Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  7 otsaila 2020 15:30

Ostirala, otsailak 7

  • Alkate Gorka Urtaran Arabako Txirrindularitzaren 2020ko Denboraldiaren aurkezpenean izango da 19:30ean, Europa Jauregian.
  • Alkate Gorka Urtaran Deportivo Alaves eta Eibar taldeek jokatuko duten partida ikusten izango da 21:00etan, Mendizorrotzan.

 

Larunbata, otsailak 8

  • Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Cantok parte hartuko du ‘La voz de las familias en la educación’ jardunaldian 10:00etan, Europa Biltzar Jauregian.
  • Alkate Gorka Urtaran, lehen alkateorde Maider Etxebarria eta zinegotzi Amaia Barredo eta Cesar Fernandez de Landa El Buche elkarteak antolatzen duen ohiko bazkarian izango dira 14:30ean, Centro Extremeñon.

 

Igandea, otsailak 9

  • Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Miren Fernandez de Landak parte hartuko du Brazadas Solidarias elkarteak antolatu duen ekitaldian 09:30ean, Mendizorrotzako igerilekuan.
Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:51

Gasteizko Udalak omenaldia egin die iaz erretiroa hartu zuten langileei, Goiuri jauregian. Udal korporazioa eta sailetako arduradunak izan dira 2019an lan-bizitza amaitu zuten pertsonei egindako aitorpenean; 126 pertsonatatik 85 bertaratu dira.

Alkateak erretiroa hartu berri duten langileek hamarkadetan Gasteizi egin dioten ekarpena eskertu du. “Urte hauetan guztietan gure hiriak hobera egin du. Eta hori, neurri batean, zuen lanari, dedikazioari eta grinari esker izan da”, adierazi du Gorka Urtaranek.

Udal Musika Bandak jarri dio amaiera ekitaldiari; hain zuen ere, Hilario Extremiana zuzendari ohiak berriki hartu du erretiroa.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:04

Gasteizko Udalak 2020an egitekoak diren kultur proiektu, ekitaldi eta sendotutako jaialdietarako dirulaguntzen deialdia onetsi du.

Laguntza horiek sostengu emango diete kulturaren arloko sustapen-, sorkuntza-, prestakuntza- eta zabalkunde-ekimenei, hiriko kultur eskaintza zabaltzen eta hobetzen laguntzen baitute“, azpimarratu du Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Proposamenek irekiak izan beharko dute, udalerrian garatu eta gauzatu beharko dira, eta Gasteizko herritar guztiei zuzendutakoak izan beharko dute; esperientzia berriak izan ahalko dira, edo lehendik dauden programa, ekitaldi eta jaialdiei jarraipena eman, kulturaren arloren baten barruan: prestakuntza, sormena, zabalkundea, ikerketa…

 

Dirulaguntzaren gai izan daitezkeen kontzeptuak

Proiektu bakarra aurkeztu ahal izango dute entitateek, eta bi dirulaguntza kontzeptu ezarri dira.

Batetik, hirian erreferente diren edo kultura sustatzera bideratuta dauden ekimen, jaialdi eta egitarauak, edozein alorretan delarik ere (arte eszenikoak, musika, ikus-entzunezkoak, letrak, folklorea, arte plastikoak edo beste), betiere kultur agente lokalek antolatu eta kudeatuak. Ildo horrek 175.000 euroko zuzkidura du.

Bestetik,  dinamizazio soziokulturalera, kulturartekotasuna sustatzera, bizitza kulturala bultzatzera, kultura integrazio eta gizarte-kohesiorako balio gisa garatzera, kulturaren alorrean garapen pertsonala garatzera (jakituria eta sormena sustatuz) eta abarretara zuzenduriko jarduera eta programak, betiere kultur agente lokalek antolatu eta kudeatuak. Kontzeptu horretara 25.000 euro bideratuko dira.

Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa da, oinarrien deialdia ALHAOn argitaratzen den egunaren biharamunean hasita.

Dirulaguntzez baliatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da proiektu xehea eta aurrekontua aurkeztea.

 

Deialdiari buruzko argibide gehiago, udalaren web-orrian: www.vitoria-gasteiz.org

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:01

Epea otsailaren 25ean amaituko da

Gure hirian musika sorkuntza sustatzeko asmoz, Gasteizko Udaleko Kultura Sailak —zeinaren arduraduna Estíbaliz Canto zinegotzia baita— dirulaguntzak ematen ditu talde bateko kide diren musikariek entsegu-aretoak erabiltzerik izan dezaten, bertan beren lanak sortu, entseatu eta grabatzeko.

Hirian erroldatutako musikari orori zuzenduta dago programa, eta aretoen jabe Talde Gune Gasteiz enpresarekiko lankidetzan egiten da, haiek bi areto prezio sinbolikoan erabiltzeko aukera ematen baitute.

Horretarako, Udalaren web-orrian (www.vitoria-gasteiz.org) eman daiteke izena, otsailaren 10etik 25era arte. Lekuak esleitzeko zozketa martxoaren 2an egingo da. Zozketan ateratako zenbakitik aurrera aukeratu ahalko da, izen-ematearen hurrenkerari jarraituz.

2020ko apiriletik 2021eko martxora arte erabili ahalko dira aretoak.

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:32

Udaltzaingoko agenteek, atzo, genero-indarkeria delituaren ustezko egile gisa 53 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Sansomendiko etxebizitza batean bikotekide ohiari eraso egiteagatik.

Erasoa jasandako emakumeak deitu zuen 092 telefono-zenbakira. Patruila batek ustezko erasotzailea etxebizitzatik gertu atzeman eta atxilotu egin zuen. Beste patruila batek, aldi berean, biktima ospitalera eraman zuen, eta gero Agirrelandako bulegoetara, dagokion salaketa aurkezteko. Atxilotua gaur goizean epailearen esku geratu da.

Azken 24 orduotan, zirkulazioko hamaika istripu erregistratu dira.

Ibilgailua kiskalita

Suhiltzaileak atzo ibilgailu bateko sutea itzaltzera atera ziren. Zuian, N-622 errepideko galtzadatik atera zen ibilgailua, hormigoizko zutoin baten aurka talka egin zuen eta suak hartu zuen. Suhiltzaileak iritsi zirenean, partikularrek gidaria erreskatatuta zuten.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:31

 

-Enpresa esleipendunak, JCDecaux-ek, hamabostean behin garbituko ditu euskarri guztiak

– Kontratuari atxikitako ibilgailu guztiak % 100ean elektrikoak izango dira

 

Urtaranen gobernuak Gasteizko hiri-altzariei dagokien kontratua esleitu du. Lehiaketan ezarritako baldintzak nabarmen aldatu dira azkenean egindako kontratuan. Aukeratu den enpresak, JCDecaux-ek, 113.000 euroko ustiatze-kanona ordainduko du urtean; Udalak, berriz, 70.000 euro planteatu zuen hasieran. Horretaz gain, epea 15 urtetik 13ra laburtu da, eta enpresak leku eta denbora gehiago utziko du euskarrietan udal informazioa jartzeko. Bada hobekuntza gehiagorik: enpresa adjudikaziodunak hitz eman du hamabostean behin garbituko dituela kontratuari atxikitako altzari guztiak; 13 urteetan, hirutan egingo dute altzari guztien garbiketa sakona (lixatu eta margotzea barne), eta lanak egiteko erabiltzen diren ibilgailuak % 100ean elektrikoak izango dira. Era berean, Arabako hiriburuan instalatuko diren markesina berrietako hamaika eguzki-energiaz elikatuko dira.

Gasteizko markesinak berritu eta modernizatzeko xedez sustatu zuen Udalak proiektua, eta Vitoria-Gasteiz Smart Green City Plana garatzen jarraitzeko. Iragarri zen bezala, tamaina handiko pantaila digitala duten 20 markesina berri jarriko dira, baita geralekuko 47 argibide-gune berri ere.

Horrelako kontratuetan ohikoa denez, enpresa adjudikaziodunak inbertsio handia egin beharko du hiri-altzarietan (ia bost milioi euro), eta Udalari kanon bat ordainduko dio espazio publikoa erabiltzeagatik. Kanona 113.000 euro izango da, eta urtero eguneratuko da kopurua. Horren truke, markesinetako eta kontratuan aurreikusitako hiri-altzarietako publizitate-ustiapena kudeatuko du adjudikaziodunak; dena den, udalaren publizitaterako tarteak ere erreserbatu beharko ditu. Udalak kalkulatu du 13 urterako kontratuaren prezioa 28 milioi eurotik gorakoa dela, inbertsioa eta altzarien mantentzea barne. Inbertsioak lau hilabeteko epean egin beharko dira.

Markesinei dagokienez nabarmendu beharra dago Patxi Mangado arkitekto nafarraren jatorrizko diseinuarekin jarraitzea erabaki dela, dagoeneko Gasteizekin identifikatzen den diseinu modernoa eta funtzionala dela iritzita. 20 markesina berriek, dena den, tamaina handiko —82 hazbeteraino— LCD pantaila digital bana izango dute; pantailek eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan funtzionatuko dute. Erasoen kontrako eta eguraldi txarretik babesteko elementuak ere izango dituzte. Konektagarritasunari dagokionez, Ethernet, 3G/4G, Bluetooth, Wifi eta NFC teknologiak baliatzeko prestatuta egongo dira. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saila osagai berritzaile horiek non jarrri aztertzen ari da.

Orobat, geralekuko 47 argibide-gune (TFT pantailekikoak) instalatzea barne hartzen du kontratuak, eta kontratuan sartutako altzari guztien metalezko egitura eguneratzea. Gaur egun, honako elementu hauek daude Gasteizen: 222 markesina hirian eta industrialdeetan, eta beste 28, kontzejuetan; 4 argibide-taula elektroniko; 178 MUPI; 10 komun; 20 erloju-termometro; 96 zutoin, autobus geralekuetan; 17 zutoin, taxi geralekuetan, 53 informazio-panel, eta geralekuko 98 argibide-gune.

 

Onik uztea eta irisgarritasunaren aldetik egokitzea

Onik uzteak lan hauek hartuko ditu barne: osorik garbitzea (baita eranskailuak kentzea ere), herdoildutako zatiak lixatzea, korrosio-kontrako inprimaketa duen pinturaren esku bat ematea, eta herdoilaren aurkako pinturaren bi esku. Binilo apaingarriak eta TUVISAren binilo korporatiboak eta informaziozkoak aldatuko dira.

Orobat, irisgarritasunaren arloko araudira egokituko dira geralekuak, eta euskarri iskiatikoa duten eserlekuak jarriko dira. Altzarien gutxieneko altuera ere aldatuko da, itsuei edo ikusmen-desgaitasuna duten pertsonei irisgarritasuna bermatzearren.

Pantaila duten 20 markesina berriez hornitzeaz gain, enpresa adjudikaziodunak gaur egun daudenetako 40 lekuz aldatuko ditu —BEAren markesina berriak jarriko ditu haien ordez—. Horretaz gain, lekuz aldatuko ditu autobus-geralekuetako 30 zutoin. BEAren markesinen mantentzea eta publizitate-ustiapena ere kontratu honen adjudikaziodunaren ardura izango da, eta berez garbitzen diren bederatzi komun jarri beharko ditu, TUVISAko gidarientzat. Gainera, erakundearen komunikaziorako tarteak utzi beharko dizkio Udalari pantaila sarean.

Esleitzeko irizpideetan nabarmendu beharra dago proposamen tekniko eta ekonomikoaz eta ingurumen eta irisgarritasun irizpideez gain beste alderdi batzuk hartu direla kontuan, hala nola kontratuaren luzapena laburtzea, Udalari publizitate-espazioak uztea, eta pantaila kopurua handitzea. Plantilletan dauden pertsona desgaituen portzentajea erabakigarria izan da lehiaketara aurkeztu ziren hiru enpresaren artean erabakitzeko.

2018an egin zuen kontratuaren lizitazioa Udalak, eta enpresa bakarra aurkeztu zen. Enpresa hark ez zituen betetzen eskatutako gutxieneko betekizunak, udal zerbitzu teknikoen arabera. Horren ondorioz, adjudikazioa eman gabe utzi zuen Tokiko Gobernu Batzarrak. Enpresak errekurtso berezia jarri zuen bera prozeduratik kanpo uztearen aurka. Geroago, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak ebatzi zuen enpresaren errekurtsoa ezestea, eta zuzentzat jotzea Tokiko Gobernu Batzarrak adjudikazioa hutsik uzteko hartu zuen erabakia.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:56

Udalak Gasteizko industrialdeetarako mugikortasun plan berezia egingo du datozen hilabeteetan. 120.000 euroko inbertsioa egingo du agiria idazteko, eta 9 hilabeteko epean egingo da, gutxi barru deituko den lehiaketa esleitzen denetik kontatuta. “Industrialdeetara konexioa hobetu nahi dugu, garraio publikoa eta mugikortasun aktiboa sustatuz. Eta horregatik diagnostikoa eta plana behar ditugu”, esan du Gorka Urtaran alkateak.

Lan hori bat dator Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren 2020-2030 Planaren berrikuspenarekin, zein teknikariak, herritarrak eta Elkargunea kontrastatzen ari baitira. Hain zuzen ere, agiri horren 17. printzipio gidariak lanerako joan-etorriak jotzen ditu Arabako hiriburuak etorkizuneko mugikortasun-eredua eraikitzeko duen erronka nagusietakotzat. Halaber, planaren 13. jarduera-ildoa “lanerako mugikortasun iraunkorragoa sustatzea” da.

Esleipendunak funtsean hiru zeregin izango ditu: Gasteizko industrialdeetako mugikortasunaren egungo egoeraren diagnostikoa egin eta ezaugarritzea; eragindako eragileekiko partaidetza-prozesua egitea, aurrerantzean egin beharreko esku-hartzeak alderatzeko; eta industrialdeetako mugikortasun planaren agiria idaztea.

Lehen diagnosi horrek honako datuak jasoko ditu: enpresa- eta langile-kopurua, joan-etorriak egiteko modua, sartzeko eta irteteko ordutegiak, eta jarduerari loturiko beste zenbait datu. Halaber, mugikortasunarekin lotutako espazio publikoetako elementuen inbentarioa ere egingo du: sarbideak eta barneko-bideak, aparkalekuak…  Era berean, industrialdeetara garraio publikoan, bizikletaz edo oinez joateko aukerak ere aztertuko dira. Datu hauek ere jasoko dira: industrialde bakoitzera joaten den ibilgailuen kopurua eta tipologia, aparkalekuak, banaketa modala, abiadura eta ibilgailuen okupazioa.

Bigarren fasea partaidetza-prozesua izango da, eta administrazio publikoetako ordezkariek, industrialdeetako mugikortasunarekin zerikusia duten erakunde pribatu eta publikoek, langileek (enpresa-batzordeak, bereziki) eta enpresetako zuzendaritza taldeek hartuko dute parte.

Hirugarren fasea, plana idaztea izango da. Dokumentu honetan, egin beharreko ekintzak zehaztuko dira, hiriak datozen urteetarako bide-orri argi eta adostua izan dezan. Azken txostenean adierazi egingo dira jarduketa bakoitzaren arduradunak, epeak, beharreko baliabideak eta interesgarri izan daitezkeen bestelako xehetasunak. Mapak eta planoak ere erantsi behar zaizkio dokumentazioari.

Udalak dituen azken datuen arabera, laneko desplazamenduen % 25,7 ibilgailu pribatuan egiten da egun. Industrialdeak dira laneko mugikortasunaren gune-nagusietakoak. Jarduera ekonomiko honek 1.500 hektarea hartzen ditu hirian, zortzi zonatan, eta 2.500 ekoizpen-establezimendu eta 37.000 langile  baino gehiago dituzte. Ibilgailu pribatuak gehiegizko erabilera du egungo mugikortasun-ereduan, eta horren  ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-ondorioek agerian uzten dute industrialdeetako garraio-eredua aldatzeko beharra.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:56

 

Aldabeko gizarte-etxean sorkuntza-zentrala kokatzeko espazio publikoak eta bero-sarearen hedadura birplanteatu dira, eta ezartze-kostuak gutxituko ditu horrek

 

‘Giroa’ sozietateari adjudikatu dio udal gobernuak Koroatzearen auzoan bero-sarea ezartzeko lizitazioa, eta bultzada berria eman dio Smartencity proiektuari.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuordetzarekin eta VISESA sozietate publikoarekin batera parte hartzen du Udalak Koroatzearen auzoa birgaitzeko proiektuaren garapenean, zein aurreko agintaldian CO2rik gabeko hiri adimentsuak sortzeko estrategia komuna diseinatzea helburu duen Europako I+G+Bko “Hiri eta komunitate adimentsuak” programaren deialdira aurkeztutako proposamenaren emaitza baita. Tartu, Sonderborg eta Gasteiz hirietan ari da garatzen SmartEnCity proiektua.

Koroatze auzoaren birgaikuntza energetikorako proiektu hau izan zen Europar Batasunak aukeratutako lau proiektuetako bat —guztira 42 proiektu aurkeztu zituzten 100 hirik baino gehiagok—, eta biomasa baliatuko duen hiri-berokuntzako sistema bat instalatzea aurreikusten du.

Duela urtebete, Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko xedapen-aldaketa onetsi zuen udalbatzak, hiri-berokuntza edo barrutiko berokuntza-azpiegituren gisako konponbide aktiboak ezartzeko aukera emate aldera. Izan ere, eraikinetako ohiko banakako sistemak edo sistema zentralizatuak baino eraginkorragoak dira ura aprobetxatzeari dagokionez, eraikinetako energia-kontsumoaren murrizketa dakarte eta eragin txikiagoa dute atmosferan, eta, horrenbestez, berotegi-efektuko gasen emisioa murriztea ahalbidetzen dute.

Plan berezian eta egin litezkeen zabaltzeetan arautzen diren jardueren eremuak jabari publikoko hainbat espazio hartzen ditu, zein interesaturik egon zitezkeen operadoreen eskura jarri baitziren lehen lizitazio batean, baina hutsik geratu zen hura, joan den irailean.

Txosten tekniko baten bitartez, sorkuntza-zentrala kokatzeko espazio publikoak eta bero-sarearen hedadura birplanteatu dira, eta txikitu egin dira bertan Aldabeko gizarte-etxean zentral termikoa jartzeko zenbait instalazio, eta, horrenbestez, ezartze-kostuak murriztu, proiektua bideragarriago izan dadin sarea ustiatu nahi duten lizitatzaileentzat.

Eskaintza bakarra aurkeztu da lizitaziora, eta, balioespen teknikoa egin ondoren, gaur adjudikatu dio Gobernu Batzarrak Giroa SAU sozietateari Koroatzearen auzoan energia termiko berriztagarria banatzeko sistema ustiatzeko proiektuan aurreikusitako jabari publikoaren erabilera pribatiborako emakida, aurkeztutako eskaintzaren arabera.

Proiektuaren aurrekontu osoa, aipatutako hiru hiriak barne hartuta, 75.565.000 euro da, eta Europako Batzordearen dirulaguntzak ia % 37 estaltzen du (27.890.136 euro). Gasteizi dagokionez, 29.566.798 euro da aurrekontua, eta dirulaguntzak 10.879.960 euro estaltzen du. Dauden partidak kontuan izanik, gehienez 750 etxibizitza birgaitu ahal izango dira, eta bero-sarea (District Heating) eraiki, Europako dirulaguntzaren kontura. Eusko Jaurlaritzak —VISESAren bitartez— eta Gasteizko Udalak dirulaguntza osatuko dute, 1.313 etxebizitza energetikoki birgaitu ahal izateko.

Auzokoei laguntza handiak eskaini zaizkie, VISESA garatzen ari den eraberrikuntzaren esparruan.

Aldi berean, Gasteizko Udalak espazio publikoan esku hartuko du, beste 2 milioi jarrita. Auzokoek egindako partaidetza-prozesuan erabakitakoari jarraituz, obra hauek egingo dira: Aldabe kalea oinezkoentzat izango da zati batean, eta modernoagoa; Aldabe plaza egoteko eta elkartzeko lekua bihurtuko da, eta Ziudadela plaza, parterreak kenduta, oinezkoak igarotzeko errazagoa izango da. Inguruko argiztapena ere hobetuko da.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:47

 Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi egin du gaur HAPOren egiturazko xedapen-aldaketa bat, zeinaren bitartez erabilera turistikorako etxebizitzak, eta etxebizitza partikularretako erabilera turistikorako logeletako ostatua arautuko baita. Proposamen horrek gure udalerrian orain HAPOK debekatuta duen aukera hori jorratzeko baldintzak jasotzen ditu.

Gaur onetsitako proiektuaren arabera, aldaketaren xedea bizitegi-eraikinetan erabilera turistikorako etxebizitzak eta logalek baimentzea da, zein, besteak beste, bizitegi-erabilera duten solairuen arteko baxuenean kokatu behar diren; hori eta beste baldintza batzuk aztertuko dituzte orain, batetik jendaurreko prozesu publikoan, eta bestetik talde politikoek Udalaren ohiko tramitazio bidez.

 “Fenomeno berria arautzeko beharra beste hiriburu batzuetan premiazkoagoa den egoera bati erantzuteko sortu zen, zeinak Gasteizi ez baitio neurri berean eragiten. Hala ere, Udalean jarduera hori hirian arautzeko konpromisoa partekatu genuen, eta geure gain hartu, 2017ko irailean sinatutako lankidetza-protokoloaren bidez. Gaur hasiera emango diogu gure udalerrian fenomeno hori arautzeko bideari”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Euskal Herriko Turismoaren Legeak etxebizitza partikularren erabilera turistikoa arautzen du, baina udalei dagokie zoruaren eta eraikinen erabilera arautzea. Horrekin lotuta, Gasteizko Udalak bat egin zuen Eusko Jaurlaritzak sustatutako protokoloarekin, Donostiako eta Bilboko udalek eta Eudel Euskadiko udalen sareak bezala.

Geroztik, lanari ekin zaio fenomeno hori Gasteizko hirigintza-plangintzan —orain berrikusten ari baita, aurrerapen fasean— nola txertatu daitekeen aztertzeko, hainbat aldagai kontuan hartuz: auzokideen ongizatea bermatzea, kontsumitzaileak berak babestea, eta enpresen lehiakortasunaren bermatzea.

Gaur egun, 2003ko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak arautzen du arloa oro har; bertan, ez dira berariaz aurreikusten erabilera turistikorako etxebizitzak, eta etxebizitza partikularretako erabilera turistikorako logeletako ostatua, aldiz, baldintza jakin batzuetan baimentzen da.

Hori dela kausa, eta fenomeno horren arautzeari ahalik eta segurtasun juridiko handiena eman behar zaiola iritzita, udal gobernuak erabilera turistikorako etxebizitzak berariaz mugatu eta arautuko dituen tresna urbanistikoa onetsi du gaur, bi modalitateetan: etxebizitza osoa eta logeletako ostatatze turistikoa.

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, gaur egun 45 etxebizitza eta 16 logela daude Gasteizen erabilera turistikorako erregistratuta.

 

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:43

Gizarte etxeen sarean jarduera artistikorako hastapen ikastaroak emateko deialdi publikoa onetsi du Gasteizko Udalak.

Kontratuaren zuzkidura 957.200 euro da, eta 2020ko irailetik 2022ra arte iraungo du; epe hori beste urte batez luza daiteke. Urritik ekainera bitartean baliatu ahalko dira herritarrak prestakuntza-eskaintza horretaz.

Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok programaren balioa nabarmendu du, “herritarren artean kultura ohitura aktiboak sortu nahi baititu, gizartean aldaketa iraunkorrak sustatzeko xedez”.

 

Arloak

Jarduera artistikorako hastapen ikastaroek hainbat arlotako diziplinak barne hartzen dituzte: arte eszenikoak, arte plastikoak, eskulangintza, dantza, irudia, literatura, musika, etab.

Lantegi praktikoak dira, oinarrizko teknika zehatz batzuk ikasiz zenbait arte-diziplina lantzen hastea ahalbidetzen dietenak parte-hartzaileei. Jarduera osagarriak ere antola daitezke, hala nola erakusketak ikustea, ikuskizunak eta beste.

Adin guztietako jendearentzako jarduerak eskaintzen dira, eta hiru hilabete, sei hilabete edo ikasturte oso bat irauten dute.

 

 

Share

Aurrekoak »