Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 otsaila 2020 15:30

Larunbata, otsailak 15

Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentia, Herritarren Segurtasun zinegotzi Marian Gutierrez, eta Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa Aspanafoaren XIII. Ongintzako Bazkarian izango dira 14:00etan, Conde de Alava jatetxean.

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:03

 

Madrilgo Newman ikastetxeko ikasleak eta haien tutorea Gasteizen daude egunotan, arrazoi berezi batengatik: deigarria egin zaie Gasteizen klima-aldaketaren aurkako borrokan garatutako esperientzia, Ana Oregi alkateordeak hiriei eta klima-aldaketari buruzko konferentzian parte hartu ondoren. Bertan izan ziren gazteak COP25ean. Hitzaldi horren ondorioz, Gasteizen garatutako esperientzietan zentratutako proiektu bat prestatzen ari dira.

Gorka Urtaran alkateak eta Ana Oregi alkateordeak protesta egin diete gaur, gazteek hainbat udal zerbitzu eta sailekin bilerak egin ostean.

Share
Kategoriak: Oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:01

Agenda arazoak direla eta, Eledunen Batzarrari proposatzen zaio Ogasunaren eta Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Batzordeak 2020ko otsailaren 26ko (asteazkena) 9:00etan egitekoa zuen ohiko bilkura egun bertako 8:00etan egitea.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:24

Lanek 5,6 milioi euroko inbertsioa eskatuko dute, eta Udalak milioi bat jarriko du

Kargarako guneak 16.000 metro koadro hartuko ditu, eta markesinak, panel fotovoltaikoak, lantegia, aldagelak, bulegoak eta biltegia izango ditu

 

Gasteizko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia elkarlanean arituko dira BEAren kargatze-unitate funtzionala eraikitzeko. Kargatze geldoko sistema horrek 5,6 milioi euroko inbertsioa eskatzen du. Bai Udalak bai Aldundiak kopuru horren % 17 jarriko dute, hau da, 1.032.924,70 euro erakunde bakoitzak; Eusko Jaurlaritzak, berriz, % 65 jarriko du, hots, 3.836.577,48 euro. Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du proiektua garatzeko behar den hitzarmena sinatzea. Gasteizko Udalak 600.000 euro ordainduko ditu 2020ko aurrekontuaren kargura, eta 432.947,70 euro, 2021eko kontuen kargura.

Gorka Urtaran alkateak erakundeen arteko lankidetza nabarmendu du, eta gogoratu du BEA 2021eko udan jarriko dela martxan. “Horrek iraultza ekarriko du hiriko garraio publikoan”, azaldu du Gasteizko alkateak.

2018ko maiatzaren 10ean sinatu zen “Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko Udalaren arteko Lankidetza Hitzarmena, Gasteiz hirian BEA ezartzeko sinatutakoaren osagarria” izeneko dokumentua. Hitzarmenaren xedea hiri-garraio publikoan elektrifikazioa ezartzeko jarduketa osagarriak sustatzea zen, hiria BEA sistemaz hornitzeko. Besteak beste, BEA sistemaren kargatze geldoko sistema hartuko duten kotxetegien eraikuntza proiektua idaztea.

BEArako eta hiriko autobus flotarako kotxetegien eta tailerren eraikuntza faseka egingo da, bere garaian iragarri zen bezala.  Lehenengo fasean autobus adimendunaren kargatze-unitate funtzionalerako beharrezkoak diren instalazioak egingo dira. Jarduera hori abian jartzeko zigilatuko dute hiru erakundeek proiektua finantzatzeari dagokion osagarritasun-hitzarmena, eta horri esker, Gasteizko Udalak 2020an lizitatu ahalko du obra.

Gaur egun udal haztegiak dauden Udalaren jabetzako lursail batean jarriko dira kotxetegi berriak, zeinak 52.000 m2 baititu. Horietatik, 16.000 m2 BEAren kargatze-unitate funtzionalerako izango dira, autobus elektriko adimendunaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoa den azpiegitura barne. Instalazioek 13 autobus elektrikoetarako aparkaleku plazak eta dagozkien markesinak, tailer mekanikoa, unitateak garbitzeko tokiak, aldagelak, perimetro-itxitura eta urbanizazioa izango dituzte.

Ondorengo fase batean, Gasteizko Udalak Tuvisako kotxetegiak, lantegiak eta eraikin administratibo berria eraikiko ditu lursail berean.  Instalazioek bulegoak eta aldagelak izango dituzte, bi solairutan banatuta; orotara 1.878 m2 hartuko dituzte. Horrez gain, 1.213 m2-ko biltegia eta 2.884 m2-ko tailerra izango dituzte, BEAren mantentze-lanetarako eremuak aparte daudelarik. Garbiketarako eremuak berberak izango dira autobus guztientzat, eta 1.858 m2 hartuko dituzte. Nasen gune estaliak 110 autobus hartu ahalko ditu guztira, eta etorkizunean flota osoa elektrifikatuko dela kontuan hartuta, 10.029 m2-ko markesina bat izango du; panel fotovoltaikoak instalatuko dira horretan, ahalik eta energia-eraginkortasun handiena lortzeko.

Oinezkoentzako eta bezeroentzako arretarako sarbidea Juan Crisostomo de Arriaga kaletik egingo da, eta autobusak Zadorra hiribidetik sartuko dira, autobusen zirkulazioa hurbilen dauden etxebizitzetatik urruntzearren. Azpiegitura horren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 17.895.628 eurokoa da, eta egikaritze-epea, 9 hilabetekoa.

 

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:00

Tokiko Gobernu Batzarrak  DISPORT EKI SL enpresari esleitu dio Gasteizko Udalaren kirol instalazioetako belar artifizialezko pistak eta zelaiak mantentzeko zerbitzua, 60.255,28 euroan.

Esleipendunak onik zaindu beharko du ekipamendu horietako belar artifiziala, dagokion kirola (futbola, tenisa eta padela, nagusiki) segurtasun baldintzetan praktikatu ahal izateko“, azaldu du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok.

Enpresa adjudikaziodunak lan hauek egingo ditu, besteak beste: azalerak garbitu, penalti eta korner puntuak ikuskatu, eskuilatu, aireztatu, belarrak kendu, harea eta kautxua erantsi, marrak eta junturak kolatu eta kanaletak garbitu.

Ebazpena jakinarazi eta 15 egun baliodun igaro ondoren sinatuko da kontratua; lanak gauzatzeko epea urtebetekoa da.

 

Instalazioak

Esleitu den kontratuak hiriko kirol ekipamenduetako belar artifizialezko pista eta zelai guztien mantentzea bermatzen du, horien artean, 11ko futboleko 16 zelai: Abetxuku, Adurtza, Adurtzabal, Aranbizkarra, Ariznabarra, Betoñu, Lakua-Arriaga 13, Lakua 03 (futbola/errugbia), Lakua 03, Astronomoak, La Vitoriana 1,  La Vitoriana 2 (erdialdean), Olaranbe 1 (goialdean), Olaranbe 2 (behealdean, 11ko futbola +entrenamenduetarako gunea), San Martin eta Zaramaga.

Orobat, 5-7ko futboleko 7 zelai daude Gasteizen: Betoñu (aparkalekuaren inguruan), Betoño (erdialdean), Betoñu (estalia), Gamarra (muturrean), Gamarra (erdialdean), La Vitoriana eta  San Martin.

Bestetik, padelean aritzeko bi instalazio daude Arabako hiriburuan: bat Gamarran eta beste bat Mendizorrotzean; bakoitzean 4 pista daude.

Horretaz gain, Mendizorrotzean bi tenis-pista daude, baita atletismo-pista ere, eta Gamarrako udal parkean bada saskibaloi-pista bat. Herrandarren kaleko kirol askotako pistek osatzen dute eskaintza.

Instalazio guztiak aire zabalean daude, Betoñuko 5-7ko futbol-zelaia eta Mendizorrotzeko kirol-esparruko padel-pista erdiestaliak izan ezik.

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:46

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 32.712 euro bideratuko ditu Vicente Abreu Federazioaren baitako elkarte soziosanitarioen lokalen mantentze eta funtzionamendu lanetarako.

Tokiko Gobernu Batzarrak Federazio horrekiko lankidetza-hitzarmena izenpetzea onartu du. Arabako Foru Aldundiak ere hartuko du parte eta 54.700  euro bideratuko ditu.

Vicente Abreu Elkarteen Federazioa 1995ean sortu zen. San Martin auzoan dago, eta gizarte-zerbitzuen esparruan eta Arabako Lurralde Historikoan jarduten duten taldeen egoitza soziala da.

Egun, gaixo eta familiei laguntza ematen dieten 23 elkarte soziosanitariok dute egoitza bertan.

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:42

Kontratuaren iraupena 24 hilabetekoa izango da, 2020ko urtarrilaren 1ean hasita, eta 306.000 euroko aurrekontua izango du

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi du gazteentzako kultura eta aisialdi sortzaile eta osasungarria sustatzeko Gauekoak programa kontratatzeko dosierraren esleipena. Kontratuaren iraupena 24 hilabetekoa izango da, 2020ko urtarrilaren 1ean hasita, eta 306.000 euroko aurrekontua izango du. Ikudea XXI s.l. enpresak kudeatuko du, 305.250 eurotan.

Hirian sendotuta dagoen eta aurreko agintaldian talde politiko gehienen babesarekin berreskuratutako programa honek hiriko beste entitate publiko zein pribatuk bultzatutako programazio eta ekimenak osatzen ditu.

“Gazteen bizipenetatik abiatuta, aisialdia kontzientzia-hartze bat ere izan daiteke, identitatea osatzen den bizi-esparru bat, esperimentatu eta sortzeko espazio bat, denbora hezigarri bat, parte hartzekoa, ludikoa, emantzipatzailea, adikzioei aurre egitekoa, berdinzalea, integratzailea, osasungarria, esperimentaziorakoa, inklusiboa. Aisialdia ere eraiki, berrasmatu eta gozatu egiten da. Aisialdia gure gazteentzako harreman-, olgeta- eta adierazpen-gune bihurtzen da hartara. Ildo horretatik, Gauekoak programa gazteen energia, indar eta sormenaz elikatzen da, eta gazteen konplize bihurtzen da beren aisialdia sortzeko prozesuan, hartara beren bizi-kalitatea hobetzen delarik”, azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak.

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:39

Urtaranen Gobernuak 35.000 eurora igo du partida, aurreko urtean baino 10.000 euro gehiago

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onartu du 2019an gazteei zuzendutako proiektu eta zerbitzuetarako diru-laguntzen deialdia. Urtaran Gobernuak 35.000 euro bideratuko ditu, aurreko urtetan baino 10.000 gehiago, gazteak gizartean aktiboki eta modu parte-hartzailean integratzea bultzatzen duten elkarte- edo elkarte-arteko proiektuetara.

“Deialdi honetara bideratutako diru saila handitu dugu, azken urteetan hainbat proiektu kanpoan geratzen zirelako “, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Diruz lagunduko dira elkartekide diren gazteen ekoizpenak eta sorkuntzak ezagutzera emateko proiektuak, gazteen protagonismoa sustatzen duten ekimenak, hiriko gazteak ikusgai egiteko eta haien presentzia aktiboa izateko proiektuak, gazteen prestakuntza sustatzen duten esperientziak, boluntariotzako ekimenak, kulturen eta belaunaldien arteko harremanak sustatzen duten proiektuak eta berdintasunaren arloko proposamen espezializatuak.

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:29

Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi egin du Prebentzio eta Su Itzaltze Zerbitzuan ofizialorde bi lanpostu barne sustapenaren bitartez betetzeko deialdia handitzea. Hasiera batean, bi lanpostu eskaintzen ziren barne-sustapen bidez betetzeko enplegu-eskaintza honetan, zein iazko martxoan onetsi zen, eta orain azken fasean baitago. Orain beste bi ofizialorde-lanpostu gehitu dira, orain hutsik dauden postuei dagozkienak.

Hartara, indarreko lanpostuen zerrendan hutsik agertzen diren lau zuzkidurak estaliko dira, lehendik ere abian zen barne-sustapena aprobetxatuz.

Enplegu-deialdia handitze hau 2018an hasitako LEPi gehitzen zaio, zeinaren bidez iazko azaroan 15 suhiltzaile espezialista zerbitzuan hastea ahalbidetu zuen (betiere sei hilabeteko praktikaldia gainditu ostean). Gaur egun, Prebentzio eta Su Itzaltze Zerbitzuak 115 langile ditu eskala operatiboan, eta horietako 91 suhiltzaile espezialistak dira.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:25

Gasteizko Udala Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Europako Alkateen Itunari atxikitzea onetsi du Gobernu Batzarrak. Hartara, Gasteizek europar ekimen horrekiko konpromisoa berritu du, klima-aldaketaren kontrako borrokan bide-orri zorrotzagoa ezarriz.

Izan ere, Energia Iraunkorraren aldeko Europako Alkateen Itunak asmo handiagoei heldu nahi izan die azken urteetan, klima-aldaketa arindu eta hari ikuspegi integral batetik egokitzearren. “Hiriak Europa eta mundu mailan jaso dituen errekonozimenduak garrantzitsuak dira, baina orain erronka hiri benetan iraunkorra lortzeko neurriak arrakastaz garatzea da. Bide luzea dugu aurretik, eta ziur gaude egin beharra dagoela. Gure hiriak pauso garrantzitsuak eman ditu karbonoan neutraltasuna lortzeko. Eraikuntzetan emisioak murriztea eta mugikortasun eredu iraunkorrago baten aldeko apustua funtsezkoak dira modu koordinatuan garatzen ari garen zeregin horretan“, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Alkateen Ituna sinatuz, Udalak konpromiso hauek hartu ditu: berotegi efektuko gasen isurketen erreferentziazko inbentarioa eta klima-aldaketarekin lotutako kalteberatasunaren eta arriskuen ebaluazioa prestatzea; itunari atxiki eta bi urteko epean Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana lantzea, eraginak arindu eta horietara egokitzeko alderdiak barne hartuz, eta egoeraren txostena egitea bi urtean behin, ekintza-plana ekimenaren plataforman argitaratzen denez geroztik.

 

2020-2021rako helburuak

Alkateak gogorarazi du Udala dagoeneko prestatzen ari dela udalerriko energia eta klimarekin lotutako bide-orri berria 2030erako, eta 2020-2021erako helburu hauek ezarri direla: 2019ko emaitzen tarteko ebaluazioa egitea, Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plan berria definitzeko abiapuntutzat erabiltzearren; Gasteizko 2030erako trantsizio energetikoko ekintza-plan integratu bat lantzea, berotegi-efektuko gasen emisioen inbentario eguneratua barne hartuko duena, eta 2030erako isurketak eta energia-kontsumoa murrizteko ikuspegia eta berariazko helburua ezarriko dituena.

Orobat, Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saila klima-aldaketara egokitzeko tokiko plana lantzen ari da, besteak beste, klimarekin lotutako kalteberatasunaren eta arriskuen ebaluazioa eguneratuko duena.

Share

Aurrekoak »