Prentsa Oharren banner

Argiteria publikoa hobetzea Madril, Andaluzia eta Valladolid kaleetan

Datozen hilabeteetan, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak argiteria publikoa hobetuko du Madril, Andaluzia eta Valladolid kaleetan. Tokiko Gobernu Batzarrak kontratua Montajes Eléctricos ELCA enpresari esleitzea onetsi du, 69.496,40 euroan.

“Lanean jarraitzen dugu Gasteizko auzoak hobetzeko. Oraingoan, argiteria eta energia eraginkortasuna optimizatuz“, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

LED teknologiako 223 luminaria instalatuko dira aipatutako kaleetan, orain artekoak baino eraginkorragoak izaki. Energia-kontsumoa murrizteko aukera ematen du horrek —kontsumo elektrikoa (kwh) eta atmosferara egiten diren CO2 emisioak—, eta argiteria publikoaren energia-eraginkortasunaren araudiarekin bat datozen argiztapen- eta uniformetasun-mailak lortzekoa. Gainera, orain dauden argiek eragiten duten itsutzea eta argi-kutsadura ekidin nahi dira, baita mantentze-kostuak gutxitu ere, luminaria horien bizitza baliagarria konbentzionalena baino askoz luzeagoa baita. A energia-kalifikazioa lortuko da berrikuntzaren ondoren.

 

Share

BAT kargatzeko aplikazio mugikor berriak 9.000 eragiketa gainditu ditu

 

 

BAT NFC gailu mugikorretarako doako aplikazio ofiziala da, Arabako Mugikortasun Agintaritzak (AMA) sustatua, zeinean Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak hartzen baitute parte 

Kontsultak egitea eta diru-zorroa zein aldi baterako tituluak kargatzea ahalbidetzen du, geltoki batera joan beharrik gabe 

Aurrera doaz Arabako Garraio Partzuergoa sortzeko lanak

 

Arabako Mugikortasun Agintaritzak (AMA) —Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak osatzen dute— gailu mugikorretarako BAT NFC aplikazioa jarri zuen abian joan den urtarrilean; BAT txartelean kontsultak egitea eta hori kargatzea ahalbidetzen du tresna horrek. Geroztik, 9.000 eragiketa baino gehiago egin ahal izan dira aplikazioaren bidez. Zehazki, 9.477. Batez besteko karga 10,85 eurokoa da.

AMAren lehendakari Amaia Barredok aplikazioa erabiltzen jarraitzera animatu ditu herritarrak, eta horren erabilgarritasuna gogorarazi du, are handiagoa une honetan: “aplikazioa BAT txartela kargatzeko modurik ziurrena da, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko gomendio sanitario guztiak betez”. AMA osatzen duten erakundeek gogora ekarri dutenez, garraio publikoaren sare osoan hainbat neurri ezarri dira azken hilabeteetan bidaiarien osasuna eta segurtasuna babesteko. Orobat, garraio publikoarekiko konfiantza berreskuratzen ahalegintzeko konpromisoa hartu dute.

 

BAT NFCaren ezaugarriak

BAT NFC doako aplikazio ofiziala da, NFC gailu mugikorretarako; nahi beste aldiz erabil daiteke, eguneko edozein ordutan eta edonondik, sareko gune fisiko batetik (kutxazain automatikoa, kargatzeko makina, etab.) igaro beharrik gabe.

Besteak beste, eragiketa hauek egin daitezke BAT txartelean:

  • Diru-zorroa erosi eta berehala kargatzea.
  • Aldi baterako txartelak erosi eta berehala kargatzea.
  • Saldoa eta azken 15 mugimenduak kontsultatzea.
  • Mapak eta beste dokumentu interesgarri batzuk kontsultatzea.
  • Erosketa faktura sinplifikatua sortzea.

 

Arabako Garraio Partzuergoa

Bestalde, Arabako Mugikortasun Agintaritzak lantalde bat sortuko du Arabako Garraio Partzuergoaren garapena aztertzeko. Hala erabaki zuten AMA osatzen duten kideek azken osoko bilkuran, aste honetan. Partzuergo hori Araban garraio publikoa planifikatu eta kudeatzeaz arduratuko da eta ahalmen administratiboa izango du.

 

 

 

Share

Udalaren Liburutegi Sareak maileguak jasotzeko zerbitzua gaituko du maiatzaren 25ean (astelehena)

Maileguak ekainaren 5a baino lehen itzuli beharko dira gizarte etxeetan, aldez aurretik hitzordua eskatuta.

 

Udalaren Liburutegi Sareak maileguak jasotzeko zerbitzua abiaraziko du maiatzaren 25ean. Etxeetan liburutegiko liburuak, CDak edo filmak dituztenek ekainaren 5a baino lehen itzuli beharko dituzte.

Une honetan, 8.554 pertsonak dute COVID-19k eragindako alarma-egoera deklaratu aurretik hartutako materiala (20.372 funts. guztira).

“Mailegu kopurua handia denez, itzulketa aldez aurreko hitzordua jarrita egitea erabaki dugu, jende-pilaketak saihesteko, eta prozesua segurtasun berme osoz egingo dela bermatzeko” adierazi du Gasteizko  Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Materialak maileguan hartu ziren gizarte etxe berean itzuli behar dira, aldez aurretik hitzordua eskatuta, udalaren webgunean (eguneko 24 orduetan), edo 945 161618 telefonoan (astelehenetik ostiralera 9:00etatik 20:00etara).

Gizarte etxeak itxita daudenez, bakoitzak gune bat egokituko du, sarreratik gertu, zerbitzua eskaintzeko.

“Ez da isunik egongo adierazitako epean –maiatzaren 25etik ekainaren 5era– utzitako materialentzat” Dokumentuak berrogeialdian egongo dira 15 egunez, eta epe hori igarota, bere tokira itzuliko dira. Orduan agertuko dira eskuragarri katalogoan” adierazi du zinegotziak.

Udalaren Liburutegi Sareak zerbitzuak modu mailakatuan eskainiz irekiko dira, egoera administratibok aukera ematen duenean.

Share

(Audioaz gaurkotua) Esleitu da Olarizuko parkeko sarrera-zentroa sortzeko obra

 

Amaia Barredoren adierazpenak

Tokiko Gobernu Batzarrak Olarizuko parkeko sarrera- eta informazio-zentroa sortzeko kontratua esleitzea onetsi du gaur goizean. Lizitazio aurrekontua 397.193 euro zen, eta azkenean Campezo enpresak 373.084,27 euroan egingo ditu lanak. Zehazki, % 6ko jaitsiera eskaini du enpresak.

Proiektuak barne hartzen ditu Jose Mardones kalean EEEren mugikortasun elektrikoko zentroa izandako informazio-bulegoa desmuntatu, lekuz aldatu eta berreraikitzeko lanak, gaur egun ez baita erabiltzen. Obrak burutzeko epea 20 astekoa izango da.

“Sarrerako atea izango da harrera-bulegoa, lorategi botanikora doazen bisitariei ongietorria eta informazioa emateko lekua. Era berean, etorkizuneko parkeko jarduera ludikoak kudeatzeko gunea izango da, baita bizikletak alokatzeko ere, erakustareto txiki bat izateaz gain. Olarizu Eraztun Berdearen barruko harribitxietako bat da, eta Euskadiko lorategi botanikoa handia bihurtuko dugu“, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

Olarizuko parkera sartzeko zentroaren instalazioak hirigintza-aldaketak eskatuko ditu inguru hartan. Zabaldu egingo da Olarizu hiribidearen amaieran kale-muturra inguratzen duen espaloia, halako moduan non plaza txiki bat sortuko den, eraikinari zerbitzu emateko eta etorkizunean bestelako erabilera batzuk ere emateko. Bateratu egingo dira espazioak, sarrera eroso egin ahal izan dadin, hiribidetik zein espaloitik. Inguruko argiztapena ere aldatuko da: kendu egingo dira gaur dauden farolak, eta horien truke zutoin eta proiektoreak ipiniko.

Espazioaren hegoaldeko muturrean instalatuko da harrera-zentroa, eta bertan horma bat paratuko da, aldi berean esertzeko banku bat eta Olarizuko lorategi botanikoko sarrera iragartzeko letra eskultorikoen oinarria izango dena. Horma zein letrak altzairuzkoak izango dira, eta hori modu kontrolatuan herdoilduko da, harik eta nahitako kolorea lortu arte; gero bernizez babestuko dira.

Harrera-zentroak Olarizuko lorategi botanikoko informazio- eta laguntza-zerbitzua hartuko du, eta baita olgeta-jarduera osagarriak egiteko lekua ere: landare-labirintoa, tirolina, anfiteatroa, izadi-jolasak, etab. Halaber, bizikletak alokatzeko lekua ere izango da. 200 metro koadro inguru izango ditu, eta oinezkoentzako bi sarbide. COVID-19aren pandemia dela eta zentroa sortzeko lanetako batzuk, anfiteatro berdea esaterako, gelditu egin behar izan dira, baina datozen asteetan ekingo zaie berriro.

 

Share

Urtaranen gobernuak 134.000 euro jarriko ditu oinarrizko kirolari eta kirol egokituari laguntzeko

  • 5+11 fundazioarekiko eta Zuzenak kirol klubarekiko hitzarmenak onetsi dira

 

Tokiko Gobernu Batzarrak kirola sustatzeko bi lankidetza-hitzarmen onetsi ditu, bata 5+11 fundazioarekin eta bestea Zuzenak kirol klubarekin; biek batera 134.160 euro jasoko dituzte. Hartara, Gasteizko Udalak berritu egin du tokiko haur eta gazteentzako kirolaren eta kirol egokituaren arloetako eragile nagusietako birekin zuen konpromisoa.

“Alarma egoera eta horrek kirolean izan duen eragin larria gorabehera, gure taldeek lanean jarraitzen dute lehiaketak eteteari, hezkuntza-programak bertan behera uzteari eta jarduera asko atzeratzeari gaina hartzeko. Hitzarmen hauen bidez gizartearekin duten konpromisoa eskertu nahi dugu, eta bermatu, oraingo zirkunstantziak zailak badira ere, Udalak beti lehenetsiko duela tokiko kirol-ehunari laguntzea“, adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

Udalak 20.000 euro jarriko ditu Zuzenak kirol klubarekiko hitzarmenerako, klubak gurpil-aulki gaineko saskibaloiko Ohorezko Mailan duen taldeari berariaz laguntzeko. Udalak beste hitzarmen bat du Zuzenak klubarekin dibertsitate funtzionala duten kolektiboei zuzendutako jarduera fisikorako programak sustatu eta garatzeko. ZUZENAK kirol taldea irabazi-asmorik gabeko entitatea da, eta aisialdiko zein lehiako jarduerak garatzen ditu zenbait kirol espezialitatetan, baita herritar ororentzat ere.

Bestetik, Gasteizko Udalak 114.160 euro emango dizkio  5+11 fundazioari hitzarmenaren bitartez. Kopuru horretaz sostengu emango zaio batetik haur eta gazteen artean saskibaloia sustatzea eta bestetik ekintza sozialak eta balioen sustapena barne hartzen dituen jarduera-programa bati. Jarduera hauek nabarmendu daitezke: hirian saskibaloia sustatzea zenbait jardueraren bidez, probintziako taldeetako teknikari eta hezitzaileen kualifikazioa sustatzeko prestakuntza teknikoak, hiriko taldeekiko hitzarmenak, Aker eta Babazorro Udalak zein beste entitate batzuek antolatutako jardueretan agertzea, eta lehen taldeko jokalariek bisitak egitea ikastetxe, ospitale eta udal zentroetara. Horretaz gain, jarduera sozialak eta balioak sustatzeko jarduerak egingo dira.

 

Share

Edukiera handiagoa izango dute udal baratzeek, eta ordutegi zabalagoa, 2. fasera igarotzean  

 

Edukiera handiagoa izango dute udal baratzeek, eta ordutegi zabalagoa, 2. fasera igarotzean, baina, nolanahi ere, osasun-agintariek emandako jarraibideak bete beharko dira: segurtasun-distantzia mantendu, lanabesak eta bestelakoak garbitu, eskuak garbitu eta maskarak erabili.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak jakinarazi duenez, hauek izango dira baratzeetan —banaka nahiz taldean— aritu ahal izateko baldintza berriak.

EDUKIERA

Edukiera arrazoiak direla medio, eta baratzeetan lan egiteak berezko duenez elkarrengandik distantzia batera aritzea, hauek sartu ahal izango dira baratze komunitarioen ekipamendura:

  • partikularrei lagatako lursailen kasuan, titularra eta harekin doan beste pertsona bat, distantziaren eta higienearen inguruko gomendioak betetzen direlarik. Beren kargu dituzten menpeko pertsonak berekin eraman ahal izango dituzte, baina inolaz ere ezingo da izan lursail bakoitzeko bost pertsona baino gehiago.
  • kolektiboei lagatako lursailen kasuan, lursail bakoitzeko gehienez bost pertsona aritzea baimentzen da, distantziaren eta higienearen inguruko gomendioak betetzen direlarik.
  • dibertsitate funtzionala dutenen kolektiboei lagatako lursailen kasuan, lursail bakoitzeko gehienez hamar pertsona aritzea baimentzen da —hezitzaileak eta laguntzaileak barne—, distantziaren eta higienearen inguruko gomendioak betetzen direlarik.

ORDUTEGIAK

Gehienez lau orduz aritu ahal izango da baratzean, egunean.

Urarteko baratzeen kasuan, zabaldu egingo dira irekiera-ordutegia eta tutoretza-ordutegia. Astelehenetik ostegunera, 8:00etatik 19:00etara egongo dira zabalik baratzeak, eta ostiralean, berriz, 8:00etatik 15:00etara. Aparkalekua itxita egongo da, edukieraren kontrolaren inguruko arrazoiak direla eta.

Baratzeko lanean aritzeko bakarrik egongo dira zabalik Zabalortuko eta Lakuakolore baratzeak. Horretan dihardutenak baino ezingo da sartu ekipamendura.

GOMENDIO OROKORRAK

Osasun-agintariek emandako jarraibideak bete beharko dira: segurtasun-distantzia mantendu, lanabesak eta bestelakoak garbitu, eskuak garbitu eta maskarak erabili.

Informazio-kartelak jarriko dira hainbat lekutan, hala nola sarreretan eta etxoletan, eta errespetatu egin beharko dira bertan adierazten diren jarraibideak.

Pertsonaren batek sintomak baditu, ez du baratzera joan behar.

Hiri-baratze ekologikoak

 

Share

Bost motozikleta berri gehituko zaizkio Udaltzaingoaren flotari

Tokiko Gobernu Batzarrak Udaltzaingo Zerbitzurako zenbait ibilgailu renting sistemaren bidez hornitzeko kontratua esleitzea onetsi du.

Bost motozikleta dira, 645 zentimetro kubikokoak, eta 109.190 euro (BEZa barne) ordainduko da horiengatik; kontratuak mantentze integrala, matxuren konponketa, 24 orduko asistentzia eta piezen ordezkapena barne hartzen du.

Cooltra Motos SL enpresak hornituko ditu bost motozikletak, zeinek Euro 4 emisio araudia betetzen baitute; gehieneko potentzia deklaratua 69 CVkoa da, minutuko 8.800 biratara. Udaltzaingoaren ohiko errotulazio, argi, biltegiratze eta babes sistema osagarriak barne entregatuko dira.

 

 

Share

(Gaurkotua) Gasteizko Udalaren erakunde-adierazpena, 2020ko maiatzaren 17a Lesbo-Bi-Gay-Transfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta

Deklarazio hau berretsi da gaur, maiatzak 22, osoko bilkuran, eta baita ere honako gaiei dagokienak: Errege Atea kaleko lan istripuari dagokiona, non langile bai hil zen, eta ageriko arrazoirik gabe desagertutako pertsonen familiekiko elkartasuna erakusteko deklarazioa.

 

Maiatzaren 17a LGTBIfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, Gasteizko Udalak berriro ere erabateko arbuioa adierazi nahi du lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualen aurka halakoa izateagatik edo halakotzat jotzeagatik azaldutako jarrera, portaera edo adierazpen ororen aurrean; orobat, hiri libre eta askotarikoa, talde horren kontrako erasoei aurre egiten diena, eraikitzeko konpromisoa adierazten du.

“Normaltasun” testuinguru batean LGTBI pertsonek aurrez aurre izan ohi dituzten estigmari eta parekotasun ezari COVID-19ak eragindako krisialdia dela eta areagotzen ari diren arazoak gehitu behar zaizkio, esklusio eta bazterkeria arriskua —zuzenekoa zein zeharkakoa— handitzen baitu. Izan ere, LGTBI pertsonaren bat aurretik baztertuta bazegoen haren familiak edo harekin bizi direnek haren sexu-orientazioa edo genero-identitatea onartzen ez zutelako, orain, alarma egoera dela kausa ezarri diren mugimendu murrizketek, etxean egon beharrak eta itxialdiak pertsona horrek ezinegon, estres, isolamendu eta bakardade egoerak bizitzea ekar dezake, edo egoera horiek larriagotzea, espazio horiek ezin baitituzte benetako etxegune segurutzat jo, baizik eta indarkeriazko egoerak gerta daitezkeen espaziotzat, erabateko ikusezintasunean babestuta.

Birusa hedatzea eragozteko prebentzio-neurrietako bat, isolamendu soziala, arrisku-faktorea da LGTBI pertsonen ongizate psikikoarentzat, kasu askotan haien sostengu sareak familia-etxeetatik kanpo daudelako, eta une honetan ezin dituztelako hurbil eduki itxialdia hobeto eraman ahal izateko. Iruditeria heteronormatiboa nagusi den gizarte batean, sexu eta genero aniztasunaren irudikapenak oso gutxi direlarik, komunitatea biziki garrantzitsua da talde baten parte izaten jarraitzeko, identifikaziorako eta bakardade sentimendua apurtzeko.

Gainera, jarduera gelditu izanaren ondorio ekonomiko eta sozialek neurri handiagoan eragingo diete pertsona ahulenei, baita arau soziala gehien apurtzen dutenei ere, eta horrek bereziki eragiten die LGTBI pertsonei hainbat esparrutan, hala nola enplegua, osasuna eta baliabideen eskuragarritasuna. Egoera horiek areago oker daitezke sexu-orientazioaz eta genero-identitateaz gain desberdintasunen beste iturri estruktural batzuk kontuan hartuz gero, zeinak LGTBI pertsonek ere jasaten baitituzte: kultura jatorria, adina, egoera sozioekonomikoa, dibertsitate funtzionala, etab.

Ikusgune-LGTBIfobiaren kontrako behatokiak sexu-orientazioa eta genero-identitatea direla eta izandako erasoei buruz aurten landu duen txostenean (2019ko maiatzetik 2020ko apirilera arte), 25 gertakari jaso dira: 12 homofobiagatik; 3, lesbofobiagatik; 3, transfobiagatik; 3, genero barruko indarkeriagatik; 2, serofobiagatik, eta 2, LGTBIfobiagatik. Horiek alor ezberdinetan gertatu dira: lana, politika, erakundeak, familia, espazio publikoa, aisialdi espazioa, sare sozialak eta aplikazioak.

Hogeita bost gertakari horiek hazkunde nabarmena adierazten dute aurreko txostenen aldean, 2018-2019 txostenean 13 kasu jaso baitziren, eta 2017- 2018koan, 15 kasu. Ikusguneren arabera, hazkundearen arrazoia ez da gizartean LGTBI pertsonekiko gorrotoa handitu izana, baizik eta erasotutako pertsonek gero eta beldur gutxiago izatea salatzeari, eta Behatokiak bere lana betetzeko gaitasun handiagoa izatea.

Gasteizko Udalak konpromiso hauek berresten ditu:

  • LGTBI pertsonentzako informazio eta arreta baliabide oro ikusaraziko ditu.
  • Arauzkoak ez diren sexualitateak, generoak eta desioak ikusarazten saiatuko da.
  • Diskriminazio, estigmatizazio eta indarkeria LGTBIfobikoaren aurka borrokatuko du, bereziki, Berdintasunerako politiketan sexu- eta genero-aniztasuna txertatzeko Agenda inplementatuz, plangintza-agiri horrek ekintza zehatzak jasotzen baititu, eta Ikusgune-Gasteizko LGTBIfobiaren kontrako behatokia sustatuz.

Azkenik, Ikusgune-Gasteizko LGTBIfobiaren kontrako behatokiaren kontaktuak gogorarazi nahi dizkizuegu, eraso LGTBIfobikorik jasan edo ikusten baduzue hara jotzerik izan dezazuen:

Telefono-zenbakia: 633 309 653

– Posta elektronikoa: info@ikusgune.eus

– Web-orria: www.ikusgune.eus

 

Share

Arte eta Lanbide Eskolari 2020rako bigarren ekarpena ematea onetsi da

Tokiko Gobernu Batzarrak Arte eta Lanbide Eskolari 2020rako bigarren ekarpena egitea onetsi du: 200.000 euro, eskolaren jarduerak garatzeko.

“Arte eta Lanbide Eskolak artea, sorkuntza eta artearekiko zaletasuna hurbildu nahi dizkie gasteiztarrei, zeinak oso beharrezkoak baitira garai hauetan. Izan ere, osasun krisialdian kulturara jo dugu pandemiak eragindako ezinegona eta ziurgabetasuna arintzeko sendabide gisa”, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Udala Eskolako Patronatuko kidea da, Arabako Foru Aldundiarekin,  Euskalerriaren Adiskideen Elkartearekin eta Arabako Merkataritza eta Industria Ganberarekin batera.

Ikastegiaren aurtengo aurrekontua 990.785 euro da, eta Udalak 400.000 euro jartzen ditu.

Eskola

Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolaren jatorria Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak 1774an sortutako Marrazketa Eskola dugu.

Geroztik eta ia etenik gabe jardun du irakaskuntzan, eskola hainbatetan handituz eta eraldatuz, garai bakoitzaren beharretara egokitzearren.

Hasierako marrazketa eskolei beste arte eta artisau arloekin lotutako ikasgaiak gehitu zitzaizkien, bai eta industriarekin eta merkataritzarekin lotutako ikasketak ere.

Arte plastikoen zentro honek ikasgai hauek ematen ditu gaur egun: sorkuntza plastikoa, marrazketa, margogintza, eskultura, teknika grafikoak, zeramika, larrua, zura, koadernaketa,  ikus-entzunezkoak eta argazkigintza.

Eskolak mila ikasletik gora ditu, eta arlo artistiko ezberdinetan espezializatutako 15 irakaslek osatzen dute klaustroa.

COVID-19ak eragindako osasun krisialdia dela eta, Eskolak ‘Crear desde casa’ ekimena aurkeztu zuen, itxialdian zehar sormena lantzeko bloga. Eskolaren www.escueladeartes.org web-orrian dago eskuragarri. “Beira-arasa birtuala” ere jarri dute, etxetik atera gabe ikasleen lanak ikusi ahal izateko.

EHUrekiko hitzarmena

Bestetik, Euskal Herriko Unibertsitatearekiko lankidetza-hitzarmen markoa onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, zeinaren helburu nagusia baita batera jarduteko ildoak garatzea hezkuntza ikerketa eta berrikuntzaren alorrean, ezagutza zientifikoa eta gizarte errealitatearen ezagutza uztartuz, Gasteizko Udalaren eta EHUren hezkuntza jarduerak orientatzeko. Jarduera-ildo horiek berariazko hitzarmenen eta/edo kontratuen bidez garatuko dira, horien izaeraren arabera; kontratuek aplikatzekoa den araudia bete beharko dute.

Hitzarmenak hamabi hilabeteko indarraldia izango du sinatzen den egunetik, eta besterik gabe jo ahalko da luzatutzat , urtetik urtera, gehienez ere lau urtez.

 

 

 

Share