaikoa jartzea; Gardelegiko zabortegiak sortutako biogasa baliatzea gas naturaleko banaketa-sarean txertatuz; energia komunitateak sortzea hirian sorkuntza berriztagarria sustatzeko, eta energia berriztagarriak erabiltzearekin lotutako mugikortasun iraunkorreko sistemak ezartzeko proiektu pilotuak.

Horretaz gain, baliabide berriztagarri horiek ustiatzeko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko beste aukera batzuk proposatzeko konpromisoa hartu dute bi erakundeek.

Hitzarmenak, orobat, udalerrian energia-eraginkortasunerako neurriak ezartzeko ekintza plana idatzi eta indarrean jartzea aurreikusten du, Alkateen Itunaren barruan.

Udala eta EEE lankidetzan arituko dira beste egitasmo batzuetan ere: udal plan energetikoak lantzeko gida metodologikoa Gasteizen probatzea, eta Intensify proiektuaren barruan adierazleak definitzea; azken hori Europako herrialdeen arteko lankidetzarako ekimena da, CO2-ren isurketen murrizketa eta herritarren inplikazioa sustatzeko xedea duena, eta Gasteizek ere parte hartuko du.

Bi erakundeek hainbat alderdirekin lotutako sentsibilizazio eta zabalkunde jardunaldiak antolatuko dituzte elkarlanean: energia-eraginkortasuna, baliabide berriztagarrien aprobetxamendua, eta bezero aktiboaren eta komunitate energetikoen figuren sustapena, besteak beste.

Erreferentziazko hiria Alkateen Itunean

Udalaren eta EEEren artean garatzeko asmoa duten estrategiak “Vitoria-Gasteiz Green Deal” planari jarraitzen dio; Gorka Urtaran alkateak iazko abenduan aurkeztu zuen plan hori, zeina ekonomia berdean, gizarte kohesioan eta natur ingurunearen babesean oinarritzen baita. “Vitoria-Gasteiz Green Deal” akordioak entitate publiko eta pribatuekin, ikerketa-zentroekin eta beste erakunde batzuekin elkartzea proposatzen du, hiria eraldatzen lagunduko duten proiektu berritzaileak sustatu eta Gasteiz ekonomia berdearen alorrean abangoardiako laborategi hiria bihurtzearren.

“Agintaldi honetarako landu dugun planak trantsizio energetikoari eta energia berriztagarrien erabileran oinarritutako mugikortasun-eredu bati begiratzen die. “Gure ahaleginak hiri berdetik ekonomia berdera igarotzera bideratzen ari gara. Eredu ekonomiko eta sozial berrirako trantsizio berdearen aldeko apustua egin dugu. Alkateen Itunaren bidez energia iraunkorrerako ekintza plana garatzeko hartutako konpromisoa EEErekin partekatzen dugu, eta 2030eko Euskadiko Energia Estrategiaren alde egiten, erakundeen arteko lankidetzaz iraunkortasun energetikoa sustatzeko“, nabarmendu du alkateak.

Gorka Urtaranek uste osoa du “bere ibilbideagatik, Gasteiz hiri aproposa” dela “irtenbide jasangarrien laborategia bihurtzeko. Bat egiten badugu, eta erabakitasunez lan egiten, lor dezakegu aldaketa horietatik hiri hobea ateratzea, puntako zerbitzu publikoekin, ekonomia dinamiko eta modernoarekin eta jarraitu beharreko eredu izaten jarraituko duten azpiegitura berdeekin. Badakigu nola ekin hiri-aldaketa handi bati; gainera, eredu ekonomiko eta industrial sendoa dugu, badakigu zer-nolako balioa duten hitzartzeak eta akordioetara iristeak gauza handiak lortzeko. Horiek dira aurrean dugun erronkarako behar ditugun osagaiak“, azpimarratu du alkateak.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak, berriz, Gasteizek Alkateen Itunean duen erreferentzialtasuna nabarmendu du, eta erakundeen arteko lankidetzaren beharra karbonorik gabeko eredu energetiko jasangarriago baterantz irmotasunez aurrera egiteko. “EEE tamaina handiko proiektuak sustatzen ari da Araban, hala nola energia eolikoa eta Arasurreko Ekian eguzki-parke fotovoltaikoa, baina eguneroko lanean azpiegitura horiek bezain garrantzitsuak dira herritarrengandik hurbilago dauden jarduerak, zeinetan duela 38 urtetik ari baikara, gure laguntza planen bitartez”. Ansolaren hitzetan, “plano horietan guztietan lan egin beharko da eredu iraunkorrago baterantz joateko, helburu hori, gobernuaren apustua izateaz gain, herritarren eskaera baita dagoeneko”.

 

 

 

 

 

 

 

Share

AMVISAren eta Udaleko Lankidetza Zerbitzuaren laguntzaz edateko urez eta komun ekologikoez hornitzeko egindako proiektu batek Peruko 2019ko “Cultura del Agua” sari nazionala jaso du

  • Medicus Mundi Araba GGKEak gauzatu duen eraikuntzak Andeetako komunitate kitxua bateko 170 pertsonatik gora hornitzen ditu
  • Herritarren partaidetzak, bereziki emakumeenak, sistemen iraunkortasuna bermatzen du.

Peruko Uraren Aginte Nazionalak (ANA) —Baliabide Hidrikoak Kudeatzeko Sistema Nazionala arautzen du ente horrek— Peruko 2019ko “Cultura del Agua” sari nazionala eman dio Servicios Educativos Rurales (SER) elkarteari ,“Baliabide hidrikoen alorreko jardunbide egokiak” kategorian, Medicus Mundi Araba GGKEak edateko urez eta komun ekologikoez hornitzeko egin duen proiektu batengatik, zeinak Gasteizko Udaleko Lankidetza Zerbitzuaren eta AMVISAren laguntza jaso baitu.

Proiektuaren barruan eraiki den sistemak Andeetako Patahuasi komunitate kitxuako 170 pertsonatik gora hornitzen ditu, eta ura izateko duten eskubidea bermatzen.Horretaz gain, sistema mantendu eta administratzeari buruzko prestakuntza eman zaie herritarrei. Izan ere, herritarrek sistemak kudeatzen eta mantentzen parte hartzeak iraunkortasuna bermatzen du, emakumeen partaidetzak bereziki.

Saritutako proiektuak 110.000 euroko udal dirulaguntza jaso zuen. Gainerakoa (28.411 €) herriak berak, Medicus Mundi elkarteak, Lantarongo Udalak eta RPK S. Coop. enpresak jarri zuten.

Medicus Mundi Arabak bi hamarkada baino gehiago darama Servicios Educativos Rurales (SER) elkartearekin batera lan egiten, ura izateko giza eskubidea errealitate bihurtzeko Peruko leku bakar eta txiroenetan. Peruko Nekazaritza eta Ureztatze Ministerioaren mendeko Uraren Agintaritza Nazionalak (ANA) deitzen du saria; Baliabide Hidrikoak Kudeatzeko Sistema Nazionala arautzen du ente horrek, eta alorreko agente tekniko-arautzaile nagusia da.

 

Share