Prentsa Oharren banner

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Udaltzainek atzo bi zirkulazio-istriputan esku hartu zuten. Ez zen zauriturik izan eta Covic-19ari aurre egiteko ezarritako neurriak betetzen direla kontrolatzeko lanetan jarraitu zuten.

Araudia ez betetzeagatik lau ostalaritza-establezimendu salatu zituzten eta beste hiru ohartarazi.

Alarma-egoera hasi zenetik, 2.417 isun-proposamen egin dituzte, eta 25 lagun atxilotu.

Bi etxebizitza hustu dituzte barbakoa baten kegatik

Suhiltzaileek atzo bi etxebizitza hustu zituzten Giza Eskubideen kalean, hirugarren etxe baten barruan piztutako barbakoa batek sortutako kearen ondorioz.

22:28an, PSISZek sute posible baten abisua jaso zuen. Tokira iritsi zirenean, suhiltzaileek bigarren eta hirugarren solairuak hustu behar izan zituzten keagatik. Handik gutxira topatu zuten jatorria: lehen solairuko etxebizitza baten barruan, jabeek barbakoa piztu zuten. Kea komuneko aireztapen-hodietatik zabaldu zen eta hirugarren solairuko pertsona bat artatu behar izan zuten kea arnasteagatik.

 

Share

Gasteizko ostalaritza-establezimenduak izapideak egiten hasi dira terrazen azalera bikoizteko

Hamar aretok erregistratu dute eskabidea, eta beste seik dagoeneko lortu dute Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren oniritzia 

Baimenek terrazarako azalera handitzea ahalbidetuko dute, lizentzian baimendutako mahaitxoen kopurua gainditu gabe  

Gasteizen 601 ostalaritza-establezimenduk dute udal lizentzia mahaitxoak jartzeko, eta 45ek, aldi baterako itxiturak jartzeko baimena. Orotara lau aulkik eta mahaiak osatutako 3.426 multzo, eta bi aulkik eta mahaiak osatutako 603 multzo. Negozio horiek guztiek badute terrazarako azalera bikoizteko aukera deseskalatzearen lehen fasean, ministro aginduz leku-kopurua erdira mugatu delarik. Betiere, segurtasun-eta irisgarritasun-baldintzak eta bizitegiekiko eta beste establezimenduekiko bizikidetza errespetatzen badituzte.

Lehengo astelehenean Euskadi deseskalatzearen 1. fasean sartu ondoren, hamar aretok abiarazi dituzte izapideak terrazak bikoizteko, eta Udalak dagoeneko sei baimen eman ditu.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak ostalaritzaren sektoreko antolakunde nagusiekin jardun zuen joan den astean, hiriaren ekonomia biziberritzen lagunduko duten irizpideak ezartzearren, horixe baita Orain Gasteiz planaren helburuetako bat. Udaltzaingoarekin batera galde-erantzunen agiri bat landu da, araua interpretatzen laguntzeko eta osasunaren arloko segurtasun baldintzak bete daitezen bai bezeroentzat bai negozioen arduradunentzat.

Bestetik, terrazen zaintza areagotu egingo duela iragarri zuen atzo Udalak, deseskalatzearen 1. fasean ezarritako neurriak bete eta covid-19ari aurre egiteko. “Oinarrizko arau batzuei jarraitu behar diegu: terrazetan kontsumitzen duten pertsonek bi metroko distantzia gorde behar dute elkarren artean. Eta establezimenduen arduradunek edukierak betetzen direla bermatu behar dute”, laburbildu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

 

 

Share

Lehendakariak, alkateak eta Osasun sailburuak Gasteizko Grado Cero enpresa bisitatu dute; bere instalazioak maskarak egiteko egokitu dituen enpresa.

 

Eskertu egin dute Jundizko enpresa honek jarduera mantentzeko eta  bizitzak salbatzeko egindako ahalegina.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Goka Urtaran Gasteizko alkateak eta Nekane Murga Osasun sailburuak Gasteizko Grado Cero enpresaren instalazioak bisitatu dituzte gaur goizean, izan ere Jundiz industrialdeko instalazioetan maskarak ekoizteko linea prestatzen ari da duela aste batzuetatik. Grado Cero enpresak – 85 langilekoa eta hondeamakinen osagaiak egiten espezializatua– bi milioi euroko inbertsio egin du maskarak egiten hasteko beharrezko makineria erosteko; orain arte Zamudioko enpresa bat zen horrelakoak egiten bakarra, estatuan.

Enpresako zuzendaritza taldeak, Javier Aracama kudeatzaile eta jabea buru zela, harrera egin die erakundeen ordezkariei, eta enpresak datorren astetik aurrera orduko 42.000 maskara egiteko ezarri dituzten neurriak ikusi ahal izan dituzte bertan.

“Gasteiz bere industriari estu lotutako hiria da, eta horrelako kasuetan, lotura hori inoiz baino estuago bihurtzen da. Jarduera mantentzeko borrokatzeaz gain, bizitzak salbatzeko eta gure etorkizuna babesteko lan egiten duen bertako enpresa baten adibidea dugu”. Gorka Urtaranek eskertu egin die ekimena, berritzeko gaitasuna eta gizartearekiko eskuzabaltasuna. “Oso harro gaude ehun ekonomiko eta gizatiar honetaz“ azpimarratu du.

 

Share

Adinekoek eta Santa Maria ikastetxeko ikasleek adore emateko mezuak trukatzen dituzte koronabirusari aurre egiteko

Belaunaldien arteko programan hartzen dute parte, eta egun hauetan bideoak eta marrazkiak landu eta partekatzen ari dira.

Adinekoentzako zentro soziokulturaletako erabiltzaileak eta Santa Maria HLHIko ikasleak adore emateko mezuak trukatzen ari dira covid-19aren pandemiari aurre egiteko.

Batzuek zein besteek Udalak sustatzen duen “Piztu zure auzoa” belaunaldien arteko jardueran hartzen dute parte, eta horren bidez lotura estuak sortu dira ikasleen eta adinekoen artean.

Bazirudien osasun krisiak errotik moztuko zuela harreman hori, baina azkenean mantendu egin da, esperientzian ari diren 22 umeek mezuak, bideoak eta marrazkiak bidali baitituzte. Jardueran parte hartzen ari ziren 25 adinekoak, berriz, esker oneko bideo bat egitera animatu dira.

2018an hasi zen Santa María de Vitoria ikastetxea “Piztu zure auzoa” programan parte hartzen. Adinekoak eta umeak zenbait gai lantzeko elkartzen dira: irakurtzeko laguntza, abegikortasuna hirian, ibilbide seguruak, migrazio esperientziak, eta abar. Belaunaldien arteko lan horretatik harreman ugari sortu dira eta orain, koronabirusaren garai hauetan, bizirik jarraitzen dute, teknologia berriei esker.

Share

Udalak aztertu egingo du Udalaren lan-zerrendetan izena emateko sistema

Giza Baliabideen Saileko zinegotzi Iñaki Gurtubaik jakinarazi du aztertu egingo dutela Gasteizko Udalak gaur egun zenbait unetan (esaterako udako denboraldian) sortzen diren langileak ordezkatzeko beharrak estaltzeko lan-zerrendetan izena emateko baliatzen duen sistema. Zerrenda horiek iraupen laburreko kontratuak egiteko aukera ematen du, beharrezko lanpostuak betetzeko itxaron-zerrendarik ez dagoenean. Gaur goizean artatu ezin izan den izena emateko eskari-kopuru handiak (Lanbiderekin lankidetzan gaur egun baliatzen den sistemaren bidez) eraman du Udala neurri hori hartzera.

Gaur, webgunearen bidez izena emateko sistemak ukatu egin ditu eskariak oro, baldin eta ordurako beteta bazen Udalak kategoria profesional bakoitzean (erizaintzako zaintza osagarrietako teknikariak, erizainak, administrariak, sukaldariak eta garbitzaileak) nahikotzat jotzen duen leku-kopurua.

“Jakitun gara lan-zerrenda hauek gaitasun mugatua dutela, eta ez digutela enplegu-eskatzaileen interes handiari erantzuten uzten. Horren aurrean, irtenbide bat bilatuko dugu, izena emateko sistema bidezkoagoa izan dadin, justuagoa. Ulertzen dugu gaur goizean izena ematen behin eta berriz saiatu eta –eskaria segundo gutxitan bete delako– lortu ez dutenen egonezina. Izena emateko sistema hobetzeko aukerak aztertu behar ditugu, eta horixe egingo dugu”, esan du Iñaki Gurtubaik.

Gaur izena emateko baliatu den sistemari dagokionez, Udalak gogorazi du teknikariek, politikariek eta sindikatuek osaturiko batzorde batek kontratazio guztiak eta horiei loturiko hauta-prozesuak gainbegiratzen dituela, behar bezala egiten direla bermatzeko. Horrez gain, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak ere gainbegiratzen du kontratazio-zerrenden osaera, Udalak bere zerbitzuak behar bezala eman ahal izateko urtero egiten dituen aldi baterako kontratuak (5.000tik gora urtero) behar bezala artatzeko.

 

 

 

Share

Reutiluzaguneak berriro irekiko ditu ateak, aldez aurretik hitzordua eskatuta eta pandemiaren kontrako prebentzio-neurriak hartuta

Gaurtik (asteazkena) eskatu ahalko da hitzordua, web-orrian, eta bihartik (osteguna) joan ahalko da bertara.

 

Reutiluzaguneak bihar (osteguna) irekiko ditu berriro ateak, aldez aurretik hitzordua eskatuta eta pandemiarekin lotutako osasun gomendioak bermatzeko behar diren prebentzio-neurriak hartuta. Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak azaldu duenez, zenbait alderdi hartu dira kontuan udal baliabide hori berriro irekitzeko. “Oso ezaguna ez bada ere, Reutilizagune izeneko baliabideak gauzei bigarren bizialdia ematea ahalbidetzen du. Produktuak berrerabiltzeak kontzeptu aldaketa dakar gure kontsumo ereduan, eta bat dator Gasteizen filosofia berdearekin. Pandemiaren aurkako prebentzio-neurriengatik sailean itxi behar izan genuen baliabide bakarra da, eta orain berriro jarri ahalko dugu martxan, neurri zehatzak hartuta“, adierazi du César Fernández de Landak.

Reutilizagunea erabili ahal izateko zenbait neurri aurreikusi dira, esaterako, Artapadura kaleko instalazioan ezin izango da bezero bat baino gehiago sartu materiala utzi zein hartzeko. Besteek instalazioaren kanpoaldean itxaron beharko dute, ilaran.

Sartzeko maskara jantzi beharko da nahitaez, zeina etxetik eraman beharko baitu bakoitzak.

 

Gauzak jasotzeko, hitzordua beti

Gauzak aurretik hitzordua hartuta jasoko dira beti, eta objektu zehatzak web-orrian aukeratuko dira. Ezingo da inola ere instalazioan sartu ikusmiran ibiltzera, edo zerbaiten bila. Libururen bat hartu nahi dutenak apalategietara sartu ahalko dira, baina ezingo dute ezer ukitu, begiratu besterik ez. Arduradunak emango die aukeratu duten liburua. Erabiltzaileek gehienez 10 minutu izango dute erosi nahi dituzten liburuak aukeratzeko.

 

Osasun neurri zorrotzak era guztietako objektuak uzteko, jantziak eta koltxoiak izan ezik

Objektuak uzteko zenbait irizpideri jarraituko zaie. Instalazioaren sarreran utziko dira, eta udal baliabidearen arduradunak gordeko du biltegian.

Ahal den guztietan (objektu elektronikoa edo sentikorra ez bada) uretan diluitutako lixibaz bustitako zapi batez garbituko da gorde aurretik.

Behin gordeta, astebete utziko da bertan web-orrian erakusgai jarri arte. Ezingo da objekturik trukatu astebeteko epea igaro aurretik.

Gainera, ez da ez jantzirik ez koltxoirik onartuko. Jantziak uzteko hiriko edukiontziak erabili beharko dira, eta koltxoiak uzteko, tamaina handiko hondakinak biltzeko zerbitzura deitu (945 28 65 00 telefonoa).

 

Utz daitezkeen hondakinak

Oro har, bigarren bizitza izan dezakeen objektu oro, egoera onean badago. Adibideak:

  • Gailu elektriko eta elektronikoak, egoera onean.
  • Etxetresna elektrikoak, egoera onean.
  • Jostailuak, egoera onean.
  • Altzariak, egoera onean: aulkiak, mahaiak, taburete, idazmahaiak, etab.
  • Tresneria informatikoa, egoera onean: saguak, inprimagailuak, teklatuak…
  • Kirol materiala, egoera onean: bizikletak, patinak, kaskoak…
  • Haurrentzako materialak, egoera onean: haur kotxeak, haurrei eusteko gailuak autorako, etab.
  • Liburuak, denbora-pasakoak zein entziklopedia eta testuliburuak.

 

Hitzordua hartzeko ordutegiak eta kontaktua:

Hitzordua eskatzeko: 945 28 22 48

 

Telefonoz deitzeko ordutegia:

Astelehenetik ostiralera, 09:00 – 14:00 eta 16:30 – 19:30.

Larunbatetan, 09:00 – 14:00.

 

Instalazioa irekitzeko ordutegia:

Astelehenetik ostiralera, 09:00 – 13:00 eta 16:30 – 18:30.

Larunbatetan, 09:00 – 14:00.

 

Informazio gehiago: http://reutilizagune.escor.es/index.php

 

Share

Gazteentzako aholkularitza juridikoak lanari eta hiri alokairuei buruzko gida bana landu ditu COVID-19aren pandemiarekin lotuta

Udalaren Gazteria Zerbitzua beste dosier bat prestatzen ari da enpleguaren arloko informazioa emateko

 

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak sustatutako gazteentzako aholkularitza juridikoak lanean jarraitu du COVID-19aren pandemiak eragindako alarma egoeran. Doako eta isilpeko orientazio-zerbitzua da, 16 eta 35 urte bitarteko gazteentzat, eta posta elektronikoz jarraitu du lanean. Gainera, bi gida argitaratu ditu, bata lanari buruzkoa, eta bestea hiri-alokairuei buruzkoa, adin horietako gasteiztarrak gehien kezkatzen dituzten gaietako bi baitira.

Baliabidea kudeatzen duten profesionalek orientabideak, informazioa eta aholkularitza eskaintzen dituzte, lege kontuei buruz oro har, baita lanari edo etxebizitzari buruz ere. Hala ere, ez da defentsa juridikoa emateko zerbitzua.

Martxoan eta apirilean, aholkularitza juridikoak 10 kontsultari erantzun die. Gazteei arreta online emateaz gain, aholkularitza juridikoko taldeak material lagungarria prestatu du gazteekin lotutako gai juridikoei buruz, haiek etengabe kezkatzen eta arduratzen dituzten gaiei buruz, aholkularitza juridikoan egindako kontsultetan gehien agertzen direnak kontuan hartuta.

Hori dela eta, bi dosier argitaratu dira web-orrian, ohiko galderen formatuan: lanari buruzko dosierra, COVID-19arekin lotutako lan kontuez eta terminoez (ERTEak, kalte-ordainak, oporrak hartu behar diren ala ez…), eta hiri-alokairuei buruzkoa. Laster beste bat argitaratuko da, lan kontu orokorrei buruz.

Gazteentzako aholkularitza juridikoak irekita jarraitzen du, eta egoera honek irauten duen bitartean asejurjoven@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikoan jasotzen dituen kontsultei erantzungo die; orobat, beste dosier batzuk prestatuko ditu.

 

COVID-19arekin lotutako ohiko galderekiko esteka:https://www.vitoria-gasteiz.org/wb021/was/contenidoAction.do?lang=es&locale=es&idioma=es&uid=u340de027_16192c44b46__7eb0&BD=S

 

Hiri alokairuei buruzko ohiko galderekiko esteka: https://www.vitoria-gasteiz.org/wb021/was/contenidoAction.do?idioma=es&uid=u9b7144_171a020af8c__7f2e

 

 

 

 

 

 

 

 

Share