Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-05-26)

Tornay Medikuaren kaleko lanen amaierako bisita

Parte hartzaileak: Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredo

Eguna: asteartea, maiatzak 26

Ordua: 12:00

Tokia: Tornay Medikuaren kalea

OHARRA: Maskara eta tarteei buruzko osasun agintarien gomendioak jarraitzea derrigorrezkoa da

Share

Lurralde Batzordea (2020-06-01)

Webgunean dago eskuragarri Lurralde Batzordeak ekainaren  2ean (astelehena), 9.00etan, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda.

 

Share

Afrikar komunitatea gogoan hartu du alkateak, Afrikaren Mundu Egunean

Gaur, maiatzak 25, Afrikaren Mundu Eguna ospatzen da, kontinenteko ia herrialde guztiek independentzia lortu ondoren Afrikako Batasunaren Erakundea sortu zela ospatzeko. Aurten, osasun-krisia dela eta, ezinezkoa egokitu da Udalak hirian dauden afrikarren kolektiboei harrera egitea, aurreko urteetan bezala. Nolanahi ere, sare sozialetan zabaldu den bideoaren bitartez, Udalaren babesa helarazi die alkateak, eta hurrengo urtean berriro harrera-aretoan biltzeko gonbidapena egin die.

Afrikako Batasunaren Erakundearen sorreraren 57. urteurrenean, Udalaren elkartasuna helarazi die Gorka Urtaranek afrikar komunitateari eta Covid-19ak kaltetutako pertsona eta familiei, baita konfinamendua baldintza zailetan igaro behar izan dutenei eta lanik gabe geratu direnei ere. Horrez gain, gogora ekarri du Udalak eutsi egingo diola elkartasunari, garapenerako lankidetza-programak direla medio, eta, bereziki, Afrikan pandemiari aurre egiteko, Larrialdietarako Arabako Funtsaren bitartez, Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko elkarlana dela medio.

“Badakigu afrikar diasporako hainbat organizazio kultur aste bat prestatzen ari zinetela garai honetarako, eta ezinezkoa izan dela, alerta sanitarioagatik. Hala ere, berriro bilduko gara datorren urtean, eta kultur astea eta Afrikaren Eguna ospatuko”, adierazi du alkateak.

Bestalde, Garapenerako Lankidetzako zinegotzi Jon Armentiak esker ona helarazi die, “hainbat kolektibo afrikar beren kontinenteko kultur aniztasuna zabaltzeko hirian egiten ari diren ahaleginagatik, elkarrizketa eta kulturaren nahiz artearen arloko trukeak bultzatzen baitituzte, eta hausnarketa sustatu eta pentsamendu kritikoa sortzen, hainbat topaketatan. Oraingo honetan oso bestelakoak dira kontuak, pandemiak erabat mugatu baikaitu, baina, hala ere, urte osoan egiten duten lana eskertu nahi diegu. Aberastu egiten baikaitu, eta Gasteizen aniztasunean oinarritutako elkarbizitza lortzen laguntzen”.

Afrikarren komunitateari zuzendutako alkatearen bideoa

 

 

Share

Gasteiz Turismo Helmuga Adimentsuen Sare Nazionalean sartu da

Gasteizek bat egin du Turismo Helmuga Adimentsuen Sare Nazionalarekin. Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak sustatutako plataforma horrek alderdi hauetan nabarmentzen diren lekuak identifikatzeko balio du: berrikuntza, abangoardiako azpiegitura teknologikoak, irisgarritasuna, bisitariaren integrazioa eta bertako biztanleen bizi-kalitatearen hobekuntza. Arabako hiriburuak urtarrilean aurkeztu zuen DTI sarean sartzeko hautagaitza, Madrileko turismo nazioarteko azokan (FITUR). Eta maiatzaren 20an onetsi zen eskabidea Espainiako Turismo Helmuga Adimentsuen Sarearen batzorde eragilean, Industria, Merkataritza eta Turismo ministro Reyes Maroto buru zela.

Turismo Helmuga Adimentsuak proiektua, zeina SEGITTUR sozietatearen bitartez kudeatzen baita, aitzindaria da estatuan eta nazioartean; haren helburua da lehiakortasuna hobetzea eta turismoaren garapena gobernantzan eta erantzukidetasunean oinarritzea, teknologia berrien laguntzarekin. Batzordearen ondoren, ministroak nabarmendu zuen udalerrien egitekoa funtsezkoa dela turismo adimentsu eta segurua sustatu eta bermatzeko, eta protagonistak izango direla sektore hori suspertzen, sektore gakoa baita, bai ekonomian duen pisuagatik bai gizarte- eta lurralde-kohesioari egiten dion ekarpenagatik.

“Covid-19aren krisiak are arrazoi gehiago ematen dizkigu gure indarguneak aldezteko eta turismo-helmuga berritzaile eta jasangarriaren eredua sendotzeko. DTI sareari atxikitzea beste urrats bat da helmuga seguru, irisgarri, osasungarri eta masifikatu gabe gisa kokatzeko estrategian. Azken batean, kalitate handiko helmuga gisa”, nabarmendu du Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzi Maider Etxeberriak.

Share

Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak pandemian zehar haur eta nerabeak babesteko sustatu dituen ekimenak partekatuko ditu UNICEFen mintegi batean, online

Gasteizko esperientzia erreferentea izango da Haurren Lagun diren Hirietako udalentzat

Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak hitzaldia emango du “Haur eta nerabeak babestea COVID-19aren garaian” izeneko online mintegian; UNICEFek antolatu du biharko, maiatzak 26, Haurren Lagun diren Hirien jarduera-programaren barruan.

Espainian, Gasteiz, Sevilla eta Irun aukeratu ditu foro horrek eredu gisa, beren esperientzia beste tokiko gobernu batzuei azal diezaieten. “Gure partaidetzarekin pandemian zehar udaletatik haurrei ematen ari zaien erantzuna hobetzen lagundu nahi dugu. Programak aldatuz eta moldatuz abian jarri ditugun ekintzen balioa nabarmendu nahi dugu“, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Udaleko psikologo Jessica Bittman eta Yanira San Vicentek eta Familiei Laguntza eta Zaintza Emateko Ataleko buru  Belén Ceberiok azalduko dituzte Arabako hiriburuan aurrera aterako ekintzak eta horiekin lotutako metodologiak eta gakoak, beste udal batzuentzat jardunbide egokien eredu izan daitezen.

Zehazki, herritar orori zuzendutako gizarte eta hezkuntza laguntza aurkeztuko du Gasteizek, eta babes gabezia arrisku arina eta moderatua duten haurrak dituzten familiei laguntza eta zaintza emateko baliabideetan egindako egokitzapena.

Bestetik, esku hartzen duten udal profesionalei laguntzeko taldearen esperientziaren berri emango dute, taldeentzako aurrez aurreko zein interneteko laguntza aurkeztuz, baita beste ekimen batzuk ere: telefono bidezko sostengua, erruki lantegiak, eta hil zaizkien pertsona maiteengatiko doluari aurre egiten laguntzeko materialak familia eta haurrentzat.

 

Share

Atxilotua udaltzainei eraso egiteagatik

Udaltzainek larunbatean 57 urteko gizonezkoa atxilotu zuten agenteen aurkako atentatuaren delitua egiteagatik.

Ostalaritzako establezimendu batean atxilotu zuten, gizonezkoa bertako bezeroak molestatzen ari zela. Egoera hura arratsalde hartan hiru aldiz errepikatu zuen.

Bertaratutako udaltzainak pertsona harekin elkarrizketatu ziren eta, bertan, irainak, mehatxuak eta, azkenean, erasoak jasan zituzten lokaletik alde egin behar zuela jakinarazi ziotenean. Horren guztiaren ondorioz, polizia-etxera eraman zuten.

Share