Prentsa Oharren banner

Atxilotuak desobedientziagatik, autoritate-agenteen aurkako erresistentzia larriagatik eta autoetan kalteak eragiteagatik

 

Udaltzainek atzo 38 eta 20 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten hainbat delituren ustezko egileak zirelakoan: autoritate-agenteen aurkako atentatua, desobedientzia eta erresistentzia larria, eta ibilgailuei kalteak eragitea.

Guztia 19:30ean gertatu zen, 092ra egindako dei batek poliziaren presentzia eskatu zuen Andre Maria Zuriaren plazako ostalaritzako establezimendu batean. Izan ere, bi pertsona, mozkortuta, bezeroak molestatzen ari ziren eta musukoa jantzita izateari uko egiten ari ziren.

Udaltzainek bi gizonezkoak Agirrelandara eraman zituzten; 38 urtekoa atxilotuta, esku hartu zuten udaltzainen aurka egin zuelako, eta gazteena bere datuak emateari uko egin ziolako. Azken hark, identifikatu ondoren, eta polizia-etxetik ateratzen ari zela, Agirrelanda kalean aparkatuta zeuden bi ibilgailutan kalteak eragin zituen. Ondorioz, berriro ere polizia-egoitzara eraman zuten, baina, kasu hartan, atxilotuta.

Guardiako epaitegian zegozkien eginbideak egin ondoren, aske utzi zituzten biak.

Esku-hartze haren baitan, Udaltzaingoak 48 urteko emakumezko bat ere ikertu du gertakariak jazo ziren ostalaritza-establezimenduan poliziaren lana oztopatu zuelako.

 Deskuiduen kontrol-kanpaina

Udaltzaingoak, maiatzaren 10etik 16ra bitartean, deskuiduak eta zirkulazioko arreta-falta eragiten dituzten tresnen eta gailuen erabilera kontrolatzera zuzendutako zirkulazio-kanpaina berezia egingo du.

Gidariek, gidatzen ari diren bitartean, telefono mugikorrak, musikako kaskoak edo GPS gailuak ez dituztela erabiltzen zaindu eta kontrolatuko dute udaltzainek eta, dagokionean, administrazioko salaketak izapidetuko dituzte.

Kanpaina hori Bide Segurtasunaren Udal Plan Estrategikoaren barnean (2018-2023) jasotako zaintza- eta kontrol-ekintzen barruan dago eta hori, aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarriko Plan Estrategikoari atxikita dago. Horren oinarrizko helburua da bideko segurtasuna bermatzea Euskadiko bide publikoetan horri lotutako istripu-indizea eta kaltegarritasuna gutxituta.

 

 

 

 

 

Share