Prentsa Oharren banner

Agenda zabala eskainiko du Bizikletaren XIX. Asteak maiatzaren 14tik 30era bitartean

Izena emateko epea zabalik dago programaren parte handi baterako

Abian da Bizikletaren XIX. Astea, bizikletaren inguruko jarduera-programa, Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatua. Maiatzaren 14tik, hots, datorren ostiraletik hilaren 30era arte iraungo du edizio berri honek, eta hiriko hainbat gizarte-etxetan eta kiroldegitan egingo diren ekitaldien agenda zabala izango du.

Ohi denez, eta pandemia gorabehera, jarduera- eta esperientzia-eskaintza interesgarria egingo da, zale guztiei zuzenduta, bizikletaren gainean ibiltzea gogoko duten profesionalekin lankidetza estuan.

Besteak beste, hitzaldiak, lantegiak, irteerak, erakusketak eta jokoak izango dira aurtengo edizioan, eta, aurreko edizioan bezala, bereziki emakumeei zuzendutako eskaintza diseinatu da.

Izan ere, bizikletaren inguruko hainbat ekintza bildu dira aste horretako egitarauan. Era askotako paisaiak ezagutzeko aukera izango da, hala nola bidaiak leku exotikoetara, txangoak lurraldean eta ingurunean barrena, mugikortasun osasungarri eta arduratsua, ekofeminismoa, jarduera fisikoa eta kirola, eta bizikleta sorkuntza artistikoaren iradokitzaile gisa.

Programazioa

Ostiralean hasiko da Bizikletaren XIX. Astea, Salburua gizarte-etxeko liburutegiko ‘Bizikletaz gozatu’ erakusketarekin. Astelehenean, hilak 17, ‘El camino del Cid’ erakusketa inauguratuko da Aldabeko gizarte-etxean.

Asteazkenean, maiatzak 19, Aldabeko gizarte-etxeko areto nagusian, ‘Biela y Tierra, nuestra alimentación como motor de cambio’ hitzaldia izango da, Ana Santidrían eta Edurne Caballeroren eskutik. Egun horretan bertan, ‘Entrenamiento y nutrición en el ciclismo’ hitzaldia izango da Salburuko gizarte-etxean.

Maiatzaren 20an, berriz, ‘Kham Tibet bizikletaz; Yunnan eta Sichuan probintziak, Tibet historikoa’ hitzaldia izango da Aldabeko gizarte-etxean, Igone Mariezkurrenaren eskutik.

Egun berean, ‘Psiconutirición, ansiedad y salud’ gaia jorratuko du Epic Fitek Salburuko gizarte-etxeko areto nagusian, eta orobat emango du ‘Entrenamiento y biomecánica’ hitzaldia maiatzaren 25ean. Baita ‘Entrenamendua eta nutrizioa txirrindularitzan’ hitzaldia ere, Salburuko gizarte-etxean bertan.

Bizieskolak eskaintzen dituen jarduerak era nabarmentzekoak dira: ‘Bizikletaz seguru mugi zaitez’, Landazuriko kiroldegian, maiatzaren 21ean eta 29an, eta ‘Bizikletaren oinarrizko mekanika’, hilaren 24an, leku berean.

Emakumea bizikletaren kulturan ahalduntzeko She is Cicling gizarte-mugimenduaren jarduerak ere nabarmentzekoak dira, hala nola ‘Errepide bizikletan hastea’, 16 urtetik gorako emakumeentzat, Salburuko gizarte-etxean.

Belén Álvarez eta Laura Mambrilla BTT gidarien eskutik, berriz, mendiko bizikletan hasteko bi irteera egingo dira, hilaren 22an eta 30ean. Maiatzaren 23an, berriz, igandez, ‘Gertuko herriak bizikletaz ezagutzen’ jarduera izango da, eta hilaren 29an, ‘Salburuko gizarte-etxetik Armentia basora GR-tik’.

Bizikletaren inguruko hainbat lantegi ere izango dira, guztiaren osagarri.

Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko jarduera gehienetarako —Udalaren webgunearen bitartez, 010 telefonora deituz edo gizarte-etxe eta kirol instalazioetara joz egin daiteke—.

Share