Prentsa Oharren banner

Udal langileei eta egoitzetako erabiltzaileei 1.400 koronabirus-test egitea kudeatu du dagoeneko Udalak 

Gasteizko Udalak kudeaturik, Osakidetza COVID-19a detektatzeko 1.432 proba egiten ari da egoitzetako erabiltzaileen, funtsezko zerbitzuetako langileen zein plantillako beste langile batzuen artean, eta hartara alkateak ezarritako konpromisoa betetzen ari da. “Koronabirusarekiko sentiberen diren pertsonei eta haiekin lan egiten dutenei arreta ematea guztiz lehentasunezkoa izaten ari da gobernu honentzat osasun krisialdi osoan“, azpimarratu du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

Besteak beste, 140 test (PCR eta serologikoak) egin zaizkie adinekoei laguntzeko San Prudentzio zentro integraleko erabiltzaileei. Orobat, 415 proba (PCR eta serologikoak) egin zaizkie San Prudentzio ALZIko eta udalaren etxebizitza komunitarioetako langileei.

Funtsezko zerbitzuetako langileei dagokienez, Prebentzio eta Su Itzaltze Zerbitzuko langile guztiei egiten ari zaizkie probak, 125 orotara. Herritarren Segurtasuneko langileei ere berehala egingo zaizkie kontrolak (400 probatik gora), eta Etxean Laguntzeko Zerbitzuko langile orori (200 test baino gehiago).

Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak gainerako langileei Osalanen bitartez beste 152 proba egitea kudeatu du, beraz, orotara 1.432 pertsonari egingo zaizkie testak, gehienak proba bikoitzeko sistemaren bidez.

Osasun eta Kirol zinegotziak Euskadiko populazio osoaren gainean egin diren fidagarritasun handiko testen bolumen handia nabarmendu du, estatuko bigarren autonomia-erkidegoa baita 1.000 biztanleko egin den PCR proben kopuruari dagokionez. “Arabaren kasuan, zortzi puntu gehiago da indizea, 1.000 biztanleko 69 PCR egin baitira, hau da, populazioaren arabera proba gehien egin duen lurraldea da, ia 23.000 PCR; horiei 13.300 test azkar baino gehiago erantsi behar zaizkie. Orotara, 36.000 PCRtik gora”, gogorarazi du Livia Lópezek.

Share

Bi atxilotu genero-indarkeriagatik

Atzo, udaltzainek bi gizonezko atxilotu zituzten genero-indarkeriaren delituen ustezko egile gisa.

20:25ean, bikotekide ohiari botila batekin eraso egiten saiatu zen 43 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Sansomendi auzoko etxebizitza batean. Erasoa eragotzi zuena une hartan etxean zegoen eta bien erdian jarri zen beste gizonezko bat izan zen. Horren ondorioz, esku batean ebakia egin zuen.

Atxilotua gaur geratuko da epailearen esku.

22:00etan, gizonezko batek emakume bat lepotik helduta zuela zioen abisua jaso zuen Udaltzaingoak. Abisuaren arabera, gizonezkoa emakumea astintzen ari zen Mauro Ortiz de Urbina Margolariaren kalean. Bertaratu zen patruilak bikotearekin hitz egin zuen, eta erasoa baieztatu zien. Emakumeak lepoan markak zituen; ondorioz, erasotzailea, 41 urtekoa, atxilotu egin zuten eta gaur jarriko dute epailearen esku.

 

 

 

Share

Udaltzaingoak zaintza areagotuko du terraza eta parkeetan

“Bizipoliek” irteera aurreratuko dute, berdeguneetako kontrola handitzeko

 

Udaltzaingoak zaintza areagotuko du terraza eta berdeguneetan, deseskalatzearen 1. fasean koronabirusari aurre egiteko ezarri diren neurriak betearazteko.

Gaur goizetik, udaltzainak hirian irekita dauden ostalaritza-establezimenduetan dabiltza, jabeei beren negozioetan nahitaez bete behar dituzten neurriei buruzko informazioa eman eta gogorazteko. Hauek dira neurri nagusiak: segurtasun distantziak errespetatu behar dira, establezimenduak baimenduta dituen mahaitxoetan baino ezin da kontsumitu, eta mahai edo mahai multzo bakoitzeko gehienez 10 pertsona egon daitezke.

“Ez dugu atzoko egoerak errepikatzerik nahi, poliziak kontrolatu arren, jendetza bildu baitzen terrazetan, eta jendea zutik ari baitzen kontsumitzen, bakarrik mahaian egitea baimenduta badago ere. Agenteek ez-betetze horiek zigortzeko agindua dute, asko baitugu jokoan. Ezin dugu arriskuan jarri orain arte egindako lan ona. Ulertzen dugu jendeak normaltasunera itzultzeko gogoa izatea, baina urrats hori zuhurtziaz egin behar dugu, eta osasunaren arloko agintarien jarraibideak aintzat hartuz beti”, azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutiérrezek, gaur goizean Udaltzaingoko buruarekin gaia aztertzeko Agirrelandan bildu ondoren.

Horrekin lotuta, higiene eta prebentzio neurriak betetzen diren ere zainduko da, hala nola terrazako ekipamendua garbitu eta desinfektatzea, behin bakarrik erabiltzeko mahai-zapiak baliatzea, auto-zerbitzuko elementuak (ahozapitakoak, esaterako) kentzea, edo gel hidroalkoholikoak banatzeko gailuak jartzea bezeroen eskura.

Udaltzaingoaren arduradunak azpimarratu duenez, “tabernen jabeek eta bezeroek gogoan izan behar dituzte arauak, eta betetzen ez badira zigorrak ezar daitezkeela, baita establezimendua ixtea ere”.

Lehen zigorrak

Terrazak ireki ziren lehen egunean, Udaltzaingoak 44 establezimendu ikuskatu zituen, eta horren ondorioz, 22 ohartarazpen egin ziren, eta 7 areto salatu, hainbat arrazoirengatik: terraza jartzeko baimena ez izatea (4), mahaitxoen kopurua gainditzea (2) edo establezimenduaren barruan zerbitzatzea (1).

Parke eta lorategiak

Parke publiko eta berdeguneetan ere zorroztuko da zaintza. Izan ere, agenteak laster bizikletaz patruilatzen hasiko dira; “bizipoliak” ekainean atera ohi dira, baina oraingoan lehenago irtengo dira, covid-19ari aurre egiteko segurtasun-neurriak kontrolatu eta betearazten laguntzearren.

Horren haritik, Udaltzaingoak gogorarazi du Eraztun Berdeko parkeen sarreran plano batzuk jarri direla, horietan ere distantzia eta osasun gomendioak bete daitezen; ibilbide berdeetatik noranzko bakarrean zirkulatu beharra dago, eta hirian beti eskuinetik joatea gomendatzen da.

 

 

 

 

Share

IGIko kontseilua  (2020-05-14)

Honekin batera bidaltzen dizkizut 2020ko maiatzaren 14an, 9:00etan, egitekoa den IGIko kontseilua sozietatearen aparteko bilkura deialdia eta gai-zerrenda. Bilera telematikoa

14-05-2020 IGIko kontseilua

Share

San Martineko herritarrei laguntzeko bulegoak irekiko dira, aldez aurreko hitzorduarekin

  • Asteazkenetik aurrera, ohiko tramiteak egin ahal izango dira, baina online edo telefonoz hitzordua eskatuta
  • Gainerako udal bulegoetan modu progresiboan ekingo zaio berriro aurrez aurreko arretari

 

Maiatzaren 13an, asteazkenez, hasiko da San Martineko bulegoa berriro aurrez aurreko arreta eskaintzen, nahiz eta aldez aurretik hitzordua eskatu beharko den, tramiteak egiteko. Udalaren egoitza elektronikoan (identifikazio digitala behar da) edo telefonoz (010 / 945 161 100) eska daiteke hitzordua.

“Berriro abian jarriko dugu herritarrentzako arreta, babes-neurri guztiekin, eta modu progresiboan egingo dugu, beti ere segurtasuna bermatzeko, bai langileena, bai tramiteak egitera bertara joaten diren herritarrena. Deskonfinamenduak eskatzen duen zuhurtziarekin eta kontu handiarekin”, azaldu du Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodríguezek.

Arlo hauetako tramiteak egiten dira bulego horretan: giza baliabideak, ogasuna, ekonomia-sustapena, erregistro nagusia eta kontratuen erregistroa, udal-errolda ingurumena, hirigintza, bide publikoa, hilerriak eta kontsumoa.

Hitzordua eskatu aurretik dena delako tramitea bertan egiten den kontsultatzea gomendatzen da, eta pertsona bakarra joatea. 20 minututik behin ematen dira hitzorduak (bulegoko harrerara agertzeko ordua), eta hitzorduaren eguna eta ordua errespetatzea eskatzen da.

20 minutuko hitzordu bakoitzeko tramite bat egingo da. Hortaz, tramite bat baino gehiago egitekotan, hitzordu bat baino gehiago eskatzea gomendatzen da, elkarren segidan. Ordaindu beharrik izanez gero, banku-txartelarekin bakarrik egin ahal izango da, eta inolaz ere ez eskudirutan. Era berean, segurtasun-arrazoiak direla eta, ahal delarik, formatu digitalean aurkeztu beharko da dokumentazioa.

Gainerako bulegoak

Gainerako udal bulegoetan hurrengo egunetan ekingo zaio aurrez aurreko arretari, modu progresiboan. Kontsultak eta bestelako tramiteak egiteko, hala nola erroldarekin zerikusia dutenak, 010 edo 161 16 11 00 telefonora jo behar da.

 

Share