Prentsa Oharren banner

[Audioarekin eguneratua] Gasteizek bat egin du koronabirusaren biktimengatiko hamar eguneko dolu ofizialarekin

Udaletxeko banderak makila erdira jaitsi dira, eta xingola beltza jarri da fatxadan, dolua eta elkartasuna adierazteko.

Alkatearen audioa

Gasteizek bat egin du koronabirusaren biktimengatiko dolu ofizialarekin, zeinak hamar egun iraungo baitu estatuan. Goizean goiz, udaletxeko banderak makila erdira jaitsi dira, dolua adierazteko covid-19a dela eta hil diren pertsonengatik. Horretaz gain, gaur goizean xingola beltza jarri da udaletxeko balkoi nagusian, dolua eta begirunea adierazteko.

Gorka Urtaran alkateak pandemia dela eta hil diren pertsonekiko eta haien familiekiko elkartasuna adierazi du hiriaren izenean. “San Prudentzio egunean ere adierazi zuen dolua Udalak, banderak makila erdian jarriz, eta gaur gauza bera egin dugu, Ministro Kontseiluak estatu osorako erabaki duen dolu ofizialarekin bate eginez; aurrerago omenaldi bat egingo diegu gure hirian pandemiaren eraginez izandako biktima guztiei, iragarri genuen bezala”.

Dolu-aldi hau espainiar estatuan demokrazia garaian egindako luzeena izango da.

 

 

Share

Gasteizko merkatari, ostalari eta enpresa txiki eta ertainek ekain erdialdean eskatu ahalko dituzte suspertze planaren barruko laguntzak

Lehen alkateorde Maider Etxebarriak gogorarazi duenez, maskarak, babes-pantailak, gelak eta desinfektatzaileak erosteko dirulaguntzak emango dira

Lehen alkateorde Maider Etxebarriak gaur iragarri duenez, Udalak abian jarri du administrazio-izapidea bere sailak landutako Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Planak jasotzen dituen laguntzak aktibatzeko. Joan den astean aurreratu zuenez, besteak beste, 750.000 euroko partida bat sortu da hiriko enpresek eta autonomoek segurtasun-materiala eros dezaten.

Zinegotziak iragarri du deialdiaren oinarrietan eskabideak aurkezteko epea “ekain erdialdera” hastea aurreikusten dela. Hala ere, zehaztu du horrelako prozesuek —aurrekontu-aldaketa garrantzitsuetatik eratorritakoak izanik— administrazio-bide bati jarraitu behar diotela, eta horren buruan dagozkien iragarkiak Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO) argitaratu behar direla.

“Sektoreari laguntzak abian jarriko genituela hitz eman genion, eta gure hitza betetzen ari gara. Epea ahalik eta azkarren irekiko da, ekain erdialdera ziur aski, administrazio prozesua errespetatu beharra baitago”, azaldu du Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren arduradunak.

Laguntza horiek Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Planaren bost ardatzetako lehenean jasotzen dira, eta hiriko sektore ekonomikoen eskaera nagusietako bati erantzuten diote. Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean daude maskarak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak, manparak, prebentzioko eta higiene sanitarioko materiala eta instalazioak desinfektatzeko materiala, hala nola gel edo xaboi desinfektatzaileak.

Birusak eragindako aholkularitza- eta kontsultoria-gastuak ere finantzatuko dira, baita itxialdian egindako eraldaketa digitalarekin lotutako inbertsioak ere. Zehazki, hamar langile baino gutxiago dituzten enpresa txikientzat izango dira laguntzak.

 

 

Share

Gasteizek Tornay Medikuaren plaza estreinatu du, oinezkoentzako gune guztiz berritu eta modernoa, zeinean ia milioi bat euro inbertitu baita

 

– “Espazio publikoaren berrantolaketa Orain Gasteiz planaren lehentasunetako bat da”, nabarmendu du Gorka Urtaranek

– 5.500 metro koadrotan esku hartu da, eta hiruki formako bi barne-plazatxo sortu dira, bizitzaz eta jardueraz beteak

– Miranda de Ebro, Cola y Goiti eta Trebiñoko Konderriaren kaleak oinezkoen lehentasunezko gunetzat identifikatuko ditu Udalak

 

 Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gasteizek plaza berria estreinatu du, bukatu baitira Tornay Medikuaren kalea oinezkoentzako bihurtzeko lanak. Ia milioi bat euro inbertitu da lan horietan, zeinak iazko abuztuan hasi baitziren. “Gaur goizean egiaztatu dezakegu esku-hartzeak merezi izan duela benetan. Orain oinezkoentzako espazio atsegina, irisgarria eta berritua dugu. Lehen ibilgailu aparkatuak eta ibiltzeko leku gutxi zegoen leku batean egoteko leku kalitate handikoa dugu, non pertsonak bide publikoaren erdigunean baitaude, eta ostalaritza eta merkataritza jarduera, bizitza”, azaldu du alkate Gorka Urtaranek Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredorekin batera egin duen bisitan; inguruko auzokoen eta merkatarien ordezkariak ere izan dira bertan.

Orain Gasteiz plana aurkeztu genuenean esan genuen espazio publikoaren berrantolaketa funtsezkoa zela COVID-19aren pandemiak sortutako egoerari aurre egiteko. Eta plaza berri honek ezin hobeto adierazten du zer ekar dezakeen oinezkoentzako espazioak zabaltzeak eta Gasteizko auzoetan super-etxadiaren eredua garatzeak“, erantsi du Gorka Urtaranek. 

Promociones y Pavimentaciones Balgorza SA enpresa arduratu da eraberritze-lanez, eta horiei esker, Olagibel kaleak, Judimendi hiribideak, Done Jakue hiribideak eta Jose Mardones kaleak mugatutako ‘super-etxadiaren’ erdigunea sortu da, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planari jarraituz.

Izan ere, alderdi horrek espaloi estuak eta ibilbide bihurgunetsuak zituen, eta ibilgailu pribatuek hartzen zuten leku gehiena. Esku-hartzeak 5.500 metro koadroko eremu batean izan du eragina: oinezkoentzako pasabide goratuak jarri dira Benito Ginea eta Cola y Goiti kaleekiko bidegurutzeetan, irisgarritasuna hobetzeko. Done Jakue hiribidean ere beste zebra-bide bat jarri da. Halaber, Olagibel kalearen amaieran Judimendiren sarreran dagoen oinezkoentzako pasabidea aldatu da, seguruagoa izan dadin, bihurgune batean baitago.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak hiruki formako bi barne-plazatxo diseinatu zituen Tornay Medikuaren kalerako, zeinek galtzada-harri zeramikozko zoladura baitute, gainerako lekuetan erabilitako zoladurarekin kontraste eginez. Miranda de Ebro kalea eta Trebiñoko Konderriaren kalea, berriz, ibilgailuentzat izango dira aurrerantzean ere, Done Jakue hiribidetik sartu eta irteten delarik. Tornay Medikuaren kaleko zatian, ordea, galtzada espaloien mailan utzi da, oinezkoei lehentasuna emanez; asfalto leunduzko zoladura jarri da hor. Orobat, Saez de Quejana kaleko parterreak kendu dira, eta Trebiñoko Konderriaren kaleko haurrentzako jolasgunea handitu da.

Hiri-altzariak, TUVISAren geltokia eta dirulaguntza

Bide batez, Udalak argiteria publikoaren sarea eta saneamendu-sarea egokitu eta modernizatu ditu, eta hiri-altzariak berritu, eserlekuak, paperontziak, bizikleta aparkatzekoak, piboteak eta bi iturri jarrita. Auzokoek estatutakoari jarraituz, zuhaitz batzuk kendu dira, gaixo zeudelako edo fatxadetatik oso hurbil. Horien truke beste zuhaitz batzuk landatu dira, datozen hilabeteetan haziko direnak. Zehazki, masustondoak landatu dira txorkoetan, eta tamaina handiko Celtis australis (almez) bat.

Horren guztiaren osagarri, TUVISAren Judimendi/San Juan geltokia lekuz aldatu da, oinezkoentzako pasabidetik urrunago dagoen leku batera, segurtasun-arrazoiak direla eta. Azkenik, desagertzen diren aparkaleku-plazak konpentsatzeko, Udalak beste leku batzuk egokitu ditu Jose Mardones kalean eta Judimendi hiribidean.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 120.000 euroko dirulaguntza eman dio Udalari lan horiek egiteko.

Share