Prentsa Oharren banner

Gasteizek RPK enpresaren ekarpen solidarioa aitortu du, koronabirusetik babesteko materiala eman baitu dohaintzan

 

Gorka Urtaran alkatearen audioa

Joseba Etxebarriaren audioa

Gorka Urtaran alkateak RPK Group enpresaren ekarpena eskertu du; enpresak koronabirusetik babesteko materiala eman die Osakidetzari zein Gasteizko Udalari. Aitortzeko ekitaldian, zeinean enpresaren lehendakari Josu Etxebarriak hartu baitu parte, alkateak bereziki goretsi du enpresak Txinan egindako bitartekaritza lana, maskara eta babes-jantziak urgentziaz erosteko, eta azkenean materiala Udalari dohaintzan eman izana.

Orotara 10.000 maskara kirurjiko, 2.000 FPP2 maskara, 250 babes-jantzi eta isolatzeko beste 250 jantzi eman ditu. 22.000 euro inguru balio du horrek guztiak, garraio gastuak barne, horietaz ere RPK arduratu baitzen. Osakidetzak, bestetik, 500 babes-jantzi jaso ditu; horiek 14.400 eurotik gorako balioa dute, garraioa barne.

Josu Etxebarria RPK taldeko presidenteak azpimarratu duenez, euskal kooperatiben mugimenduak pertsonak ditu bere jardueraren erdigunean, eta material dohaintza hori horren adibide da. “Gure betebeharra bete besterik ez dugu egin. Elkartasuna pertsonen ariman eta poltsikoan eragina duena da, eta hau horren adibide da”, adierazi du.

Bestalde, alkateak eskerrak eman dizkio RPKri hiriaren izenean materiala emateagatik, bai diru kopuruagatik, bai logistikak behar izan duen denboragatik, prebentzio tresnak Gasteizera iritsi ahal izateko. “Orain da Gasteizen garaia, orain da gure hiriaren aldeko apustua egiteko eta elkartasuna eta babesa adierazteko garaia, bai erakundeen aldetik, bai enpresa eta herritarron aldetik “, azpimarratu du Gorka Urtaranek.

Sinbolikoki, Josu Etxebarriak Udalak jasotako maskara eta buzoetako bana eman dizkio alkateari.

 

 

Share

Atxilotua emazteari eta alaba bati eraso egiteagatik

Udaltzaingoak atzo 59 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ali Gobeo auzoan familia bizi den etxebizitzan emazteari eta alaba bati eraso egiteagatik.

Gertakariak 14:00 inguruan jazi ziren, aitak amari eraso egin ziola esanez gazte batek egindako larrialdi-deiaren ondorioz udaltzainak etxebizitzara joan zirenean.

Iritsi zirenean, emakumeak aurpegiak kolpe handia zuela ikusi zuten udaltzainek. Seme-alabek, gertakariaren lekukoek, aitak eztabaida baten ondorioz amari eraso egin ziola eta alaba bati ere masailekoa eman ziola adierazi zuten.

Handik gutxira, udaltzainek aita komunitateko eskaileretan aurkitu zuten, eta atxilotu ondoren, polizia-etxera eraman. Gaur jarriko dute epailearen esku.

 

Share

Gasteizek hiri libre eta askotarikoa eraikitzeko dei egin du, pertsona lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualen aurkako erasoen aurrean aktiboa

 

Ikusgune LGTBI+fobiaren aurkako Gasteizko behatokiak sexu-orientazioa eta genero-identitatea direla eta izandako erasoei buruz aurten landu duen txostena aurkeztu du

Udalak “Ez zaitzala LGTBIfobiak kutsatu” kanpaina aurkeztu du, maiatzaren 17a Lesbo-Gay-Transfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta

 

Amets Martínez de Heredita audioa

Igandean Lesbo-Gay-Transfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Udalak hiri libre eta askotarikoa eraikitzeko dei egin du, pertsona lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualen aurkako erasoen aurrean aktiboa.

“Ez zaitzala LGTBIfobiak kutsatu” lemaren pean, Udalaren Berdintasun Zerbitzuak komunikazio-kanpaina bat jarriko du abian ohiko kanaletan, “aniztasuna eta arauzkoak ez diren sexualitateak, generoak eta desioak ikusarazten laguntzeko“. Ekintza zehatzen bitartez sexu- eta genero-aniztasuna agenda publikoan txertatzeko konpromisoa berresten dugu Udaletik, eta LGTBI pertsonen kontrako estigmatizatzea eta indarkeriari aurre egiteko inplikazioa. Gure ustez, eta aurreko agintalditik uste horri jarraituz ari gara, hausnarketa horiek guztiek udal politika guztiak zipriztindu behar dituzte: Berdintasun Zerbitzuaren sentsibilizazio eta laguntzatik edo gizarte-politiketatik hasita, hiri plangintza, kirolak, gizarte-etxeetako jarduera eta zerbitzuak, enplegua, gazteria eta beste kontuan hartzeraino. Soa altxatu eta ikuspegi zabalago baten beharrean ginen, hirian zer egiten den bere dimentsio errealean ikusteko”, nabarmendu du Berdintasun zinegotzi Miren Fernández de Landak.  

Kanpainaren irudiak askotariko auzokoak islatzen ditu, hainbat errealitate ikusarazteko, eta gaur egungo osasun krisia eta itxialdia ere argi aipatzen ditu.  Sentsibilizazio kanpainaz gain, udal talde politikoek erakunde adierazpena adostuko dute, urtero bezala; ostiralean zabalduko da hori.

 

Gasteizen izandako erasoei buruzko txostena

Lesbo-Gay-Transfobiaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Ikusgunek sexu-orientazioa eta genero-identitatea direla eta izandako erasoei buruz aurten landu duen txostena (2019ko maiatzetik 2020ko apirilera arte) aurkeztu du.   Ikusgune-LGTBIfobiaren kontrako Gasteizko behatokiaren ordezkari Amets Martínez de Hereditak azaldu duenez, 25 gertakari jaso dira: 12 homofobiagatik; 3, lesbofobiagatik; 3, transfobiagatik; 3, genero barruko indarkeriagatik; 2, serofobiagatik, eta 2, LGTBIfobiagatik. Horiek alor ezberdinetan gertatu dira: lana, politika, erakundeak, familia, espazio publikoa, aisialdi espazioa, sare sozialak eta hitzorduen aplikazioak.

Hogeita bost gertakari horiek hazkunde nabarmena adierazten dute aurreko txostenen aldean, 2018-2019 txostenean 13 kasu jaso baitziren, eta 2017- 2018koan, 15 kasu. Ikusguneren arabera, hazkundearen arrazoia ez da gizartean LGTBI pertsonekiko gorrotoa handitu izana, baizik eta erasotutako pertsonek gero eta beldur gutxiago izatea salatzeari, eta Behatokiak bere lana betetzeko gaitasun handiagoa izatea. “Horretaz gain, herritarrek gertakariak jakinarazteko dituzten bideak hobeto ezagutzearekin lotzen dugu hazkundea. Irainak eta jazarpena dira eraso ohikoenak, eta ondoren, gorrotoaren diskurtsoa, zeina gero eta zabalduago baitago, egoera soziopolitikoa dela eta“, nabarmendu du Amets Martínez de Hereditak.

Ikusgune-LGTBIfobiaren kontrako Gasteizko behatokiak aurkeztu duen lehen txostena da, eta LUMAGORRI ZAT elkarteak elkarren segidan egindako hirugarrena.

Homofobia, lesbofobia, transfobia eta bifobiari dagokienez Gasteizen dagoen benetako egoera ikusaraztea da hirugarren txostenaren helburua, aurrekoena bezala. Izan ere, azken hamarkadetan udalerria asko aldatu bada ere, oraindik kultura sozial normatibo bat da nagusi, zapalkuntza egoerak sorrarazten dituena, baita arau soziala betetzen ez duten pertsonen aurkako erasoak ere.

Txostenean arakatuz, kasuen tipologia ezagut daiteke, baita bakoitzaren analisia ere; informazio hori oso baliagarria da errepikatzen diren patroiei edo espazio zaurgarriagoei buruzko ondorioak ateratzeko garaian. Aurtengo txostenean berrikuntza batzuk egin dira, eta hurbilketa zehatzagoa hiru arlotara, kezka sortzen baitute: genero barruko erasoak, lesbofobiaren egoera, eta zigor legediaren aplikazioa eraso tipologia ezberdinetan.

Txostenak aurrekoek urratutako bideari jarraitzen dio, haien helburu nagusia Gasteizen dagoen errealitate bat ikusaraztea baita, gizarte zein kultur egitura normatiboek ikusezin bihurtzen baitute.   Azken hamarkadetan izandako aurrerapenak gorabehera, LGTBI+fobiak oso presente jarraitzen du Gasteizen, bai zuzeneko erasoen bidez, bai era sotilagoan, iruditeria kolektiboan oso errotuta dauden portaerak izanik ere erasoa eta diskriminazioa baitakarte.

“LGTBI pertsonei dagokienez, gure helburu nagusia da txostenaren bitartez lesbiana, gay, transexual eta bisexualei ikusaraztea erasoak ez direla inola ere onargarriak, eta funtsezkoa dela erregistratzea eta publikoki salatzea. Erasorik ez erantzunik gabe. Gure bigarren helburua da esparru egokia bermatzea edonor sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik egindako eraso bat identifikatzeko gauza izan dadin, eta informatu eta salatzeko mekanismoak ezagut ditzan. Horretarako, funtsezkoa da ikusarazteko beharra azpimarratzea, armairua beste gizarte eraso bat baita, desagerrarazi beharrekoa”, azaldu du Amets Martínez de Hereditak.

Ikusgune-LGTBI+fobiaren aurkako Gasteizko behatokiarekin harremanetan jartzeko:

– Telefono-zenbakia:  prentsa:  665 754 505/ salaketa: 633 309 653

– Posta elektronikoa:info@ikusgune.eus

– Web-orria: www.ikusgune.eus 

 

 

 

Share

Udalak aurrekontuaren zati bat gorde du, aurten diru-sarrera gutxiago izango duela aurreikusten baitu  

 

  • Gastuari eusteko plan bat abiatu da, 38.472.037 euroko diru-partidak atxikita

Ogasun Sailak 2020rako udal aurrekontua berraztertu du, COVID-19ak eragindako egoera ekonomiko berriari egokitzeko. Arabako Foru Aldundiak FOFELen bitartez egiten duen ekarpena  murriztu eta udal zergen bidez lortzen diren sarrerak gutxituko direlarik, gastuari eusteko neurriak hartu beharra dago; horiek udal arlo guztiei eragingo diete, hiru ardatz estrategiko hauei izan ezik: osasuna babestea, gizarte-ongizatea bermatzea eta jarduera ekonomikoa sustatzea, joan den astean alkate Gorka Urtaranek adierazi zuen bezala.

Gastuari eusteko, 38.472.037 euroko diru-partidak atxikiko dira. Gastua arrazionalizatzeko lehen neurria da, aurreikusitako sarreren murrizketari egokitzeko; hori 47 milioi euro inguru izango dela jo da.

“Zuhurtziaz jokatu behar da, edozein familiaren ekonomian egiten den bezala, ez daukagun dirua gastatu gabe. Erakunde serio batek, sarreren jaitsiera handiari aurre egin behar dionean, zentzuz, seriotasunez eta zorroztasunez kudeatu behar du“, esan du Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik.

Udalaren kontuetan 38,4 milioi euro atxikitzean aintzat hartu da sail estrategikoetan inolako doikuntzarik ez egiteko baldintza, “Orain Gasteiz” planak —alkateak duela gutxi aurkeztu zuen— zehazten duenaren haritik. Osasunerako, gizarte-ongizaterako eta enpleguaren eta jarduera ekonomikoaren sustapenerako gastua ez da gutxituko. Gainera, oinarrizko zerbitzuak bermatuta geratuko dira, eta ez zaio uko egingo udal agintaldiko egiturazko proiektu bakar bati ere. “Aurten egiterik ez badago gerorako utzi ahalko dira“, zehaztu du Gurtubaik.

Oraindik urtearen erdira iritsi ez delarik jarduteak badu abantailarik, beharrezkoa balitz aurrekontuaren norabidea aldatzeko aukera legokeela. “Partidak atxikitzea batez ere kudeaketa ekonomikoa arintzeko neurria da. Zirkunstantziek hala eskatzen badute edozein unetan egin daiteke atzera, baina gogoan izanda hemendik urte bukaerara arte aurre egin beharreko balantze ekonomiko zaila“, azpimarratu du Ogasuneko zinegotziak.

“Aurrekontua, hitzak berak adierazten duen bezala, gastatu dezakegunaren aurreikuspen bat da, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoen araberakoa. Tresna bizia da, administrazio batek ere ezin baitu zehatz-mehatz jakin urtebeteko aurrerapenarekin zein izango den diru-sarrera eta gastuen kopuru zehatza. Gaur egun dugun egoeraren aurrean, gure aurreikuspen ekonomikoa errealitate berrira egokitzea da arduratsuena.  Ez egitea Udalak bere gain hartzerik ez duen arriskua da”, amaitu du Iñaki Gurtubaik.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share