Prentsa Oharren banner

Udalak 70.000 € bideratuko ditu bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsua sustatzeko, Zentzuz sarearen bitartez

Udalak 70.000 € emango dizkio Zentzuz sareari, 2021ean bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsua sustatu dezan. Hala erabaki du Tokiko Gobernu Batzarrak, ontzat eman baitu sare horren eta Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren arteko lankidetza-hitzarmena. GGKE hauek osatzen dute sarea: Setem-Hego Haizea, Medicus Mundi Alava/Araba, Mugarik Gabe eta Elizbarrutiko Misioek.

Udalaren laguntzak hainbat ekintza egiteko balioko du:

  • Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguneko jarduera-programa (2021)
  • Bidezko merkataritzaren eta kontsumo arduratsuaren balioak dituen tokiko merkataritza txikia sustatu eta ikusaraztea: ibilaldiak auzoan zehar, kale-izendegi arduratsua eguneratzea eta Gasteiz On-en Kafearen Astean parte hartzea.
  • Hainbat ekitalditan parte hartzea, hala nola, EHUko Azoka Agroekologikoan, Ekonomia Feministaren VII. biltzar nazionalean, Bioaraban.
  • Komunikazio- jarduerak eta -materialak egitea
  • Eta beste.

Kontsumo arduratsuaren arloan, hirian egindako zainketa-katea globalari buruzko ikerketa zabalduko du sareak, erakunde eta herritarrei zuzenduta.

Era berean, erosketa eta kontratazio publikoaren arloan, ehungintzako produktuak hornidura-kontratu bat aztertzea planteatzen du, haien trazabilitatea zehazteko, lan-baldintzetan giza eskubideak errespetatzeari dagokionez.

Adinekoentzako jarduerak.

Halaber, Santa Maria de Los Angeles elkarte soziokulturalarekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, adinekoentzako aisialdi eta denbora libreko programa egiteko.

9.000 euro emango dizkio Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak elkarte honi, jarduera anitzak egiteko: biodantza, solasaldiak, pintura, abesbatza, prestakuntza-hitzaldiak, filmen proiekzioa, bisita kulturalak,,

 

 

Share

Udalak parte hartuko du Obarioko Minbiziaren Nazioarteko Eguneko ekitaldietan

Morez argiztatuko ditu zenbait eraikin enblematiko.

Udaletxea, Arkupeak eta Floridako kioskoa morez argiztatuko dira bihar (larunbata, maiatzaren 8a), Obarioko Minbiziaren Nazioarteko IX. Eguneko ekitaldien barruan. Gasteizko Udalak parte hartuko du urteroko ekitaldi honetan, Espainiako beste hainbat hirik bezala, hala nola Bartzelona, Malaga, Madril, Valentzia eta Zaragoza. Aurten, ASACO elkarteak (obarioko minbiziak jotako emakumeen elkartea) jardunaldi birtuala antolatu du, 18:00etan: maiztasun txikiko minbizi ginekologikoei buruzko hitzaldi medikoa.

2011z geroztik da abian ASACO elkartea; obarioko minbiziak eta minbizi ginekologikoak jotako emakumeek osatzen dute, bai eta haien senitarteko eta zaintzaileek, eta tratamendu mediko eta psikologikoetan diharduten osasungintzako profesionalek eta laguntzaileek ere. Elkarteak helburu du emakumeentzako ingurune osasungarria lortzea, hartara osasuneko nahiz gaixotasuneko edozein egoeratan ongizatea goza dezaten egunero, beren kasa, bikotean zein familian.

 

Share

17.000 euroko laguntza emango dio Udalak Poetak maiatzean jaialdiari

Maiatzaren 7tik 29ra bitartean egingo da, Gasteizen.

Tokiko Gobernu Batzarrak Hunkitu Arte Kultur Elkartearekiko lankidetza-hitzarmen bat onetsi du gaur goizean, maiatzaren 7tik 29ra bitartean Gasteizen egingo den Poetak maiatzean nazioarteko jaialdiaren bederatzigarren edizio egiteko.

“Poetak maiatzean ekimena hiriko kultur egitarauan sendotutako hitzordua da, eta kalitateko programazioa eskaintzen digu udaberriro. Aurten, Paco Ibáñez, Antton Valverde eta  Juana Castro ospetsuak izango ditugu; luxu handia poesia zaleentzat” adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Hunkitu Arte elkarteak antolatzen du Elisa Ruedak sortu eta zuzendutako ekimen hau, Araban poesia hedatzea eta poesiaren eta gizarte-ehunaren arteko lotura sortzea xede.

2021eko programan, poesia errezitaldiak, musika, poesia lehiaketak, erakusketak, dantza, lantegiak…. izango dira adin guztietako jendearentzat. Udalak 17.000 euroko laguntza emango du jaialdirako.

Share

Udalak 900.000 eurotik gora lortu du bere haur-eskolak sendotzeko

Maiatzaren 9an amaituko da 2021-2022 ikasturterako izena emateko epea.

 

Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekiko hitzarmena onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, 2020-2021 ikasturtean titularitate publikoko haur-eskolak sendotzeko. Udalari 911.977,49 euroko ekarpena egin zaio.

Hauek dira udalaren haur eskolak: Haurtzaro (hirigune historikoan), Sansomendi, Zaramaga, Lourdes Lejarreta (Lakuan) eta Zabalgana. Maiatzaren 9an amaituko da 2021-2022 ikasturterako izena emateko epea.

2021eko maiatzaren 5etik 14ra bitarteko haurren kasuan, 2021eko maiatzaren 19ra bitartekoa (egun hori barne) izango da izena emateko epea. Onartuen behin-behineko zerrendak eta itxarote-zerrendak ekainaren 4an argitaratuko dira; erreklamazio-epea ekainaren 4tik 9ra bitartean izango da, eta ekainaren 21ean argitaratuko dira behin betiko zerrendak. Gurasoek ekainaren 21etik 25era bitartean egin ahal izango dute matrikula.

Ikasturtea hasita, 2021eko irailean, familiek hilero matrikulatu ahalko dituzte seme-alabak, leku librerik izanez gero. Ikasturtea 2021eko irailetik 2022ko uztailera artekoa izango da (biak barne).

Izena on line eman daiteke, Gasteizko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, edo, bestela, aurrez aurre, gizarte-etxeetako Herritarrei laguntzeko bulegoetan, aldez aurretik hitzordua eskatuta.

Share

Udalak 22.400 euroko laguntza emango dio Erdi Aroko harresia ikusteko bisita gidatuen programari  

 Santa Maria Katedrala Fundazioarekin egindako hitzarmena onetsi du

Santa Maria Katedrala Fundazioarekin hitzarmena sinatzea onetsi du gaur Gasteizko Udalak, Tokiko Gobernu Batzarraren bitartez; Fundazioak 22.400 € jasoko ditu Gasteizko Erdi Aroko harresia ikusteko bisita gidatuen programa egiteko 2021ean.

Hitzarmen horri esker, gasteiztarrek eta bisitariek harresian barrena ibilbide atsegin bat egiteko aukera izango dute, harresia oso erakargarria den baliabide historiko-artistikoa baita.

Ekimena 2006. urtean jarri zen abian eta nazioarteko aitormena izan du Europa Nostra sariarekin. Gainera, harreman estua du Santa Maria Katedralera egiten diren bisitekin, horiek ere Fundazioak kudeaturikoak. Bi jarduerak osagarriak dira guztiz, eta turismoa erakartzen dute hiriko alde zaharrera.

Erreserbak

Harresiaren bisita gidatua erreserbatzeko hainbat bide daude: udalaren webgunean, 945 255 135 telefonoan, edo aurrez aurre, Fundazioak Santa Maria kantoian duen bisitariei harrera egiteko zentroan. Bisitak COVID-19ari aurre egiteko protokoloa jarraituz egingo dira, segurtasun neurri guztiekin.

Azoka egunetan, zubietan, eta uztailean eta abuztuan bisitak nork bere kabuz egiteko aukera ere badago.

 

Share