Prentsa Oharren banner

Paseatzeko eta ariketak egiteko segurtasun gomendioak zorrotz betetzeko beharra gogorarazten die Udalak herritarrei

Normaltasun Berrirako Trantsizio Planaren barruko deseskalatze neurriak ezartzen hasi zirenetik astebete igaro delarik, Gasteizko Udalak paseatzeko eta ariketak egiteko segurtasun gomendioak gogorarazi nahi dizkie herritarrei, batez ere asteburuari begira, leku kritikoetan jendetza biltzeko arriskua handiagoa baita.

 

Lehenengo eta behin, oso kontuan hartu behar da populazio sektore ezberdinetarako ezarri diren ordu-tarteak zorrotz betetzea; bestetik, gogoan izan behar da kirola bakarka praktikatu daitekeela, distantzia mugarik gabe baina udalerriaren barruan, eta paseoak beste bizikide batekin batera egin daitezkeela, eta bizilekutik kilometro bat baino gehiago aldendu gabe.

 

Espazio publikoa erabiltzeko garaian, eta arau orokor gisa, kalearen eskuineko aldetik joan beharko da, alde batera eta bestera doazenen noranzkoak argi eta garbi bereiz daitezen, eta gainerako pertsonekiko segurtasun-distantzia errespetatu. Orobat, ibilbidea aurretik planifikatzea gomendatzen da, kale estuak ahal den neurrian saihestea, eta ustez jende gehien ibiliko den ibilbideen ordezkoak bilatzea.

 

Pandemiaren salbuespen-aldiak iraun bitartean, noranzko bakarrean baimentzen da Eraztun Berdeko parkeetako ibilbideetan barrena ibiltzea, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak horrekin lotuta argitaratu dituen mapetako geziek adierazten duten moduan. Horrela, beste ibiltari batzuekin gurutzatzea ekidingo dugu, eta urruntze soziala bermatuko.

 

Azkenik, banakako kirol jarduerari dagokionez, komeni da aldez aurretik luzaketak egitea, ura eramatea, jantzi erosoak erabiltzea, azken asteetan entrenatu ez denez erritmoa egokitzea, jarduera egunak eta atsedenaldiak tartekatzea, eta etxera iristean jantziak eta oinetakoak garbitzea.

Share

Udalak areagotu egingo ditu hiriko 40.000 txorkoak soiltzeko lanak

Bikoiztu egin dira baliabideak Egunean 15 lantalde izango dira hirian datorren astean; aurreko urteetako 6 lantaldeen aldean.

Aste hasieratik, hiriko 40.000tik gora txorkoak soiltzeari ekin dio Udalak, joan-etorri handieneko zonetatik hasita, eta areagotu egingo dira lan horiek datorren astetik aurrera.

2019an eta aurreko urteetan, 6 lantalde aritu izan ziren belar-sastrakak garbitzen, apirilaren bukaeratik uztailaren erdialdera arte. Aurten, nabarmen areagotu ditu baliabide horiek Udalak. Apirilaren 27tik ari dira lanean, eta datorren astelehenetik, hau da, maiatzaren 11tik aurrera, 7 lantalde arituko dira goizez, 7 arratsaldez eta beste bat gauez, industrialdeetan. Urteko sasoi jakinetan ohikoak diren errefortzu-lan horiek direla eta, bikoiztu baino gehiago ere egingo dira beste sasoi batzuetako baliabideak, Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi Cesar Fernández de Landak jakinarazi duenez.

Azken egunotan izaten ari garen baldintza klimatologikoekin eta udaberriaren etorrerarekin, landareak erruz hazi dira, eta, urtero bezala, espazio horiek basa-landarerik gabe uzteko errefortzu baten premia dago, baina iraunkortasun-irizpideekin eta pertsonen osasuna zainduz. Urteak dira Udalak lan horietan herbizidarik ez erabiltzea erabaki zuela, txorkoak eta lorategiak tratatzeko produktu toxikoek osasunean eragin ditzaketen ondorio kaltegarriak saihesteko, bereziki larriak izan baitaitezke alergiak, arnasa hartzeko arazoak, neke kronikoa edo gaixotasun kronikoak dituztenentzat, haurdunentzat, adinekoentzat edo haurrentzat”, azaldu du Cesar Fernández de Landak.

23 sektore edo planotan antolatu da hiria, eta horietan arituko dira egunero 15 lantaldeak. Gainera, joan den astelehenaz geroztik, konfinamendua arintzeari ekin zaiolarik baimendutako paseoen ondorioz jende gehien biltzen den zonetako belar-sastrakak garbitu dira bereziki, desinfekzioekin egin bezala.

Asteburuetako berariazko desinfekzio eta garbiketak

Bestalde, Ingurumen Plangintzaren eta Kudeaketaren Zerbitzuak ibilbide berriak antolatu ditu pasealekuetako zonarik jendetsuenetan berariazko desinfekzio-lanak egiteko. Besteak beste, Senda ibilbidean, San Prudentzioko igoeran, Eraztun Berderako sarbideetan —bai Salburuan, bai Zabalgana eta Lakuan—, Olarizurako sarbidean eta euskal trenbide zaharraren ibilbidean.

Lantalde horiek jende gehien ibiltzen den leku komunak desinfektatzen dituzte berariaz, bereziki paperontziak, edukiontziak eta bankuak, zein, esertzea baimenduta ez badagoen ere, paseoetan atsedena behar duten pertsonek erabiltzen baitituzte.

Ibilbide horiek egunero desinfektatuko dira, ostiraletik igandera. Hiriko gainerako lekuetan programatutako desinfekzioek ere jarraitzen dute, bereziki ospitaleetan eta osasun-zentroetan, tren- eta autobus-geltokietan eta zailtasun orografikoak dituzten eremuetan, non jendeak eskudelak erabili behar dituen —hirigune historikoan, adibidez—, Gasteizko auzoak ahaztu gabe, horietan astero programatutako desinfekzioak egiten baitira.

Share

Alkateak eta Gizarte Politiken zinegotziak Lakuan etxerik gabeko 43 pertsona hartzen dituen aldi baterako aterpea bisitatu dute

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak, Osasun zinegotzi Livia Lópezek eta Arabako Gurutze Gorriko presidente Jesús Canterok bisitatu egin dute gaur goizean Udalak eta duela hilabete eta erdi auzoko Lakuako pilotalekuan etxerik gabeko pertsonak hartzeko egokitu zuten udal harrera-zentroa, bertan koronabirusaren pandemiaren aurka ezarritako konfinamendu-agindua bete al dezaten, arta egokia jasotzen duten bitartean.

Gurutze Gorriko langileen eta boluntarioen laguntza jasotzen dute aldi baterako baliabide horretan gaurkoz dauden 43 pertsonek. Hain zuzen ere, langile eta boluntario horiei esker ona adierazi die alkateak hiri osoaren izenean, hain zuzen ere Gurutze Gorriaren Nazioarteko Eguna ospatzen den honetan. Alkateak esan duenez, “Egunotan bizi dugun krisian inor ez atzean uztea posible da, besteak beste, erakunde, pertsona partikular eta Gurutze Gorria bezalako entitateei esker, zein barruan duten onena ematen ari baitira. Hor ikusten da nola ulertzen dugun elkartasuna Gasteizen, laguntza beharrean direnei betiere onena ematen dien hori honetan”.

Lakuan dauden pertsonei este 11 gehitu behar zaizkie: erlijioz musulmanak direlarik, aterpe horretatik Pio Baroja ikastetxeko gimnasiora aldatu dira aldi baterako, han ramadana betetzeko. Zentro bietan, Udalaren gizarte-zerbitzuek egonaldia, jatekoa eta dutxa eta arropa garbitzeko zerbitzuak eskaintzen dizkiete bertan daudenei.

“Gizarte-zerbitzuetatik orain arte ikusi ez bezalako ahalegina egiten ari gara pandemiaren ondorioei aurre egiteko. Oraintxe betan, lehentasuna kolektibo ahulen eta zaurgarrienak artatzea da, esaterako etxerik gabeak, ez daitezen zoriaren menpe geratu. Horregatik prestatu dugu Lakuakoa bezalako baliabidea bat, horregatik ari gara pertsona horiei egoera honetatik irteten lagunduko dien gizarte-armarri handi eta sendo bat”, esan du Jon Armentia zinegotziak, zeinak, gainera, hauxe ere aurreratu baitu: “harrera egiteko dispositibo bereziak pertsona horien egoera guztiak eta bakoitza aztertu, eta bakoitzarentzako irtenbide egokiena definitu arte izango dira irekita”.

Lakuako aterpera egindako bisitan, Arabako Gurutze Gorriko presidente Jesús Canterok azpimarratu du “inoiz Estatuan egin duten baliabide eta boluntarioen mobilizazioa handiena egiten ari direla, pertsonei laguntzeko, COVID-19aren hedapena saihesten eta haren ondorioetatik aurrera irteten saiatzeko. Gaitzak berdin jotzen gaitu guztiok, baina pertsona migratzaile eta desplazatuak, etxerik ez dutenak eta egoera ahulean daudenak dira kutsatzeko aukera gehien dituztenak. Horregatik, eskertu egin nahi dut boluntarioen lana, enpresen elkartasuna eta Gasteizko udalaren laguntza. Horri guztiari esker, erantzun egokia eman izan diogu egoera hain konplikatu honi”.

Bizitegi-bazterketa

Lakuako harrera-zentroa da Udalaren gizarte-zerbitzuek bizitegi-bazterketa egoeran dauden pertsonei harrera egin eta artatzeko dituzten baliabideetako bat. Honekin batera, kontuan hartzekoak dira baita Pio Barojakoa eta arkupeetako (zeinean, aldi baterako, Aterpeko hamar bat erabiltzaile hartzen duen azkenaldi honetan); horrez gain, baliabide egonkorrak ere aintzat hartu behar dira: CMAS, Aterpea, Etxe Irekia larrialdietarako etxebizitzak eta edo zainpeko etxebizitzak.

Share

Urtaranen gobernuak astelehenetik aurrera terrazen azalera bikoiztea onetsi du, eta tasak deseskalatzearen fase ezberdinetan ezarriko mugetara egokituko ditu

“Orain Gasteiz planaren zutabeetako bat gure hiriaren biziberritze ekonomikoa da”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

 

Urtaranen gobernuak gaur goizean onetsi duen ebazpen baten arabera, ostalaritza-establezimenduek bikoiztu egin ahalko dute terrazak eta mahaitxoak jartzeko azalera, baldin eta irisgarritasun-baldintzak eta herritarrekiko eta beste establezimenduekiko bizikidetza errespetatzen badituzte. Orain Gasteiz planaren zutabeetako bat gure hiriaren biziberritze ekonomikoa da. Eta testuinguru horretan, garrantzitsutzat jotzen dugu lehentasunezko sektoreei berpizten laguntzea, ostalaritzari, esaterako.  Erabaki honek sektoreko profesionalek egindako eskaerei erantzuten die, egoera honetan laguntzearren“, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

Azalera handitze horrek ez du ekarriko ordaindu beharreko tasa handitzea. Areago, Udalak iragarri du  ostalaritza jarduera etenda egon denez establezimendu horiek terraza eta kaleko mahaiengatik ordaintzen dituzten tasak deseskalatzearen fase ezberdinetan ezarriko mugetara egokituko dituela.

Alarma egoeraren deklarazioak jatetxeen jarduera etetea ere ekarri zuen, baina gobernu zentralak proposatutako deseskalatze planak zenbait muga kentzea proposatzen du. Astelehenean Euskadi 1. fasean sartuko balitz, ostalaritza-establezimenduetako eta jatetxeetako terrazak ireki ahalko lirateke.

Sektore horren biziberritze ekonomikoa sustatzearren, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak —Amaia Barredo buru— terrazen azalera ahal den kasuetan % 100 handitzeko baimena ematea erabaki du. Alegia, azalera bikoiztea. Nolanahi ere, jarduera garatzeko baldintzak Osasun Ministerioaren aginduz zehaztuko dira.

Gasteizko Udalak sinatu duen aginduak aukera emango die mahaitxoen lizentziaren titularrei kale, plaza, ibiltoki eta erabilera publikoko gainerako espazioetan terraza instalatzeko azalera handitzeko, orain okupatzen duten azalera bikoizteraino, eta mahitxoen kopurua handitzeko, ministerioaren aginduak ahalbidetzen duen kopuruan. Horretarako, mahaien eta erabilgarri dagoen azaleraren artean ezartzen duen proportzioa errespetatu beharko dute, baimenduta duen mahaien kopurua gainditu gabe. Lizentziaren titularrek aurretiko komunikazioa aurkeztu beharko diote Udalari, zenbateko azalera eta zenbat mahai gehitu nahi dituzten zehaztuz, eta plano bat ere erantsi beharko dute.

 

Orobat, ostalaritza establezimendu publikoetako terrazak arautzeko ordenantzaren 5.etik 7.era arteko artikuluetan ezarritako baldintza teknikoak bete beharko dituzte. Besteak beste, oinezkoentzako pasabideen muturretako espaloi-guneak, larrialdietako irteerak, garraio publikoaren geltokiak, lorategi-eremuak edo zuhaitzei edo beste edozein landareri kalte egiteko arriskua lekarkeen beste edozein espazio errespetatu beharko dituzte, eta eraikin edo establezimenduetara sartu ahal izatea bermatu. Horretaz gain, ezingo dituzte beste establezimendu edo lonjen fatxada okupatu, haien titularren baimena izan ezean.

 

Terrazen azalera irailaren 30era arte egongo da indarrean, edo COVID-19a dela eta ezarritako murrizketak amaitzen diren arte.

Share

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Atzo, udaltzainek 85 salaketa jarri zituzten koronabirusaren pandemia dela eta ezarritako segurtasun-neurriak ez betetzeagatik. Osasun-krisia hasi zenetik, 2.282 isun-proposamen egin dituzte.

Bestalde, 6 zirkulazio-istriputan esku hartu zuten. Istripuetan bi zauritu izan ziren.

 

Share

Turismo Zerbitzuak ‘Horrelakoa da Gasteiz’ lehiaketa antolatu du, hiriko lekurik erakargarriak parteka ditzagun

Parte-hartzaileek hainbat sari irabazi ahalko dituzte: gau bat hotel edo landetxe batean, bazkari edo afari bat, bonu bat bertako txikizkako saltokietarako eta bisita gidatu bat

Gasteizko Udalaren Turismo Zerbitzuak lehiaketa bat antolatu du gasteiztarrek hirian gustukoen dituzten txokoak ezagutarazteko. Arabako hiriburuko anfitrioi perfektuen bila dabiltza.

Beren bisitariei zein leku erakutsiko lieketen pentsatzeko eskatzen die ekimenak gasteiztarrei; maiatzaren 11ra arte hartu ahalko da parte. Leku horietan ateratako argazkiak partekatzean datza lehiaketa, txoko historikorik gogokoena hoberen agertzen duen irudia, natura-espazio bat, tradizio bat, kultura-jarduera bat, saltoki bat edo hiriko enogastronomia.

“Sare sozialetan aktibitate handia dago asteotan, eta gure hiriaren erakargarriak partekatu eta ezagutarazi ditzakegu horien bidez. Eta zein garai hoberik hau baino denen artean egiteko, gasteiztarren laguntzarekin, haiek ezagutzen baitituzte inork baino hobeto bertako txokoak”, azaldu du Gasteizko Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzi Maider Etxebarriak.

Parte-hartzaileek hainbat sari irabazi ahalko dituzte: bi pertsonarentzako gau bat hotel edo landetxe batean, bi pertsonarentzako bazkari edo afari bat, 100 euroko bonu bat bertako txikizkako saltokietarako eta bisita gidatu bat.

Parte hartzeko, nahikoa da irudia #HorrelakoaDaGasteiz eta #TurismoVitoria traolekin argitaratzea eta zerbitzuak sare sozialetan dituen profilei jarraitzea: @TurismoVitoria Twitter eta Facebooken, eta @Turismo_Vitoria Instagramen.

‘Horrelakoa da Gasteiz’ lehiaketa

Share

Udalak 181.656 euroko ekarpena egingo dio Egibideri

Gasteizko Udalak Diocesanas-Jesús Obrero Fundazioari (Egibide) 181.656,19 euro ordaintzea onetsi du, 2020ko urtarriletik abuztura bitartean lanbide heziketa bultzatu eta garatzeko Udalak entitate horri esleitu dion ekarpenaren kontura. Hezkuntza eta Kultura Saileko Hezkuntza Zerbitzuak berariazko partida bat du bere aurrekontuan horretarako.

Aldez aurretik, Egibidek 2020ko ekitaldirako gastuen eta diru-sarreren aurrekontua aurkeztu zuen, zeina abenduaren 15ean egindako bilkuran onetsia baitzuen Lanbide Heziketako Partzuergoaren zuzendaritza batzordeak.

Gasteizko Udalak 181.656,19 euroko ekarpena egingo zuela erabaki zen bilkura hartan, hau da, aurrekontuaren % 50. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Vital Fundazioak finantzatzen dute Egibide.

“Gasteizen eskaintzen diren ikasketei ematen diegun sostenguaren barruan sartzen da lankidetza hau. Talde sozialistan funtsezkotzat jotzen dugu pertsona ororen hezkuntza sustatzea, gizartearen aniztasuna, konplexutasuna eta etengabeko aldaketak aintzat harturik. Hain zuzen ere, lanbide heziketak gorakada handia izan du azken urteetan, lan-merkatuaren errealitateari gertuenetik jarraitzen dioten ikasketa profesionalak baitira, eta sektore ezberdinetan behar dituzten langile kualifikatu espezializatuak prestatzen baititu”, nabarmendu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Egibide

Egibide 2012ko maiatzean sortu zen, Diocesanas eta Jesús Obrero ikastetxeen batuketaren emaitza gisa, oinarri kristauko gizarte eta hezkuntza proiektuaren tradizioa eta bokazioa mantentzeko xedez.

Gaur egun 450 irakasle ditu, eta 12 urtetik gorako 7.000 ikasle baino gehiago; bigarren hezkuntza, batxilergoa, lanbide heziketa (13 arlotan), etengabeko prestakuntza eta lanerako prestakuntza eskaintzen ditu.

Hezkuntza proiektu horrek 75 urtetik gora daramatza gasteiztarrak prestatzen, Arriaga, Jesús Obrero, Mendizorrotza, Molinuevo eta Nieves Canoko campusetan.

Share

Udalaren Folklore Akademiak aurretik izena emateko epea irekiko du ikasle berrientzat, maiatzaren 11n

. Vitoria-Gasteiz, fotografia Rafa Gutierrez

 

Matrikulatu nahi dutenek internetez egin ahalko dute lehen aldiz

 

 

 

 

 

Gasteizko Udalaren Hezkuntza eta Kultura Sailak maiatzaren 11n (astelehena) irekiko du epea 2020-2021 ikasturtean Udalaren Folklore Akademian ikasi nahi duten ikasle berriek aurretik izena eman dezaten. Osasun krisia dela eta, epea astebete atzeratu behar izan da; horrenbestez, interesdunek bi aste izango dituzte matrikulatzeko. Maiatzaren 24an amaituko da epea.

Lehenengo aldiz, matrikula internetez egin ahalko da, www.vitoria-gasteiz.org webgunean Folklore Akademiari eskainitako espazioan; aurrez aurre ere egin ahalko da, ohi bezala, Musika Etxeko idazkaritzan (San Antonio kalea, 14), astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era (ostiral arratsaldeetan izan ezik).

“Osasun krisia dela eta, internetez matrikulatzeko sistema berria sortu dugu, herritarren joan-etorriak ahalik eta gehien eragoztearren. Gure herriko musika tradizionala ezagutzeko interes berezia duten pertsonak erakargarrien gertatzen zaizkien ikasgaietan izena ematera animatzen ditugu“, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Ikasle berriek tresna hauek jotzen ikasi ahalko dute: alboka, gaita, txalaparta, txistua, txirula, trikitixa eta panderoa. Gainera, ikastegian beste ikasgai hauek ematen dira: musika-hastapenak, musikaren lengoaia, euskal dantzak, abesbatza eta perkusioa.

Hauek dira matrikulatu ahal izateko gutxieneko adinak: euskal dantzak ikasteko, 2014ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoa izatea; musika hastapenetarako, 2013an jaiotakoa, eta abesbatzarako, 18 urtetik gorakoa izatea. Gainerako ikasgaietan, 2012ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoek eman ahalko dute izena.

Dagoeneko eskolako ikasle direnen matrikula automatikoki berrituko da, zentroak ezarritako aplikazio baten bidez.

Jardunean

Udal Folklore Akademia erreferentea da dantza eta musika tresna tradizionalei dagokienez. Ez da soilik hezkuntzara mugatzen; horrez gain, musika taldeak osatzen ditu, eta Gasteizen euskal doinu eta dantzak ezagutzera eman dituzten jarduerak antolatzen ditu.

Koronabirusa dela eta aurrez aurreko eskolak bertan behera utzi behar izan ondoren, Musika Etxeko akademiak prestakuntza-programa zabala eskaini du online, itxialdian zehar ikasleen eskaerari erantzuteko.

Batetik, irakasleek banakako lana proposatzen dute tresnak lantzeko (alboka, gaita, panderoa, perkusioa, trikitixa, txalaparta, txirula eta txistua); bestetik, taldekakoa musikaren lengoaia, musika hastapenak, abesbatza eta dantza lantzeko.

Gainera, musikaren lengoaiari dagokionez, Akademiak kontu bat aktibatu du Aulavirtualmusica plataforman (https://aulavirtualmusica.com/inicio/es), ikasleei kalitateko materialak eskaintzearren.

Era berean, Youtubeko bideoekiko estekak proposatu dizkiete ikasleei, ikasgaiak era intuitibo eta sortzaileagoan lantzerik izan dezaten. Esaterako, Musikarma bloga (http://mousikarma.blogspot.com), etxeko txikiek musika oso era dibertigarrian ikasteko bide ematen duena.

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org / gufa@vitoria-gasteiz.org / Telefonoa: 945 16 26 02

 

 

 

Share