Prentsa Oharren banner

Bikote bat atxilotua elkarrekin borroka egiteagatik

Udaltzainek ostiralean, maiatzaren 8an, 21 urteko emakumezko bat eta haren bikotekidea, 32 urteko gizonezkoa, atxilotu zituzten San Martin auzoko haien etxean borroka egiteagatik. Udaltzainek eztabaida gogorra entzuten zutela zioen abisua jaso zuten. Bikotearekin eta hainbat lekukorekin hitz egin ondoren, bikotea atxilotu eta epailearen esku jarri zituzten.

Horrez gain, atzo, igandea, 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuten genero-indarkeriaren ustezko delitua egiteagatik. Emazteak Agerrelandako polizia-etxean salatu zuen. Aitorpena hartu eta gertakariak egiaztatu ostean, patruila bat bizitokira joan zen gizonezkoa atxilotzeko asmoz. Epailearen esku utzi zuten ondoren.

Bestalde, udaltzainek ostiralean 40 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten Antoni Amat Maiz kalean borrokan aritzeagatik identifikatu ondoren. Udaltzainek egiaztatu zutenez, toki hartatik metro gutxira bizi den emakume batengana gerturatzeko debeku-agindua zuen gizonak eta, ondorioz, epailearen esku utzi zuten.

Atxilotua udaltzainei eraso egiteagatik

Udaltzainek atzo 21 urteko gazte bat atxilotu zuten. Uniformea jantzita zeraman patruila bat herritarren segurtasun-lanak egiten ari zela, gelditzeko agindu zion Adriano VI.a kalean bizikletan zihoala. Udaltzainen aginduei kasurik egin gabe, handik ihes egin zuen, baina inguruan atzeman zuten.

Ibilgailuetan eta hiriko altzarietan kalteak eragin eta bi udaltzaini eraso egin ostean, autoritate-agintarien aurkako atentatu-delitua zela eta atxilotu egin zuten.

Udaltzainek, era berean, Gasteizko epaitegi batean bi errekisitoria judizial zituen gazte bat atxilotu zuten ostiralean.

Amaitzeko, asteburuan, udaltzaingoak bi gizonezko atxilotu ditu alarma-egoera sei aldiz ez betetzeagatik. Lehenengoa ostiralean atxilotu zuten Oto hiribidean eta bigarrena atzo, igandean, Iturritxu kalean. Epailearen esku geratu dira biak.

Share

Lurralde Batzordea (2020-05-18)

Webgunean dago eskuragarri Lurralde Batzordeak maitzaren  18an (astelehena), 9.00etan, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda.

 

Share

Dagoeneko joan daiteke Gasteizko hilerrietara, pertsona maiteak bisitatu, gogoratu eta omentzeko

Gaurtik aurrera baimenduta daude beilak; gehienez 15 pertsona elkartu daitezke aire zabalean, eta 10 pertsona leku itxietan

 

Gasteizko Udalak Santa Isabel eta Salbatzailearen hilerrietara joateko baimena eman du. Gaurtik aurrera, aske joan daiteke hilerrietara, pertsona maiteak bisitatu, gogoratu eta omentzeko.

Beilak eta agurtzeko zeremoniak ere baimendu dira, instalazio publiko edo pribatuetan, baina gehienez 15 pertsona elkartu daitezke aire zabalean, eta 10 pertsona leku itxietan. Ehorzketetarako segizioetan eta errausketetako agurretan, halaber, gehienez 15 pertsona (senideak eta adiskideak) elkartu ahalko dira.

Kasu guztietan, osasunaren arloko agintariek COVID-19ari aurre egiteko ezarri dituzten segurtasun eta higiene neurriak bete beharko dira, hau da, distantzia fisikoa eta eskuen garbiketa.

Share

Ur-eteteak Erdi Aroko hiriguneko zenbait kaletan

Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren eta Arkupeen inguruan egiten ari diren lanak zein San Frantzisko kalea urbanizatzeko lanak baliatuz, AMVISA fibrozementuzko hodiak aldatzen ari da; hori dela kausa, bihar 4 orduz etengo da ur-hornidura Erdi Aroko hiriguneko zenbait kaletan, eta horrek Barnekale Berriari eragingo dio bereziki.

Bihar, maiatzak 12, 08:00etatik 12:00etara etengo da hornidura, kale eta atari hauetan:

San Frantzisko kalea, 7 eta 9.
Barnekale Berria, 1, 3, 5, 5A, 7, 8, 11, 12, 13, 14, 15, 19, 20, 25, 27, 28, 29, 30, 31, 32, 33, 33A, 35, 37, 38, 39, 43, 44, 45 eta 47.
Kanpokale Berria, 3, 23 eta 25.
San Prudentzio Ikastetxeko kalea, 2.
San Frantzisko Xabierkoaren kantoia, 10.

 

 

Share

Udalak semaforo gehiagotan jarriko du anbar koloreko argi keinukaria, oinezkoentzako zenbait semaforo itzaliko ditu, eta semaforo zikloak aldatuko

Manuel Iradier kalean eta zenbait bidegurutzetan hasiko dira neurriak ezartzen 

Gasteizko Udaleko Trafiko Zerbitzuak aldatu egingo ditu hiriko semaforoetako batzuk, anbar koloreko argi keinukaria jartzearren. Kale batzuetan trafikoa murriztu eta zirkulazio-erreiak kendu direnez, semaforo-erregulazioa kentzea dago, esaterako, Manuel Iradier eta Florida kaleetan. Hartara, oinez doazenek lehentasuna izango dute berriro oinezkoen pasabide margotuetan, oinezkoentzako semaforo gorriak baldintzatzen baitzuen orain arte. Gasteizko inguru batzuetan, berriz, itzali egingo dira semaforoak.

Etorkizuneko mugikortasunak garraiobide ezberdinen arteko bizikidetza bilatu behar du, eta Udala lanean ari da oinezkoek espazio publikoa berreskuratzen jarrai dezaten.

Aldaketen ondorioz, ibilgailuentzako semaforoak anbar egongo dira, eta oinezkoentzako semaforoak, itzalita. Anbar koloreko semaforoak kontu handiz ibiltzera behartuko ditu gidariak eta, beharrezkoa bada, bidea ematera. Horrek esan nahi du galtzadatik zirkulatzen duten ibilgailu guztiek (autoek zein bizikletek) oinezkoek zebra-bideetan duten lehentasuna errespetatu beharko dutela.

Dagoeneko Manuel Iradier kaleko semaforoetan programatu da anbar koloreko argi keinukaria, 6.00etatik 10.00etara eta 20.00etatik 23.00etara izan ezik, eta Berpizkundearen plazaren ondokoa kenduta.  Baliteke ordutegiak aldatzea deskonfinamenduaren fase ezberdinetan. Olagibel eta Foru kaleen arteko eta Estibaliz hiribidearen eta Urriaren Hamabiaren kalearen arteko bidegurutzeetan ere antzera erregulatu dira semaforoak; eguneko 24 orduetan funtzionatuko dute horrela.

Bestetik, Udalak hiriko semaforo-zikloak aldatu ditu trafikoa gutxitu dela baliatuz, eta asteburuetako ohiko funtzionamendura moldatu. Zikloak laburragoak dira, itxaronaldiak eta semaforoa berde dagoen tarteak gutxiago dira, eta zirkulazio-fluxuak, arinagoak. Oinezkoek igarotzeko behar duten denbora arautzen duten irisgarritasun arauak kontuan hartuko dira, jakina.

 

 

 

Share

Bigarren zabalkunde-irratsaio bat jarri dute abian Udalaren haur eskolek

Onda Cero irratiak bat egin du ekimenarekin, eta hezitzaileek gomendioak eskaintzen dizkiete familiei, konfinamendu-aldiari nola aurre egin

 

Bigarren irratsaio bat jarri dute abian Udalaren haur eskolek, 3 urtera arteko haurrak dituzten familiei konfinamendua ongi eramaten laguntzeko. Ostegunetan izango da, 11:45etik 12:00etara, Onda Cero Vitoria irratian, Susana Marqués kazetariak aurkezten duen saioan. Bertan, Lourdes Garijo hezitzaileak gomendioak ematen dizkie gurasoei, Covid-19a hirira iritsi zelarik sortutako egoerari aurre egiteko.

Duela zenbait aste Radio Vitoria irratian hasitakoari gehitzen zaio ekimen hau. Asteazkenetan izaten da saioa irrati horretan, eta onuragarria ari da suertatzen.

“Familien mezuak jaso ditugu, eta eskertu egiten digute ematen diegun laguntza. Gurasoak beren seme-alaben prestakuntzaren ardura beren gain hartzen ari diren asteak dira, egoera konplexuetan, telelana, etxeko zereginak eta beste direla eta. Hezitzaileek kontseiluak eta ideiak ematen dizkiete, haurrek etxean ikas dezaten, modu atsegin eta dibertigarrian. Goraipatu beharreko lana. Eskerrak eman nahi dizkiet Hezkuntza Zerbitzuko langileei, egiten ari diren ahaleginagatik eta erakusten ari diren sormenagatik, baita Radio Vitoria eta Onda Cero irratiei ere, laguntzagatik”, adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Haur txikien gurasoei pandemia Gasteizera iritsiz geroztik beren etxeetan sortutako egoera gainditzen laguntzeko bere sailak landutako planaren barruan sartzen da proposamena hori.

Irratian eskaini ondoren, Udalaren webgunean jartzen dira saioak, eskuragarri.

Lehen saioa

Gasteizko Onda Cero irratian emandako lehenengo saioan —ostegunean, maiatzak 7an—, errutinak eta ordutegiak antolatu eta atsedenaldiak, otorduak eta jolasaldiak errespetatzeko premia azpimarratu zuen Lourdes Garijok, eta nagusien erritmoetara moldatzekoa. “Momentu egokia da haurren autonomia bultzatzeko”, aldeztu zuen.

Orobat nabarmendu zuen hezitzaileek ikasleekiko harreman afektiboa mantendu nahi izan dutela, konfinamenduak iraun bitartean, whatsapp eta bideodeien bitartez. “Azken hilabeteetan landutako abestiak kantatu eta errimak errepikatu ditugu, urtebetetzeak ospatu ditugu eta sukalderako errezetak eskaini dizkiegu familiei”, azaldu zuen laguntzaileak, eta bidenabar gogorarazi zuen badela egoera horretan dauden haurren familiei arreta eta aholkuak eskaintzeko zerbitzu bat, online. Astelehenetik ostiralera funtzionatzen du, whatsappez hitzordua eskatuta, 663 86 11 52 telefonoan.

 

Irratsaioak entzun

Share

Gizarte Politiken Sailak kanal bat ireki du YouTuben, osasun-parkeetako eta erorketen prebentziorako programako adinekoek etxean ariketak egin ditzaten

 

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak YouTubeko kanal bat sortu du osasun-parkeetako eta erorketen prebentziorako programako adinekoek etxean ariketak egiterik izan dezaten, monitoreen aginduei jarraituz.

“Adinak ez gaitu geldituko” izenez bataiatu dute adinekoentzako zentro soziokulturalek eta aipatutako programetako profesionalek sustatutako ekimena. Izan ere, covid-19a dela eta jarduerak bertan behera utzi behar izan zirelarik, erabiltzaileek ariketa-errutinak etxera egokitzeko gogoa adierazi zuten.

Asteburutik, kanal berriak bideo laburrak eskaintzen ditu, adinekoek indarra, mugikortasuna, erresistentzia eta oreka lantzeko ariketa errazak egiterik izan dezaten. Aurrerago, bestelako gimnastika ariketak eta jokoak biltzen dituzten grabazioak eskainiko zaizkie, etxean egiteko.

Partaidetza handia

Osasun-parkeek eta erorketen prebentziorako programak udalaren gizarte-zerbitzuetako erabiltzaileen parte-hartze handia izan ohi dute.

Udalak 10 osasun-parke ditu hirian barrena, eta 400 pertsonak erabiltzen dituzte urtean beren autonomia eta sasoia hobetzeko, monitoreek markatzen dizkieten ariketak eta errutinak eginez.

Erorketen prebentziorako programan, berriz, 500 adinekok baino gehiagok hartzen du parte urtero, prestakuntza zikloen eta lantegien bidez, zeinetan arriskuak identifikatzen baitituzte, eta sasoia hobetzen; hori oso lagungarria gertatzen zaie erorketak saihesteko.

Share

Maiatzaren 11n (astelehena) hasiko da Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan ikasle berriek izena emateko epea

Interesatuek bide telematikoen bide telematikoen bitartez ein beharko dute tramitea.

 

Maiatzaren 11n (astelehena) hasiko da José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan 2020-2021 ikasturteko ikasle berriek izena emateko epea. Zentro horretan dantza-ikasketa arautuak eskaintzen ditu, batetik Oinarrizko Ikasketak, eta bestetik Ikasketa Profesionalak Dantza Klasikoaren espezialitatean.

“Gure helburua ikasleei kalitatezko prestakuntza artistikoa eskaintzea da, eta kualifikazio profesionala ematea, dela dantzari gisa, edo maisu, koreografo…”, esan du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Matrikulazio Internet bidez egin behar ba, Udalaren webguneak (www.vitoria-gasteiz.org), zentroari eskaintzen dion tartean. Eta osasun krisian gaudela aintzat hartuta, eta salbuespen gisa, e-postaz ere eman ahalko dute izena, horretarako inprimakia eta karnet tamainako argazki eskaneatu bat bidalita bi helbide hauetakoren batera: cmdanza.administracion@vitoria-gasteiz.org edo cmdanza.direccion@vitoria-gasteiz.org.

8 eta 13 urte bitarteko ikasleak Oinarrizko Ikasketetan hasiko dira, eta 12 urtetik gorakoek Ikasketa Profesionaletan. Ikasle gazteenei dagokienez, hauek dira matrikulatzeko gutxieneko adinak: ‘Lehen harremana 5’ egin ahalko dute 2015ean jaiotako ikasleek, eta ‘Lehen harremana 6’ 2014an jaiotakoek. 2013an jaiotakoek ‘Dantza aurrekoa’ egin dezakete.

Ikasgai hauek eskaintzen ditu Gasteizko Dantza Kontserbatorioak: Dantza Klasikoa’, ‘Dantza Tradizionala’ (Euskal dantza), ‘Errepertorioa’, ‘Puntak’, ‘Dantza garaikidea’, ‘Izaerako dantza’, ‘Binako dantza’, ‘Dantzaren Historia’, ‘Anatomia eta elikadura’, ‘Interpretazioa’ eta ‘Musika’.

Hauxe azpimarratu du Cantok: “Nabarmendu nahi dut Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioa Euskal Autonomia Erkidegoan era horretako ikasketak eskaintzen dituen zentro ofizial bakarra da, eta hori bera erakargarri erantsia da ikasketen amaieran titulazio ofizial aitortua lortu nahi duten pertsonentzat”.

Zentroak instalazio modernoak ditu, bai eta profesional kualifikatuen lantalde bat, zeinen bitartez gauzatzen dituen zentroak bere hezkuntza-proiektua. Eskaintzen dituen baliabideen artean piano-jotzaileen akonpainamendua eta fisioterapia-zerbitzua daude.

Alderdi pedagogikoaz gain, Kontserbatorioak lehentasunen artean ditu dantzaren promozioaren eta hedapenean laguntzea, diziplina hau herritarrengana hurbilduta, bertan sortutako pieza koreografikoak zein errepertorio klasikokoak jendaurrean aurkeztuta, eta beste erakunde hezigarri eta sozial batzuekin lankidetza-proiektuak ezarrita.

Informazio gehiago: 945162606 telefonoan, 09:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera, edo e-postako helbide hauetan: cmdanza.administracion@vitoria-gasteiz.org eta cmdanza.direccion@vitoria-gasteiz.org.

 

 

 

 

 

Share