Prentsa Oharren banner

EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Elkarrekin talde politikoek Olarizuko Dehesaren Etxearen eta udalerriko beste toki batzuen aurka egindako erasoak gaitzetsi dituzte

 

Gasteizko Udaleko talde guztiek, EH Bildu Gasteizek izan ezik, gogor gaitzetsi dituzte gauean Olarizuko Dehesaren Etxearen eta udalerriko landa-guneko eta Gasteizko Eraztun Berdearen hainbat punturen aurka egindako erasoak.

 

Talde hauen adierazpenak jasotzen duenez eraso bandaliko horiek Gasteizko herritarren espazio publikoetan izan dira.

 

‘Herriak ez du barkatuko ‘,’ Presoak borrokan, gu ere bai ‘eta “kartzelak apurtu” pintadak egin dira. “Pintada horiek kalte egiten diote gure ondare historiko eta kulturalari, gure ingurune naturalari, eta, aldi berean, kostu ekonomiko handia eragiten dute garbiketa-lanetan. Horrelako erasoek ez dute lekurik Gasteiz bezalako hiri plural, demokratiko eta moderno batean. Jarrera hauek larriak, onartezinak eta zentzurik gabekoak dira, beste garai batzuetakoak “, esan dute adierazpena babestu duten taldeek.

 

Gasteizko Udalak eraso horien egileei eskatzen die berehala utz ditzatela erabat arbuiagarriak diren ekintza horiek, eta elkartasuna eta babesa helarazten die eraso horien eraginpean dauden pertsona guztiei.

Share

Datorren astetik aurrera, trafikorako errei berriak Salbatierrabiden

Behin betiko bideak izango dira, eta Mendizorrotzeko aparkalekuaren zati batetik joango dira, orain arte ibilgailuentzat ziren erreiak BEAk soilik erabiltzeko utziko baitira.

 

BEA (autobus elektriko adimentsua) ezartzeko lanak aurrera doaz Gasteizko hainbat lekutan. Maiatzaren 18ko astean beste mugarri batera iritsiko dira, Salbatierrabiden. Izan ere, aipatutako kalean ibilgailuen trafikorako errei berriak irekiko dira datozen egunetan. Behin betiko bideak izango dira. Hemendik aurrera, Cervantes ibilbidearen eta Mendizorrotzeko kiroldegiaren arteko zirkulazioa Mendizorrotzeko aparkalekuaren barrualdera sartuko da zati batean, bi noranzkoetan, metro batzuk aurrerago ohiko bidera itzultzeko.

Hartara, Salbatierrabiden Mendizorrotza parean orain arte zirkulaziorako ziren erreiak BEAren erabilera esklusiborako utziko dira behin betiko, eta gainerako ibilgailuak ondoko errei berrietatik joango dira.

Garraio publikoko sistema eraginkor eta edukiera handikoa da BEA; helburuak ditu hiriko auzo guztiak hobeto konektatzea, eta mugikortasun iraunkor eta osasungarria sustatzea. TUVISAren egungo 2. linean emango du zerbitzua, puntako teknologia darabilten 13 ibilgailu elektrikoren bitartez. Linea horrek Gasteiz inguratzen du, eta hiriko leku garrantzitsuak lotuko ditu, hala nola Txagorritxu ospitalea, Eusko Jaurlaritza eta Mendizorrotzeko futbol-zelaia. Sistema berriak benetako iraultza ekarriko du Gasteizko garraio publikora. Lineak 10 kilometroko luzera izango du, eta 24 geltoki berri lotuko ditu noranzko bakoitzean, gaur egun geltoki konbentzionalak dituzten lekuetan egingo direnak.

Iazko irailaren 2an hasi ziren BEAren obrak, hiriko zenbait lekutan aldi berean. Gaur egun, leku hauetan ari dira lanean langileak: Esmaltazioak, Mendizorrotza, Zumakadi (Hegoalde gizarte-etxearen parean), Boulevarda, Jacinto Benavente eta AUH. Hainbat erakundek parte hartzen dute BEAren proiektuan: Gasteizko Udalak finantzaketaren % 17,5 emango du, Arabako Foru Aldundiak beste % 17,5, eta Eusko Jaurlaritzak % 65. Inbertsioa 40 milioi eurotik gorakoa izango da.

 

Jarraian zehazten da aldaketa:

 

 

Share

Udalak zabaldu egin du janari-dendetan koronabirusa kontrolatzeko neurrien kanpaina

Gasteizko Udalak txikizkako 200 janari-denda baino gehiagotara zabaltzea aurreikusten du, urtean zehar, COVID-19aren kutsadurari eusteko segurtasun-neurrien betekizun-maila neurtzeko asmoz apirilean abiarazi zuen kontrol-kanpaina. Osasun-ikuskaritza programa horren xedea koronabirusaren aurrean higiene-baldintzak zuzen betetzen al diren egiaztatzea da.

Ikuskaritza-programak zenbait alderdi kontrolatuko ditu: langile eta bezeroen antolaera lokal barruan, banatzaileen kontrola, lokalen aireztapena, manipulatzaileen osasun-egoera, eskuen higienea, lokalen eta ekipamenduen garbiketa eta desinfekzioa, elikagaien kontserbazioa eta erakusketa egokia, beharrezko segurtasun-materialak, eta abar. Ikuskaritza-lanaz gain, garrantzia eman nahi zaio baita langileekiko, instalazioekiko eta bezeroekiko higiene- eta osasun-betekizunei buruzko informazioa zabaltzeari ere.

Ikuskaritza-saioetan betekizunen urraketa atzemanez gero, errekerimendua egingo da akta bidez, atzemandako akatsak berehala konpondu daitezen. Urraketak ez badira berehala konpontzen, dagozkion kautela-neurriak hartuko dira, horien artean dosier zigortzaileak edo, baita, jarduera eteteko agindua ere.

Janari-dendetan Koronabirusaren aurkako segurtasun-neurriak kontrolatzeko kanpainak era guztietako dendak ikuskatuko ditu, supermerkatuak zein denda txikiak, eta Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoko Zuzendaritzaren arteko lankidetzaren emaitza da.

 

Informazio gehiago: Janari-dendentzako gomendatutako segurtasun-neurriak

 

 

 

 

Share

Atxilotua droga-trafikoagatik eta 2,7 kilo kaxix eta 6.000 euro baino gehiago izateagatik

Udaltzainek 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo droga-trafikoko delituaren ustezko egilea izateagatik. Pilar auzoko harategi batean egiten zuen lan, eta Ikerketa Unitateko udaltzainek hilabeteak zeramatzaten tokia zelatatzen.

Establezimendu hartan delituren bat egiten egon zitezkeela zioen susmoa zegoen Agirrelandan. Izan ere, etengabea zen pertsonen joan-etorria eta atxilotuak zalantzazko jatorria zuten paketeak entregatzen zituen etxeko atarian.

Atxiloketa 09:40an gertatu zen ustezko trafikatzailearen etxebizitzan. Etxebizitza eta harategia erregistratu zituzten operazioaren baitan. Bi toki haietan, udaltzainek 2,740 kg haxix eta 6.035 euro billetetan konfiskatu zituzten.

Atxilotua polizia-etxera eraman zuten eta gaur utziko dute epailearen esku.

Atxilotua udaltzainei eraso egiteagatik

Udaltzainek atzo 49 urteko gizonezkoa atxilotu zuten agintaritza-agenteen aurkako atentatuaren delitua egiteagatik. Udal-aterpetxean istilu bat sortu ondoren, bere burua identifikatzeari uko egin zion pertsona hark. Kalean zegoela, gainera, poliziei eraso egin zien eta, ondorioz, Agirrelandara eraman zuten. Aske utzi zuten gero, zitazioa jasotzen duenean epaitegira joateko betebeharrarekin.

Atxilotua konfinamendua hausteagatik

Udaltzainek gaur goizean 23 urteko gizonezkoa atxilotu dute agintarien aurkako desobedientzia larriko delituagatik.

Udaltzain batzuek 01:00etan Landazuri pasabidean topatu zuten beste bi lagunekin batera eta bide publikoan egoteko justifikatutako kausarik gabe. Bere laugarren salaketa zenez, atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten. Gaur jarriko dute epailearen esku.

 

 

Share

Alkateak Gasteizko 63 herriak ezagutzeko gonbit egin du, ingurunea errespetatuz beti

 

Gorka Urtaranek Udalaren sostengua eta aitorpena adierazi dio Gasteizko Kontzejuen Elkarteari (ACOVI) haren egoitzara egindako bisitan, aurten ez baita San Isidro egunean egin ohi den ekitaldirik izan.

San Isidro eguna dela eta, alkate Gorka Urtaran eta Nekazaritza Eremuaren zinegotzi Miren Fernández de Landa Gasteizko Kontzejuen Elkarteak (ACOVI) Elorriagan duen egoitzara hurbildu dira, eta Udalaren sostengua eta aitorpena adierazi diote udalerriko herrien eta lehen sektorearen inplikazioagatik, “haiek baitira gure ondasun preziatuenetako baten benetako babesleak: gure natur ingurunea. Urtero urtero egin da ohiko harrera-ekitaldia udaletxean San Isidro eguna dela eta. Osasun krisiak topaketa egitea zaildu du, baina zuekin egon nahi izan dugu, zuei zuzenean eskertzeko —eta zuen bitartez, nekazaritza eremuko bizilagun guztiei— zuen konpromisoa eta bereziki nola inplikatzen ari zareten osasun krisi honen kudeaketan“.

Alkateak bereziki eskertu du “ACOVI ematen ari den laguntza koronabirusarekin lotutako informazioa, protokoloak eta beste helarazteko, Udalaren, administrazio-batzarretako lehendakarien eta auzokoen artean mezulari lanak eginez“. Alkateak, orobat, eskerrak eman dizkie udalerriko nekazaritza eremuko emakumeei,beti zaudetelako auzokoei laguntzeko sare horien atzean, komunitatea eraikitzen, eta adinekoak zein une bakoitzean behar handiena duten bizilagunak zaindu eta laguntzeko auzolana sustatuz“.

ACOVIren zuzendaritza-batzordearekiko topaketa dei bat egiteko baliatu du Gorka Urtaranek. “Gure udalerriko nekazaritza eremua aukerez betetako lekua da, bizitza beste modu batean sentitzen eta bizitzen baita toki horietan. Bertan bereziki zaintzen da gure natura ondare ederra; haiek ekoizten dituzten elikagaiak gertukoak dira, 0 kilometrokoak, eta horregatik, gaur inoiz baino gehiago, gure ekoizleen, nekazari eta abeltzainen lana funtsezkoa da. Gasteiztar oro Gasteizko 63 herriak ezagutu eta bisitatzera animatzen ditut, hori bai, haien laboreak, bideak eta ingurunea errespetatuz”.

 

Bide batez, Udalak udalerri osoarekin duen konpromisoa berretsi nahi izan du alkateak, zeina hainbat ekimenetan islatzen baita, hala nola toki-erakundeetako azpiegituren analisia —oso aurreratua—, laster egitekoa den zentro sozialetarako dirulaguntzen deialdia, eta baso eta mendien kudeaketari eustea; gainera, nekazaritza eremuko mugikortasunari buruzko azterlana egingo dela iragarri du, udalerri osoari koherentzia emateko.

 

 

 

 

 

 

Share

Suhiltzaileek 392 desinfekzio egin dituzte orain arte adinekoentzako ia berrogeita hamar egoitzetan

 

 

 

 

 

 

Hiru pertsonako talde bat arduratzen da lan hori egunero egiteaz

Gasteizko suhiltzaileek 392 desinfekzio egin dituzte orain arte adinekoentzako 48 egoitza eta laguntza-zentrotan. Udalak pandemiari aurre egiteko sortu duen antolaketaren barruan egiten da lan hori, COVID-19aren mahaiarekin —koronabirusaren aurkako borroka koordinatzeko udal organoa—, Arabako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzarekin koordinatuta.

Martxoaren 24an ekin zioten lan horri. Geroztik, Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuan horretaz arduratzen diren langileek bost egunean behin desinfektatzen dute zentro bakoitza. Besteak beste, San Prudentzio egoitza, zeina dagoeneko 10 aldiz desinfektatu baita pandemia hasi zenetik.

Aldez aurretik programatutako zazpi desinfekzio egiten dituzte suhiltzaileek batez beste egunean. Hiru pertsonak osatzen dute taldea, kabo batek eta bi suhiltzailek, behar bezala babestuta: gai kimikoetatik babesteko buzoak, begiak babesteko betaurrekoak, FFP3 maskarak, nitrilozko eskularruak eta gomazko botak. Sodio hipokloritozko disoluzio desinfektatzailea erabiltzen dute, eta sulfatatzeko motxilak baliatuz fumigatzen dute.

“Osasun krisia hasi zenetik, talde hori aparteko lana egiten ari da espazio horietan segurtasuna eta osasungarritasuna bermatzeko. Ez dezagun ahaztu leku horietan kontuz ibili beharra dagoela kutsatzearekin, gaixotasunarekiko bereziki sentiberak diren pertsonak daudelako, hala nola adinekoak eta haiek zaintzaileak”, azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutiérrezek.

Suhiltzaileen taldeak egoitza eta laguntza-zentroetako kanpoaldean zein barruko leku komunetan esku hartzen du: korridoreak, egongelak, jolas guneak, aldagelak, komunak eta abar, instalazioen arduradunek aldez aurretik zehaztutakoari jarraituz.

Share

Gasteiz, Bilbo eta Donostiak abuztuan jairik ez egitea adostu dute

ALKATEAREN ADIERAZPENAK BIDEOAN

ALKATEAREN ADIERAZPENAK AUDIOAN

Osasun alorreko aholkuak eta ekitaldi jendetsuak egiteko ezintasuna kontuan izanik, Arabako hiriburuak aurten ez ditu Andre Maria Zuriaren jaiak egingo, ohi zuen bezala

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Donostiako alkate Eneko Goiak abuztuan ezin izango dutela jairik egin iragartzea erabaki dute gaur goizean..

Lehendakariarekin, Eusko Jaurlaritzako sailburuekin eta hiru lurralde historikoetako diputatu nagusiekin zenbait bilera izan ondoren, hiru alkateek elkarrekin aztertu dute covid-19ak Euskadin sortutako egoera eta osasun alorreko irizpideak espazio publikoan aire zabaleko jarduerak eta ekitaldietan jendetsuak egiteko edukiera mugei dagokienez.

Hainbat aukera aztertu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetako alkateek erabaki dute aurten ohiko jairik ez egitea, eta hiri bakoitzeko udal taldeekin eta gizarte zein kultura eragileekin batera lan egitea 2020ko udan zehar kultura, arte eta aisialdiko jarduerak egiteko egutegi bat landu ahal izateko.

Hiru hiriburuen erabakia bat dator Eusko Jaurlaritzaren irizpideekin eta EUDELen barruan batzorde eragileko kide guztiek aho batez erabakitako gomendioekin kultur eta jai ekitaldiak egiteari begira, osasun publikoa bermatzeko behar diren mugak kontuan izanik.

Gorka Urtaranek azaldu duenez, “Euskadin eta mundu osoan bizi dugun osasunaren alorreko larrialdi-egoera aintzat hartuz, hiriburuetako alkateok erabaki dugu ohiko jairik ez egitea. Izan ere, jaietan milaka eta milaka pertsona bildu ohi dira gure kale eta plazetan. Ekitaldi jendetsuak izaten dira, zaindu beharreko milaka pertsona biltzen baitira. Zeledoni eta Andre Maria Zuriari formatu txikiko ekitaldien bitartez egingo diegu ohore, betiere gure osasuna babestuz, eta 2021ean jaiak itzuliko dira, eta inoiz baino poz handiagoa jaitsiko da zerutik. Eta Zeledonek esaten duen bezala, Gora Andre Maria Zuriaren jaiak eta gora Gasteiz!”

 

Share

Udalak COVID-19ak sortutako egoerara moldatu ditu guraso elkarteentzako dirulaguntzak

Hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonen elkarteentzako laguntzak ere aldatu ditu

 

Gasteizko Udalak Gasteizko ikastetxeetako ikasleen guraso elkarteei 2019-2020 ikasturterako dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak aldatzea onetsi du.

COVID-19ak eragindako krisi sanitarioaren kudeaketak Gasteizko ikastetxeetako ikasleei eta familiei hezkuntzaren alorrean sortutako beharrizanei erantzuteko guraso elkarteak egiten ari diren ekintzei sostengu ematea da aldaketaren helburua.

Berariazko oinarrietako hainbat alderdi aldatu dira dirulaguntzaren xedeari, dirulaguntza jaso dezaketen jarduerei eta justifikatzeko epeari dagokienez.

Horrenbestez, Gasteizko ikastetxeetako guraso-elkarteek antolatutako eskolaz kanpoko ekintza osagarriek jaso ahalko dute dirulaguntza, baita COVID-19ak eragindako krisi sanitarioaren kudeaketak Gasteizko ikastetxeetako ikasleei eta familiei hezkuntzaren alorrean sortutako beharrizanei erantzuteko egiten ari diren ekintzek ere, 2019ko irailaren 2tik 2020ko uztailaren 31ra arte egin badira.

“Guraso elkarteei lagunduta, haiek hezkuntza esparruan duten esku-hartzea sustatu nahi da, jarduera horiek eragin garrantzitsua baitute ikasleen prestakuntza osoan eta, beraz, haien eskola arrakastan. Horregatik dira garrantzitsuak”, adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Tokiko Gobernu Batzarrak 2019ko maiatzaren 24an egindako ohiko bilkuran onetsi ziren dirulaguntza horiek, eta 2019ko ekainaren 12ko ALHAOn (68. zk.) argitaratu.

Hezkuntza eta Kultura Sailak gehienez 126.000 euroko kreditua bideratuko du 2019-2020 ikasturterako deialdira.

Hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonak

Era berean, elkarteek hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonentzat ikasturte honetan antolatzen dituzten hezkuntza jardueretarako laguntzak emateko deialdia —Udaleko Hezkuntza Zerbitzuak egiten du—aldatzea onetsi du Udalak.

Zehazki, epea 2020ko uztailaren 31ra arte luzatzea erabaki da, entitate horiek beren bazkideentzat jarduerak antolatzerik izan dezaten.

“Laguntza hauen bidez hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonak ikastetxean eta gizartean integratzea ahalbidetzen duten jarduerak sustatzen ditugu, baita haiek gizarte-gaitasunak, autoestimua eta autonomia garatzen dituzten prestakuntza-jarduerak ere”, azpimarratu du Hezkuntza eta Kultura zinegotziak.

“Orobat bultzatzen ditugu hezkuntza-premia bereziak dituzten haur eta gazteen gurasoei zuzendutako jarduerak, elkarrekiko laguntza eta haien haurren arretaren inguruko prestakuntza jarraitua ahalbidetzen dutenak, eta ikasle, senide eta irakasleei zuzendutakoak, gizarte- eta hezkuntza-integrazioari buruzko sentsibilizazioa eta sustapena lantzeko”, erantsi du Cantok.

Tokiko Gobernu Batzarrak 2019ko ekainaren 14an onetsi zuen laguntza-ildo hori, eta 2019ko uztailaren 5eko ALHAOn (77. zk.) argitaratu zen.

Hezkuntza eta Kultura Sailak gehienez 19.233,85 euroko kreditua bideratuko du 2019-2020 ikasturterako deialdira.

 

 

 

 

 

 

 

 

Share