Prentsa Oharren banner

Ogasuneko zinegotziak ohartarazi du Udalaren aurreikuspen ekonomikoek okerrera egin dutela

  • Udalaren diru-sarrerak 60 milioi euro gutxituko direla aurreikusten da

 

Koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioek aurreikuspen ekonomikoak aldatzera behartu dute Udala. Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik gaur Udalbatzari jakinarazi dionez, azken asteetan aurreikusten ari zen diagnostiko larriak okerrera egin du. Izan ere, diru-sarrerak 60 milioi euro gutxituko direla aurreikusten da. Horietatik, 15 milioi diru-sarrera propioei dagozkie, eta gainerako 45 milioiak, Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsari (FOFEL). Urte hasieran, Arabako Foru Aldunditik 177 milioi euro jasotzea espero zuen Udalak; orain, ordea, 132 milioi izango direla jotzen da.

Ez dut uste inoiz tamaina horretako sarrera jaitsierarik izan denik Udalaren historian“, esan du Iñaki Gurtubaik egoera laburtzearren. “Horixe da egoera. Bilketa jaitsiko da, gizarteak ere hein berean jasango duelako. Hilabete zailak ditugu zain, eta horren aurrean gastu aukerak aztertu behar ditugu“, erantsi du Ogasuneko zinegotziak.

Udal kontuen kudeaketan iraunkortasunari eutsi behar zaiola oinarritzat hartuz, Urtaranen gobernuak hiru ardatzetan antolatuko du plan ekonomikoa: gastuari eustea, malgutasunez jokatzea zorraren amortizazioan, eta ohikoak ez diren sarrerak bilatzea.

Iñaki Gurtubaik zehaztu duenez, gastuari eusteko 38,47 euroko diru-partidak atxiki dira aste honetan. Horrek ez du esan nahi aurrekontu-partidak kentzea, baizik eta horiek zati batean edo osorik erreserbatzea, zuhurtziaz kudeatzearren. “Egoeraren bilakaera eta sail bakoitzaren irizpideak kontuan hartuta, baliteke atxikipen horiek aldatzea. Eta zorpetzeko gaitasuna handitzen bada, horiek askatzeko prest gaude“, zehaztu du alkateordeak.

Atxikitako partiden lehen multzoa aurrekontu-partidan kreditua duten aurrekontu-partidei dagokie, 24,8 milioi euro. Beste multzo bat (3,59 milioi euro) koronabirusa dela eta ematerik izan ez den jarduera eta zerbitzuei dagokie; horiek aldatu edo bertan behera utzi beharko lirateke. Beste 10 milioi aurrekontuko 1. kapituluari (langile-gastuak) dagozkio. Neurriak ez lieke plantillaren oinarrizko ordainsariei eragingo.

Atxikipen horiek azkenean duten bilakaera gorabehera, hiru alor hauetan aurrekontua ez da ukituko, lehentasunezkoak baitira: osasuna babestea, gizarte-ongizatea bermatzea eta jarduera ekonomikoa sustatzea.

Gobernu taldeak martxan jarritako plan ekonomikoaren bigarren ardatza zorraren amortizazioaren malgutasuna da. Horrekin lotuta, finantza-erakundeekin negoziatzen hasi da, maileguak amortizatzeko ordainketak atzeratu ahal izateko. Aldi berean, Arabako Foru Aldundiaren zorpetze-ahalmena handitzea erabakiko balitz dekretuz, baliteke Udalak FOFELen bitartez jasotzen duen ekarpena horrenbeste ez gutxitzea.

Azkenik, ohikoak ez diren diru-sarrerak bilatzea da aurreikuspen ekonomiko larriei aurre egiteko hirugarren ardatza. Zehazki, udalaren ondarea saltzeko eragiketak azkartzeko aukerak aztertzen ari dira, beste kontzeptu batzuei dagozkien diru-sarreren galera konpentsatzeko.

Oposizioko taldeek oraingo egoeran laguntzeko erakutsi duten prestutasuna eskertu du Iñaki Gurtubaik. “Adosten dugun guztia herritarren mesederako izango da“, amaitu du alkateordeak.

 

 

Share

Lehendakariak eta alkateak Gran Hotel Lakua-k COVID-19ak jotako gaixoak hartzen emandako laguntza eskertu dute

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Lehendakari Iñigo Urkullu, Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Osasun sailburu Nekane Murga eta Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López Gran Hotel Lakua-ren instalazioetan izan dira bisitan gaur goizean, arduradunei zuzenean eskertzeko koronabirusaren pandemiako une larrienetan establezimenduak hiriari emandako laguntza. COVID-19ak jotako 200 gaixo inguruk (sintoma arinak zituztenak) erabili dituzte instalazio horiek, eta Osakidetzako 46 profesionalek zaindu dituzte.

COVID-19ak jotako 187 gaixori arreta emateko erabili diren eremuak bisitatu ondoren, erakundeen ordezkaritzak eskerrak eman dizkie hotelaren arduradun José Barreira eta bertako langileei, emandako zerbitzu bikainarengatik, tratu gertukoagatik eta gaixoei arreta ematen laguntzeagatik.

Alkateak gonbidaturik joan da lehendakaria hotelera, eta bisita horrekin amaitutzat jo da Gran Hotel Lakua-ren eta Arabako ospitale sistemaren arteko lankidetza. Azken pazienteek apirilaren 29an hartu zuten senda-agiria; geroztik, espazio guztiak erabat garbi eta esterilizatuta daudela bermatzeko protokolo berezia bete da instalazioetan. Hotelak ohiko funtzionamenduari ekin dio berriro, eta bezeroak hartzen hasi da.

Alkatearen hitzetan, “une zailetan ikusten da pertsonen benetako izaera.  

Eta une zailenetan, Pepe eta Anabelen taldeak bere eskuzabaltasuna eta ahalegina erakutsi du Lakua hotelean, ospitale sistematik at zaintza medikua behar zuten pertsonei arreta emateko. Hiri osoaren izenean, eskerrak eman nahi dizkiet hoteleko taldeari eta Osakidetzako langileei beren ahaleginagatik. Horixe da lan egiteko modua, elkarrekin, orain inoiz baino gehiago gure hiriarekin bat eginez. Guztiok, Gasteizekin bat.

 

 

 

 

Share

Gasteizko Antzerki Jaialdiak ‘Enred@dos 2020’ deialdia aurkeztu du

Proiektuak aurkezteko epea ekainaren 22an bukatuko da

 

Gasteizko 45. Nazioarteko Antzerki Jaialdiak ‘Enred@dos 2020’ deialdia aurkeztu du; horren helburua Antzoki Sarean eta hiriko sorkuntza artistikoko beste espazio batzuetan dabilen publikoa batetik bestera mugitzea da, geroari begira arte eszenikoen audientziak garatzen laguntzearren.

Proiektuak posta elektronikoz bidali beharko dira helbide honetara: gestionteatros@vitoria-gasteiz.org. Ekimenean izena emateko epea ekainaren 22an bukatuko da, eta Arabako hiriburuan jarduten duten artistek, erakundeek nahiz elkarteek aurkeztu ahalko dituzte proiektuak. Ikuskizunek inoiz ikusi gabeak izan beharko dute.

Lanak 2020ko azaroaren 14tik 17ra bitartean aurkeztuko dira jendaurrean, Gasteizko 45. Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren barruan.  Normalean arte eszenikoekin lotutako ikuskizunak eskaintzen ez diren leku batean egingo dira emanaldiak, COVID-19aren krisialdiak eragindako egoera berria aintzat hartuta.

Ekimen honen bidez, Udalaren Antzoki Sareak arte-lengoaien diziplinartekotasunaren balioa agerian jarri nahi du, horiek aberasteko egitate eszeniko bihurtuta; hiriko zenbait espaziotan sorkuntza- eta antzezpen-zirkuitu egonkorra osatzen laguntzea, eta horietan Nazioarteko Antzerki Jaialdiak presentzia izan dezan sustatzea“, azaldu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Izan ere, sailaren funtsezko estrategietako bati jarraitzen dio ekintza horrek: sorkuntza artistiko garaikidea sustatu, bultzatu eta ezagutaraztea, eta herritar orok horretaz gozatzeko aukera izatea. “Banakako lanak nahiz talde-lanak aurkezteko aukera eman nahi zaie bertako artistei, arte eta kultura garaikidea sustatzen duten eta horiek herritarrengana hurbiltzen dituzten ekintzen bitartez“, nabarmendu du Cantok.

Oinarriak kontsultatu

 

 

Share

Sendotu egin da Herritarren Zientzia Sarea, 100 partaide baino gehiagok diharduelarik udalerriko landaretza eta fauna identifikatu eta laginketa egiteko lanetan

Sareak 7 kontserbazio programa ditu martxan Gasteizko udalerrian, alor hauetan: orkideak, eguneko eta gaueko tximeletak, odonatuak, hiri-hegaztiak, zoruak, eta Gasteizko gau-harrapariak.

 

Herritarren Zientzian Parte Hartzeko Sarea sendotu egin  da: 2019an ehun partaide baino gehiago aritu izan da udalerriko landarretza eta fauna identifikatu eta laginketa egiteko lanetan, eta 2020an programa berri bati ekin dio, gau-harraparien inguruan.

“Proiektu hau herritarren artean biodibertsitatearen alorreko hezkuntza sustatzeko asmoz sortu zen, natur ingurune hurbilenean bizi diren animalia eta landare talde jakin batzuen ezagutza eta kudeaketa areagotzeko beharrak bultzatuta. Funtsezkoa da herritarrek natur inguruneari buruzko kontzientziazio eta jarraipen kanpainetan parte hartzea, herritarrek kontserbazio kanpainetan lagundu dezaten sustatzea, herritarrek Eraztun Berdearekin harreman handiagoa izan dezaten sustatzea, eta horri buruz duten ezagutza zabaltzea. Benetan positiboa da Herritarren Zientzia Sarea finkatzea, urtetik urtera partaideen kopurua handitzen delarik”, azaldu du IGIren lehendakari Ana Oregik.

2013An, eta Gasteizko Udaleko Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailaren laguntzarekin, IGIk “Gasteizko Herritarren Zientzian Parte Hartzeko Sarea” sortu zuen, Atariaren eskutik, Iraunkortasunerako hezkuntzarako tresna bat, gasteiztarren parte-hartzea sustatzen duena udalerriko ingurune naturalaren ezagutza hobetzeko asmoz.

Sareak ekarpen positiboak izan ditu 2019an, 111 pertsonen laguntzari esker, zeinek lortu baitute arrakastaz berrestea egun dituen sei kontserbazio-programak: orkideak, eguneko eta gaueko tximeletak, odonatuak, hiri-hegaztiak, eta zoruak.

Zoruen osasunari buruzko programan handitu egin da bai partaideen kopurua (12 kidetik 28ra) eta baita aztertutako lursailena ere (25 lursailetik 39ra). Udalerriko lurzoruen batez besteko nota 5,8koa izan zen, 2018an baino 3 hamarren hobea. Adierazleei dagokienez, emaitzak antzekoak izan dira urte bietan: zoruaren eta biodibertsitatearen diagnostiko fisiko-kimiko ona, baina txarra zoruaren dibertsitateari eta materia organikoaren edukierari dagokienez.

Orkideei buruzko programan 25 partaide aritu ziren, eta berritasun nabarmenena Zabalganeko parkean Ophrys x bodegomii hibridoa eta orkidea nahiko ezohikoa den Dactyloriza insularis espeziea aurkitzea izan da.

Hiri-hegaztien programan populazio-joera jakin batzuk nabarmenago jarraitzea lortu da. Espezie ikusiena etxe-txolarrea izan da (behaketa guztien % 20,9), gero txorru arrunta (% 8,7) eta arabazozo beltza (% 8,4). Nabarmendu behar da ez dela joera negatiborik batera sumatu inongo espezietan, eta bi lehenez gain, beste lauk ere hazkuntza sendoa izan zutela populazioa-joeran: zikoina zuriak, txorru arruntak, haitz-usoak eta mika arruntak

Eguneko tximeleten taldean 17 partaide aritu ziren, eta bi espezie nabarmendu behar dira beren lanean, Araschina levana eta Apatura ilia izenekoak. Armentiako basoan lehena aurkitu zutelarik, horixe da Iberiar penintsula osoan mendebaldeen behatutakoa. Apatura ilia, berriz, hedapen prozesuan da gaur egun, eta dentsitate baxuko populazioetan behatu diren arren, hiriko zortzi parketan aurkitu izan da.

Odonatuen programan 15 partaide aritu ziren, 23 udalerritan egin dituzte behaketak, eta 33 espezie ikusi guztira. Espezie jakin baten lehen aipamena lortu dute Gasteizko udalerrian: Platycnemis acutipennis. Espezie horrekin, 41 behatu izan dira orain arte, Araban daudenen % 79.

Azkenik, gaueko tximeletei buruzko 8 partaideek 592 taxoi desberdin behatu zituzten iaz. Iazkoan Proserpinus proserpina izeneko espeziea nabarmendu zen, zein Bernako Hitzarmenak eta Habitat Zuzentarauak babesten duen, eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren (UICN) zerrenda gorrian agertzen den, Espainiako ornogabeen artean.

Emaitza interesgarriak eta programen kudeaketa eta koordinazio egokia bitarte, Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Federazioaren laguntzarekin “100&CIA para Vitoria Gasteiz” proiektua sortu da 2020ri begira. Helburua jende gazteagoarengana iristea da, bai eta partaide gehiago lortzea ere, hitzaldien, eta kartel eta foiletoen banaketaren bitartez. Gainera programa berri bat dauka, gau-harrapariei buruzkoa, zeinak 27 partaide izango dituen lehen urtean.

 

 

 

 

 

Share

Gasteizek 2,7 milioi euroan balioetsitako ekonomia suspertzeko plan baten bidez lagunduko die tokiko merkatari, ostalari eta enpresei

 

Lehen alkateorde Maider Etxebarriak hamar neurri iragarri ditu koronabirusak tokiko sare ekonomikoan izandako ondorioei aurre egiteko

Dokumentuak 750.000 euro barne hartzen ditu segurtasun-materiala erosteko, hala nola maskarak, eskularruak eta gel desinfektatzailea

Ostalaritzarako laguntzak bikoiztu egin dira eta 125.000 eurotara iritsi dira

Turismoaren sektoreak laguntza-ildo espezifiko berria izango du

 

20200520-PresentacionAyudasCovid

Segurtasun-materiala eskuratzeko, lokalak modernizatzeko, merkataritza digitalaren aldeko apustua egiteko, enplegua mantentzeko eta Gasteizen turismoa sustatzeko laguntzak. Arabako hiriburuak abian jarri du Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana, laguntza eta ekimen sorta handia, merkatariei, ostalariei, hotelariei eta hainbat ekonomia-sektoretako enpresa txikiei pandemiaren ondorioen aurkako borrokan laguntzeko. Gaur goizean aurkeztu du dokumentu estrategiko hori alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak, Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrekin batera; planak 2,7 milioi euroko balioa duten hamar ekintza biltzen ditu, guztiak ere koronabirusak Arabako hiriburuko sare ekonomikoan duen eragina arintze aldera.

Ekonomia Sustapenaren Sailak bere aurrekontua birformulatu du Ekonomia Suspertzeko Plan hau egituratzeko. Dokumentua bost ardatz nagusitan banatzen da:

1.- Segurtasun-materiala erosteko COVID-19 aparteko laguntzak (750.000 euro).

2.- Tokiko saltoki txikien eta ostalaritzaren defentsa (445.000 euro).

3.- Tokiko enpresa-sarea indartzea (1.012.300 euro).

4.- Enpleguari eusteko laguntza (450.000 euro).

5- Gasteizko turismo-sustapena (40.000 euro).

“Koronabirusak kaltetutako tokiko sektoreei entzun diegu, eta sailaren aurrekontua birformulatu dugu, Gasteizko sare ekonomikoaren behar berriei erantzuteko. Suspertze plan honen bidez, beste erakunde batzuen laguntzak osatu eta pandemiak gehien kaltetutako kolektiboen ekonomia arinduko duen segurtasun sare bat zabaldu nahi dugu “, azaldu du Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak. Alkateordeak, halaber, tokiko establezimenduetan kontsumitzeko deia egin die herritarrei, “ehunka familia haietatik bizi baitira”. Zinegotziak azpimarratu duenez, “orain inoiz baino gehiago, hiriaren eta bertako denden, negozio txikien eta tabernen arteko lotura mantentzeko beharraz jabetu behar gara, gertuko tratuagatik eta profesionaltasunagatik nabarmentzen diren tokiak baitira”.

 

750.000 euro, babes- eta higiene-materiala erosteko

Suspertze Planaren bost ardatzetako lehenak hiriko sektore ekonomikoen eskaera nagusietako bati erantzuten dio. ‘COVID-19 aparteko laguntzak’ izeneko partidaren bidez (750.000 euro), Ekonomia Sustapenaren Sailak diruz lagunduko du babes- eta higiene-materiala eskuratzea. Dirulaguntza horiek hamar langile baino gutxiago dituzten enpresa txikientzat izango dira.

Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean daude maskarak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak, manparak, prebentzioko eta higiene sanitarioko materiala eta instalazioak desinfektatzeko materiala, hala nola gel edo xaboi desinfektatzaileak. Birusak eragindako aholkularitza- eta kontsultoria-gastuak ere finantzatuko dira, baita itxialdian egindako eraldaketa digitalarekin lotutako inbertsioak ere.

 

Bikoiztu egin dira ostalaritzarako eta digitalizaziorako laguntzak

Suspertze Planaren bigarren jarduera-ildoa hiriko saltoki txikiei, ostalaritzari eta hotelei zuzendutakoa da. Ardatz horrek guztira 445.000 euroko aurrekontua izango du, 50 langile arteko negozioetarako. Hiru motatako laguntzak egongo dira. Alde batetik, hiriko merkataritza enpresa txikien modernizaziora zuzendutakoak: 220.000 euro, iaz baino % 10 gehiago. Bigarrenik, eta berrikuntza gisa, hiriko ostalaritza-establezimendu txikientzako laguntzak bikoiztu egingo dira, 62.500 eurotik 125.000 eurora igaroko baitira. Biak dira 50 langile baino gutxiago dituzten enpresa txikiak ezartzeko, eraberritzeko, ekipamendua erosteko eta modernizatzeko laguntzak.

Merkataritza txikia eta ostalaritza babesteko bigarren ildo hori osatzeko, Udalak hirugarren neurri bat bultzatuko du murgiltze digitala eta online merkataritza sustatzeko beharrarekin lotuta, “ez baitira epe ertainerako aukerak, baizik eta gero eta gehiago eskatzen diren alternatibak aurrez aurreko salmentaren ordez”. Gasteizek abian jarriko dituen digitalizaziorako laguntza berriek 100.000 euroko zuzkidura izango dute, hau da, dirulaguntza horiek lantzen ari zirenean —osasun-krisia baino lehen— aurreikusitakoaren bikoitza. Eraldaketa digitalerako dirulaguntzak telelanarekin, webgune korporatiboaren egokitzapen edo garapenarekin edo online merkataritza sartzearekin lotutako ekipamendu eta software informatikoko inbertsioak ordaintzeko erabiliko dira.

“Digitalizazioa inoiz baino presenteago dago, eta inoiz baino premiazkoagoa da. Tokiko saltoki txikiekin eta ostalaritzarekin egoteko eta eraldaketa horren aldeko apustuan laguntzeko unea da. Konfinamenduarekin baieztatu ahal izan dugu laguntza berri horien beharra, eta bikoiztu egin ditugu, ekimenak hobeto bultzatzeko“, azaldu duMerkataritza zinegotzi Igor Salazarrek.

Milioi bat euro tokiko enpresa-sarea indartzeko

Suspertze Planaren hirugarren ardatzak tokiko enpresa-ehunari begiratzen dio, eta horren barruko neurriak 1.012.300 euroan balioetsi dira. Zenbateko handiena Gamarrako atearen zati bat eraberritzeko erabiliko da. Industria Mahaian parte hartzen duten eragile ekonomikoek eskatutako neurrietako bat da eta 700.600 euroko aurrekontua izango du. Arteria berritzeko lanak Jundiz eta Urartea kaleetako industrialdeetan legealdi honen hasieran egindako beste biei gehituko zaizkie.

Kapitulu honetan sartuko dira, halaber, 10 langile arteko enpresak sortu eta finkatzeko laguntzak (126.700 euro), zeinak, berritasun gisa, 5 urte arteko antzinatasuna duten negozioek eskatu ahal izango baitituzte (orain arte 3 urte zen muga), baita ekintzailetza-bekak (85.000 euro) ere, Gasteizen enpresa-ekimen bat bultzatzen ari diren pertsonentzat.

Kultur sektorea ezegonkortasun ekonomikoko aldietan kaltetuenetako bat izan ohi denez, Udalak ikus-entzunezko sektorerako laguntzak mantentzea erabaki du, 100.000 eurorekin. Zehazki, Gasteizen ikus-entzunezko proiektuak (fikziozkoak, animaziozkoak, dokumentalak eta serieak) garatu eta ekoizteko eta gidoiak idazteko laguntzak dira.

Era berean, Etxebarriak gogorarazi du industria-enpresen sarea indartzeko estrategian konfinamenduan bertan abian jarritako neurriak ere sartzen direla, hau da, hiriko merkatari, autonomo, mikroenpresa eta enpresa guztien eskura jarritako ekonomia- eta finantzaaholkularitzako doako zerbitzua. Alkateordeak azpimarratu du, halaber, Ekonomia Sustapenaren Sailak alokairuak hiru hilabetez atzeratzea —beste hiru hilabetez luzatzeko aukerarekin— eskaini diela udalaren enpresa zentroetan dauden enpresei.

 

Enplegurako laguntzen ikuspegi berria

Ekonomia Suspertzeko Planaren laugarren ardatzak enpleguari eskainitako partida handituko du, eta arlo horretako laguntzak birformulatuko ditu. 450.000 euroko zukidura izango dute orain (iaz baino 50.000 gehiago), eta laguntzak lanpostuak mantentzera bideratuko dira. Helburua da alarma-egoera ezarri aurretik zegoen enplegua berreskuratzen laguntzea 10 langile edo gutxiagoko enpresetan, kontratatutako langileak dituzten autonomoak barne, Gasteizko udalerrian egoitza soziala duten lantokietan.

Laguntza hori erantzunkidetasun publiko-pribatuko mekanismo gisa egituratuko da. 2.000 euro emango dira berreskuratutako lan-kontratu bakoitzeko, eta gehienez 6.000 euroko laguntza emango da enpresa bakoitzeko. Horren truke, alarma-egoera amaitzen denetik edo enpresa ERTEtik ateratzen denetik 4 hilabetez bermatu beharko da plantillari eustea. Gainera, balioespen-irizpide gisa, kontuan hartuko dira lan-kontratuaren kalitatea eta hobekuntza, eta kolektibo kalteberen enplegua berreskuratzea, hala nola 55 urtetik gorakoena edo emakumeena.

Gasteiz sustatzeko berrikuntza

Azkenik, sailak ildo berria jarriko du abian (40.000 euro) Gasteizen turismoarekin lotutako sustapen eta produktuak sortzeko. Laguntza espezifikoa da, 2020an udalerrian garatzeko asmoz turismo-produktuak eta hurbileko turismo-esperientziak sortu, abian jarri, sustatu eta merkaturatzeko. Turismo-zerbitzuak ematen dituzten edo turismo-sektorean eragina duten mikroenpresak edo autonomoak izan daitezke hartzaile, gutxienez langile bat eta gehienez 10 enplegatu dituztenak.

Laguntza-ildo bakoitzaren epeak irekitzeari dagokionez, Udalak deialdi bakoitzaren berri emango du jendaurrean, bere webgunearen eta Ekonomia Sustapenaren Sailaren buletinen bidez.

Informazio gehiago

 

Share

Maiatzaren 24an (igandea) amaituko da epea Udalaren Folklore Akademian ikasle berriek aurretik izena eman dezaten

Lehenengoz, internetez egin daiteke izapidea

 

Maiatzaren 24an (igandea) amaituko da epea 2020-2021 ikasturtean Udalaren Folklore Akademian ikasi nahi duten ikasle berriek aurretik izena eman dezaten.

COVID-19ak eragindako osasun krisialdia dela eta, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Sailak modernizatu egin du izena emateko prozedura, eta lehenengo aldiz internetez egin ahal da, www.vitoria-gasteiz.org webgunean Folklore Akademiari eskainitako espazioan.

Nahi dutenek aurrez aurre egin ahalko dute aurrematrikula, orain arte bezala. Musika Etxeko idazkaritza (San Antonio kalea, 14) irekita egongo da astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era (ostiral arratsaldeetan izan ezik).

Ikasle berriek tresna hauek jotzen ikasi ahalko dute: alboka, gaita, txalaparta, txistua, txirula, trikitixa eta panderoa. Gainera, ikastegian beste ikasgai hauek ematen dira: musika-hastapenak, musikaren lengoaia, euskal dantzak, abesbatza eta perkusioa.

Hauek dira matrikulatu ahal izateko gutxieneko adinak: euskal dantzak ikasteko, 2014ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoa izatea; musika hastapenetarako, 2013an jaiotakoa, eta abesbatzarako, 18 urtetik gorakoa izatea. Gainerako ikasgaietan, 2012ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoek eman ahalko dute izena.

Dagoeneko eskolako ikasle direnen matrikula automatikoki berrituko da, zentroak ezarritako aplikazio baten bidez.

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org / gufa@vitoria-gasteiz.org / Telefonoa: 945 16 26 02

 

Share