Prentsa Oharren banner

Gasteizek partaidetza-organo guztiak aktibatuko ditu, hiria suspertzeko prozesuan lehentasunak zehazteko

  • Borja Rodríguez zinegotziak hiria suspertzeko partaidetza plan berria aurkeztu dio Gizarte Kontseiluari

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguezek partaidetza-prozesu bat abian jartzeko plan bat aurkeztu du Gizarte Kontseiluari, Gasteizko herritar guztiak covid-19aren pandemiaren ondoren hiria suspertzen inplikatu daitezen.

Gorka Urtaran alkateak lagundurik, Herritarren Partaidetzaren Sailaren arduradunak bere proposamena azaldu du, zeina udaleko organo ezberdinen bitartez informazioa jasotzean, entzutean eta lehentasunen diagnostikoa egitean baitatza. 2020. urtea amaitu arteko ekintzak lehenesteko balioko du lan horrek, baita 2021rako aurrekontuei begira ere.

Ekainean bilera sorta bat egitea proposatu zuen zinegotziak; ahal dela, organoen bilerak aurrez aurre egingo dira, segurtasun-neurriak betez, edo bestela online egingo dira. Besteak beste, hainbat alorretako elkarguneak, auzoguneak eta Eskola Kontseilua bilduko lirateke.

Saioak bi ataletan banatuko dira. Lehenengo, Udalak 2020rako aurreikusi dituen ekintzen barri emango du zinegotzi arduradunak; bigarren zatian, bi galdera hauen inguruan eztabaidatuko da: zein eragin izan du osasun krisiak arlo honetan? zein dira lehentasunez aurre egin beharreko alderdiak?

Borja Rodríguez, Herritarren Partaidetzaren zinegotzia: “Gure gizarteko pertsona eta sektore orok zalantzaz betetako egoera berri bati egin behar diote aurre. Covid-aren ondorengo testuinguru honetan inoiz baino gehiago aldeztuko dugu herritarren partaidetza, ezinbestekoa baita udalaren ekintza politikoa aberasteko. Horregatik, partaidetza-organo guztiak biltzeko dei egitea erabaki dugu, herritarrei entzun eta haiek lehentasunezkotzat jotzen dituzten alderdiak jasotzeko”.

Bilerak egin ostean, eta foro guztietan ateratako ondorioak kontuan hartuz, Gizarte Kontseiluak txosten bat landuko du gobernu taldearentzat eta gainerako talde politikoentzat, proposamenak eta lehentasunak zehaztuta aurten egin daitezkeen ekintzei begira, baita 2021rako aurrekontuari begira ere. Herritarren Partaidetzaren Sailak proposatzen du txostena Ogasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordearen aparteko bilkura batean aurkeztea. Azkenik, gobernu-taldeak txosten bat landuko du Gizarte Kontseiluaren proposamenei erantzun arrazoitua emateko, eta zein ekintza hartuko duen aintzat zehaztuko du.

Share

Prentsa-deialdiak (2020-05-29)

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, maiatzak 29

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

* Arren eskatzen zaie komunikabideei prentsa aretoa erabiltzeko protokoloa jarrai dezaten: Prentsa Aretoa Erabiltzeko Protokoloa

Share

Udaltzaingoak kokainarekin trafikatzen zuten bi ahizpa atxilotu ditu Zaramagako etxebizitza batean

Gasteizko Udaltzaingoak bi ahizpa (41 eta 43 urtekoak) atxilotu ditu gaur goizean, osasun publikoaren kontrako delitu bat ustez egiteagatik, zehazki, Zaramagako etxebizitza batean kokaina saltzeagatik.

Ikerketa Atalak gidatu du duela ordu batzuk amaitu den operatiboa: kokaina puruko harri bat (112 gramo ingurukoa) atzeman dute, zatikatzeko eta dosiak egiteko prest, baita ia 2.700 euro, 10, 20 eta 50eko billeteetan.

Apirilean hasi ziren ikertzen, eta geroztik agenteek etxebizitzan egiten ziren joan-etorri ugariak kontrolatu dituzte. Zaintza-lanetan egiaztatu zutenez, erosleetako asko txakurrez eta umeez baliatzen ziren, itxialdian baimendutako joan-etorriak egin ahal izateko.

Gasteizko 4 zenbakiko instrukzio-epaitegiaren gainbegiradaren pean, Ikerketa Atalak etxebizitza miatu du, eta droga eta dirua aurkitu ditu, baita doitasun-baskula bat eta plastiko-zatiak ere, saltzeko dosiak prestatzeko. Eginbideak epaitegira bidali ondoren, atxilotuak epailearen esku jarriko dituzte.

Share

Gasteizek ekainean ekingo dio berriro udalerriko hirigintzaren etorkizuna zehazteko partaidetza-prozesuari

 

Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari buruzko batzorde txostengileak erabaki du berriro martxan jartzea —kontu handiz— osasun-krisiaren eragina murrizteko prebentzio-neurriengatik bertan behera utzi behar izan ziren lantegi eta saioak

 

Osasun-krisiaren eragina murrizteko prebentzio-neurrietako bat izan zen prozesu hori bertan behera uztea. Gasteiz Berrasmatu prozesuaren barruan berriro jarriko dira martxan aurreikusitako jarduerak, deskonfinamenduaren egoera berrira moldatuta, herritarrek udalerrirako hirigintza-plangintza berria ezagutu eta proposamenak aurkezterik izan dezaten.

Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari buruzko batzorde txostengilea gaur bildu da, eta talde politikoek eta teknikariek erabaki dute berriro ekitea Mugi ezazu fitxa eta… har ezazu parte Gasteizko etorkizuna diseinatzen! lema duen partaidetza-prozesuari. Horren bidez, era didaktiko eta ulergarrian ezagutarazi nahi dira udalerrirako hiri plangintza berriaren sei ardatzakhiri trinkoa, nekazaritza-ingurunea, ondarea, iraunkortasuna, ekonomia suspertzea eta herritarrak.

“Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria lantzeak hirigintza araudia egokitu eta eguneratzea eta etorkizunean izan nahi dugun udalerria planifikatzea dakar berekin. Indarrean dagoen plana 2003koa da, eta hiriaren egoera, ingurune sozioekonomikoa eta araudi zein legeak nabarmen aldatu direlarik, hori ere berritu beharra dago. Gasteizek hiri-eredua birplanteatu beharra du, hiri kohesionatua izan dadin, inklusiboa eta aintzat hartzen dituena zorua okupatzeko modua, dentsitateak, hiriaren proiektu estrategikoak, nekazaritza-inguruaren garrantzia eta iraungarritasun-irizpideak” azaldu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik.

Ekainetik aurrera, Udalak egokitu egingo du herritarrei HAPOaren aurrerapena ezagutarazteko eta haien iradokizunak eta alternatibak jasotzeko oraindik egiteke dauden lantegi eta saioen formatua. Taldeen kopurua handituko da, taldeak txikiagoak izango dira; eta teknologian oinarritutako espazio eta modu berriak eskainiko dira lan egiteko.

Behin aurrerapenaren agiria jendaurrean erakusteko izapidea bete eta Aholku Kontseiluak nahitaezko txostena egin ondoren, eta herritarrei, udal mugakideei eta administrazio batzarrei irekitako parte hartzeko fase berri hau amaituta, irizpideak eta helburuak zehaztuko dira, eta hasierako onespenaren agiria osatuko duten proposamen xeheak. 

Udalaren www.vitoria-gasteiz.org/berrasmatu web-orrian eskuratu ahalko da informazio guztia, baita Udalaren sare sozialetan (#reimagina) ere.

Share