Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-06-01)

Lore eskaintza Betirako programaren aurkezpenean

Koronabirusak eragindako dolu traumatikoen prozesuetan pertsona bat galdu dutenei laguntzeko programa da Betirako

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Enpleguaren eta Gizarte Politiken sailburu Beatriz Artolazabal

Eguna. Astelehena, ekainak 1

Ordua. 10:00

Tokia. Ataria, ontziralekua

Share

Arana, Ariznabarra, Korotzea, San Kristobal, San Martin, eta Zaramagako 1.500 lanparek LED argiztapen berria izango dute

Arana, Ariznabarra, Korotzea, San Kristobal, San Martin, eta Zaramagako 1.500 argigunetan hobetuko du Gasteizko Udalak argiztapen publikoa. Esku-hartze hori lizitaziora ateratzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Hasierako aurrekontua 99.982,30 eurokoa izango du, eta kontratua gauzatzeko epea bost hilabetekoa, adjudikatzen denetik,

 

Argiteria publikoaren kontsumo elektrikoa murriztea da hobekuntza horren helburua, eta instalazioak argiteria publikoaren energia-eraginkortasunaren araudira egokitzea. Horretarako, LED teknologiko luminariak instalatuko dira, orain artekoak baino eraginkorragoak izaki. Energia-kontsumoa murrizteko aukera ematen du horrek —kontsumo elektrikoa (kwh) eta atmosferara egiten diren CO2 emisioak—, eta argiteria publikoaren energia-eraginkortasunaren araudiarekin bat datozen argiztapen- eta uniformetasun-mailak lortzekoa.

 

Gainera, orain dauden argiek eragiten duten itsutzea eta argi-kutsadura ekidin nahi dira, baita mantentze-kostuak gutxitu ere, luminaria horien bizitza baliagarria konbentzionalena baino askoz luzeagoa baita. A energia-kalifikazioa lortuko da berrikuntzaren ondoren.

 

Kale hauetan egingo dira hobekuntzak:

ARANA

C/ Extremadura
C/ Galicia
C/ Andalucía
Plaza Aranzabela
C/ Asturias
C/ Zalburu

ARIZNABARRA

C/ de las Calzadas
C/ Felicia Olave
C/ Ariznabarra
C/ Castillo de Bernedo
Paseo de la Antonia
C/ Castillo de Portilla
C/ Castillo de Assa
C/ Castillo de Zaitegi
C/ Castillo de Astulez
C/ Castillo de Lantarón
C/ Castillo de Arechaga
C/ Castillo de Buradón

Koroatze

C/ Ramiro de Maeztu
C/ Gorbea
C/ Domingo Beltrán
C/ Badaya
C/ Aldabe
C/ Cruz Blanca
C/ Coronación
C/ Bruno Villarreal
C/ Navarro Villoslada
C/ Tenerías

San Kristobal

C/ Nieves Cano
C/ Comandante Izarduy
C/ Luis Orgaz
C/ Alberto Schomer
Jardines de Maurice Ravel

San Martin

C/ Pintor Teodoro Dublang
C/ Pintor Juan Ángel Sáez
C/ Pintor Adrián Aldecoa
C/ Abendaño
C/ Pintor Díaz de Olano
C/ Pintor Carlos Sáez Tejada
Paseo de Salvador de Azpiazu
C/ Pintor Obdulio López Uralde
C/ Bustinzuri
C/ Pintor Pablo Uranga
C/ Pintor Jimeno Lahidalga
C/ Jesús Apellaniz
C/ Adriano VI
C/ Pintor Tomás Alfaro
C/ Serafín Ajuria
C/ Pintor Vicente Abreu
C/ Pintor Gustavo Maeztu
C/ Pintor Clemente Arraiz
C/ Pintor Mauro Ortiz de Urbina
Senda José Luis Gonzalo Bilbao

ZARAMAGA

Parque entorno C/ Cuadrilla de Ayala
C/ Reyes de Navarra
C/ Cuadrilla de Vitoria
Plaza de Llodio
C/ Cuadrilla de Mendoza
C/ Cuadrilla de Salvatierra
C/ Cuadrilla de Laguardia
Portal de Gamarra
C/ Betoño.

Share

Udako hilabeteetan 32 agente berri hasiko dira behin-behineko Udaltzaingoan

Poliziagaiak iraila erdialdean itzuliko dira Arkautiko Akademiara, prestakuntza amaitzera

Udaltzaingoaren plantillak 31 agente berri izango ditu astelehenetik aurrera, Udaltzaingorako hirugarren deialdi bateratukoak. 7 emakume eta 25 gizon horiek 2019ko azaroan hasi ziren nahitaezko prestakuntza egiten, baina bertan behera geratu zen, Arkautiko Akademia itxi egin baitzuten COVID-19aren krisia dela eta.

Etorkizuneko udal agenteek udan egingo dute praktikaldia, eta Herritarren Segurtasunaren zinegotziak zein zuzendariak emango diete ongietorria San Martineko udal bulego teknikoetan. Han harrera-plana beteko dute, zeinean Udaltzaingoaren antolakuntza- eta ekintza-egitura azalduko baitzaie. Asteazkenean, berriz, Agirrelandara joango dira, instalazioak ezagut ditzaten, eta lan txandak esleituko zaizkie.

Hartara, 32 agente berriak prest egongo dira ostegunetik aurrera lanean hasteko, eta behin-behineko indartuko dute udal poliziaren plantilla; orain ia 400 agente daude. Hiru hilabetez zerbitzu eman ondoren, irailean Arkautiko Akademiara itzultzea aurreikusi da, eta prestakuntza aldia osatuko dute urte bukaerara arte.

Share

“Orain Gasteiz” plana erritmoa hartzen ari da, osasuna eta ekonomia babesteko neurri berriekin

 

Hiriko zortzi parke 70 urtetik gorakoek bakarrik erabiltzeko —beren ordu-tarteetan— erreserbatuko direla jakinarazi du alkateak

www.vitoria-gasteiz.org/oraingasteiz Webgunean Udalak osasun krisi garaian hiria bultzatzeko martxan jartzen dituen neurri guztiak biltzen ditu eta batzen joango da

 

 

 

Osasunaren arloko prebentzioan esku hartu, gizarte-arreta sendotu eta ekonomia babestu eta bultzatzeko Gasteizko Udalak abian jarritako “Orain Gasteiz” plana erritmoa hartzen ari da, Gorka Urtaran alkateak gaur goizean prentsaurrekoan iragarri dituen neurri berriak direla medio.

Gorka Urtaranek gogorarazi duenez, urte bukaera arteko Udalaren esku-hartzea planifikatu eta ordenatzen du planak, orain garrantzitsuentzat jotzen diren arlo eta jarduerak lehenetsiz. “Gure estrategiak helburu hauek ditu: osasuna babestea; gasteiztar guztien gizarte-ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzea, batez ere zailtasunei aurre egin behar dieten familiei begira; gure enpresak, gure saltokiak eta gure ostalaritza sustatzea, eta inbertsio publikoa ardatz estrategikoetan mantentzea, enpleguan, kontsumoan eta biziberritzean duen eragin biderkatzaileak Gasteizko gizartean eragin dezan. Orain, dena eman behar dugu Gasteizen alde, gure familien, gure ekonomiaren, gure bizi-kalitatearen alde”, berretsi du alkateak.

 

Hirian pandemiaren jarraipena egiteko web tresna berria

“Orain Gasteiz” planaren hiru ildo estrategikoetako lehenak —“Orain gure osasuna”—  Gasteizko biztanleen artean pandemiaren bilakaeraren jarraipena egitea du lehentasunen artean. Tresna berritzaileen bitartez ikuskapen zientifikoa egiteaz gain —hala nola hondakin-uren analisia, dagoeneko egiten ari dena—, koronabirusak udalerrian izan duen bilakaerari buruzko adierazle grafikoen taula bat eskaintzen du gaurdanik Udalak bere webgunean, jarraipen hori herritarrekin partekatzeko.

Osasun-agintariek ematen duten informazioaren osagarri da tresna berri hori, eta egoera epidemiologikoari buruzko datuekin elikatzen da, hala nola hiriko ospitaleetan ospitaleratutako pertsonen kopurua, eguneko ospitaleratzeen datuarekin alderatuta. Zainketa intentsiboen unitateetan daudenenekin ere alderatzen dira datu horiek. Kasu batean nahiz bestean algoritmo bat baliatzen da, hurrengo bi asteetan datu-serieen bilakaera zein izan daitekeen aurreikusteko.

Osasun-zentro bakoitzaren eragin-eremuaren arabera banakatuta eskaintzen da informazioa, eta honako hauei buruzko grafikoak ere eransten dira: Covid-19ak hirian eragindako heriotzak, ospitaleetako altak eta positibo-tasa, 100.000 biztanleko.

 

Adinekoek bakarrik erabiltzeko parkeak, krisi sanitarioak iraun bitartean

Orobat jakinarazi du alkateak Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak hiriko zortzi parke eta espazio egokitu dituela 70 urtetik gorakoek bakarrik erabil ditzaten. Hartara, gainerako erabiltzaileek ezingo dituzte erabili parke horiek adinekoentzako ordu-tarteetan, hau da, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara.

Zehazki, zona hauek izango dira: Florida parkea, Iparraldeko parkea, Konstituzio plaza, Laudio plaza, Europa jauregiaren atzealdeko parkea (Arrosen parkea), Abendaño kaleko pasealekua, Logroño eta Jose Mardones kaleen artean dagoen parkea (Herrandarren kaleko BHIren parean) eta Maria de Maeztu lorategiak. “Hiriko zenbait adinekok beren kezka helarazi digute, eguneroko ibilaldietan adin guztietako pertsonekin topo egiten dutelako. Horregatik, garrantzitsua da gaurtik aurrera beraientzat erreserbatutako espazioak daudela jakin dezatela”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

 

Laguntza soziala emateko proiektu, Napoleonen Etxean

“Orain Gasteiz” planaren bigarren ardatza ere, gizarte-ongizatea eta bizi-kalitatea aintzat hartzen dituena, eztabaidatu da Tokiko Gobernu Batzarrean. Zehazki, Gurutze Gorriari —urtea bukatu arte— Napoleonen Etxea doan lagatzea onetsi du Urtaranen gobernuak, laguntza sozialaren arloko programa bat garatu dezan.

Ekainaren 1etik aurrera erabili ahal izango du Gurutze Gorriak Gaztelako ateko higiezin horren teilatupeko 413 m2-ko espazioa, jabetza pribatuko eraikin historiko horren gainerako sarbideetatik bereizita egongo diren sarrerak baliatuz. Lagapen horren bitartez, Arabako Gurutze Gorria familien oinarrizko beharrei erantzuteko bideratzen ari den esku-hartze sozialaren arloko proiektuan lagunduko du Udalak.

“Behin eta berriz esan dugun bezala, orain dena eman behar dugu familien alde, bat bera ere atzean gera ez dadin. 10 milioi euroko funtsa aktibatu dugu hainbat laguntza-programatan, sortzen ari diren behar guztiei erantzuteko, baina, horrez gain, Gurutze Gorria bezalako entitateen laguntza dugu, une honetan beren onena ematen ari baitira”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

  1. urtearen hasieran, Gurutze Gorriari egindako lagapena bukatzen delarik, Euskaltzaindiaren egoitza hartuko du Napoleonen Etxeak.

 

750.000 euro, denda, ostalaritza-establezimendu eta enpresa txikientzat

Ekonomia lokala babestu eta bultzatzea da “Orain Gasteiz” planaren hirugarren ardatza. Arlo horretan, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak eskaturik, 750.000 euroko partida bat onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, Gasteizko merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduei eta enpresa txikiei Covid-19aren krisiak eragindako gastuak ordaintzen laguntzeko. Hiriko sektore ekonomikoen eskaera nagusietako bati erantzuten diote laguntzek.

Honelakoak erostearekin zerikusia duten gastuetarako emango da dirulaguntza, besteak beste: maskarak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak, manparak, prebentzioko eta higiene sanitarioko materiala eta instalazioak desinfektatzeko materiala, hala nola gel edo xaboi desinfektatzaileak.

Pandemiak eragindako aholkularitza- eta kontsultoria-gastuak ere finantzatuko dira, baita konfinamenduan egindako eraldaketa digitalarekin lotutako inbertsioak ere. Zehazki, hamar langile baino gutxiago dituzten hiriko enpresa txikientzat izango dira laguntzak.

Gainera, Udal Gobernuak beste bi gai onartu ditu gaur, hiriko sare ekonomikoari babesa emateko. Alde batetik, enpresak sortzen eta sendotzen laguntzeko laguntzen baldintzak hobetu dira (126.700 euro), eta, bestetik, 10.000 euro handitu dira merkataritza eta zerbitzu pertsonaletako enpresa txikiak ezartzeko eta modernizatzeko laguntzak, Vitoria-Gasteizko udal-mugartean, 2020an. Orain, 230.000 euroko partida izango dute.

 

Konfiantza, Gasteizko enpresetan: hitzarmena, Mercedesekin

Krisi sanitarioak gehien kaltetu dituen sektoreetako bat automobilgintzarena da. Alkateak nabarmendu duenez, “orain inoiz baino gehiago, konfiantza erakutsi behar dugu hiriko enpresa-ehunean, enpresa txiki eta ertainetan, Gasteizko milaka familiari enplegua ematen dieten lantegi handietan, eta automobilgintzaren sektorean arreta berezia jarri behar dugu”.

Ildo horretatik, argi berdea eman dio gaur Tokiko Gobernu Batzarrak Mercedes Benz enpresarekin hitzarmena sinatzeari, lantegiko langileek inguruko trafikoan —hiri-mugikortasunean— duten eragina murrizteko eta bide-segurtasuna hobetzeko proiektua garatzeko. Fabrikaren, Jundizen eta langileentzako aparkalekuaren arteko lotura zuzena ahalbidetuko du proiektu horrek.

101 ibilgailurentzako aparkaleku berria, Ariznabarran

Mugikortasun iraunkor eta osasungarriaren arloa lehentasunezkoa da, Covid-aren ondoko panoraman. Autobus elektriko adimentsua eta tranbia, bizikletentzako azpiegiturak eta garraio publikoa bultzatzea ageri dira, besteak beste, udal gobernua bultzatzen ari den agendan.

Ildo horretatik, alkateak jakinarazi du aparkaleku berri bat eraikiko duela Udalak Ariznabarra auzoan, autobus elektriko adimentsuaren sistema berria ezartzearen ondorioz galduko direnak konpentsatzeko. Gutxi gorabehera 3.000 metro koadroko aparkalekua izango da, eta 101 ibilgailurentzako lekua izango du. Tokiko Gobernu Batzarrak proiektua lizitatzea onetsi duela jakinarazi du alkateak gaur goizean, eta 348.577,47 euroko inbertsioa egingo dela horretan.

www.vitoria-gasteiz.org/oraingasteiz webgune honetan  Udalak osasun krisi garaian hiria bultzatzeko martxan jartzen dituen neurri guztiak biltzen ditu eta batzen joango da

Share

Urtaranen Gobernuak Ariznabarreko 101 lekuko aparkaleku berriaren lizitazioa martxan jarri du  

 

Autobus elektriko adimentsuaren sistema ezartzeak berekin ekarriko duen leku-galera konpentsatuko du azpiegitura horrek

Aparkaleku berria eraikiko du Udalak Ariznabarra auzoan, autobus elektriko adimentsuaren sistema berria ezartzeak berekin ekarriko duen leku-galera konpentsatzeko. Hain zuzen ere, 3.000 metro koadro inguruko aparkalekua diseinatu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak, 101 ibilgailu hartzeko lekua izango duena. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean azaldu duenez, Udal gobernuak lizitaziora ateratzea adostu du gaur goizean Gobernu Batzarran. Obraren aurrekontua 348.577,47 eurokoa da, eta urte erdiko gauzatze-aldia izango da obrak egiteko, adjudikatzen direnetik.

Fontetxako Gazteluaren kalearen, Kexaako Gazteluaren kalearen eta Arluzeako Gazteluaren kalearen arteko ekipamendu-lursailean egokituko da aparkalekua, Ariznabarreko adinekoentzako egoitzaren ondoan. Gaur egun erabiltzen ez den 3.000 metro koadro inguruko espazio bat da.

101 aparkaleku izango ditu azpiegitura berriak, horietatik hiru mugikortasun urriko pertsonek erabiltzen dituzten ibilgailuentzat, eta beste lau ibilgailu elektrikoak kargatzeko —hasieran aldez aurreko instalazioa bakarrik utziko da eginda, aurrerago hirian zerbitzu hori zabaltzen duen enpresak kargatzeko zutoinak jartzerik izan dezan—. Era berean, sei leku izango dira motorrentzat. Gainera, Kexaako Gazteluaren kaleko lineako aparkalekuak bateriako izatera igaroko dira, merkataritza-establezimenduaren parean. Neurri horren bitartez, aparteko beste zortzi leku gehiago lortuko dira.

Aparkalekuaren sarrera nahiz irteera Kexaako Gazteluaren kaletik izango dira, 5 metroko zabalerako pasabide banarekin. Horrez gain, aparkalekuaren perimetroan eta barruko tarteetan lore-eremuak jarriko dira, baita zuhaitzak landatu ere.

Plaza erregularrak 4,75 metro luze eta 2,40 metro zabal izango dira, indarrean dagoen araudiaren arabera. Mugikortasun murriztua dutenentzat direnak, berriz, 5 metro luze izango dira, eta 3,7 metro zabal, eta aparkalekuko oinezkoentzako sarbideetatik gertu egongo dira.

Enpresa adjudikaziodunak egin beharreko lanak, funtsean, hauek izango dira: hondeaketa, betelana, zolatzea eta pintatzea. Saneamendu-sarea eta argiteria hobetzeko ere aprobetxatuko da esku-hartzea, eta tantakako ureztapen-sistema jarriko. 

Garraio publikoko sistema eraginkor eta edukiera handikoa da BEA zeinen helburua baita hiriko auzo guztiak hobeto konektatu eta mugikortasun iraunkor eta osasungarria sustatzea. TUVISAren egungo 2. linean emango du zerbitzua, puntako teknologia erabiliko duten 13 ibilgailu elektrikoren bitartez. Linea horrek Gasteiz inguratzen du, eta  hiriko leku garrantzitsuak lotzen ditu, hala nola Txagorritxu ospitalea, Eusko Jaurlaritza eta Mendizorrotzeko futbol-zelaia. 10 kilometroko ibilbidean, 24 geltoki berri izango dira noranzko bakoitzean, gaur egungo geltoki konbentzionalen leku berberetan.

Irailaren 2an hasi ziren BEAren obrak, hiriko lau lekutan aldi berean, eta epeak betetzen ari dira. Hainbat erakundek parte hartzen dute BEAren proiektuan: Gasteizko Udalak finantzaketaren % 17,5 emango du, Arabako Foru Aldundiak beste % 17,5, eta Eusko Jaurlaritzak % 65. Inbertsioa 40 milioi eurotik gorakoa izango da.

Autobus elektriko adimentsuari esker, urtean 1.520 tona CO2 emisio murriztuko da, egungo gasolio-ibilgailuen ordez batere emisiorik gabeko autobus erabat elektrikoak erabilita.

 

Share

Gasteizek 750.000 euroko laguntzak onetsi ditu merkatari, ostalari eta enpresa txikientzat

  • Maskara, gel eta desinfektatzaileen gastuetarako dirulaguntzak emango dira, baita covid-19aren prebentziorako beste gastu batzuetarako ere

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak eskaturik —Maider Etxebarria zinegotziak gidatzen du hori—, Tokiko Gobernu Batzarrak 750.000 euroko partida bat onetsi du gaur, Gasteizko merkataritza eta ostalaritza establezimenduei eta mikroenpresei covid-19aren krisiak eragindako gastuak ordaintzen laguntzeko.

Laguntza horiek Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Planaren bost ardatzetako lehenean jasotzen dira, eta hiriko sektore ekonomikoen eskaera nagusietako bati erantzuten diote. Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean daude maskarak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak, manparak, prebentzioko eta higiene sanitarioko materiala eta instalazioak desinfektatzeko materiala, hala nola gel edo xaboi desinfektatzaileak.

Birusak eragindako aholkularitza- eta kontsultoria-gastuak ere finantzatuko dira, baita itxialdian egindako eraldaketa digitalarekin lotutako inbertsioak ere. Zehazki, hamar langile baino gutxiago dituzten hiriko enpresa txikientzat izango dira laguntzak.

Gure hitza betetzen ari gara. Gasteizko saltokiek, ostalaritzako establezimenduek eta enpresa txikiek gure sostengua izango dute susperraldian. Ez dugu nahi inor atzean geratzea higiene eta segurtasun aginduak betetzeagatik“, adierazi du Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren arduradun Maider Etxeberriak.

Deialdia Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita aurkeztu ahalko dira eskabideak.

 

Share

Gasteizek hamar egun baino gutxiagoan konpontzen ditu herritarren postontzian garbiketarekin lotuta egindako kexen % 99

  • Mugikorretarako aplikazioaren bidez jasotako gaien kopurua % 28 hazi da 2019ko hiruhileko beraren aldean

  • Gai nagusiak garbiketa, berdeguneak, argiteria eta bide publikoko kalteak izan dira, ohi bezala
  • Bikoiztu egin da obrekin lotutako kontsulten kopurua, hainbat egiten ari baitira

Gasteizko Udalaren herritarren postontziak 4634 gai erregistratu zituen 2020ko lehen hiruhilekoan. 2019ko hiruhileko beraren aldean % 3 gutxiago izan dira. Jasotako iradokizun eta eskaeren % 96 inguru itxi dira, beraz, erantzun maila oso handia da.

Herritarren postontzian egindako kontsulten gai nagusiak garbiketa, berdeguneak, argiteria eta bide publikoko kalteak izan dira, ohi bezala. Hala ere, kexen kopurua nabarmen jaitsi da guztietan aurreko hiruhilekoaren aldean. Garbiketa publikoari eta hondakinen bilketari dagokienez, % 33,6 kexa gutxiago jaso dira. Argiteria publikoarekin lotutakoak ere nabarmen jaitsi dira, % 13 gutxiago izan baitira. Hiriko berdeguneei buruzko iradokizunak ere jaitsi dira 2019ko azken hiruhilekoaren aldean, % 23 zehazki, eta hiri-altzariekin lotutakoak, % 35.

Aipatutako gaiek sortu dute gai kopuru handiena Udalaren herritarren postontzian, baina beste zenbaitek ere hartu dute garrantzia herritarrentzat 2020ko lehen hilabeteetan, esaterako, bide publikoko lanek, zirkulazioak eta trafikoak. Izan ere, gai horiekin lotutako iradokizunak bikoiztu egin dira.

Udaleko sailek azkar erantzuten jarraitzen dute. Hiruhileko honetan ere handia izan da 10 egun baino gutxiagoan erantzundako gaien ehunekoa (% 89): aurreko hiruhilekoan baino puntu bat gehiago, eta iazko portzentaje bera. Bereziki garbiketa publikoari buruzko gaiei dagokienez, horiek postontzian sartzen diren mezuen % 20 baitira: azken sei hilabeteetan hamar egunean baino gutxiagoan erantzun dira kasuen % 99.

Share

Udalak beste lau ibilgailu hibrido eskuratu ditu Udaltzaingorako

Udaltzaingoa entxufatu beharra ez duten lau ibilgailu hibridoz alokairu sistemaren bidez hornitzeko kontratua esleitzeko proposamena onetsi du gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak. Eusko Renting SL enpresari esleitu zaio lau autoren sorta; horiek daramatzaten motorrek nabarmen murrizten dituzte emisio maila eta erregai kontsumoa. Kontratuaren prezioa 111.035,52 euro da.

Iaz gehitu zitzaizkion lehenengoz Udaltzaingoaren flotari bi ibilgailu hibrido, beraz, sorta berria erosita, aurrera egin da teknologia berdeak udalaren automobil-parkean sartzeko bidean.

Alokairu kontratuak gutxienez 60.000 kilometroko asistentzia bermatzen du lau urtez, eta beste urte baterako luzatu daiteke. Mantentze zerbitzuak, ikuskaritza teknikoa, konponketak eta errepidean 24 orduko asistentzia barne hartzen ditu kontratuak, besteak beste.

Share

Alkateak “nekazaritza-eremuan begirune handiagoz ibiltzeko” eskatu du, kontzejuak kezkatuta baitaude azkenaldian pertsona batzuek erakutsitako gizabide ezagatik

Tokiko Gobernu Batzarrak ACOVI-Gasteizko Kontzeju Elkartearekiko konpromisoa berretsi du, urte honetarako 100.000 euro emanda

Gorka Urtaran alkateak gaur azaldu duenez, Gasteizko nekazaritza-eremuan gero eta kezkatuago daude deskonfinamenduaz baliatuz zenbait herritara hurbildu diren pertsona batzuek erakutsitako gizabide ezagatik.

Gasteizko toki-erakundeetatik jakinarazi dutenaren arabera, kezkaturik daude azkenaldian jarrera ezegokiak ugaltzen ari direlako: galsoroak eta garagar soroak hondatzea bizikletaz igarotzean, baratzeak zapaltzea, gehiegizko abiaduran igarotzea herrietatik bizikletaz, bilgarriak edo ontziak botatzea, ureztatzeko baltsetan bainatzea, arriskutsua izan arren…

“Hiriaren erdialdetik minutu gutxi batzuetara nazioartean aitortutako natura ingurunea izatea luxu bat da, eta udalerriko 63 herriak dira natura eremu horren eta hornitzen gaituen lehen sektorearen iraupenaren bermea. Guztiok goza dezakegu ibilaldiez, landez, mendiez eta txango laburrez, baina ingurunea errespetatuz egin behar dugu, gehienok bezala, nekazaritza-eremuko bizilagunak errespetatuz eta haien familia-ekonomiaren oinarria errespetatuz. Jakinarazi dizkiguten jokabide horiek ez dira onargarriak “, salatu du alkateak.

100.000 euro kontzejuen elkartearentzat

Gorka Urtaranek ostiraletan eman ohi duen prentsaurrekoan egin du eskaera hori, eta orobat jakinarazi du Udalak berretsi egin duela ACOVI-Gasteizko Udalerriko Kontzejuen Elkartearekiko konpromisoa. Izan ere, udal gobernuak elkartearekiko urteko hitzarmena onetsi du, 100.000 euroan.

 

Share