Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-03-02)

Prentsaurrekoa. ‘Istant batean’ kontzertua aurkeztea

Parte hartzaileak. Udal Musika bandako zuzendari Luis Orduña; eta Carlos Garces, zuzendari gonbidatua

Eguna. Astelehena, martxoak 2

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

——————————–

Harrera ekitaldia Presentación de María ikastetxeari

Udalak harrera egingo die Alès hiriko Bellevue institutuko zein Presentación de María ikastetxeko ikasle eta irakasleei; haiek Gasteizen daude bisitan Kultur Trukeak direla eta.

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto

Eguna. Astelehena, martxoak 2

Ordua. 12:15

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Ostirala, otsailak 28

  • Andaluziako Eguna dela eta, Alkate Gorka Urtaran, alkateorde Jon Armentia, eta zinegotzi Borja Rodriguez, Igor Salazar eta Miren Fernandez de Landa ospakizun ekitaldietan izango dira 20:30ean, Centro Andaluz Senecan

 

Larunbata, otsailak 29

  • Alkateorde Iñaki Gurtubai Euskaltzaindiak antolatutako ‘Euskararen dialektoak’ erakusketaren inaugurazioan izango da 19:00etan, Oihaneder Euskararen Etxean.
  • Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez Fundación Vital Zuzenak eta Iberconsa Amfiv Vigo taldeek jokatuko duten gurpil-aulki saskibaloi partida ikusten izango da 19:00etan, Ariznabarra kiroldegian.
Share

Udalak harrera egin dio Down Araba-Isabel Orbe elkarteari, haren 25. urteurrena dela eta

 

 

 

 

 

 

Aurten, Gasteizko elkartearen 25. urteurrena ospatzen dute Down Araba-Isabel Orbe elkarteko Down sindromedunek, familiek, profesionalek eta boluntarioek.

Udalbatzak harrera egin die gaur, eta eskertu egin die “egunero irakasten diguzuelako desberdin izatea dela normala, eta balioa ere badela. Guztiok partekatutako helburu dira gizarte-, hezkuntza- eta lan-inklusioa, bakoitza den bezala onartzea eta pertsona bakoitzaren ezaugarrik indibidualak aitortzea” nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

 

 

 

 

 

 

Down Araba – Isabel Orbe Elkartea 1995eko otsailean sortu zen, familia talde txiki batek Down sindromea zuten pertsonen erabateko gizarte-integrazioa, lortzeko kezkatik. Orain laneratzea ere badu xede.

300 pertsona inguruko taldea da, Down sindromea duten 71 pertsonak eta horien familiek, lagunek,  bazkide-laguntzaileek eta boluntarioek osatua.

 

 

 

 

 

Share

Itxita dago Floridako haitzuloaren goiko aldea

Gasteizko Udalak itxi egin du Floridako haitzuloaren goiko aldea, prebentzio-neurri gisa,enpresa batek azpiegitura horren egiturazko azterketa egin bitartean. Datozen egunetan, Udalak kontratatutako enpresa bateko langileek haitzuloaren benetako egoera ezagutzeko probak eta analisiak egingo dituzte, gero, eta datu horien bitartez, erabakitzeko azpiegitura du berritu egin behar den –osorik edo zati batean–, edo nahikoa ote den egitura sendotzeko lanekin.

Share

Artiumen babesle diren Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia, batera dira ARCO bisitatzen

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Madrilgo Nazioarteko Arte Garaikidearen Ferian ia 2.000 artisten lana erakusten da, 30 herrialdetatik etorritako 209 galerien eskutik

 

Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estibaliz Canto eta Kultura eta Kiroleko foru diputatu Ana del Val –erakunde biak Artium-Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoaren babesle direlarik– artearen munduarekiko hitzordu saihestezin den Madrilgo Nazioarteko Arte Garaikidearen Feria bisitatu dute gaur goizean.

Es sólo cuestión de tiempo izenburupean, 2020ko ARCO feriak 30 herrialdetako 209 galeria biltzen ditu, eta ia 2.000 artisten lana erakusten du, tartean abangoardia historikoak, klasiko garaikideak eta gaur egungo artea.

Ordezkari politiko biek zenbait artista eta galeria-arduradunekin hitz egiteko aukera izan dute, bai eta arte lan sortu berri ugari ikusteko ere.

Canto zinegotziak azpimarratu duenez, ARCO “arte garaikidearen panorama orokorra modu trinkoan hautemateko aukera da, arte garaikidearen joerak, bilakaera eta goraka datozen artistak. Denbora-tarte labur batean, eta leku ez handiegi batean, jarraitzen ditugun artistak bisitatzeko aukera ematen digu, bereziki artista espainiar eta euskaldunak”.

Gainera, gehitu du, “ARCO aitzaki ona da, betiere, beste ekimen alternatibo batzuk bisitatzeko, esaterako Art Madrid, Cibeles plazan, edo La Casa Encendidaren gisako proiektu interesgarriak, gero erabaki onenak hartzen lagunduko diguten galeria eta museoak.”

Ana del Valen aburuz, “Arco Espainiako ekimen garrantzisuena da alorrean, eta munduko garrantzitsuenetako bat, arte garaikidearen nondik norakoak ezagutzeko erreferentzia, eta, horrenbestez, nahitaezko hitzordua Arabako erakundeentzat”.

 “Bertan -erantsi du- erakundeok interesatzen gaituzten artistei buruzko xehetasunetan sakondu dezakegu, eta baita etorkizuneko beharrak hauteman eta ibilbide interesgarria izan dezaketen artista gazteei arreta egin ere. Gerora, informazio hori eta beste batzuk baliatuta, Arabako kulturan eragin positiboa duten erabakiak har ditzakegu”.

Besteak beste, Bilboko Carreras-Múgica galeria bisitatu dute bi ordezkari arabarrek, hain zuzen ere, aurtengoan ARCOn dagoen euskal galeria bakarra. Carreras-Múgica galeriak Ángel Bados, Eduardo Txillida, June Crespo, Ángels de la Cruz, Raúl Domínguez, Pello Irazu, Erlea Maneros Zabala, Asier Mendizabal, Juan Pérez Agirregoikoa eta Richard Serraren lanak eraman ditu, besteak beste, ARCOra.

Gero, Arabako ordezkariek euskal artistak dituzten beste galeria batzuk bisitatu dituzte, esterako Esther Ferrerren lana duten Mira Madrid eta Angles Barcelona, edo Alain Urrutiarena duen Casado Santapau galeria. Suitzako Hauser&Wirth galeriak Eduardo Txillidari buruzko monografikoa antolatu du, eta bertan ere geratu dira Ana del Val eta Estíbaliz Canto.

Azkenik, zinegotzia eta diputatua La Casa Encendidara zuzendu dira; Madrilgo proiektu horrek arlo soziala eta kulturala uztartzen ditu formatu ireki, dinamiko eta jende orori ireki batean. Bertan, abangoardiako adierazpide artistiko nabarmenenetako batzuk jarduera hezigarriekin, hausnarketarekin eta eztabaidarekin batera jorratzen dira, eta bi ordezkari arabarrek berebiziko interesa zuten hori ezagutzeko.

 

Share

Ariznabarreko 101 lekuko aparkaleku berria, lizitaziorako prest

Autobus elektriko adimentsuaren sistema ezartzeak berekin ekarriko duen leku-galera konpentsatuko du azpiegitura horrek.

PARKING ARIZNABARRA DOSSIERRA

Aparkaleku berria eraikiko du Udalak Ariznabarra auzoan, autobus elektriko adimentsuaren sistema berria ezartzeak berekin ekarriko duen leku-galera konpentsatzeko. Hain zuzen ere, 3.000 metro koadro inguruko aparkalekua diseinatu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak, 101 ibilgailu hartzeko lekua izango duena. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean azaldu duenez, udal teknikariek egindako proiektua bukatuta dago dagoeneko, aurki lizitaziora ateratzeko prest. Obraren aurrekontua 348.577,47 eurokoa da, eta urte erdiko gauzatze-aldia izango da obrak egiteko, adjudikatzen direnetik.

Fontetxako Gazteluaren kalearen, Kexaako Gazteluaren kalearen eta Arluzeako Gazteluaren kalearen arteko ekipamendu-lursailean egokituko da aparkalekua, Ariznabarreko adinekoentzako egoitzaren ondoan. Gaur egun erabiltzen ez den 3.000 metro koadro inguruko espazio bat da.

101 aparkaleku izango ditu azpiegitura berriak, horietatik hiru mugikortasun urriko pertsonek erabiltzen dituzten ibilgailuentzat, eta beste lau ibilgailu elektrikoak kargatzeko —hasieran aldez aurreko instalazioa bakarrik utziko da eginda, aurrerago hirian zerbitzu hori zabaltzen duen enpresak kargatzeko zutoinak jartzerik izan dezan—. Era berean, sei leku izango dira motorrentzat. Gainera, Kexaako Gazteluaren kaleko lineako aparkalekuak bateriako izatera igaroko dira, merkataritza-establezimenduaren parean. Neurri horren bitartez, aparteko beste zortzi leku gehiago lortuko dira.

Aparkalekuaren sarrera nahiz irteera Kexaako Gazteluaren kaletik izango dira, 5 metroko zabalerako pasabide banarekin. Horrez gain, aparkalekuaren perimetroan eta barruko tarteetan lore-eremuak jarriko dira, baita zuhaitzak landatu ere.

Plaza erregularrak 4,75 metro luze eta 2,40 metro zabal izango dira, indarrean dagoen araudiaren arabera. Mugikortasun murriztua dutenentzat direnak, berriz, 5 metro luze izango dira, eta 3,7 metro zabal, eta aparkalekuko oinezkoentzako sarbideetatik gertu egongo dira.

Enpresa adjudikaziodunak egin beharreko lanak, funtsean, hauek izango dira: hondeaketa, betelana, zolatzea eta pintatzea. Saneamendu-sarea eta argiteria hobetzeko ere aprobetxatuko da esku-hartzea, eta tantakako ureztapen-sistema jarriko. 

Garraio publikoko sistema eraginkor eta edukiera handikoa da BEA zeinen helburua baita hiriko auzo guztiak hobeto konektatu eta mugikortasun iraunkor eta osasungarria sustatzea. TUVISAren egungo 2. linean emango du zerbitzua, puntako teknologia erabiliko duten 13 ibilgailu elektrikoren bitartez. Linea horrek Gasteiz inguratzen du, eta  hiriko leku garrantzitsuak lotzen ditu, hala nola Txagorritxu ospitalea, Eusko Jaurlaritza eta Mendizorrotzeko futbol-zelaia. 10 kilometroko ibilbidean, 24 geltoki berri izango dira noranzko bakoitzean, gaur egungo geltoki konbentzionalen leku berberetan.

Irailaren 2an hasi ziren BEAren obrak, hiriko lau lekutan aldi berean, eta epeak betetzen ari dira. Hainbat erakundek parte hartzen dute BEAren proiektuan: Gasteizko Udalak finantzaketaren % 17,5 emango du, Arabako Foru Aldundiak beste % 17,5, eta Eusko Jaurlaritzak % 65. Inbertsioa 40 milioi eurotik gorakoa izango da.

Autobus elektriko adimentsuari esker, urtean 1.520 tona CO2 emisio murriztuko da, egungo gasolio-ibilgailuen ordez batere emisiorik gabeko autobus erabat elektrikoak erabilita.

 

Share

Esleitu da frontoien kontrol integralaren eta garbiketaren zerbitzua datozen bi urteetarako

 

  • Zerbitzu emango zaio baita Olaranbe kirol zentroari Disport Eki enpresari 977.634 euroan esleitu zaion kontratuak

 

Disdport Eki S.L. enpresak lortu du auzo-frontoien eta Olaranbe kirol zentroaren  kontrol integralaren eta garbiketaren zerbitzua emateko kontratua datozen bi urteetarako. Tokiko Gobernu Batzarra onetsi berri du esleipena, 977.634,5 euroan (BEZa barne), hots, lizitazio-prezio baino % 18 merkeago.

Kontratuak barne hartzen ditu Abetxuku, Adurtza, Lakua-03 eta Zaramagako udal-pilotalekuak, bai eta Astronomo kaleko trinketa ere. Pilotarako bost ekipamendu (zazpi frontoi erabilgarri) eta Olaranbeko kirol zentroa. Udalaren kirol instalazioen sarean dauden 10 moten artean, frontoiak bosgarrenb lekuan daude, erabilera-erreserbei dagokienez. Pilotalekuek osatu egiten dute kiroldegi, gizarte-etxe eta futbol-zelaien sarea, eta aukera ematen dute kirolean erregulartasunez aritzeko, bai eta eskolako kiroleko eta kirol federatuko txapelketak garatzeko ere. Udalaren kirol instalazioetako abonatuak doan sar daitezke leku horietara, eta ez dute erreserbaren zenbatekoa baino ordaintzen.

Kontratuak barne hartzen dituen zereginen artean honako hauek daude: ireki, itxi eta zaintzea, okupazioa eta erreserbak kudeatzea, eraikineko sistema lagungarriak kontrolatzea, informazio-zerbitzua, gorabeheretan esku hartu eta horiek komunikatzea, botikina kudeatzea eta instalazioak garbitzea. Lan horietan, datozen bi urteetan 47.600 ordu baliatuko dituztela aurreikusten da, ohiko funtzionamendu orduak betetzeko.

 

 

 

 

 

Share

Bi pertsona zauritu dira istripuetan

Udaltzaingoak atzo 2 istriputan esku hartu zuen. Horietan, 2 lagun zauritu ziren: Gasteiz hiribidean gertatutako harrapatzean, 5 urteko neskatila zauritu zen, eta Blas de Otero kalean, patinete elektrikoan zihoan 35 urteko gidaria zauritu zen. Bi zaurituak Txagorritxu eta Santiago ospitaleetara eraman zituzten, hurrenez hurren.

Isuria Santo Tomas ibaian

092 zenbakira egindako deiak Santo Tomas ibaian, Salburuko Hezegunetik metro gutxira, substantzia arraro bat zegoela ohartarazi zuen.

Ingurumeneko patruila bat bertaratu eta jarduteko protokoloa aktibatu zuen 112ri, URAri eta suhiltzaileei abisuak emanda. Horren baitan, isuria atxikitzeko, suhiltzaileek barrera jarri zuten.

Gaur, aldiz, lanei berriro ekin diete bi erakundeetako teknikariekin batera isuriaren bilakaera aztertzeko eta garrantzi oso txikikoa dela eta atzo aplikatutako neurriak isuria hedatzea eragotzi duela egiaztatu dute.

URAk eta Agirrelandako suhiltzaileek zonaldearen garbiketa-lanak egingo dituzte.

Abiadura kontrolatzeko kanpaina

Bide-segurtasuneko beste kanpaina bat egingo du Udaltzaingoak martxoaren 2tik 8ra bitartean Gasteizko hiriko bideetan abiadura kontrolatzeko.

Istripu-indizea gutxitzeko asmoz, motordun ibilgailuen eta ziklomotorren abiadura zaindu eta horrekin lotuta hautemandako arau-hausteak administrazioaren bidetik zuzendu eta detektatuko dituzte.

Bestalde, orduko 115 kilometro baino gehiagoko abiaduran zirkulatzen duten gidarien aurka eginbideak abiatuko dituzte epaitegian.

2018-2023 Bide Segurtasuneko Udal Plan Estrategikoaren egutegi barruan sartuta dago kanpaina.

Share

Olarizuko gurutzea babestu dadila eskatu du Gasteizko Udalak, hiriko tradizioaren, kulturaren eta historiaren parte den aldetik

 

Alegazioak aurkeztu ditu gurutzearen lege-egoera dela eta Mendiolako kontzejuak hasitako dosierrean

 

Gasteizko bizilagunentzat esanahi berezia duen elementutzat aldezten du udal gobernuak Olarizuko gurutzea, uste baitu babes berezia jaso behar duela, kultur eta erlijio-tradizioen erakusgarri izaki. Tradizio horienganako errespetua erakutsiko luke horrek. Hala argudiatu du gurutzearen lege-egoera ikertzeko Mendiolako kontzejuak abiarazitako dosierrean aurkeztutako alegazio-idazkian.

Gorka Urtaran alkateak gogorarazi duenez, “Olarizuko gurutzea ez da erlijio-sinbolo hutsa, ezpada gure ondarearen, tradizioaren, kulturaren eta historiaren zati bat. Herri-harpidetzaren bidez eraiki zen, herritarren eta familien ekimenez, eta Gasteizko ondarearen zati bat da, errespetatu eta zaindu beharrekoa. Gasteizen sinbolo bat da”.

Hainbat arrazoi jaso ditu Udalak Mendiolako kontzejuaren dosierrari aurkeztutako alegazioetan. Lehenik eta behin, administrazio-batzarrak ikertzeko duen ahalmena “gehiegikeriaz eta, nolabait, iruzurrez erabili dela” jasota uzten da. Izan ere, araudian jasota dagoenez, ustez norberaren ondarearen parte diren ondasun eta eskubideen egoera ikertzeko premia da horren premisa, eta titulartasuna zehazteko xedearekin egin beharra dago. Udalaren ustez ez da betetzen baldintza hori, akordioan bertan jasota baitago Olarizu mendia lehendik dagoela sartua Mendiolako kontzejuaren ondasunen inbentarioan, eta Gasteizen egin zen Misio Santua oroitzeko eraiki baitzen gurutzea, eta hiritar ugariren onespena izan baitzuen, eta oihartzun handia hiri osoan.

Udararen bukaerako erromeria

Oso ondo ezagutzen dira Olarizuko gurutzearen aurrekariak, baita eraikitzeko izan ziren arrazoiak ere, alegazio-idazkian azaltzen denez, eta, gurutzea Mendiolako kontzejuaren lurretan eraiki zela onartzen bada ere, orobat esaten da gasteiztarrek ordaindu zutela eraikuntza, eta, hortaz, oso maite dutela herritarrek, eta urtero egiten dela erromeria Olarizuko zelaietan, eta egun horretan gurutzera igotzeko ohitura dagoela.

Izan ere, erromeria horrekin ixten du udararen zikloa hiriak urtero, eta jende ugari igotzen da gurutzera egun horretan. Uzta-bilketagatik eskerrak emateko nekazariek zuten ohitura zaharretik dator ohitura hori, hain zuzen ere.

Udalak ematen dituen arrazoietako beste bat da administrazio-batzarraren dosierrean ez zaiola inolako aipamenik egiten interes orokorraren defentsari, nahiz eta, hain zuzen ere, Mendiolako kontzejuak hasitako dosierraren gisako tresnak interes orokorraren defentsarako izan, legearen arabera.

Memoriaren lekua eta eraisteko ahalegina

Olarizuko gurutzea, gainera, memoria historikoaren inguruko ekintza-planeko memoriaren lekuen ibilbidean jasota dago. Hain zuzen ere, seinaleak jarri ziren joan den agintaldian Olarizuko etxaldetik gertu, “hartara jakin dadin historikoki izan duen benetako esanahia, eta gerora diktaduraren aldetik jasan zuen erabilpen politikoa”. Era berean, sabotaje bat jasan zuen monumentu horrek aurreko agintaldian, eraisteko asmoz egina. Berehalakoan konpondu zuen Udalak.

Share

Posta-zerbitzuen kontratazio-dosierra onetsi du Gasteizko Udalak

Bere posta-zerbitzuak kontratatzeko dosierra onetsi du Gasteizko Udalak, 3.737.005,88 euroko zuzkidurarekin (BEZ barne). 24 hilabetekoa izango da kontratuaren gauzatze-aldia.

Udalaren posta-bidalketak jaso, onartu, sailkatu —pisua eta helmugak barne—, tratatu, bideratu, garraiatu, banatu eta entregatzeaz arduratuko da enpresa esleipenduna.

Bi ataletan banatuta dago kontratua. Lehenengoan hauek sartzen dira: administrazio-jakinarazpen lokalak eta nazionalak, nazioarteko gutun ziurtatuak, telegramak, balio fede-emailea duen fax-zerbitzua eta Udalaren posta-kutxetan jasotzen diren bidalketak udal-bulegoetan entregatzea.

Bigarrenean, berriz, beste hauek: gutun arruntak —lokalak, nazionalak eta nazioartekoak—, 20 kg arteko paketeak, publizitate-bidalketak —zuzeneko publizitatea, liburuak, katalogoak eta zuzeneko argitalpenak—, eta helbiderik gabeko banaketa eta beste.

Udalaren kontratatzailearen profilean eta Euskadiko Sektore Publikoko Kontratuen Plataforman argitaratuko dira baldintza-orriak, baita Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean ere.

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok nabarmendu du Gasteizko Udalaren funtzionamendurako ezinbesteko lana dela kontratatuko dena, hau da, hiriko, hiriarteko eta nazioarteko posta banatzea.

 Hala ere, Udalak herritarrekin eta entitateekin erlazionatzeko duen modua aldatzearen alde agertu da. “Murgilduta gauden laugarren iraultza teknologikoaren bidetik etorriko da etorkizuna. Digitalizatzeko joera gero eta handiagoa da, nabarmen optimizatzen baitu dokumentazioaren kudeaketa. Hori da eraginkortasun eta iraunkortasun handiagoa lortzeko bidea.”

 

Share