Prentsa Oharren banner

Autobus-geltokiak sarrerak eta irteerak antolatu ditu distantzia fisikoa erraztu ahal izateko, eta zenbait gomendio plazaratu ditu bidaiarientzat

Gasteizko autobus-geltokiak sarrerak eta irteerak aldatu ditu distantzia fisikoa erraztu ahal izateko, azpiegituratik dabiltzan pertsonen segurtasuna bermatzearren. Prozedura argia ezarri da bidaiariak era ordenatuan mugitu daitezen, sartzeko eta irteteko bideak zehatz-mehatz adierazita.

 

Euskal Herria bulebarretik eta Euskaltzaindiaren plazatik atondora daramaten ate nagusietatik sartuko da geltokira. Nasetatik irteteko, berriz, Euskal Herria bulebarrera eta geltokiaren eta Rafael Alberti kalearen artean dagoen oinezkoen ibilbidera ematen duten alboko irteeretatik joan beharko da.

Horretaz gain, udal azpiegitura horretako kudeatzaileek bidaiarientzako gomendioak biltzen dituzten zenbait kartel egin dituzte, kutsatzea eragotzi eta COVID-19aren pandemia geldiaraztearren. Besteak beste, geltokian autobusera igotzeko unean bertan sartzeko aholkatzen du Udalak, itxaron behar izanez gero aire zabalean geratzeko, autobusetik jaitsi ondoren hurbilen dagoen atetik irteteko eta geltokiaren barruan maskara erabiltzeko. Eta, jakina, gainerako erabiltzaileekin bi metroko segurtasun tartea zaintzeko. Orobat, mapak jarri dira nasetatik kanpora errazago ateratzeko. Gurutze Gorriko boluntarioek tenperatura hartuko diete bidaiariei.

 

Share

Asteburuetan, Zadorra hiribideko erreietako bat trafikorako itxiko da Abetxukuko eta Gamarrako biribilguneen artean, oinezkoen eta txirrindularien mugikortasuna errazteko

Gaur goizean, Gasteizko Udalak lanak abiarazi ditu asteburuetan Zadorra hiribideko iparraldeko erreia trafikorako itxi ahal izateko, horrek oinezkoen eta txirrindularien mugikortasuna erraztuko baitu. Ostiral arratsaldeko 18.00etatik astelehen goizeko 8.00ak arte ezarriko da neurri hori.

Trafikorik ez duen erreia txirrindulariek erabiltzeko utziko da, eta bizikleta-bidea, oinez dabiltzanentzat. Une honetan ezin da inguru horretako oinezkoentzako bideetatik ibili, URA lanak egiten ari delako Zadorra ibaiaren uholdeen kontra babesteko proiektuaren bigarren fasea osatzeko. Horrek zenbait neurri hartzera bultzatu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saila. Izan ere, asteburuetan ibiltari ugari biltzen da inguruan, eta bidegorrian sartzen dira.

Aste honetan iragarri denez, Urtaranen gobernuak Espazio Publikoaren Plan asmo handiko jarri du martxan, Gasteizko auzo guztietan barrena ehun bat esku-hartze eginez. Horren barruan, 400.000 euroko inbertsioa aurreikusi da 8,5 kilometro espaloi handitzeko, 8 kilometro bizikleta-bide berri egiteko eta datozen hilabeteetan auzoetako 88 kaletan zirkulazioa lasaitzeko. Zadorra hiribideko esku-hartzea lehenengoetako bat da; oinezkoentzako eta txirrindularientzako espazioak zabaltzea du helburu, jendetza biltzen den lekuetan distantzia fisikoa bermatu ahal izateko.

Gaur goizean bertan seinale bat jarri da Zadorra hiribidea ostiral arratsaldeetan, asteburuetan eta jaiegunetan itxita egongo dela ohartarazteko. Era berean, behar diren neurriak hartuko dira Agirrelanda, Haitz eta Zubibarri kaleetan zein pasabideen irteeretan ezkerretara biratzea debekatzeko.

Zadorra hiribidea “New Jersey” hesiak eta/edo hesi arruntak jarriz itxiko da, eta seinaleztapen bertikalez osatuko da hori. Ezkerretara biratzeko debekua seinaleztapen horizontalez (pintura) eta seinaleztapen bertikalez adieraziko da, eta h-75 bolardoak edo hesiak ere jarriko dira.

 

Share

Gizarte Politiken Sailak “gizarte-ezkutu” bat aktibatuko du, pertsona eta familia ahulenek covid-19aren ondorioei aurre egin ahal izateko hainbat neurri hartuz

  • Kontingentzia sozialeko planak 11 milioi euro bideratuko ditu GLLetara eta udal laguntzetara

  • 21 Zabalgunearekin batera, alokairuko etxebizitzen programa bat jarriko du abian, ahultasun-egoeran dauden familientzat

 

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak bere sailak covid-19aren aurrean landu duen Gizarte Neurrien Plana aurkeztu du gaur goizean. Bertan, hogeita hamar bat jarduera jasotzen dira, pertsona eta familia zaurgarrienek covid-19ak ekarritako ondorioei aurre egin ahal izan diezaieten “eta ez daitezen babesik gabe geratu”.

Egungo osasun, gizarte eta ekonomia egoera zailean, udalaren gizarte zerbitzuek “Gasteizen bizi garenon ongizatea bermatzea” izan dute helburu, “egoera txarrenean dauden pertsonak eta familiak babestu eta laguntzeko gizarte-ezkutu handi bat aktibatuz”, azaldu du Jon Armentiak streaming bidez jarraitu ahal izan den prentsaurrekoan.

Kontingentzia plan berri hau duela gutxi aurkeztu zen “Orain Gasteiz” planaren barruan dago, eta 7 ekintza-ildo proposatzen ditu:

  1. Krisi ekonomikoak eragindako familiei arreta ematea.
  2. Adinekoentzako baliabideak egokitzea.
  3. Bakarrik edo isolatuta bizi diren pertsonen jarraipena.
  4. Etxez etxeko laguntza-zerbitzua indartzea.
  5. Bizitegi-bazterketako egoeran dauden pertsonei arreta ematea.
  6. Haurrei eta nerabeei arreta ematea.
  7. Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei eta LGTBI kolektiboari arreta ematea.

 

Hamaika milioi euro laguntzetan eta alokairuko etxebizitzetan

Lehenengo jarduera-ildoa betetzeko, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 11 milioi euro bideratuko ditu aurten gizarte-larrialdietarako laguntzetara (GLL) eta udal laguntzetara; horrek esan nahi du aurrekontua 2 milioi euro handituko dela.

Beste ekintza nabarmengarri bat egoera ahulean dauden familientzat alokairuko etxebizitzen programa bat martxan jartzea izango da, zeinak “bizitegi-bazterketako egoerei erantzun azkarra ematea ahalbidetuko” baitu, Armentiaren ustez.

Alokairuak egonaldi luzekoak izango dira —5 eta 7 urte bitartekoak, salbuespenak salbuespen—, eta 21 Zabalguneak erabilgarri dituen etxebizitzekin lotuta egongo dira, programa honetan laguntzen baitu.

Etxebizitzak esleitzeko, une bakoitzean dauden bizitegi-bazterketako kasuen balioespen teknikoa egin beharko da. Beraz, ez da itxaron-zerrendarik egongo.

Seme-alaba adingabeak dituzten bizikidetza-unitateak baliatu ahalko dira programaz, edo, salbuespen gisa, gurasoen mende dauden seme-alaba adindunak dituztenak. Familia horiek etxegabetze-prozedura batean sartuta egon beharko dute, eta prozedura horren arrazoia ez da izango alokairua ez ordaintzea. Gainera, etxebizitza publikoaren eskatzaileak izan beharko dute, etxebizitzaren alokairua ordaintzeko diru-sarrera nahikoak izan beharko dituzte eta etxeko antolaketarako trebetasunak izan beharko dituzte, tutoretzarik edo ikuskapenik behar ez izateko.

Etxebizitza komunitario berriak

Adineko pertsonentzako baliabideak errealitate berrira egokitzeko, etxebizitza komunitario berriak eraikiko dira Hedegile kalean, egungo Aurora zainpeko apartamentuetan. Proiektu berria aurten idatziko da, eta 2021ean gauzatuko, 650.000 euroko aurrekontuarekin.

Etxebizitza berri horiek, garai bateko Los Molinos eta Aurora egoitzetan egindakoei gehituko zaizkie.

Bestalde, gizarte zerbitzuak lanean ari dira eguneko arreta-zerbitzuak berrantolatzeko, “lehenbailehen irekitzeko, edukiera, distantzia soziala, espazioen egokitasuna eta osasun-segurtasuna bermatuko duten arreta-txandak kontuan hartuta”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotziak.

Adinekoen segimendua egiten jarraituko da

Adinekoei segimendua eta lagun egiteko dispositiboak martxan jarraituko du adinekoen zentro soziokulturalen jarduera eta programazioa berreskuratzen ez diren bitartean.

Halaber, adinekoei banakako laguntza emateko proiektu bat garatuko da; zainketa eta lotura plan bat ere ezarriko da, besteak beste teknologia berriak gehiago erabiltzeko, eta Hiri Errukibera proiektua gauzatuko da, Vivir con Voz Propia kolektiboarekiko lankidetzan.

Etxez etxeko laguntza-zerbitzua

Gizarte-zerbitzuen kontingentzia-planaren laugarren jarduera-ildoan etxez etxeko otordu-zerbitzua indartzea agertzen da, pandemian ahultasun-egoerei erantzuteko martxan jarri diren laguntzei jarraipena emateko. Gizarte Politiken Sailak egunean 50 menu gehiago ematea kalkulatu du.

Era berean, “Etxean zaintzen ikasten” programa berriro martxan jartzea aurreikusi da.

Bizitegi-bazterketan dauden pertsonentzako arreta

Jon Armentia zinegotziak iragarri duenez, harrera dispositibo bereziek behar adina denbora iraungo dute. “Gaur egun, 57 pertsona daude Lakuan eta Pio Barojan; horiek balioesten ari gara, eta ibilbideak zehaztuko dizkiegu, arreta jasotzen jarrai dezaten, gizarteratze aldera”.

Era berean, harrera-baliabideak indartuko dira, osasun-gomendioetara egokitzeko: gizarte-distantzia, edukierak, etab.

Haurren eta nerabeen arreta

Haur eta nerabeen arloan, normaltasuna itzultzen ez den bitartean, pandemiari aurre egiteko sortutako gizarte- eta hezkuntza-dispositibo bereziak jarraituko du. Horien osagarri, errefortzu eta laguntza emozionaleko programak egingo dira.

Bestalde, haur-pobreziari aurre egingo zaio Haurren eta Nerabeen II. Planaren bidez, haren ildo estrategikoetako bat garatuz: ekitatea, haurren desberdintasunaren ondorioak minimizatzeko.

Genero-indarkeriaren aurkako prestakuntza

Udaleko gizarte-zerbitzuek covid-19aren ondorioei aurre egiteko planteatutako “gizarte-ezkutuaren” zazpigarren eta azken ekintza-ildoak prestakuntzaren aldeko apustua egiten du indarkeria matxistari eta LGTBI kolektiboaren aurkako indarkeriari heltzeko. “Zaurgarritasun handiko garai batean gaude eta arreta hori hobetu nahi dugu”, azaldu du zinegotziak.

Hori dela eta, udaleko gizarte-zerbitzuetan zuzeneko arreta ematen duten 80 profesionalek genero-indarkeriari buruzko prestakuntza jasoko dute online.

Gainera, Berdintasun Zerbitzuko profesional batek genero-ikuspegia txertatuko du gizarte-zerbitzuek eskaintzen duten arretan.

Une gogorrak

Covid-19arekin lotutako gizarte neurrien planaren aurkezpena amaitzeko Jon Armentia zinegotzi eta alkateordeak gogora ekarri duenez, “garai latz hauetan gure lehentasuna osasuna babestea eta pertsona eta familia ahulenentzako laguntza bermatzea da. Horregatik, osasun-krisi honek familia askori planteatzen dion Damoklesen ezpatari aurka egiteko gizarte-ezkutu hau altxatzen dugu indarrez, ondorioak geldiarazteko eta arintzeko eta pandemiak gure bizilagun guztiek merezi duten ongizatea aurretik eramatea saihesteko neurriekin”.

Share

Maiatzaren 28an hasiko da haur-eskoletarako matrikulazio-aldia

Internetez  egin ahalko da izapidea, edo herritarrei laguntzeko bulegoetan, hitzordua hartuta

 

Gasteizko haur-eskola publikoetan 2020-2021 ikasturterako matrikulatzeko epea maiatzaren 28an hasiko da.

Orotara 25 eskolak osatzen dute sarea, eta 1.433 plaza eskaintzen dituzte. Horietako bost Gasteizko Udalak kudeatzen ditu, zeinetan 0-3 urte bitarteko haurrak hartzen baitira; gainerako hogeiak Haurreskolak partzuergoak kudeatzen ditu, eta 0-2 urte bitarteko haurrentzako zerbitzua eskaintzen dute.

“Partzuergoarekin elkarlanean ari gara, Gasteizko herritarrei “leihatila bakarreko zerbitzua” eskaintzeko; hartara, matrikulazio-prozesua bakarra eta bera da, familiek zein eskola aukeratzen duten gorabehera”, azaldu du Gasteizko Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

2018an, 2019an eta 2020ko maiatzaren 20ra arte jaiotako haurrak matrikulatu ahalko dira, 2020ko maiatzaren 28tik ekainaren 8ra arte. “COVID-19ak eragindako osasun krisialdia dela eta, eskabideak internetez aurkeztu ahalko dira lehenengo aldiz, udalaren webgunean. Izapidea aurrez aurre ere egin ahalko da, gizarte etxeetako herritarrei laguntzeko bulegoetan, aldez aurretik hitzordua eskatuta”, azaldu du zinegotziak.

2020ko maiatzaren 18tik aurrera (egun hori barne) jaiotako umeen eskabideak behin betiko zerrendak argitaratu ondoren hasiko dira kudeatzen, eskolaratzea urritik aurrera hasi ahal izateko, hau da, 16 aste beteta dituztela, betiere leku hutsik bada.

Hezkuntza premia bereziak dituzten umeei dagokienez, eskabideak eta agiriak Udaleko Hezkuntza Zerbitzuan (Frai Zacarias Martinez kalea, 3) aurkeztuko dira, 08:30etik 14:00etara, familiei informazioa eta orientazioa ematearren. Aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da.

2020ko irailean eskolan hasteko matrikulazio prozesu arruntak epe hauek izango ditu:

  • Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea: maiatzaren 28tik ekainaren 8ra.
  • Behin-behineko zerrendak eta itxarote-zerrendak argitaratzea: ekainaren 25ean.
  • Erreklamazioak aurkezteko epea: ekainaren 25etik 28ra.
  • Behin betiko zerrendak argitaratzea: uztailaren 9an.

Argibide gehiago nahi izanez gero, komunikazio-kanal hauek jarri ditu Hezkuntza Zerbitzuak:

Hezkuntzarekin lotutako webgunea: www.vitoria-gasteiz.org/hezkuntza

E-posta: hezkuntza@vitoria-gasteiz.org

Telefonoa: 945 16 12 30

 

Haur eskolak

Udalaren haur eskolen sareak bost zentro ditu: Haurtzaro (hirigune historikoan), Sansomendi, Zaramaga, Lourdes Lejarreta (Lakuan) eta Zabalgana.

Hezkuntzan eta funtzio ludikoan oinarritutako hezkuntza-proiektu baten aldeko apustua egiten dugu, haurren funtsezko eskubideak diren aldetik. Haurren behar fisiko, afektibo eta emozionalak berariaz betetzeko beharra hartzen da abiapuntutzat, eta familiekiko lankidetza estuaren bitartez, umeen nortasunaren bilakaera harmonikoa lortzen lagundu nahi dugu, dela ikuspegi afektibotik, intelektualetik, sozialetik nahiz kulturaletik”, adierazi du Cantok.

Haurreskolak partzuergoko haur eskolek 0-2 urte bitarteko umeentzako gelak eskaintzen dituzte; Arabako hiriburuan 20 dira. Udalaren haur eskoletan, berriz, 0-3 urte bitarteko umeentzako gelak dituzte. Zehazki, 288 leku 0 urtekoentzat, 1.001 leku urtebetekoentzat, eta 144 leku 2 urtekoentzat, hau da, 1.433 leku orotara. Bi ordutegi aukera dago: 5 ordu edo 8 ordu egunean.

“Udalaren haur eskoletan, 8 orduko ordutegian jantoki zerbitzua eskaintzen da, eta udaleko sukaldariek eskoletan bertan prestatzen dute janaria, sasoiko elikagaiak erabiliz —gehienak, ziurtagiri ekologikoa dutenak—”, azpimarratu du zinegotzi sozialistak.

Informazio gehiago

 

 

Share

Bi atxilotu behin eta berriz alarma-egoeraren dekretua ez betetzeagatik

Udaltzainek atzo 36 eta 27 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten behin eta berriz alarma-egoera arautzen duen dekretua ez betetzeagatik. Horrek agintarien aurkako desobedientzia larriaren delitua dakar.

 Pertsona horietako lehenengoa 13:30ean atxilotu zuten Nikaragua kalean; izan ere, bide publikoan egoteko arrazoi justifikaturik izan gabe beste pertsona batekin bankuan eserita atzeman zuten. Udaltzainek egiaztatu zuten itxialdia ez errespetatzeagatik salatzen zuten seigarren aldia zela. Ondorioz, atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten. Epailearen esku utzi zuten atzo goizean.

Bigarren gizonezkoa 18:00etan atxilotu zuten Erbina kalean, beste pertsona batekin eta justifikatutako arrazoirik gabe bide publikoan egoteagatik, Covid-19aren alarma-egoera arautzen duen Errege Dekretuaren arabera. Udaltzainek egiaztatu zuten arrazoi beragatik salatzen zuten bosgarren aldia zela, beraz, atxilotu eta epailearen esku utzi zuten.

Share