Prentsa Oharren banner

Ekimen solidario bat ortzadarrez betetzen ari da adinekoentzako ostatuak

 

Gasteiztarrak blusa eta nesken taldeak eta bulegoko materiala banatzen duen Caype tokiko enpresak bultzatutako ekimen solidario bat ortzadarrez betetzen ari da adinekoentzako udal ostatuak.

Horri esker, San Prudentzio egoitzako, etxebizitza komunitarioetako eta zainpeko apartamentuetako erabiltzaileak beren sormena garatzen eta aktibo izaten laguntzen dien eskulan batez gozatzen ari dira.

Izan ere, Caypek eta Gasteiztarrak taldeak 250 lamina inguru eta beste material batzuk banatu dituzte adinekoek ortzadarrak egin ditzaten koloretako harea baliatuz, zaintzaileen laguntzarekin.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak eta Kirol eta Osasun Sailak ahalbidetu dute ekimen hori udal baliabideetako egoiliarrengana iristea.

 

Share

Udalak zurrumurruei kasurik ez egiteko gonbit egiten du ‘Zurrumurruen kontrako Maiatzean’

 Maiatzaren 21ean Kultur Aniztasunaren Mundu Eguna denez, Gasteizko Zurrumurruen kontrako Estrategiak poesia lantegi bat, Green Valley taldearekiko bideo-foroa eta argazki-lehiaketa antolatu ditu

 

Maiatzaren 21ean Kultur Aniztasunaren Mundu Eguna ospatzen da. Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2002ko abenduan erabaki zuen hori, 2001ean Kultura Aniztasunari buruzko Adierazpen Unibertsala onetsi ondoren.

Bai munduko egun horrek bai aurreko adierazpenak aniztasunaren aldeko neurri zehatzak hartzera bultzatu nahi ditu mundu osoko pertsonak, antolakundeak eta erakundeak, aniztasunak eta kulturen arteko trukeak eta elkarrizketak duten garrantziaz eta balioaz kontzientziatzeko eta polarizazioaren eta estereotipoen kontra egiteko, pertsonek elkar ulertu eta elkarlanean jardun dezaten.

Testuinguru horretan, Gasteizko Zurrumurruen kontrako Estrategiak hainbat jarduera antolatu ditu maiatzean.

Hasteko, zurrumurruen kontrako poesia lantegia egingo da maiatzaren 9tik 21era, ‘Poetak maiatzean’ jaialdiaren barruan.

Hainbat pertsonaren artean olerki bat osatzea da helburua: parte-hartzaile bakoitzak olerkiari jarraipena eman beharko dio, haren aurrekoak idatzitakoa baino ez duela ezagutzen, “cadavre exquis” teknika baliatuz.

Estereotipoetatik askatutako identitatea izango da gaia; izan ere, pertsonaren nortasuna askotarikoa, aldakorra eta heterogeneoa da eta, horri esker, izaki bakanak gara, gizarte anitz batean elkarrekin bizi garenak. Asmoa da azken konposizioak horixe islatzea, inspirazio eta sorkuntza kolektiboaren bitartez.

Zurrumurruen kontrako poesia lantegia maiatzaren 21eko 19.00etan amaituko da, denen artean sortutako olerkia online irakurriz.

Maiatzaren 14an, ‘Dónde irán’ dokumentalari buruzko bideo-foroa egingo da online. Green Valley musika taldeko buru Ander Valverdek eta taldearen ohiko ekoizle Egoi Susok sortu dute dokumentala. Sani Ladan eta Mamadou Dia gazteen bidaia kontatzen du. Afrikatik etorri eta gizartean integratzea lortu ondoren, ikasketak burutu eta beren jatorrira itzuli ziren, beren bizipenak eta ikaspenak partekatzera.

Green Valley musika taldeko buru Ander Valverdek dagoeneko milaka gizakiren heriotza ekarri duen tragedia izugarria ikusarazi nahi du lanarekin. Itsasoa gurutzatu ondoren Europara iristen diren pertsonen tragedia, ustezko etorkizun hobearen ordez gehienetan oso baldintza kaskarrak aurkitzen baitituzte, baita etsaitasunezkoak ere, garai hauetan nagusitzen ari diren arrazakeriak eta xenofobiak areagotuta.

‘Dónde irán’ filmaren zuzendari Egoi Susok dioenez, Mamadou eta Sanirenak “hobekuntza pertsonaleko istorio argiak dira, eta hainbeste hunkitu gintuzten ezen dokumentala ekoizteko abenturari ekitea erabaki baikenuen“.

Dokumentala ikusi ondoren, Ander eta Egoirekin eta Sani eta Mamadou protagonistekin online hitz egiteko aukera izango dugu.

Maiatzaren 28an, azkenik, zurrumurruen kontrako argazki-lehiaketarako izena emateko epea irekiko da. Lanek poesia lantegian sortutako olerkian inspiratutakoak izan beharko dute; beraz, parte-hartzaileen identitateak islatzen saiatuko dira, identitate ezberdin eta aldakorrak, osatzen dugun gizarte anitzean ezinbestekoak.

Jarduerei buruzko informazioa jasotzeko, bidali mezu bat helbide honetara: antirumores@vitoria-gasteiz.org, edo Facebookez (antirumores_vg) zein Instagramez (antirumores_vg) jarraitu.

 

 

 

Share

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Udaltzainek atzo 45 salaketa jarri zituzten koronabirus-pandemiari aurre egiteko ezarritako neurriak ez betetzeagatik.

Alarma-egoera hasi zenetik, 2.071 zigor-proposamen igorri dituzte, eta 20 pertsona atxilotu agintariekiko desobedientzia larriagatik eta neurriak modu errepikakorrean ez errespetatzeagatik.

 

Share