Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 otsaila 2020 11:10

IGIk herritarren zientziako programa bat jarri du martxan hiri barruko zein inguruetako parkeetan bizi diren gaueko hegaztien populazioak zein egoeratan dauden jakiteko

 

Orain arte, Gasteizko Herritarren Zientziako Sareak sei kontserbazio-programa burutu ditu, udalerrian dauden animalia, landare eta lur mota ezberdinen ezaugarriak ikertu eta ezagutzeko xedez.

Aurten kontserbazio-programa berria sortu du IGIk sarearen barruan, gaueko harrapariak (hontzak) aztertzeko. Ikerketa ildo berri hori “100&CIA para Vitoria Gasteiz” planaren barruan sartzen da, zeinak Zientzia eta Hezkuntza Ministerioaren laguntza jaso baitu, FECYT-Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Federazioaren bitartez. Herritarren Zientziako Sarea baliatuz, hiri barruko zein inguruetako parkeetan bizi diren gaueko hegaztien populazioak zein egoeratan dauden jakingo du IGIk.

“Programa hau herritarrek beren egiten dute eta Atariaren arrakasta berresten du. Hezeguneek eskaintzen dituzten balioak, ondasunak eta zerbitzuak ulertzeko agora bat sortzeko, herritarren artean ikerketa sustatzeko eta hurbilen dagoen natura-ondarea komunikatzeko eta zabaltzeko modu berriak bilatzeko asmoarekin sortu zen. Gaur egun erreferente da biodibertsitatearen arloan, eta gaur egun biodibertsitateari buruz dagoen ezagutza transmititzen du “, nabarmendu du Ana Oregi CEAko presidenteak.

Estudios medioambientales Icarus enpresako zuzendari Iñigo Zuberogoitia Arroyo ikertzaileak koordinatuko du programa, zeina gaur abiatuko baita, gaueko harrapariei buruzko ikastaro batekin: haien zenbait alderdi biologiko eta identifikatzeko ezaugarri nagusiak azalduko dira. Orobat, urubi, apo-hontz, gau-hotz, hontz ertain eta mozoloen siluetak eta kantuak bereizten ikasi ahalko da; Gasteizko Eraztun Berdearen barruko herri, lorategi eta parkeetan bizi dira horiek guztiak. Harraparia ez izan arren, zata europarraren jarraipena ere egingo da, gauez ibiltzen den espezie intsektiboro hori interesgarria baita, eta gure lurraldean ia ez baita ezagutzen haren banaketa.

Ikastaroan izena eman dutenek zuzenean ezagutuko dute hilean behin —otsailetik ekainera arte— laginak hartzeko erabili beharreko metodologia. Zehazki, parte-hartzaile bakoitzak 15 minutuz aztertu beharko du habitat egoki bat, eta begiz edo belarriz antzematen duen espezie oro apuntatu.

IGIk neguko jarduera-agendan eskaini du ikastaroa, eta pertsona ugarik agertu dute parte hartzeko interesa, berria baita, eta laginketa-metodologia, erakargarria.

Share