Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-02-24)

Prentsaurrekoa. ‘Oporrak bakean’ programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentia; Berdintasun eta Giza Eskubideen foru zuzendari Nerea Melgosa; AFANIS Saharako Umeak hartzeko Familien Elkarteko lehendakariorde Irune Lujambio;  eta Frente Polisarioko Euskadiko delegatu Brahim Abdelfatah

Eguna. Astelehena, martxoak 24

Ordua. 10:30

Tokia. Arabako Foru Aldundiko prentsa aretoa

———————————-

Harrera ekitaldia Estatu Batuetako ikasleei

Udalak harrera egingo die New Hampshire estatuko Nashua hiriko Bishop Guertin High School ikastetxeko ikasle eta irakasleei; Gasteizera etorri dira bisitan Kultur Trukeak direla-eta, Corazonistas ikastetxeak gonbidatuta.

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Canto

Eguna. Astelehena, otsailak 24

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Larunbata, otsailak 22

  • Fernando Buesa eta Jorge Diez Elorza gogoan egingo duten omenaldian izango dira alkateorde eta zinegotzi Maider Etxebarria, Ana Oregi, Jon Armentia eta Iñaki Gurtubai 12:00etan, Askatasunaren Lorategian.
  • Vitoria-Gasteizko Inauteriak direla eta antolatu dituzten hainbat ospakizun ekitalditan izango da Kultura Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto.
Share

M8ko Adierazpen Instituzionalaren Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta

EMAKUMEEN MOBILIZAZIOAK. Mundua eraldatzen duen emakumeen boterea.

1952an martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna ezarri zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak (NBE). M8ak emakumeen “grebak” oroitzen ditu, historian zehar euren eskubide laboral, ekonomiko, politiko eta sozialak aldarrikatu dituztenak. Borrokek aldaketak ekarri dituzte legeetan, gizartean eta kulturan, eta gizarteak berdintasun- eta demokrazia-maila handiagotarantz aurreratu dituzte.

Hala ere, emakumeen borroken garaia ez da amaitu. Mundu osoan eta gure tokiko komunitateetan oraindik ere emakumeenganako bereizkeriak eta ezberdintasunak daude, emakume izate hutsagatik. Bereizkeria hori beste batzuekin gurutzatzen da: klase, etnia, adina, kultura, sinesmenak, migrazio-estatusa, sexu-orientazioa, genero-identitatea edo gaitasunak, besteak beste.

Beijing Ekintza Plataformak 25 urte bete dituenean, belaunaldi berriak bat egiten du giza eskubideak defendatu eta genero-berdintasuna lortuko duten ekonomia, gizarte eta sistema politikoak irudikatzeko borrokan, inor bazterrean utzi gabe. Munduko mugimendu honen ustez generoen arteko berdintasuna ez da soilik oinarrizko giza eskubidea, baizik eta mundu baketsu, oparo eta iraunkorra lortzeko beharrezko oinarria. Garapen Jasangarrirako Helburuetan jasotzen den bezala. Berdintasuna gizarte osoaren mezu bakar gisa aldarrikatzeko garaia da.

Emakumeen borrokek eta kaleetako mobilizazioek instituzioei konpromiso irmoko ariketa egitea eskatzen digute:

  • Genero-harremanak eraldatzea gure udalerrien eta gure administrazioen bizitzan;
  • Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak errotik kentzea eta egiturazko indarkeria horren biktimak erreparatzea;
  • Baldintzak eta aukerak eraikitzea izaera guztietako emakumeek tokiko bizitzako ekonomian, gizartean, politikan eta kulturan parte hartzeko;
  • Diskriminazio mota guztien aurka borrokatzea;
  • Bizitza erdira ekarriko duten gizarte-antolakuntza erantzunkideak diseinatzea.

Tokiko euskal gobernuok konpromiso horiek gure herri eta hirietan egia bihurtzeko politikak diseinatu eta kudeatu behar ditugu, eta horrexegatik, Vitoria-Gasteizko Udalak konpromiso irmoa adierazi du berdintasunezko gizarte inklusiboa eraikitzen laguntzeko, pertsona guztien eskubideak eta parte-hartzea bermatuko dituena tokiko bizitzan, honako neurri hauek abian jarririk. 

 

  • Udalerriko emakumeen baldintzak eta egoerak sistematikoki aztertzea baliabide, ondasun eta zerbitzu guztiak eskuratzeari dagokionez, bai eta tokiko bizitzan parte hartzeari dagokionez ere, desberdintasunak identifikatu eta zuzentzeko.
  • Tokiko Bizitzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Europako Gutunean zehaztutako konpromisoak betetzea bere lurraldean.
  • Tokiko berdintasun-politikak bultzatzeko langile eta baliabide nahikoak dituen egitura egonkorra bermatzea, toki-mailan edo beste udalerri batzuekin elkartuta.

 

  • Hara! Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Tokiko Ekintza Plana garatzea, haren eragina ebaluatzea eta emaitzen berri ematea.
  • Tokiko arauak arian-arian artikulatzea berdintasun-politikak garatzeko, eta udal-jarduera osoan genero-ikuspegia txertatzen dela bermatzea.

 

  • Indarkeria matxistaren arretarako Tokiko Koordinazio Protokoloa eguneratzea.
  • Tokiko jardueretan indarkeria matxistaren biktimei erreparazioa emateko printzipioaren aplikazioan aurrera egitea.
  • Udaleko arau, programa eta zerbitzuen genero-eraginaren ebaluazioa arian-arian garatzea.

 

  • Udalerriko emakumeak ahalduntzeko programak eta ekimenak garatzeko espazioak eta baliabideak eskaintzea.
  • Toki-mailan, emakumeen erakundeekin eta erakunde feministekin etengabe komunikatzeko espazioak antolatzea, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politikak diseinatzeko eta ebaluatzeko.
  • Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskal Udalen Sarearekin – Berdinsarea – bat egiteko kompromisoa berretsi. Sare horren helburua da indarrak batzea eta tokiko gobernuek elkarrekin jardutea berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako politikak, programak eta zerbitzuak bultzatzeko, indartzeko, koordinatzeko eta ebaluatzeko.

Azkenean, Udal honek dei egiten die herritarrei Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara Mugimendu Feministak martxoaren 8rako antolatu dituen mobilizazioetan era aktiboan parte har dezaten.

 

Share

Oharra: Santa Barbara aparkalekuko sarreraren afekzioa

Otsailaren 22an, larunbata, inauterietako desfileak Santa Barbarako aparkalekuko sarrerari eragingo dio.
17:30etik desfilea amaitu arte aparkalekurako sarrera Jesus Guridi kalekoa izango da.

Otsailaren 23an, igandea, ezingo da sartu aparkalekura desfileak irauten duen bitartean. Aparkalekutik beti bezala aterako dira erabiltzaileak.

Share

Beste bultzada bat eman diote BEAren proiektuari, udal haztegiaren zati bat eraisteko lehiaketa onetsi baita, bertan kotxetegiak eraikitzeko

Urtaranen gobernuak beste bultzada bat eman dio BEAren proiektuari, udal haztegiaren zati bat eraisteko lehiaketa onetsi baitu, bertan TUVISAren kotxetegiak eraikitzeko. Gobernu Batzarrak horretara 150.000 euro bideratzea erabaki du gaur goizean.

Kontratuaren bitartez, behar diren elementuak eraitsiko dira haztegiaren lursailean, gerora TUVISAren kotxetegiak instalatzeko. Zehazki, eraikin hauek eraitsiko dira: etxebizitza/bulegoa, ibilgailuak gordetzeko hangar bat, erabilera askotarako nabe bat, egurra eta bestelakoak gordetzeko teilape bat, berotegia eta etxola bat.

Haztegiko baso zabala ia osorik utziko da, hiriko azpiegitura berdearen barruan, ingurumen balioa baitu. Haztegian zeuden landareei dagokienez, berriz,  Parke eta Lorategien Zerbitzua horien zati bat hiri osoan landatzen aritu da azken hilabeteetan, haztegiko bolumena jeitsiz. Beste guztia Olarizuko ingurumen parkera eta lorategi botanikoko baratzeetara eramango da. Etorkizunean han garatuko da udal haztegia.

Joan den astean, bestalde, BEAren kargatze-unitate funtzionala aipatutako lursailean eraikitzeko erakundeen arteko lankidetza sinatzea onetsi zuen Udalak; kargatze geldoko sistemak 5,6 milioi euroko inbertsioa izango du. BEArako eta hiriko autobus flotarako kotxetegien eta tailerren eraikuntza faseka egingo da, bere garaian iragarri zen bezala. Lehenengo fasean autobus adimendunaren kargatze-unitate funtzionalerako beharrezkoak diren instalazioak egingo dira. Jarduera hori abian jartzeko zigilatuko dute Eusko Jaurlaritzak, Udalak eta Aldundiak proiektua finantzatzeari dagokion osagarritasun-hitzarmena, eta horri esker, Gasteizko Udalak 2020an lizitatu ahalko du obra.

Kotxetegi berriek 52.000 m2 hartuko dute. Horietatik, 16.000 m2 BEAren kargatze-unitate funtzionalerako izango dira, autobus elektriko adimendunaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoa den azpiegitura barne. Instalazioek 13 autobus elektrikoetarako aparkaleku plazak eta dagozkien markesinak, tailer mekanikoa, unitateak garbitzeko tokiak, aldagelak, perimetro-itxitura eta urbanizazioa izango dituzte.

Ondorengo fase batean, Gasteizko Udalak Tuvisako kotxetegiak, lantegiak eta eraikin administratibo berria eraikiko ditu lursail berean. Instalazioek bulegoak eta aldagelak izango dituzte, bi solairutan banatuta; orotara 1.878 m2 hartuko dituzte. Horrez gain, 1.213 m2-ko biltegia eta 2.884 m2-ko tailerra izango dituzte, BEAren mantentze-lanetarako eremuak aparte daudelarik. Garbiketarako eremuak berberak izango dira autobus guztientzat, eta 1.858 m2 hartuko dituzte. Nasen gune estaliak 110 autobus hartu ahalko ditu guztira, eta etorkizunean flota osoa elektrifikatuko dela kontuan hartuta, 10.029 m2-ko markesina bat izango du; panel fotovoltaikoak instalatuko dira horretan, ahalik eta energia-eraginkortasun handiena lortzeko.

Oinezkoentzako eta bezeroentzako arretarako sarbidea Juan Crisostomo de Arriaga kaletik egingo da, eta autobusak Zadorra hiribidetik sartuko dira, autobusen zirkulazioa hurbilen dauden etxebizitzetatik urruntzearren. Bigarren fase horren horren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 17.895.628 eurokoa da, eta egikaritze-epea, 9 hilabetekoa

Share

Film Office Berlingo European Film Market-era joan da, Gasteiz eta Araba filmaketen agertoki gisa promozionatzeko

Gasteizko Film Office  Berlingo European Film Market-en da aste honetan, lurraldea filmaketen agertoki gisa promozionatu eta bertako ikus-entzunezkoen industriari bultzada emateko xedez; Berlinale Berlingo Nazioartekoko Zinema Jaialdian egiten da ikus-entzunezkoen azoka hori.

Film Office Film Basque Country markaren babespean joan da ikus-entzunezkoen sektorearen nazioarteko hitzordu horretara, eta jaialdira joaten diren euskal profesionalak bezala, Basque Audiovisual ekimenak ICEX-en pabiloian jarri duen standaz baliatuko da eskualdean interesatuta dauden atzerriko profesionalekin biltzeko, baita estatuko zein nazioarteko eragileekiko harreman sarea zabaltzeko ere.

European Film Market-ek —urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat da ikus-entzunezkoen industriarentzat— otsailaren 20tik 27ra arte iraungo du. Film Office otsailaren 25era arte izango da bertan, tokiko industriak egindako azken lanak promozionatzen, Gasteiz eta Araba era guztietako ekoizpenak egiteko agertoki gisa kokatu eta ezagutarazten, eta lurraldean filmatzeak dituen abantailen berri ematen.

Aurten Arabako ekoiztetxe hauek joango dira EFM-ra beren proiektuetarako finantzaketa, banaketa eta besteren bila:

  • Amania Films, Ane, Sacamantecas eta Deviant
  • Sonora Estudios eta Ici Paris
  • Ikusgarri Films, Irati
  • Imanol Ortiz López, Alumbramiento eta Disforia
  • Eta Jorge Moneo Quintana errealizadorea, Berlinale Talents atalean Almanaka proiektua hautatu baitiote.

 

Informazio gehiago:

Ana Ruiz

Vitoria-Gasteiz Film Office

945 16 16 16 ext. 4381

filmoffice@vitoria-gasteiz.org

 

Share

Talka batean ibilgailua irauli ostean, zaurituta

37 urteko emakumezko gidaria zauritu zen atzo furgoneta batek bere ibilgailua jo ostean Lasarteko Atea biribilgunean. Inpaktuaren eraginez, turismoa irauli egin zen. Emakumeak bere kabuz ateratzea lortu zuen arren, Santiago Erietxera eraman zuten.

Bestalde, atzo 50 urteko oinezko bat zauritu zen Legutianoko Atean bizikleta batek kolpatuta. Santiago Erietxera eraman behar izan zuten.

Azken 24 orduetan beste 11 trafiko-istripu erregistratu dira, baina ez da zauriturik egon.

Sua edukiontzian

Suhiltzaileek edukiontzi batean sua itzaltzeko esku hartu zuten atzo Otazun. Eta goizalde honetan Vicente Aleixandre kalean esku hartu dute, moto batek su hartu baitu.

Share

Gasteizek LGTBIfobiaren aurkako behatokiarekiko konpromisoa berritu du

Gobernu Batzarrak Lumagorri taldearekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du gaur goizean, Gasteizen Ikusgune-LGTBIfobiaren kontrako behatokia sustatzeko; aurten handitu egin da udalaren ekarpen ekonomikoa, 70.000 euroraino, Elkarrekin taldeak hala proposatu baitzuen 2020ko aurrekonturako.

Ikusgune LGTBI+fobiaren aurkako Gasteizko behatokia da; Lumagorrik sustatzen du, Gasteizko Udalarekiko lankidetzan.  Ikusgune homofobia, lesbofobia, bifobia eta transfobiaren aurkako etengabeko behaketa-sistema da: datuak jasotzen ditu eta sexu-orientazioa edo genero-identitatea direla eta urratutako eskubidea ahal den neurrian erreparatzeko bideak bilatu eta proposatzen.

Ikusgunek Gasteizen LGTBI+fobia zertan den jakiteko datuak biltzen ditu, arreta berezia eskainiz gorrotozko gertakari, diskurtso eta delituei. Informazioa bi modutan biltzen da: zuzenean, eragindako pertsonek berek edo erasoren baten lekuko izan diren pertsonek kontatuta, edo zeharka, Ikusguneren ekimenez, sare sozialetan, hedabideetan edo beste iturri batzuetan gertatzen edo jasotzen diren gorroto-delituen adierazpideak bilduz.

“Behatokia tresna ahaltsua da abusu eta erasoak antzemateko, sexu- eta genero-aniztasunari buruzko informazio zabaltzeko, LGTBI  taldeko pertsonen errealitatea ikusarazteko, eta funtsezko sostengua da ahalduntzearen eta berdintasunaren bidean. Hiriko beste gizarte-eragile batzuekin aliantzak lotzeko eta sarean lan egiteko topagunea da, eta duen planteamenduak estuki jarraitzen dio Hara! 2018-2021 aldirako Gasteizko Genero Berdintasunerako IV. Planaren filosofiari”, nabarmendu du Berdintasun zinegotzi Miren Fernández de Landak.

Elkarrekin Vitoria-Gasteiz taldeko zinegotzi Garbiñe Ruizen hitzetan, berriz, “aurrekontu akordioari esker, garatzeko behar duen aurrekontua izango du Ikusgunek. Gaur Udalak proiektu honekin duen konpromisoa berresten da, bere aniztasunaz harro dagoen Gasteiz batean aurrera egiteko behar-beharrezkoa baita. Lanean jarraituko dugu behatokiak egoitza bat izan dezan ahalik eta azkarren, eta LGTBI arloko politikak itsasargia izan daitezen Gasteizen”.

 

Share

Igor Salazar zinegotzi berria karguaz jabetu da

Gaurtik aurrera, Igor Salazar udal gobernuko zinegotzia izango da Felipe Garcíaren ordez. Izan ere, García aurreko agintaldian Arabako Aldundian zuen lanpostura itzuli da, hau da, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko Zuzendaritzara.

Salazar gaurko osoko bilkuran jabetu da karguaz, eta orain arte Garcíaren ardurapean zeuden zerbitzuen kudeaketa hartuko du bere gain: prestakuntza, enplegua eta merkataritza. 21 Zabalguneko kontseilaria  ere izango da, eta Kontratazio Mahaiko lehendakaria.

Ordezkapenaren ondorioz beste aldaketa batzuk egingo dira. Lehen alkateorde Maider Etxebarriak Biltzarren Zerbitzua hartuko du bere gain, Ekonomia Sustapena eta Turismoa zuzentzeaz gain.

Estíbaliz Cantok, berriz, Kultura eta Hezkuntza Saila gidatuko du, eta Tokiko Gobernu Batzarrean sartuko da; Udal Administrazioaren, Herritarren Partaidetzaren eta Gardentasunaren zinegotzi Borja Rodríguezek, bestetik, Gizarte Etxeen ardura ere hartuko du. Azkenik, Jon Armentia hirugarren alkateordea izango da, eta Marian Gutiérrez, AMVISAko lehendakaria.

Zinegotzi sozialista berria, Igor Salazar, Gasteizen jaio zen, duela 27 urte. Zuzenbideko gradua lortu zuen EHUn, eta orain arte Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailean jardun du, María Jesús San José sailburuaren aholkulari Azterlan eta Programen alorrean. Aurretik, teknikari juridikoa izan zen Lanbideko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzan.

Share