Prentsa Oharren banner

Alkateak “Orain Gasteiz “plana aurkeztu du, hiria suspertzeko eta” inor atzean ez geratzeko” neurri sorta bat

 

  • Urtaranek osasuna babestea, gizarte-ongizatea bermatzea eta tokiko ekonomia babestea jarri ditu hiriaren berehalako estrategiaren ardatzean.
  • Gasteizko hondakin-uren analisiaren bidez covid-19a goiz detektatzeko metodo bat abian jarriko dela iragarri du.
  • Gasteizko alkateak iragarri duenez, Udalak terrazak eta mahaitxoak jartzeko azalera bikoiztea baimenduko du irailaren 30era arte edo pandemia dela kausa ezarritako edukiera-mugak kendu arte.
  • Udala kontingentzia plan bat definitzen ari da, pandemia berriz agertuko balitz hiria prest egon dadin.
  • Osasun-krisiaren ondorio sozial eta ekonomikoengatik zailtasunak dituzten Gasteizko familiek 10 milioi euroko laguntzak izango dituzte.
  • Hiriak espazio publikoa berrantolatzeari ekin dio, superetxadien planaren barruko herena berehala sortzeko asmoz.

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

DOSSIER ORAIN GASTEIZ euskera

 

Gorka Urtaran alkateak “Orain Gasteiz” plana aurkeztu du gaur goizean. Planak osasuna prebenitzeko, gizarte-laguntza indartzeko eta tokiko ekonomia sustatzeko neurri sorta bat jasotzen du, hiru arlo horietan izan baitu eragin handiena pandemiak. Planak udalaren esku-hartzea planifikatu eta ordenatu nahi du urte amaierara arte, orain garrantzitsuentzat jotzen diren arlo eta jarduerak lehenetsiz. 

“Hiriaren berehalako estrategiak helburu hauek ditu: osasuna babestea; gasteiztar guztien gizarte-ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzea, batez ere zailtasunei aurre egin behar dieten familiei begira; gure enpresak, gure saltokiak eta gure ostalaritza sustatzea, eta inbertsio publikoa ardatz estrategikoetan mantentzea, enpleguan, kontsumoan eta biziberritzean duen eragin biderkatzaileak Gasteizko gizartean eragin dezan. Orain, dena eman behar dugu Gasteizen alde, gure familien, gure ekonomiaren, gure bizi-kalitatearen alde. Udalak horretan jarriko ditu indarrak, baina bide hori konpromiso indibidual eta kolektibotik egin behar dugu, inor atzean gera ez dadin, nabarmendu du alkateak.  Gorka Urtaranek hiru ardatz nagusitan laburtu du udal gobernuaren plana: orain, gure osasuna; orain, gure ongizatea eta bizi-kalitatea; orain, gure ekonomia.

 

1.- Orain, gure osasuna

1.1.- Pandemiaren jarraipena eta alerta goiztiarreko sistema

Udal Gobernuak osasun-krisian izan duen lehentasun handienetako bat izan da, eta hala izaten jarraitzen du, pandemiak gasteiztarren artean izan duen bilakaeraren jarraipen zorrotza egitea, osasuna babesten laguntzen duten erabakiak hartu ahal izateko. Horretarako, Udalak lankidetza estua du Osakidetzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin, besteak beste.

Gainera, jarraipen eta prebentzio neurri berri bat iragarri du gaur alkateak: EHUko eta Osakidetzako ikertzaileek bultzatutako lankidetza proiektu bat, zeinean Arabako Aldundiak, Bioarabak eta AMVISAk hartzen baitute parte, Gasteizko Udaleko Alkatetzako koordinatzailearen gidaritzapean.

Hain zuzen ere, Gasteizen hondakin urak aztertzeko metodo bat jarriko dute martxan, COVID-19a garaiz detektatzeko, farmakoak kuantifikatzeko eta gai toxikoak aztertzeko.

“Egungo pandemiaren kezka nagusietako bat etorkizunean beste agerraldi batzuk gertatzea da, kontuan hartuta kasu asintomatikoak kutsatzeko iturri garrantzitsua izan daitezkeela eta kasu horiek modu fidagarri eta azkarrean detektatzea erronka handia dela. Gasteizko Krispiñako araztegira sartzen diren eta bertatik ateratzen diren gaien analisiak aukera emango luke neurketak egiteko eta arriskuak aztertzeko. Hondakin-uretan birusaren presentzia goiz detektatzeak gizarte-ikuspegi aurreratuagoa, zentratuagoa eta orekatuagoa hartzen lagun dezake. Gaur egun, mundu osoko dozenatik gora ikerketa talde ari dira metodo hori  ebaluatzen, etorkizunean koronabirus agerraldiak iragartzeko tresna izan baitaiteke“, azaldu du alkateak.

 

1.2. Kontingentzia Plana

Gorka Urtaranek gogorarazi du Udala kontingentzia plan bat lantzen ari dela, pandemiaren balizko agerraldi baten aurrean hiria prest egon dadin.

Plan horrek aurreikusten du bermatuta izatea norbera babesteko ekipamenduen hornidura, baita lanaren barne-antolamendurako protokolo bat eta udal zerbitzu eta baliabideen kanporako beste protokolo bat ere, herritarrei aparteko beharrizanetan erantzun ahal izateko, gaitza berriz agertuz gero.

Neurri horiez gain, test masiboak egingo zaizkie hainbat zerbitzutako langileei, hala nola Udaltzaingokoei, Suhiltzaileei eta Etxean Laguntzeko Zerbitzukoei. Udalen eskaera bat da, Eudeleko presidentea den aldetik alkateak Babes Zibileko Planaren aholku-batzordeari helarazi ziona, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aintzat hartu du.

 

1.3.- Espazio publiko seguruagoa eta osasungarriagoa

Gaur egungo osasun-krisian, Udalaren beste lehentasunetako bat espazio publikoa osasungarria izan dadin zaintzea da, eta kutsatzeko arrisku handiena duten eremuetan desinfektatze- eta garbiketa-lanak zorroztea. Horren harira, Gorka Urtaranek baieztatu du desinfektatze lan bereziei eutsiko dietela, eta iragarri du lan horiek hiriko gune jakinetara egokituko dituztela, orain kirola edo ibilaldiak egiterik dagoenez herritarrek gehiago erabiltzen baitituzte.

Horrenbestez, desinfekzioa areagotuko da jende gehien biltzen den guneetan. Alkateak jakinarazi du, halaber, Eraztun Berdeko parkeetan 40 azalpen-kartel jarriko direla, zeinetan argibideak ematen baitira horietaz gozatu ahal izateko osasun arloko neurriak betez , eta 340 baliza ere jarriko direla, ibilbide ezberdinen noranzkoa adierazteko. 

 

Ekitaldien kudeaketa ordenatua 

Udalak eskuartean duen beste erabaki bat hiriko ekitaldien kudeaketa ordenatua da, datorren udako kanpainarako. Aste honetan bertan, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ‘Uda Euskadin’ dokumentua aztertuko dute euskal erakundeek, tartean Gasteizko Udalak, zeinak udako ekitaldiak egin ahal izateko oinarrizko segurtasun irizpideak ezartzea baitu helburu. Bihar bertan, EUDELeko zuzendaritzak agiri hori aztertuko du, euskal udalek orientabide komunak izan ditzaten beren udalerrietan ekitaldiak egitea erabakitzeko orduan.

 

Pertsonentzako leku gehiago

Bestetik, Gorka Urtaranek iragarri du hiriko espazio publikoa berrantolatzeari ekingo zaiola, eta superetxadien planaren barruko herena berehala sortuko dela, besteak beste, pertsonei leku gehiago uzteko.

Espaloi zabalagoak eta bizikleta-konexio hobeak

Gasteizko Udala lanean ari da koronabirusaren pandemia dela eta ezarritako itxialdia arintzeko fase guztiak herritarren osasun- eta erosotasun-baldintza gorenetan garatu daitezen. Zentzu horretan, udal gobernua ekintza plan bat diseinatzen ari da Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saileko udal teknikariekin batera, hiriko espazio publikoa errealitate berrira egokitzearren.

Filosofia argia da: oinezkoek leku zabalagoa behar dute distantzia soziala betetzen dela bermatzeko eta desplazamendu aktiboak (oinez eta bizikletaz) lehenesteko. Ezin da ahaztu azken hamarkadan egindako lana eta Gasteizko diseinua gidatzen duen Mugikortasun Planaren filosofia. Etorkizuneko mugikortasuna jasangarria eta osasungarria izango da. Ibilgailu pribatuaren erabilera handitzea ere saihestu behar da, eta garraio publikoarekiko konfiantza berriz ezarri behar da.

Ahaztu gabe hiri berriak oso gogoan izan beharko dituela merkataritza eta ostalaritza. “Guztion artean egoera gainditzeko konponbideak aurkitu behar ditugu, baita Espazio Publikotik ere“, zehaztu du alkateak.

Plan horrek hiru estrategia mota barne hartzen ditu, betiere Mugikortasun Planean oinarrituta:

  • Leku gutxi duten eta jende ugari dabilen espazioetan espaloiak zabaltzeko esku-hartzeak. Batzuk etorkizunean oinezkoentzako kaleak izatea aurreikusten da Mugikortasun Planean.
  • Hiriko lantokietarako eta industrialdeetarako bizikleta-konexioak hobetzeko
  • Superetxadiak auzo guztietan sortzen Ildo horretan, datozen hilabeteetan gutxienez horietako % 30ean esku hartzeko asmoa agertu du alkateak, ekintza errazen bitartez. “Plan hori azkartzeko unea da“, azaldu du Gorka Urtaranek.

 

Ekintza horiek denbora-muga desberdinak dituzte. Lehenengo fasean, Udalak berehalako neurri arinak, kostu txikikoak eta behin-behinekoak proposatuko ditu. Neurriak bizkortzea eta herritarrei alternatibak ematea da helburua, piboteak, hesiak, pintura... baliatuz.

Lehen neurriak asteburu honetan bertan jarriko dira martxan, aipatutako lehen arloan: oinezkoen eremua handitzeko esku-hartzeak. Izan ere, lan batzuk gaur bertan hasiko dira.

Hauexek dira:

MANUEL IRADIER KALEKO ESPALOIAK HANDITZEA. Ezkerreko espaloia handitu egingo da, zirkulazio-errei bat hartuz. Konoekin, hesiekin eta pinturarekin seinaleztatuko da. 

SAN ANTONIO KALEA TRAFIKOARI IXTEA. Jarduera hori Andre Maria Zuriaren jaien ereduari jarraituz egingo da, ibilgailuei pasatzea eragotziko dien hesi baten bidez, ibilgailuen pasabideetarako eta zamalanetarako izan ezik. Floridako bidegurutzean jarriko dute hesia.

FLORIDA KALEKO ESPALOIAK HANDITZEA.  Dato kalearen eta Florida parkearen arteko zatian, aparkaleku lerroa ezkerrerantz mugituko da, eta zirkulaziorako eskuineko erreia hartuko du. Aparkatzeko zati hori oinezkoek erabiltzeko utziko da.Green Capital plazatik Ortiz de Zarate kalerainoko zatian, zirkulazio-errei bakarra dagoenez, aparkaleku-lerroa kenduko da, eta espazio hori oinezkoentzat utziko da. Hori da ibilgailuentzako aparkalekuak kentzera behartuko duen esku-hartze bakarra. Seinaleztatzeko konoak jarriko dira.

ORTIZ DE ZARATE KALEA. Kale horretan, eskuineko aparkalekuak poliki zirkulatzeko erreira aldatuko dira. Aparkaleku-eremu hori oinezkoentzako gune gisa geratuko da.

FRANTZIA KALEA. Asteburuan, autobus erreia oinezkoentzat izango da. Datozen asteetan, ezkerreko erreia oinezkoentzat izango da Guardien plazako bidegurutzeraino.

Bizikleta-konexioei dagokienez, leku hauetan bidegorri berriak sortzeko lanak egiten ari dira: Artapadura, Gamarrako atea, Ozeano Barea, Legutianoko Atea, Oto hiribidea, Bremen kalea.

 

Superetxadien Plana bizkortzeko unea

Esku-hartzeen hirugarren ildoa Superetxadien Plana garatzearekin lotuta dago. Gorka Urtaran alkateak gaur goizean iragarri duenez, datozen hilabeteetan Mugikortasun Planak jasotzen dituen etxadien % 30ean esku hartzeko asmoa du. Udala auzoz auzo zehazten ari da jarduketak, espazioak baketzeko, trafiko masiboa baretzeko eta supertxadien barruko eremuetarako sarbideak argi eta garbi seinaleztatzeko, aparkalekuak kendu gabe, baina soberako trafikoa kanpora ateraz.

Udalak erronka bat ezarri dio bere buruari: Gasteiz bere espazioa “superetxadien” ereduan oinarrituta eratzen duen lehen hiria izatea Estatuan.

Hiriko espazio publikoa berriz diseinatzeko proposamena oinarrituko den funtsezko pieza da “superetxadia”. Horri esker, ingurumen-kalitatea areagotuko duten aldaketak egin ahal izango dira, hiriko berdeguneak eta kaleko aisialdiko erabilerak eta jarduerak areagotzeko aukera emanez, eta kaleen erosotasuna eta bizigarritasuna are gehiago hobetzera bideratutako kontzeptu berriak sartu ahal izango dira, baita oinezko joan-etorriak eta herritarrek espazio publikoa erabili eta gozatu dezaten sustatu ere. Era berean, merkataritza dinamizatzeko aukera paregabea da, oinezkoentzat egokitu diren guneetan egiaztatu ahal izan denez, esaterako, Antso Jakitunaren kalean, Santa Barbara plazan eta, berriki, Tornay Medikuaren kalean.

 

Mahaitxoak: azalera bikoiztea 

Gorka Urtaranek beste neurri garrantzitsu bat iragarri du gaur goizean, mahaitxoen araudiari dagokiona. Gasteizko alkateak iragarri duenez, Udalak terrazak eta mahaitxoak jartzeko azalera bikoiztea ahalbidetuko du irailaren 30era arte, edo pandemiak ezarritako leku-mugak amaitu arte, ostalaritzaren sektorearentzat mesedegarriena denaren arabera.

Azalera handitze horrek ez du ekarriko ordaindu beharreko tasa handitzea. Establezimenduek bete egin beharko dituzte ordenantzan jasotako oinarrizko arauak irisgarritasunari eta gainerako lokalekiko zein pertsonekiko bizikidetzari dagokienez.

 

 

  1. Orain, gure ongizatea eta bizi-kalitatea

Osasun krisiaren ondorio sozial eta ekonomikoengatik zailtasunak dituzten familia gasteiztarrek Udalaren laguntza izango dute. Hain zuzen ere, alkateak 10 milioi euroko laguntzen funts bat gordeko dela aurreratu du, “familia bat bera ere atzean gera ez dadin. Herritar askorentzat une zailak eta zalantzazkoak dira, eta Udalak beharrizan bakoitzari erantzun egokia emango diola bermatuko du.

Gainera, alkateak nabarmendu nahi izan du udaleko Gizarte Zerbitzuetatik eta beste batzuetatik, Berdintasun Zerbitzutik, esaterako, babesa ematen ari direla bereziki ahuldade egoeran dauden adingabeei, indarkeria matxista jasateko arriskuan dauden emakumeei eta bizitegi-bazterketari aurre egiten dioten pertsonei.

 

Egoitza-ereduaren berrikuspena

Adinekoei arreta ematea da Udal Gobernuaren beste ildo estrategiko bat, haien bizi-kalitatea zaintzeko eta bakardade-egoeretan laguntzeko. Atal horretan, alkateak beste iragapen bat egin du: Udalak egungo bizitegi-eredua berraztertuko du, San Prudentzio egoitzaren eredutik formatu txikiko etxebizitza komunitarioetara aldatzeko, egokiagoak izan daitezen egungo beharretarako eta bizimodurako.

  1. Orain, gure ekonomia

3.1. Orain, gureak

Herritarren konpromisoa

Alkateak herritarren konpromisoaren garrantzia azpimarratu du, administrazioen ahaleginarekin batera. “Orain dena eman beharra dugu Gasteizen alde. Orain inoiz baino gehiago lagundu behar diegu gure dendei, gure saltokiei, gure ostalaritzari. Tokikoa kontsumitu behar dugu, gure bizilagunengan inbertitu, osasun-krisiaren ondoren hiria suspertzeko.  Udalak horretan jarriko ditu indarrak, baina bide hori konpromiso indibidual eta kolektibotik egin behar dugu, inor atzean gera ez dadin “.

Gasteizko ekonomiaren babes eta laguntza hori funtsezko bi ildotan egituratuko da: batetik, hiriko enpresak, merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza sustatzea, eta, bestetik, trantsizio energetikoranzko berrikuntza,  Gasteiz Green Deal erreferentziatzat hartuta.

 

Tokiko kontsumoa sustatzeko laguntzak

Jasotako neurrien arteko nabarmengarriena tasen eta zergen ordainketak atzeratzea dugu, beste erakunde batzuk, Arabako Aldundia edo Eusko Jaurlaritza kasu, ezartzen ari diren neurriak osatzearren. Horrez gain, alkateak gogorarazi du ostalaritzaren aktibitatea babesteko neurriak hartuko direla, terrazak handitzeko erraztasunak emanez, ahal den neurrian, eta mahaitxoei dagokienez eragin fiskala murrizteko neurriak hartuz, besteak beste; Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotziak laster aurkeztuko ditu beste  ekintza batzuk.

 

3.2. Ekonomia berdean oinarritutako berreraikuntza

 

Inbertsio publikoa mugikortasun elektrikoan 

Gorka Urtaranek inbertsio publikoari bultzada emateko konpromisoa berretsi du, “hiri eredu iraunkorrago bat garatzeko, gure nortasunaren ezaugarriei, Gasteizko Agendari eta gure Green Deal delakoari orpoz orpo jarraituko dion garapen bat. Inbertsio publikoa tokiko ekonomia bultzatzeko neurri bat ere bada. Vitoria-Gasteiz Green Deal itunean jasotako proiektuen bideragarritasuna lantzen jarraituko dugu, bizi-kalitatea hobetzen eta hiri jasangarriagoa izaten lagunduko baitigute. Ez dira proiektu berriak, baina hiriarentzat giltzarritzat jotzen ditugun eta jarduera ekonomikoari eusten lagunduko duten inbertsioei eusteko dugun konpromisoa erakusten dute “. Kapitulu horretan kokatzen dira mugikortasun elektrikoan egindako inbertsioak, esaterako, Salbururako tranbia egiteko 25 milioi euroak eta BEArako 46 milioi euroak.

Alkateak esan duenez, ekonomia suspertzeko Europatik diseinatzen ari diren laguntza planak aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan eta ekonomia berdearen garapenean oinarritutako eredua du ardatz. Izan ere, Udalerrien eta Eskualdeen Europako Kontseiluak ere —Urtaranek Eudeleko presidente gisa parte hartzen du— ildo horri jarraitzen dio.

 

Bizitegi-birgaitzea

Hainbat proiektu jarri dira abian ekonomia berderanzko aldaketa horrekin lotuta: Koroatzeko SmartENcity, Adurtzako AGREE, eraikuntzak birgaitzeko laguntzetarako arauaren berrikuspena eta Hirigune Historikoaren gizarte eta ekonomia eta hirigintza birgaikuntza egiteko azterlana, berriki esleitu dena.  Udal Gobernuarentzat, hiri-birgaitzea aukera bat da ingurunearen hobekuntza, pertsonen bizi-kalitatea eta  energia-eraginkortasuna uztartzeko eta, gainera, jarduera ekonomikori laguntzeko hiriko sektore garrantzitsu batean. Orobat, alkateak azpimarratu du mota horretako ekintzek eragin biderkatzailea dutela, eta gogora ekarri du, adibidez, aurreko legegintzaldian birgaitzeko laguntzetan egindako inbertsioek (9,4 milioi euro) 75 milioi euroko obrak sortu zituztela eta 7,5 milioi euroko BEZa sortu zutela.

 

Trantsizio energetikoranzko berrikuntza

Berrikuntzaren eta hainbat erakunderen eta sektore pribatuaren arteko lankidetzaren bidez, Udala jasangarritasun energetikoaren arloko proiektu berritzaileak definitzen eta abiatzen ari da, merkatu-hobi berriak garatzen lagun dezaketenak, jasangarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzeaz gain. Esparru horretan, Alkatetzak koordinatutako zenbait proiektu nabarmendu ditu alkateak, hala nola, “komunitate energetikoen” garapena, hirian “eguzki eraztun” bat sortzea, Gardelegiko zabortegian eguzki baratze handi bat eraikitzeko proiektua eta Gardelegiko zabortegian sortzen den biogasa aprobetxatzea, besteak beste.

“Europak dagoeneko adierazi du suspertze ekonomikoak bide horretatik joan behar duela, eta ekonomia berdearen ildotik. Horrelako proiektuak lantzeak, gainera, leku hobean jartzen gaitu Europar Batasunaren laguntza ekonomikoa jaso ahal izateko garaian “, azaldu du alkateak.

 

 

Share

Itxialdia bost aldiz urratzeagatik atxilotua

Udaltzainek atzo 19 urteko gazte bat atxilotu zuten konfinamendua bost aldiz ez betetzegatik.

Patruila batek 18:25ean identifikatu zuten. Neska Herrandarren kalean zegoen, justifikatutako arrazoirik gabe, beste emakume batekin. Itxialdia ez errespetatzeagatik bosgarren aldiz salatu zutela egiaztatu zuten udaltzainek, beraz, atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten, agintarien aurreko desobedientzia larriko delituaren ustezko egile gisa  Gaur jarriko dute epailearen esku.

 

Share

Udalak suteak itzaltzeko autoeskaileradun ibilgailu bat lagako dio Arabako Foru Aldundiari

Gaur goizean, Ogasun Batzordeak ontzat eman du Gasteizko Udalaren Prebentzio eta Su Itzaltze Zerbitzuaren ibilgailu-parkeko autoeskaileradun ibilgailu bat  Arabako Foru Aldundiari lagatzeko proposamena. Kamioiaren zereginak orain artekoak bezalakoak izango dira, baina Foru Aldundiaren suhiltzaileen zerbitzuari atxikita.

Hartara, Gasteizko Udalak erositako autoeskaileradun kamioi berriak ordezten duen ibilgailua Aldundiari emateko konpromisoa beteko da.  Eskaileradun kamioi berria laster gehituko da udal flotara; 30 metroko altuera har dezake, eta 750.079 euroko inbertsioa eskatu du.

Udalak eta Arabako Foru Aldundiak 2017ko urrian sinatutako hitzarmen baten bidez, Arabako Foru Suhiltzaileak erakunde autonomoak dirulaguntza bat eman zuen Gasteizko suhiltzaileen etxerako kamioi bat erosteko. Ibilgailu berria erabiltzeko moduan zegoenean, gaur lagatzea erabaki den autoeskaileradun ibilgailua Aldundiari emateko konpromisoa hartu zuen Udalak.

Share

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren… eta Euskara, Kultura, Hezkuntza… Batzordeak (2020-05-12)

Webgunean dago Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritza eta Turismoaren eta Sozietate Publikoen Batzordeak maiatzaren  12an (asteartea), 9.00etan, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda.

Webgunean dago Euskara, Kultura, Hezkuntza, Kirol eta Osasun Batzordeak maiatzaren 12an (asteartea), 12.00ean, egingo duen ohiko bilkura gai-zerrenda

Share

‘Gure historia etxean’ kanpainak itxialdian Gasteizi buruz ikastea proposatzen du

  • Hezkuntza eta Kultura Sailak Arabako hiriburuaren historia eta kulturari buruzko hiru bideo didaktiko jarri ditu herritarren eskura

Gasteizko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuak beste ekimen bat sortu du alarma egoerak ekarritako itxialdia eramaten laguntzeko. ‘Gure historia etxean’ izenburuaren pean, Arabako hiriburuak denboran zehar izandako bilakaera erakusten duten hiru bideo jarri dira herritarren eskura. Gasteiz Hiri Hezitzailea programaren barruko proposamena da.

‘Erdi Aroko Gasteiz’ lanak hiriaren jatorria eta Erdi Aroan izandako bilakaera erakusten ditu; ‘Gasteiz neoklasikoa’ bideoak, berriz, garai neoklasikoak hirian utzitako aztarnak aztertzen ditu, eta hainbat leku enblematikori buruzko xehetasunak ematen: Aihotz plaza, Arkupeak, Espainia plaza eta Aldundiaren jauregia.

Hirugarren bideoak ‘Gasteizko Zabalgunea’ du gaitzat: hiria harresiaz harago nola hazi zen azaltzen du, eta trena iristeak nolako eragina izan zuen  Arabako hiriburuan.

“Bideo horiek 12 urtetik gorakoei Gasteizen historia azaltzeko erabili ohi den material didaktikoaren zati bat dira. Koronabirusa dela eta, gasteiztar orori eskaintzen dizkiegu lan horiek, aisialdia bizileku duten hiriaren historia eta kultura ezagutzeko baliatzerik izan dezaten”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Proposamenaren osagarri, kanpaina bat sortu da sare sozialetan, #NuestraHistoriaEnCasa eta  #GureHistoriaEtxean traolekin.

Bideoak euskaraz nahiz gaztelaniaz eskuratu daitezke, udalaren Youtubeko kanalean, ibilbide historiko-artistikoen erreprodukzio-zerrendan.

 

Bideoak ikusi:

‘Erdi Aroko Gasteiz’

‘Gasteiz neoklasikoa’

‘Gasteizko Zabalgunea’

 

 

 

 

 

 

 

Share