Prentsa Oharren banner

Gasteizek sei hautesleku gehiago izango ditu euskal hauteskundeetarako, eta bi ordeztuko, osasunaren alorreko segurtasun-neurriak bermatzeko

COVID-19aren pandemiak eragindako egoera eta ezarritako segurtasun-neurriak kontuan hartuta, Gasteizek sei hautesleku gehiago izango ditu euskal hauteskundeetarako, eta bi ordeztuko, mahaiak hobeto banatu eta horien arteko distantzia gorde ahal izateko. Neurri horri esker, Arabako hiriburuak 39 areto eskainiko ditu uztailaren 12an boto eskubidea baliatu ahal izateko. Orain arte 33 erabili izan dira.

Berez, lehengo hauteslekuen hedapena izango dira sei toki berri horiek. Horren haritik, Arte eta Lanbide Eskola Urkide ikastetxera zabalduko da: lehenengo zentroan hiru mahai jarriko dira; bigarrenean, zortzi.

Ibaiondoko gizarte etxearen osagarri, zenbait mahai jarriko dira Ibaiondo HLHIan eta Mendebaldea BHIan; hurrenez hurren, zortzi, zazpi eta zortzi mahai izango dira.

Alde Zaharreko enpresa-zentroko mahaiei (hiru) beste bi gehituko zaizkio Frai Zacarias kaleko udal eraikinean.

Era berean, San Martineko udal eraikinean hamar mahai jarriko dira, eta San Martin HLHIan, zortzi.

Azkenik, Salburuko gizarte etxea Errekabarri HLHIra hedatuko da, seina mahai egokituta.

Bestetik, orain arte Sagrado Corazón ikastetxean jarri ohi ziren mahaiak Iradier Arenara aldatuko dira, eta Los Herrán BHIkoak (Jose Mardones kalea), Herrandarren kaleko 70.eko eraikinera.

Orotara mahai kopuru bera jarriko da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako, 309.

Ekainaren 15ean egingo da zozketa hauteskunde-mahaiko kideak aukeratzeko. Gasteizen 2020ko otsailaren 27ra arte erroldatutakoek eman ahalko dute botoa.

Share

Duela 3 urte emandako diru laguntza bat itzultzeko eskatuko die Udalak Etxerat eta Sareri, EAEko Auzitegi Nagusiaren epai bat betez

Gasteizko Udalak Etxerat eta Sare elkarteei duela 3 urte emandako diru-laguntza bat itzultzeko eskatuko die, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak maiatzaren 12an emandako epai baten berri izan ostean. Epai horrek Udalari itzulketa hori eskatzeko eskatzen dio.

Epaiak “alderdikoitzat” jotzen ditu bi elkarteen proiektuak eta helburuak, eta ulertzen du administrazioak ez lukeela horrelako proiekturik babestu behar.

Udalak 5.000 euroko diru-laguntza eman zion 2017an elkarte bakoitzari, urte horretarako Bizikidetza eta Aniztasuna zerbitzuaren laguntzen deialdi ofizialaren barruan.

Share

Sinatu da erakundeen arteko hitzarmena BEAren kargatze-unitate funtzionala eraikitzeko

Lanek 5,6 milioi euroko inbertsioa eskatuko dute, eta Udalak milioi bat jarriko du

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak  proiekturako lehiaketa udan abiaraztea aurreikusten du

Kargarako guneak 16.000 metro koadro hartuko ditu, eta markesinak, lantegia, aldagelak, bulegoak eta biltegia izango ditu

 

Gasteizko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia elkarlanean arituko dira BEAren kargatze-unitate funtzionala eraikitzeko. Kargatze geldoko sistema horrek 5,6 milioi euroko inbertsioa eskatzen du. Bai Udalak bai Aldundiak kopuru horren % 17 jarriko dute, hau da, 1.032.924,70 euro erakunde bakoitzak; Eusko Jaurlaritzak, berriz, % 65 jarriko du, hots, 3.836.577,48 euro. Joan den maiatzaren 14an sinatu zuten hiru erakundeek proiektua garatzeko behar den hitzarmena. Gasteizko Udalak 600.000 euro ordainduko ditu 2020ko aurrekontuaren kargura, eta 432.947,70 euro, 2021eko kontuen kargura. Obra-zuzendaritzaren kostua 302.500,00 eurokoa izango da, BEZ-a barne.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok gaur goizean azaldu duenez, “dagoeneko badugu erakundeen arteko hitzarmenik BEAren kargatze-unitate funtzionala finantzatu eta eraikitzeko“; bestetik, lanak Eskualde Garapenerako Europako Funtsen (FEDER) bitartez finantzatzea eskatzeko konpromisoa hartu du Udalak. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak  proiekturako lehiaketa udan abiaraztea aurreikusten du.

2018ko maiatzaren 10ean sinatu zen “Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko Udalaren arteko Lankidetza Hitzarmena, Gasteiz hirian BEA ezartzeko sinatutakoaren osagarria” izeneko dokumentua. Hitzarmenaren xedea hiri-garraio publikoan elektrifikazioa ezartzeko jarduketa osagarriak sustatzea zen, hiria BEA sistemaz hornitzeko. Besteak beste, BEA sistemaren kargatze geldoko sistema hartuko duten kotxetegien eraikuntza proiektua idaztea.

BEArako eta hiriko autobus flotarako kotxetegien eta tailerren eraikuntza faseka egingo da, bere garaian iragarri zen bezala. Lehenengo fasean autobus adimendunaren kargatze-unitate funtzionalerako beharrezkoak diren instalazioak egingo dira.

Gaur egun udal haztegiak dauden Udalaren jabetzako lursail batean jarriko dira kotxetegi berriak, zeinak 52.000 m2 baititu. Horietatik, 16.000 m2 BEAren kargatze-unitate funtzionalerako izango dira, autobus elektriko adimendunaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoa den azpiegitura barne. Instalazioek 13 autobus elektrikoetarako aparkaleku plazak eta dagozkien markesinak, tailer mekanikoa, unitateak garbitzeko tokiak, aldagelak, perimetro-itxitura eta urbanizazioa izango dituzte.

Ondorengo fase batean, Gasteizko Udalak Tuvisako kotxetegiak, lantegiak eta eraikin administratibo berria eraikiko ditu lursail berean. Instalazioek bulegoak eta aldagelak izango dituzte, bi solairutan banatuta; orotara 1.878 m2 hartuko dituzte. Horrez gain, 1.213 m2-ko biltegia eta 2.884 m2-ko tailerra izango dituzte, BEAren mantentze-lanetarako eremuak aparte daudelarik. Garbiketarako eremuak berberak izango dira autobus guztientzat, eta 1.858 m2 hartuko dituzte. Nasen gune estaliak 110 autobus hartu ahalko ditu guztira, eta etorkizunean flota osoa elektrifikatuko dela kontuan hartuta, 10.029 m2-ko markesina bat izango du; panel fotovoltaikoak instalatuko dira horretan, ahalik eta energia-eraginkortasun handiena lortzeko.

Oinezkoentzako eta bezeroentzako arretarako sarbidea Juan Crisostomo de Arriaga kaletik egingo da, eta autobusak Zadorra hiribidetik sartuko dira, autobusen zirkulazioa hurbilen dauden etxebizitzetatik urruntzearren. Azpiegitura horren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 17.895.628 eurokoa da, eta egikaritze-epea, 9 hilabetekoa. Gaur egun jendaurreko erakustaldiaren fasean dago kotxetegiak eraikitzeko proiektua.

 

 

Share

Tectron enpresa gasteiztarraren instalazioak bisitatu ditu alkateak

Mintz-teklatuak egiten Espainian lehena den Tectron enpresaren instalazioak bisitatu ditu gaur goizean Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. Berriki, horrelako 5.000 teklatu ekoitzi ditu enpresa horrek denbora laburrean, estatuan arnasgailuak ekoizten dituen bakarra den Hersill enpresarentzat, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko enpresen arteko lankidetzaren eredu. Halako ezaugarriak dituzten beste 6.000 teklatu gehiago eskatu dizkiote dagoeneko Tectron enpresari.

Urtaranek positibotzat jo du enpresa horren lana, ekoizpena osasunaren ekonomiara egokitzen eta bertan lan-ildo berriak bilatzen ari den industria lokalaren eredu gisa.

Gamarrako industrialdean dago Tectron enpresa, inprimaketa elektronikoan espezializatua. Tinta konduktiboak erabiltzen ditu horretarako, eta, besteak beste, mintz-teklatuak fabrikatzeko aukera ematen dio horrek. Produkzioaren parte bat ospitaleetara bideratzen da.

Share

Laura Roth-ek politikaren feminizazioa eta udalgintza izango ditu bihar hizpide Herritartasunerako Eskola Irekian

Dagoeneko eman daiteke izena online hitzaldirako

Laura Roth-ek —filosofia politikoan doktorea da, ikertzailea eta aktibista— “Feminización de la política y Municipalismo” izenburua duen hitzaldia emango du bihar Herritartasunerako Eskola Irekian, Udalaren Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuak antolaturik. Topaketa birtuala 17:30ean izango da; izena ematen dutenek posta elektronikoz jasoko dituzte konektatzeko behar diren gakoak.

Herritartasunerako Eskola Irekiaren programazioa gaur egungo zirkunstantzietara egokitu da maiatzean, bai formatuari —guztiz birtuala izango baita— bai edukiei dagokienez. Herritartasunerako Eskola Irekiko jarduera guztiak doakoak dira. Hitzaldietan parte hartzeko izena eman behar da aurretiaz, udalaren webgunean. Izen-emate hurrenkerari jarraituko zaio lekuak betetzeko.

Roth apirilean ematekoa zen hitzaldia HEIan, baina bertan behera utzi behar izan zuen. Duela gutxi “Ciudades Democráticas. La revuelta municipal en el ciclo post-15M ” (Icaria argitaletxea) liburua koeditatu du, eta artikulu bat idatzi du udalgintza berriari buruz Springer Encyclopedia of Educational Innovation argitalpenerako. Horretaz gain, Minim (minim-municipalism.org) udalgintzaren behatokiaren sortzaileetako bat da, eta hainbat hedabidetan argitaratzen ditu lanak, hala nola Roar Magazine, Open Democracy, Political Critique, ElDiario.es, Público eta Pikara Magazine.

 

Share

Udalbatzak minutu bateko isilaldia egin du covid-19a dela eta hildakoen oroitzapenez

 

Alkateak Gasteizko gizartearen atsekabe sakona adierazi du, eta “haiei eta haien familiei gure berotasuna, maitasuna eta begirunea helarazi nahia”.

 

Gorka Urtaran alkatearen audioa

Gaur, eguerdiko 12etan, Gasteizko Udalbatzak, alkatea buru zuela, minutu bateko isilaldia egin du udaletxearen aurrean, azken hilabeteotan covid-19a dela eta hildakoen oroitzapenez. Ekitaldiaren ondoren, bertaratuek txalo egin dute, biktimei eta haien familiei elkartasuna, sostengua eta begirunea adierazteko.

Udalbatzaren izenean, Gorka Urtaranek gogoan izan du “Gasteizko gizartearen atsekabe sakona, gure komunitateak 300 pertsona baino gehiago galdu dituelako eta pandemiarengatik zaila edo ezinezkoa izan delako haiek agurtzea. Beti izango ditugu gogoan. Haiei eta haien familiei gure berotasuna eta maitasuna helarazi nahi diegu”.

Udaletxeko banderak makila erdian jarrita daude, Ministro Kontseiluak 10 eguneko dolu ofiziala egitea onetsi baitzuen atzo, hau da, ekainaren 6ko 00.00ak arte. Orobat, fatxadako balkoi nagusian xingola beltza jarri da covid-19aren biktimen oroitzapenez.

Share

Udalaren haur-eskolak irailean hasiko dira berriro jardunean

COVID-19ak eragindako osasun krisialdia dela eta, Gasteizko Udalak erabaki du ikasturtea amaitutzat jotzea udalaren haur eskoletan; horrenbestez, Hezkuntza Zerbitzuaren mendeko bost eskolak irailean hasiko dira berriro jardunean. Matrikulatutako haurren segurtasuna bermatzeko ezintasunak behartu du erabakia hartzera.

Udalaren haur eskolen sareak bost zentro ditu: Haurtzaro (hirigune historikoan), Sansomendi, Zaramaga, Lourdes Lejarreta (Lakuan) eta Zabalgana; 0-3 urte bitarteko haurrentzako gelak dituzte eskola horiek.

Bihar, maiatzak 28, irekiko da 2020-2021 ikasturterako matrikulazio-epea udalaren haur eskoletan zein Haurreskolak partzuergokoetan sartzeko. Internetez  egin ahalko da izapidea, edo herritarrei laguntzeko bulegoetan, hitzordua hartuta.

Informazio gehiago

Share