Prentsa Oharren banner

Gasteizko Udalak Espainiako Gobernuak emandako 37.000 maskara jaso ditu

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Espainiako Gobernuak hiriari emandako 37.000 maskarako multzoaren zati bat jaso du, Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Denis Itxasoren eskuetatik. Bidalketa horretaz gain, beste 13.000 maskara eman ditu Arabako Foru Aldundiak lurraldeko gainerako udalerrietan banatu ditzan. Administrazio zentralak 13.000 ale emango dizkie EAEko udalei orotara.

 

Gorka Urtaranek zein Denis Itxasok koronabirusak sortutako pandemiari aurre egitean erakundeen artean izandako lankidetzaren balioa azpimarratu dute. Gizarte entitateek, Eusko Jaurlaritzak, aldundiek, udalek eta EUDELek lagunduko dute babesteko materialak banatzen gaurtik aurrera.

Gasteizko alkateak Gobernuaren laguntza eskertu du. “Laguntza oro ongi etorria da, eta maskara hauei esker, zalantzarik gabe, Udalak babes-material gehiago izan dezake egunez egun gure plantillaren eta herritarren premiei erantzun eraginkorragoa emateko”, adierazi du Urtaranek, eta gogoratu du babesteko materiala arduraz  erabili beharra dagoela. “Higiene neurrien garrantzia aintzat hartzen jarraitu behar dugu, eta maskarak zuzen eta egoera bakoitzean behar den bezala erabili”, erantsi du.

Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari  Denis Itxasok, berriz, itxialdia arintzean ere “euskal herritarrak erantzukizun eta gizabide eredua ematen ari” direla nabarmendu du. “Banaketaren arrakasta ez da neurtuko ematen diren maskaren kopuruagatik, baizik eta gaurtik aurrera erabiltzea nahitaezkoa zela ez zekitenei —gutxienak— eman ahal izateagatik, ziur aski. Normaltasun berrirantz ematen ari garen pauso zuhurrak ez ziren posible izango herritarren kontzientziaziorik gabe. Haien konpromisoari esker ari gara lortzen helburuak”, esan du.

Share

Esleitu da Gasteizko Hirigune Historikoaren gizarte, ekonomia, hirigintza eta ingurumen beharrizanak sakon ikertuko dituen azterlana

21 Zabalgunearen kontseiluak Paisaje Transversal SLL enpresari esleitu dio Gasteizko Hirigune Historikoaren gizarte, ekonomia, hirigintza eta ingurumen beharrizanak sakon ikertuko dituen azterlana, 42.750 euroan, eta gauzatzeko hamar asteko epea emanda.

Lanak sakon aztertuko du zein diren Hirigune Historikoaren gizarte, ekonomia, hirigintza eta ingurumen beharrizanak, eta zein diren alderdi horretako agente nagusiak.

21 Zabalguneko lehendakari Ana Oregik positibotzat jo du proposamenari emandako sostengua, lehen urratsa baita Erdi Aroko Hirigunearen Birgaitze Integraturako Plan Berezi berria lantzeko. Agintaldirako planean jasota dago hiriko alderdi hori biziberritzeko plana: eraikuntzak hobetzea da asmoa, eta gizarte-  eta ingurumen-izaerako alderdiak hobetzea, baita hirigintza-araudia berrikustea ere, ekoizpen-, gizarte- eta kultura-jarduera berriak gara daitezela errazteko, auzo horri bizitasun eta erakargarritasun handiagoa emate aldera.

 Beharrezkoa da inguru horretan esku-hartze publikoa areagotzea, degradazioa geldiarazteko eta bertako gizarte, ekonomia, hirigintza, eraikuntza, ingurumen eta kudeaketa baldintzak hiriko gainerako lekuetakoekin parekatzeko. Ildo estrategiko batzuk landuko ditugu, hainbat alorretako araudietan eskatutakoa bete ahal izateko: ondarea, hirigintza, eraikuntza, iraunkortasuna, eraginkortasun energetikoa, baita ekitatea eta genero-ikuspegia ere”, nabarmendu du.

Azterlanaren abiapuntu gisa, Hirigune Historikoa hiri ekosistematzat hartuko da, hau da, bertan esku hartzen duten organismoen multzo batek (herritarrak, erakundeak, sail eta sozietateak, fundazioak, elkarteak, interes-taldeak, mugimendu alternatiboak…) eta haiek elkarrekin erlazionatzeko erabiltzen duten ingurune fisikoak (etxebizitza eta lokalak, ekipamenduak, monumentu eta jauregiak, berdeguneak… espazio publikoan barne hartuta) osatutako sistematzat.

Egitura ekosistemiko hori aztertzeko lehen pausoa hartan esku hartzen duten agenteen arkitektura osatzea izango da. Horretarako, agenteak zerrendatu, deskribatu eta ordenatuko dira, eta bakoitzari buruzko informazioa bilduko, Hirigune Historikoan duten jarduera kontuan hartuz.

Informazioa bildu ondoren, eta kudeaketa aurreratuko irizpideei jarraituz, alde indartsuak eta hobetu beharrekoak identifikatuko dira Hirigune Historikoaren bizigarritasun, lehiakortasun, erresilientzia eta iraunkortasunean eragina duten alderdietan, eta jarduteko estrategiak proposatu eta ahalbidetuko dira. Gainera, hobekuntza-jardueren proposamena gauzatzeko eta jarduera programa diseinatzeko gutxi gorabeherako planteamendu ekonomiko eta finantzarioa jasoko du azterlanak.

“Udala kudeaketa aurreratuko tresnez hornitzea da gure helburua, zeinek oraingo eta geroko eskaerei erantzun integrala emango baitiete, ekintza berezia behar baita degradazioa eragozteko, biziberrituz eta eraikitako monumentu multzoaren, espazio urbanoaren eta gizarte ehunaren balioa nabarmenduz”, azaldu du Ana Oregik.

Azterlana izango da abiapuntua Hirigune Historikoko agente eta herritarrekin partaidetza- eta hitzarmen-prozesu bati ekiteko, ondoren Birgaitze Integraturako Plan Berezia berrikusteko.

 

Share

Gasteiz birgaitzeko laguntzen sistema berraztertzen ari da, gehien behar duten pertsonengana iristeko eta premia handieneko jarduerei ekiteko

 

Talde politikoek datorren hilean aurkeztuko dituzte Gobernuaren ekimen honen inguruko proposamenak.

 

Gasteiz birgaitzeko laguntzen sistema berraztertzen ari da, hartara gehien behar duten pertsonengana iristeko eta premi handieneko jarduerei ekiteko Horrela planteatu dio 21 Zabalguneko lehendakari Ana Oregik gaur goizean bildu den kontseiluari. Laguntza-deialdi berriaren hasierako planteamenduak Elkarrekin taldearen babesa izan zuen. Horren arabera, 21 Zabalguneak maileguak emango lituzke, birgaitzearen % 100erainokoak, barne hartuta proiektua, tasak, zergak eta gerta daitezkeen beste gastu batzuk.

Talde politikoek datorren hilean egingo dituzte Gobernuaren ekimen honetarako proposamenak.

Oinarri berriek zenbait faktore hartu izan dituzte aintzat. Azken urteetan laguntzak bideratzeko zenbait arau aplikatu diren arren, ez da lortu Gasteizen egoera txarrenean dauden eraikinen birgaitzean nahi bezain beste aurrera egiterik. “Horretan eragin gehien izan duen faktoreetako bat birgaitze-obrei ekin ahal izateko behar beste baliabide ekonomiko eza izan da, batez ere errenta baxueneko bizilagunen artean”, azaldu du Ana Oregik. Gainera, kasu batzuetan diruz lagundutako jarduerak ez dira lehentasun handienekoak izan; esaterako, bazter geratu dira premia handieneko esku-hartze batzuk, irisgarritasunarekin edo egitura-sendotzearekin lotutakoak.

Izan ere, egungo laguntza-ereduan, 21 Zabalguneari dagozkion zereginak, funtsean, eskaerak jasotzera, indarreko araua betetze-maila ebaluatzera eta aldian aldiko dagokion zenbatekoa ordaintzera mugatzen dira. Bestalde, 21 Zabalguneak sortutako diru-sarrerak udalaren lurzoru-ondaretzat jotzen dira, eta horrek ez du partikularren ondare higiezina birgaitzeko itzuli beharrik gabeko dirulaguntzetara bideratzeko aukerarik ematen.

Gainera, Udalak ez du diru nahikorik itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bide bakarraren bitartez hiriko zenbait gunetan gertatzen ari den eraikinen narriadura arazoari aurre egiteko, batez ere hirigune historikoan. Eusko Jaurlaritzak badu itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen sistema bat urteko 25.000 € arteko errenta-tartekoentzat, kreditu-erakunde pribatuekin finantza-lankidetzarako tresna batekin osatzen dena.

21 Zabalguneko lehendakariaren aburuz, Birgaitzeari buruzko arau berriak “arreta egin behar lieke, batez ere, errenta-tarte baxuenei, lehentasun handieneko kasuetan birgaitzeari ekiteko aukera emanez, eta estaliz, beharrezkoa balitz, birgaitzearen gastuen zenbateko osoa. Hots, lehentasuna emango lieke eraikinak birgaitzea eta onik zaintzea oztopatzen dituzten zaurgarritasun-egoerei, izan ere horiek udal-ondarea narriatzera baitaramate, zeharka bada ere, eta txarrerako eragiten baitute auzoaren eta hiri osoaren bizi-baldintzetan”.

Birgaitzea sustatzeko eredu berriak udalaren lurzoru-ondarea baliatu beharko luke, 21 Zabalguneri zor gehiegirik sortu gabe. Gainera, 21 Zabalgunek oso komenigarritzat jotzen du arau berria zenbait urterako izatea, hartara aukera emango lukeelako birgaitze-jarduerak programatzeko ez soilik epe laburrean, eta segurtasuna emango liekeelako eskatzaileei aplikazio-erregimenari dagokionez. Arau berriak errenta-tarte baxuenak artatuko lituzke lehentasunez, zein Gizarte Politiken Sailak aztertu eta eguneratuko beharko bailituzke. Horren arabera, 21 Zabalguneak maileguak emango lituzke, birgaitzearen % 100erainokoak, barne hartuta proiektua, tasak, zergak eta gerta daitezkeen beste gastu batzuk. Mailegu horiek zama hipotekario gisa islatuko lirateke birgaitutako eraikinean, eta epeak kasu bakoitzaren inguruabarren arabera ezarriko lirateke.  21 Zabalguneak jarduera proaktiboa izango luke, eta, horrenbestez: informazioa emango lieke bizilagunei, eta hiriko auzo narriatuenen birgaitzea sustatuko luke; hiri-birgaitzeko proiektuak identifikatu eta erredaktatuko lituzke, baita obrak kontratatu eta gainbegiratu ere; hipotekak emateko funts propioa sortuko luke; bigarren hipoteken gainean arituz gero, kobraezinak hartuko lituzke bere gain; esku-hartze bitartean pertsonen eguneroko bizitza aldari dezaketen ondorioak aurreikusiko lituzke, esaterako  beste bizileku bat eman beharra.

Eredu berri hori ahalik eta azkarren abiaraztea gorabehera, 2020an erredaktatuko litzatekeen Gasteizko Hiri-Birgaitze eta -Zaharberritzerako zenbait urteko Gida-plan baten bidez egituratuko litzateke. Planaren zuzkidura ekonomikoa zenbait urterako konpromiso-kreditu bidez kudeatuko litzateke, gutxienez agintaldi osorako, hura abian jartzea bermatzeari begira. Behin plana abiarazita, diru-sarrera eta -irteeren arteko oreka ekonomikoa bilatuko litzateke pixkanaka, halako moduan non ez den beharrezko izango funts gehiago gehitzea. Edonola ere, eta behar izatera, Sozietateak denbora-tarte horretan sortutako udalaren lurzoru-ondaretik hartuko ahalko litzateke.

 

Share

Eskerrak pandemia-garaiko hiriko desinfekzio-zerbitzuei

Iñigo Urkullu lehendakariak bat egin du Gorka Urtaran alkatearen gonbidapenarekin, krisi sanitarioaren garaian Gasteizko garbiketaz arduratzen ari diren langileei eskerrak emateko

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Pandemiaren kudeaketa eta kontrolaren zutabeetako bat dira Gasteizen, eta Udalaren ekintzaren lehentasunezko ardatzetako bat, denbora honetan. Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Gorka Urtaran alkatearen esker ona jaso dute gaur goizean hiriko desinfekzio-zerbitzu berezietako langileek. Gasteizko alkateak gonbidapena egin zion lehendakariari, martxoaren hasieratik kale, espazio publiko eta pertsonen joan-etorri handieneko guneak desinfektatzen —Euskadiko hiriburuan inoiz izan gabeko jardunean— ahalegindu diren langileei zuzenean eskerrak emateko.

Espazio publikoetan egiten dira desinfektatze-lanak, eta bereziki hauek garbitzen: edukiontzietako heldulekuak, paperontziak, eskudelak, farmazia, supermerkatu eta elikadura denden sarrerak, hirigune historikoko eskailera mekanikoak, bilketa pneumatikorako buzoiak eta autobus eta tranbien markesinak. Gainera, egunero bermatu da hiriko bi ospitaleak desinfektatzea, anbulatorio guztiak, osasun-zentroak, Lakua hotela, baita tren- eta autobus-geltokiak eta Gasteizko adinekoen egoitzak eta gizarteratzeko baliabide guztiak ere. Gainerako eremuak 48 eta 72 orduko maiztasunez garbitu dira.

Alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie “desinfektatzeko, garbitzeko eta biltzeko zerbitzuetako langile guztiei, tratamendu-instalazioetako langileei, zabortegietako langileei, garbiguneetako langileei eta zerbitzuak hobetzeko eta egokitzeko biziki lan egin duten saileko langile guztiei. Baita hondakinen kontratuak kudeatzen dituzten enpresei ere, lehen egunetik aparteko prestutasuna erakutsi baitute”. Gorka Urtaranek ez ditu ahaztu osasun-langileak, udaltzainak, suhiltzaileak, sanitateko langileak, foru suhiltzaileak, Ertzaintza eta UMEko langileak. “Ezin konta ahala babes-adierazpen jaso dira, enpresa eta erakunde askotatik. Eskerrak eman nahi dizkiet guztiei“. Orobat nabarmendu du alkateak, “herritarrek lan horren aurrean egin dituzten eskerron-adierazpen ugariak, hala nola kartelekin, sareetako mezuekin edo edukiontzietako marrazki maitekorrekin. Animoa eta indarra eman diete egunero Gasteizen alde lan egiten duten pertsonei, hain egoera zailean”.

Alkateak gogorarazi duenez, nazioarteko krisi sanitarioa hasi zenetik, udal gobernu-taldeak higienearen eta udal eraikinen eta espazio publikoen garbiketaren garrantzia azpimarratu du. “Hondakinen kudeaketa eta garbiketa publikoa hasieratik ulertu ditugu funtsezko eta lehentasunezko zerbitzu gisa. Hori dela eta, egoera berrira egokitu dira, hasieratik bertatik, zeregin eta protokoloak, beti ere goi-mailako erakundeek ezarritako osasun-premisei jarraituz eta langileen segurtasunari lehentasuna emanez”, azaldu du Gorka Urtaranek.

 

Desinfekzioa, sektoreka

Dekretuak eta jarraibideak onesten joan ahala, errefortzuak eta ekintza-protokoloak aktibatzen joan da Udala. Horrela, garbiketako udal-langileak, Gasteizko Udalaren mendeko ikastetxeak eta prestakuntza-zentroak itxi ondoren, garbiketa indartzera bideratu ziren, hainbat instalaziotara, hala nola autobus-geltokira, Harrera Sozialerako Udal Zentrora, Udaltzaingoaren instalazioetara, Arkupeetako jantoki sozialera, Aterpera, Aurora etxebizitza komunitariora, San Prudentzioko egoitzara, OKUSera, Santa Isabel eta Salbaitzearen hilerrietara eta Pio Baroja kiroldegira. San Martin eraikinean ere ukipen-eremuen desinfekzio berezia egin zen.

Martxoaren 18tik aurrera, eta Ministerioaren instrukzioaren berri izan ondoren, protokolo espezifikoak jarri ziren martxan desinfekzio-errefortzuekin, ureztatze mistoekin hasita. Gainera, krisi sanitario honetan lehentasunezko puntuak desinfektatu ziren (Txagorritxu, Santiago, tren- eta autobus-geltokiak…). Halaber, bi desinfekzio-ekipo kontratatu ziren garraio-puntu berezietan jarduteko, desinfektatzaile homologatuekin.

Desinfekzio lainoztatuari ekiteko, Udalak 40 sektoretan banatu du hiria. Gasteizko Udalaren menpeko zerbitzu eta kontratetakoak 25/39 talde dituzte lanegunetan Gasteiz udalerriko kaleetan desinfekzio lainoztatua egiten, eta  8/12 larunbat, igande eta jaiegunetan, langileen babes-ekipoen eta bajan daudenen arabera.

Asteburuetan, halaber, desinfekzio lainoztatuko ekipoez gain, galtzadak mekanikoki ureztatzeko hiru ekipo jarri ziren, hidrogarbigailu bat eta ureztatze mistoa, desinfektatzaile espezifiko batekin.

Tranbiaren markesinak Udaleko ekipoek desinfektatu dituzte, harik eta Euskotrenek lan horretaz arduratuko ziren desinfekzio-lantaldeak jarri zituen arte.

Ertzaintzak autobus-geltokia, Gurutze Gorriaren eraikina eta erakundearen beraren egoitzak desinfektatu ditu.

UMEk martxoaren 25ean tren-geltokia desinfektatu zuen, 29an Forondako aireportua, eta apirilaren 12an Zaballako kartzela. Duela gutxi gotzaindegiaren hainbat instalazio ere desinfektatu ditu.

Gasteizko suhiltzaileak, lurraldeko suhiltzaileekin batera, Aldundiaren menpe dauden Gasteizko egoitza publikoen desinfekzioaz arduratu dira, baita egoitza pribatuez ere. 

 

Share

Etxebizitzaren behatoki propioa izango du Gasteizek

Udalerriko etxebizitzaren benetako egoera zentralizatua kontsultatzeko aukera emango du web-tresna berriak, eta mapa tematikoak, eduki estatistikoa, kartografia, txostenak eta azterlanak bilduko.

 

Gaur onetsi du 21 Zabalguneak Gasteizek Etxebizitzaren Udal Behatokia izan dezan beharrezko diren tramiteak abian jartzea, Elkarrekin taldeak aurrekontu-akordioaren barruan bultzatu eta udal gobernuak kontseiluari helarazitako proposamenaren ildotik. Ekimenak alderdi guztien baimena izan du, PPrena izan ezik.

Etxebizitzaren arloko informazioa eta ezagutza eskuratu eta transferitzeko aukera emango duen tresna izango da Gasteizko Etxebizitzaren Udal Behatokia, perspektiba hirukoitz batetik: eremu publikoan erabakiak hartzeko prozesurako laguntza gisa, etxebizitza eskuratzeko eskubide unibertsala betetzen laguntzeko; herritarren, ordezkari publikoen, gizarte-eragileen eta sektoreko profesionalen informazio-eskaerei erantzuteko tresna gisa, eta etxebizitzaren errealitatea ikuspuntu objektibo eta instituzional batetik gardentasunez erakusteko erreferente gisa.

“Internet bidez eta beste hedabide batzuetan kontsulta daitekeen etxebizitzaren egoerari buruzko informazio asko dago, baina horrek ez du eskaintzen modu bizkor eta intuitiboan sektore horren problematika bere alderdi guztietan islatuko duen gordailu bat. Gasteizko udalerriko etxebizitzaren egoerari buruzko informazio estatistikoa eta bisuala atera, hautatu eta erakutsiko du behatokiak, egiaztatutako webguneetatik eta txostenetatik aterea, tresna arin eta intuitibo baten bidez kontsultatzerik izan dadin”, azaldu du 21 Zabalgunearen lehendakari Ana Oregik.

Elkarrekin taldearen bozeramaile Oscar Fernándezek, berriz, uste du neurri horrekin Gasteizko pertsona guztiei etxebizitza duina bermatzeko bidean aurrera egiteko tresna berri bat jartzen dela martxan. “Etxebizitzaren Udal Behatokiari esker, hiriko alokairuaren prezioen errealitatea ezagutu ahal izango dugu, gaur egun herritarren parte handi batentzat eskuraezinak baitira, eta gehiegikeriak ekidin eta etxebizitza eskuratzeko aukera bermatu”.

21 Zabalguneak berak egindako azterlanak gehitu ahal izango ditu behatokiak, orain eskuragarri ez dagoen informazioa emateko —problematika espezifikoei aurre egiteko interesgarritzat jotzen direlarik—, Gasteizko etxebizitzen egoerari buruzko erradiografia hobetze aldera. Gainera, azterketa partekatua egiteko lekua izango da, eta orobat albiste garrantzitsuenak jasotzeko, datu historikoak, gaur-gaurko egoerak eta beste azalduko diren lekua. Guztia ere udalerriko eta inguruko etxebizitzaren errealitatearen isla objektibo bihurtzeko.

Gasteizko Etxebizitzaren Udal Behatokian txostenak eta estatistikak sortuko dira, eta pdf formatuan deskargatu ahal izango dira, eskatu ahala.

Informazio geografikoa eskainiko du, hainbat konturen inguruan —etxebizitzaren merkatua, hirigintza-plangintza, katastroa—, eta oinarrizko edo erreferentziazko beste baliabide kartografiko batzuk —auzoen mugaketak, barrutiak, kale-izendegi ofiziala, udalerriaren airetiko ortoargazki eguneratua…—. Gainera, gaikako mapak sortzeko ahalmena izango du, hala nola merkatuaren zonifikazioak, analisi-aldagai desberdinen arabera —salmenta-prezioak metro koadroko, alokairu-prezioak metro koadroko, etxebizitza-tipologia, biztanleria-dentsitatea eta abar—. Gasteizko Udalaren beraren datu-baseetatik eta mapetatik nahiz besteren iturri ofizialetatik sortuko da informazio hori.

Mapek oinarrizko hainbat funtzionalitate izango dituzte; aukera emango baitiote erabiltzaileari mapan modu arin eta intuitiboan nabigatzeko, edo geografikoki bilatu eta aurkitzeko ezaugarri semantiko jakin batzuk betetzen dituzten higiezinak edo higiezin-multzoak.

 

 

Share

21 Zabalguneak galerak murrizten jarraitzen du 2019ko kontuen balantzean

Sozietateak hiria birgaitzeko eta biziberritzeko esku hartzeetara bideratu nahi du ahalik eta gehien.

 

Gaur kontseiluari erakutsitako 2019ko kontuen eta horien auditoria-txostenean jasotakoaren arabera, 21 Zabalgunea murrizten doa azken urteotako galerak (2019an 2,8 milioi euro, 2018an 4,1 milioi euro eta 2017an  6,5 milioi euro). Gainera, Eusko Jaurlaritzari lur sail bat doan emateagatik eta konpentsazio-batzarrei kobratutako interesak borondatezko erreserbetan sartzeko errekerimenduagatik ez balitz, sozietateak ekitaldi honetan ez zukeen galerarik izango.

Honi dagokionez, presidenteak nahiago du galerak alde negatibo gisa bakarrik ez jotzea, neurri handi batean, izaera sozialeko esku-hartzeen ondorio dira eta: etxebizitzak ostatu-larrialdietarako prestatzeko gastuak eta doako lagapenak, GKE-ei eta udalari berari aretoak lagatzeak, higiezin eta lursailen komodatua bazkide bakarrari ematea izaera publikoko esku hartzeetarako, besteak beste.

Txostenak ohartarazten duenez, higiezinen merkatuaren gorakada oso handia izan ezik (epe laburrean ez da horrelakorik ikusten), zaila izango da sozietateak onurak izatea. “Nolanahi ere, hori ez da helburua; izan ere, eskura dagoen marjina guztia hiria birgaitzeko eta biziberritzeko jardueretara bideratu nahi da”, azaldu du Zabalguneko lehendakari Ana Oregik; “Udalak funtsak emateko gero eta zailtasun handiagoak dituenez (COVID19ren krisiagatik are larriagoak), gizartearen ekonomia-buruaskitasuna lortu behar da. Ildo horretan, etxebizitzak birgaitzeko arau berri bat diseinatu da, finantza-izaerakoa eta horren bitartez udalaren lurzoru ondareko baliabideak jarduera horretarako erabili ahalko dira, eta, epe ertainean, oreka lortu ahalko da  esku hartze horietara bideratutako  kontuetan. Hala ere, arau horrek bultzada ekonomiko handia eskatuko du lehen urteetan, eta lanean ari dira, jada, udalarekin batera”.

Horretaz gain, ekonomia-buruaskitasunari eta birgaitzeari bultzada emate aldera, 21 Zabalguneak beharrezkotzat jotzen du, halaber, sozietatearen aktibo higiezinen salmentak ahalik eta gehien handitzea. 

“2020rako aurreikuspenek neurri batean baikorrak izatera garamatzate. Sozietatearen kontuak finantza-karga handiak izan arren, Salburuko eta Zabalganeko konpentsazio batzarrei ordaintzeke dituzten kuotak kobratuta, eta egingarritzat jotzen den hainbat oruberen salmentarekin, uste dugu kontuak orekatu ditzakegula eta  aparteko baliabide batzuk sortu ere, birgaikuntza arau berrian erabiltzeko.. Uste dugu une hau aukera bikaina izan daitekeela gizartearen birgaitze-jarduera garatzera bideratutako funtsak erakartzeko, modu horretan tokiko susperraldi ekonomikoa bultzatzen lagunduz “, aurreratu du Ana Oregik.

Share

Adinekoentzako Aholkularitza Juridikoko Zerbitzuak telefonoz erantzungo die kontsultei

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak eta Arabako Abokatuen Elkargoak adinekoei eskaintzen dieten Aholkularitza Juridikoko Zerbitzua martxan jarri da berriro, osasun-alerta dela kausa azken asteetan itxita egon ondoren.

Pandemiak ezarritako murrizketek irauten duten bitartean, telefonoz edo bideokonferentziaz eskainiko zaie arreta 60 urtetik gorakoei edo familia zaintzaileei. Aurretik hitzordua eskatu beharko dute, 945 231050 telefonora deituta, 9:00etatik 13:00etara nahiz 16:00etatik 18:00etara, edo mezu bat bidalita colegio@icaalava.org helbidera.

Arabako Abokatuen Elkargoko abokatuak arduratzen dira hainbat gairi buruzko aholkularitza juridikoa emateaz, doan: zuzenbide zibila (jaraunspenak, salerosketak, mendekotasuna…); Gizarte Segurantza (pentsioak, dirulaguntzak…); zigor zuzenbidea (tratu txarrak, utzikeria, tratu desegokia…); administrazio zuzenbidea (isunak, erreklamazioak…); etxebizitza (kaleratzeak, traba arkitektonikoak…), eta beste. Bazterkeria, jazarpena edo adinekoen eskubideen galera eragin ditzaketen egoerez ere ematen dute aholku.

Esku-hartze horren ondorioz beharrezkotzat joko balitz prozedura judizialean ofizioko abokatu bat izendatzea, Orientabide Juridikoak emateko Zerbitzura bideratuko litzateke arreta.

Duela hiru urtetik

Adinekoentzako Aholkularitza Juridikoko Zerbitzua duela hiru urte jarri zen abian, 2017ko maiatzean. Geroztik, pertsona askok jo dute zerbitzura.

2019an, zehazki, 201 pertsonak jaso zuten aholkularitza. Kontsulta gehien sortzen duen gaia jaraunspenena da, eta ondoren, mendekotasunarekin eta ezgaitzeekin lotutakoak, obra eta oztopo arkitektonikoak, eta etxebizitza eta etxejabe elkarteak.

Erabiltzaileek oso balioespen ona egiten dute zerbitzuaz. Iaz arreta emandako 201 pertsonetatik, 153k 5 puntu eman zizkioten —gehieneko puntuazioa, 1etik 5era arteko eskalan— eta 18k, 4 puntu. Gainerakoek ez zuten ezer adierazi.

Aholkularitza Juridikokoa

Share

Etxeko indarkeria-delitua dela eta atxilotua

 

Udaltzainek 34 urteko emakume bat atxilotu zuten larunbatean etxeko indarkeria delituaren ustezko egilea izateagatik.

Gauerdiaren ondoren jazo ziren gertaerak Lakua Arriagako etxebizitza batean. Eztabaida gogor bat zegoela zioen deia jaso ondoren, udaltzainak bertaratu ziren.

Udaltzainek bikotekideekin hitz egin zuten eta, gertaerak egiaztatu ondoren, emakumea atxilotu. Ondoren, polizia-etxera eraman eta epailearen esku utzi zuten.

Covid-19arekin lotutako salaketak

Udaltzaingoak atzo 80 salaketa jarri zituen koronabirusarekin lotuta ezarritako neurriak ez betetzeagatik. Pandemiarekin lotuta ezarritako murrizketak hasi zirenetik, udaltzainek 2.026 zigor-proposamen egin eta 20 lagun atxilotu dituzte.

Suhiltzaileak

Zubiko egunetan, suhiltzaileek 3 sutetan lagundu behar izan dute: 2 etxebizitzetan gertatu dira, eta bat Barnekale Berrian. Azken horretan ke handia sortu zen eta inguruko 4 ataritan izan zuen eragina.

 

 

 

 

 

Share

Aste honetan, oinezkoentzako pasabide berria jarriko da Olagibel kalearen eta Judimendi hiribidearen arteko bidegurutzean

Tornay Medikuaren kalea eraberritzeko lanen barruko jarduera horrek bide-segurtasuna handitzea du xede.

Asteazkenean hasiko dira lanak, eta inguruan trafikoa desbideratzera behartuko dute.

Bukatzear dira Tornay Medikuaren kalea oinezkoentzako “super-etxadi” bihurtzeko lanak. Proiektuaren barruan, bide-segurtasunarekin lotutako esku-hartze garrantzitsua aurreikusi zuen Udalak: oinezkoentzako pasabidea jartzea Olagibel kalearen eta Judimendi hiribidearen arteko bidegurutzean. Aste honetan egingo dira zebra-bidea jartzeko lanak, zehazkiago, hilaren 6ko 8.00etatik hilaren 8ko 18.00etara.

Lanak direla eta, trafikorako itxiko da Olagibel kalearen eta Judimendi hiribidearen arteko bihurgunea. Horren ordez, noranzkoa aldatuko da Benito Ginea kalean. Motordun ibilgailuak Diego Martinez de Alaba kalean barrena iritsi ahalko dira bertara. Jose Mardones kaletik Olagibel kalean lana egitekoa den lekuraino doan zatian, eta Benito Ginea kaletik Judimendi kaleraino doan zatian, bide beretik egin beharko dira sartu-irtenak, bi noranzkoetan. Judimendiko aparkalekura sarrera eta aparkalekutik irteera Olagibeletik egingo da.

Udalak seinaleztapena jarriko du inguru osoan, ibilgailuen trafikoa errazteko.

Share

(Presazkoa) Komunikabideentzako deialdia ZUZENKETA

Azkenean streaming bidez egingo da gaur, 16:00etan, udaletxean deituta zegoen harrera ekitaldia.

Bertan, Espainiako Gobernuak osasun-materiala emango dio Gasteizko Udalari; alkate Gorka Urtaranek jasoko du hori Espainiako Gobernu delegatu Denis Itxasoren eskutik.

Beraz, interesatutako komunikabideei arren eskatzen zaie ez etortzea udaletxera ekitaldi horren berri ematera; honako helbidean jarraitu ahal izango dute streaming bidez:

https://www.youtube.com/channel/UCBBE6PcduS7BQFMhc_YD7nw/live

Share