Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-02-27)

Gasteiz Sport Business Kirol Biltzarraren I. edizioari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez

Eguna. Osteguna, otsailak 27

Ordua. 9:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

——————————

Prentsaurrekoa. Ibaiondo gizarte etxearen X. urteurrena dela eta antolatu dituzten jarduerak aurkeztea

Parte hartzaileak. Herritarren Partaidetza, Gardentasuna eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodriguez; Ibaiondo gizarte etxeko koordinatzaile Carlos Lopez de Alda

Eguna. Osteguna, otsailak 27

Ordua. 10:15

Tokia. Ibaiondo gizarte etxea, askotariko aretoa

———————————–

Prentsaurrekoa. Euskara Ibiltaria Erakusketaren aurkezpena

Parte hartzaileak: Gasteizko alkateorde eta euskara zinegotzi Iñaki Gurtubai; Andres Urrutia, euskaltzainburua; Laboral Kutxako ordezkari Ibon Urgoiti; Adolfo Arejita euskaltzaina; eta Iñaki Lazkano, Oihanederreko ordezkaria.

Eguna. Osteguna, otsailak 27

Ordua. 11:00

Tokia. Oihaneder Euskararen Etxea

———————————-

Harrera ekitaldia Badaiotz Arabako nesken sokatira taldeari

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez; eta beste erakundeetako ordezkari batzuk

Eguna. Osteguna, otsailak 27

Ordua. 18:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share

Enpleo Gunen, 43 enpresak lan-eskaintzak aurkeztuko dituzte, eta STEAM hezkuntzako genero-ikuspegiari buruzko hausnarketa egingo da

  • 292 lanpostu eskainiko dira ekitaldiaren webgunean.
  • Orientazioaren alorrean dihardutenen gaitasun profesionalak hobetzeko jardunaldi teknikoa ere egingo da
  • Horretaz gain, hautaketa-elkarrizketek, enplegua bilatzen laguntzeko baliabideek eta enpresa eta erakunde publikoen standek osatzen dute Empleo Guneren hamargarren edizioaren programa 

Martxoaren 5ean egingo da Gasteizko Udalak eta EHUko Arabako Campusak elkarrekin sustatzen duten Empleo Gune foroaren hamargarren edizioa. Oraingoan lurraldeko enpresek hartuko dute protagonismoa: dituzten langile beharrak azalduko dituzte, eta gaitasun profesionalak hobetzeaz ere arituko dira. Izena emateko epea itxi gabe dagoelarik, oraingoz 43 enpresak hartuko dute parte, eta horietako 33k standa jarriko dute. Oraingoz, orotara 292 lanpostu eskainiko dituzte, iaz baino 19 gehiago, eta erdia baino gehiago erdi edo goi mailako kualifikazioa dutenak. Jardunaldia Europa biltzar jauregian egingo da, eta Empleo Gune Gasteizen enpleguarekin zerikusia duten eragileen topagune nagusi gisa sendotzeko bide emango du.

Enpleguaren eta Prestakuntzaren zinegotzi Igor Salazarrek eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko errektoreorde Iván Igartuak aurkeztu dute 2020ko Empleo Guneren jardunaldi hau, zeinek helburu hauek baititu: enplegu-eskatzaileen edo lan-egoera hobetu nahi dutenen eta langileak behar dituzten enpresa publiko eta pribatuen arteko topaketa eta ezagutza bultzatzea, eta lanpostu bat eskuratzeko aukerak hobetzen laguntzeko zerbitzu eta baliabideen zein arlo horretako tresna espezializatuen berri ematea udalerriko langabetuei

Erakunde eta enpresen aurkezpenez eta informazio guneez gain, orientazioaren alorreko profesionalentzako jardunaldi teknikoa nabarmentzen da, Gasteizko Udalak sustatzen duen GPS proiektuarekin lotuta dagoena, eta oraingoan Genero-ikuspegian STEAM hezkuntzan” izango du ardatz. 

“Gurea bezalako lurralde industrial batean, funtsezkoa da gazteengan bokazio zientifikoa pizteko moduaz hausnartzea, haiek ere ezagupen horiek behar dituzten sektoreetako lan-eskaintzetan parte har dezaten ” adierazi du Enpleguaren eta Prestakuntzaren zinegotzi Igor Salazarrek.  

Eskarmentu handiko bi hizlarik ere hartuko dute parte: Lorena Fernández Álvarez – informatika ingeniaria, Deustuko Unibertsitateko Identitate Digitaleko zuzendaria eta genero-ikuspegia barne hartzen duen STEAM hezkuntzaren dibulgatzailea–  eta  Vane Calero Blanco – Matematika zientzietan lizentziaduna eta Sorkin hezkuntza-elkartearen fundatzaile eta koordinatzailea-.

Azken batean, Empleo Gune foroaren helburua da elkargunea izatea gure inguruneko enpresetako giza baliabideen alorreko profesionalentzat, enplegu-bilaketa aktiboan diharduten pertsonentzat, azken prestakuntza-zikloetako ikasleentzat, laneratze eta gizarteratzearen alorrean lan egiten duten profesionalentzat, eta enplegua sortzen ari diren entitate publikoentzat. Eta Arabako campuseko errektoreorde Iván Igartuak adierazi duenez, “EHUk unibertsitateko ikasleen eta ikasle-ohien enplegagarritasuna eta laneratzea sustatzeko duen estrategiaren barruan sartzen da, horrela lurraldea garatzen laguntzeko”

Internetez eman daiteke izena jardueretan; informazio guztia http://empleo-gune.org webgunean dago eskuragarri.

Share

Arma zuriarekin eraso egiteagatik atxilotua Arriagako Atean

Udaltzainek 21 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo 18 urteko gazte bati arma zuriarekin eraso egin izanaren delituaren ustezko egilea izateagatik.

Gertakariak atzo jazo ziren Arriagako Atean, borroka batekin lotuta. Erasotzaileak lasterka ihes egin zuen Barrenkalerantz eta han Erdi Aroko hirigunean zaintza-lanak egiten ari zen patruilako polizia batek geldiarazi zuen. Azaleko miaketan, ez zioten objektu zorrotzik edo antzekorik topatu, baina bai ihesean zihoala egindako bidean. Izan ere, Udaltzaingoak neurri txikiko labana topatu zuen.

Zaurituarekin eta lekuko batzuekin hitz egin ondoren, udaltzainek ustezko erasotzailea atxilotu zuten. Gaur goizean jarri dute epailearen esku. Anbulantziak zauritua ospitale batera eraman zuen arreta jaso zezan.

Harrapatzeen aurkako kanpaina

Udaltzaingoak ehun lagun baino gehiago ohartarazi eta beste 25 salatu zituen lehengo astean harrapatzeak ekiditeko egindako zirkulazioko kanpaina bereziaren baitan.

7 egunez, Udaltzaingoak hogei kontrol inguru jarri zituen oinezkoen zein motordun ibilgailuen eta bizikleten gidarien jokabidea zaintzeko.

Zaintza horien bidez, udaltzainek kontzientziazio-lana egin eta desegokiak ziren jokabideak agerian utzi zituzten. Detektatutako arau-hauste ohikoena horretarako egokituta ez dauden tokietatik galtzada zeharkatu zuten lagunena izan zen: 85 pertsona izan ziren guztira. Ondoren, oinezkoen lehentasuna errespetatu ez zuten gidariak izan ziren (guztira, 23).

Inauterietako kanpaina

Inauterietako asteburuan, Udaltzaingoak ostalaritzako 6 establezimenduri salaketa jarri zien udal-araudia ez betetzeagatik: 2ri adingabeei alkohola saltzeagatik, eta 4ri baimendutako aforoa gainditzeagatik.

Gasolio-isuria

Suhiltzaileek N-622 errepidean, Zigoitian, gertatutako gasolio-isuria zela eta lan egin behar izan zuten. Errepidetik atera zen eta merkantzia arriskutsuak garraiatzen ari zen ibilgailu batek eragin zuen isuria.   Bertaratutako PSISZko langileek erregaia tokiz aldatu zuten ingurumen-arriskuak ekiditeko.

Gasolio-isuria

Suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten atzo; izan ere, merkantzia arriskutsuak zeramatzan ibilgailu bat bidetik atera zen atzo Zigoitia udalerrian, N-622 errepidean, eta gasolioa isurtzen ari zen. Langileek gasolioa lekuz aldatu zuten ingurumen-arriskuak ekiditeko.

Handik ordu batzuetara, berriro ere suhiltzaileen laguntza eskatu zuten Altuben hiru ibilgailuren arteko talka zela eta likidoak isuri zirelako. Kasu hartan, isuritakoa sepiolitarekin jaso zuten.

 

Share

AMVISAren sarea hobetzeko lanen hurrengo fasea Lovaina plazaren inguruan egingo da

Joan den urritik, AMVISA saneamendu- eta hornikuntza-sarea berritzeko lanak egiten ari da Adriano VI.aren kalean, Louis Heintz kalean, Ramon y Cajal kalean, Senda ibilbidean eta Manuel Iradier kalean. Manuel Iradier kaleko eta Gasteiz hegoaldearen zati handi bateko isurketak biltzen dituen saneamendurako kolektore zaharra aldatzea da obraren helburu nagusia, eta inguru horietan trafiko etenak egin behar izan dira hasieratik. Lanek ia 2 milioi euroko inbertsioa beharko dute.

Bihartik aurrera, berriro ere aldaketak egin beharko dira zirkulazioan lanen eraginez: aipatutako zonako zati handi bat lehengo egoerara itzuliko da, baina gorabeherak izango dira Lovaina plazaren eta Louis Heintz kalearen inguruan.

Aurreikusitako epeak betetzen badira —izan ere, eguraldi txarra eginez gero litekeena da atzeratzea—, bihar Katedraleko aparkalekura sartzeko erreiko zintarriak kenduko dira Lovainako biribilgunean, baita Louis Heintz kalearekiko bidegurutzeko semaforoa ere. Aldi batez, errei bakarra erabili ahalko da biribilgunean, eta hortik sartu beharko da Katedraleko aparkalekura.

Martxoaren 2an, aldiz, berriro irekiko dira trafikorako Gaztelako atea, Laskarai kalea, Ramon y Cajal kalea (bi noranzkoetan), Senda ibilbidea eta Manuel Iradier kalea, eta hasierako egoerara itzuliko da inguru osoa.

Aurrerago, martxoaren 3an (asteartea), Marianistak ikastetxetik hurbilen dagoen Louis Heintz kaleko aldea itxiko da, eta kale horretatik Katedraleko aparkalekura sartzeko erreiko zintarriak kenduko dira. Orduan, ezin izango da aparkalekura sartu Lovainatik.  Louis Heintz kalean zirkulazio-errei bakarra utziko da, noranzko bakarrean, Lovaina plazarantz. Zehazki, aparkalekuaren ondoko erreia geratuko da irekita.

AMVISA eragindako pertsona eta jarduerak (atariak, garajeak, ikastetxeak, aparkalekua…) ohartarazten ari da dagoeneko. Inguru horretatik ibilgailu pribatuan ez zirkulatzeko gomendatzen du Udalak, guztiz ezinbestekoa ez bada.

 

Share

Montehermoso kulturuneak Susana Viñoloren ‘The sky is inside’ erakusketa aurkeztu du

Otsailaren 28tik martxoaren 29ra arte egongo da ikusgai

 

 

 

 

 

 

Otsailaren 28tik martxoaren 29ra arte  Susana Viñoloren  ‘The sky is inside’ erakusketa ikusi ahalko da Montehermoso kulturuneko Jovellanos aretoan. Udalaren kultur zentroak Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatearekin batera sustatzen duen deialdian hautatutako proiektuen arteko bigarrena da.

‘Montehermoso+UPV/EHU’ lemaren pean, programak komisario baten laguntzarekin proiektu artistikoak garatzeko aukera eskaintzen die bigarren zikloko, gradu-ondoko eta doktoretzako ikasleei, ondoren Montehermoson bakarka aurkezteko.

2012an abiarazi zen programa honek profesionalizatzeko bidean dauden sortzaileen lanak ikustarazten laguntzen du, lanerako plataforma eskaintzen die mundu profesionalera hurbiltzeko, eta bide batez gizartearekin zuzenean lotzeko“, azpimarratu du Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok erakusketaren aurkezpenean. Harekin batera  Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko dekano Arantza Lauzirika, Susana Viñolo artista eta Cristina Arrázola komisarioa izan dira prentsaurrekoan.

Erakusketa

Susana Viñolo artista arte teknologikoan eta arte garaikidearen kontserbazio eta erakusketetan espezializatuta dago. ‘The sky is inside’ erakusketan, aurrerapen teknologikoen eta ezagutzaren paradigma historikoki aldakorren arteko erlazioaz hausnartzen du, astronomiaren alorreko teknologiak ikergaitzat hartuz.

Egileak azpimarratu nahi izan du ezagutza-prozesu horretan zehar lortutako irudiak ez direla ez objektiboak, ez inozoak; aitzitik, egungo teknologien subjektibitatearen eta horiekin lotzen diren botere-harremanen mende daude.

Cristina Arrázola komisarioak babestu du erakusketaren garapena. Otsailaren 28tik martxoaren 29ra arte ikusi ahalko da, Montehermoso kulturuneko Jovellanos aretoan.

Susana Viñola artistak bere proiektuaren ezaugarrien berri emango du inaugurazio-egunean, hilaren 28an. Arratsaldeko zortzietan izango da.

KATALOGOA MH-UPV_2019-20 SUSANA VIÑOLO

 

Share