Prentsa Oharren banner

Udan ez da erreserbarik beharko Mendizorrotzera eta Gamarrara sartzeko

  •  Igerilekuetara sartu ahal izateko, denbora errealean kontrolatuko da edukiera eta pertsona bakoitza egunean, gehienez, bost orduz egon ahal izango da
  • Udako denboraldia maiatzaren 28an hasiko da
  • 1.500 udako abonamendu inguru eskainiko dira Gamarrarako

 

Mendizorrotzeko eta Gamarrako kirol-esparruek normaltasuna berreskuratuko dute pixkanaka aurtengo udako kanpainan, oraindik ere pandemia egoeran gaudela ahaztu gabe. Izan ere, koronabirusa agertu aurreko ordutegiak eta zabaltze-aldia berreskuratu dira, eta erabiltzaileak aldez aurretik erreserbatu gabe sartu ahal izango dira. Hala ere, edukiera errespetatu beharko da, eta osasun eta segurtasun neurriak mantendu.

“Uda honetan, iaz bezala, aisia eta segurtasuna uztartu beharko ditugu, baina jakin badakigu egoera ez dela berdina. Ohiz kanpoko urte honetan kirol-instalazioak kudeatzen ikasi duguna kontua hartuta, udako kanpaina erosoago eta luzeago bat proposatzen dugu, gure kirol-esparruak bereizten dituen zerbitzuaren kalitatea mantenduta eta osasun egoerak exijitzen dituen berme guztiekin”, adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

Udako kanpaina honetan, berritasun garrantzitsuena sartzeko eta edukiera kontrolatzeko sisteman egongo da, aurten ez baita aldez aurretik erreserbarik egin beharko igerilekuetara sartzeko. Gehieneko edukiera gainditzen ez bada, posible izango da sartzea. Denbora errealean egiaztatu ahal izango da Mendizorrotzeko eta Gamarrako betetze-maila, bai Udalaren webgunean, bai eta instalazioetako hiru sarreretan egongo diren informazio-pantailen bidez.

Beste berritasun bat ere egongo da: pertsona bakoitza egunean 5 orduz egon ahal izango da igerilekuetan. Ordu horiek egunean zehar banatu ahal izango dira, eta bi instalazioetan, betiere leku libreak badaude. Eguneko muga behin eta berriro gainditzen duten erabiltzaileei sarrera mugatuko zaie.

“Bi neurri horiekin, alegia, hitzordua eskatu behar ez izatea eta sartzeko baldintzak malguagoak izatea, erabiltzaileak erosoago egongo dira. Gainera, pertsona gehiagok izango dute instalazioak erabiltzeko aukera. Iaz, bi kirol-esparruak kontuan hartuta, egunean 12.000 pertsonara arte sar zitezkeen, eta aurten edukiera hori ia % 50ean gainditu ahal izango dugu”, azpimarratu du Livia Lópezek.

Gehieneko edukierak

 Mendizorrotzeko kirol-esparruan 3.000 pertsona sartu ahal izango dira, eta Gamarrako parkean 3.500 (lur-eremua handiagoa delako eta ur azalera handiagoa duelako). Kupo horiek zehazteko orduan, iaz fase pilotua amaitzean zehaztu zirenen antzekoak, kontuan hartu da aurreko kanpainan ondo funtzionatu zutela, ia eskari osoari ematen baitzitzaion zerbitzua segurtasun-berme guztiak mantenduz. Edonola ere, edukiera horiek osasun egoeraren arabera aldatu ahal izango dira.

Oraingoan ere, zirkuluak marraztuko dira lurrean, pertsonak ondo banatu eta segurtasun neurriak errespetatzen direla bermatu aldera. 1.800 zirkulu inguru markatuko dira, 2 eta 4 metroko diametroarekin, eta igerilekuetatik hurbil jarriko dira.

Irekiera egunak eta ordutegiak

2021eko udako kanpainak ohiko hasiera- eta amaiera-datak berreskuratuko ditu. Maiatzaren 28an irekiko dituzte ateak bai Mendizorrotzek, bai Gamarrak; azken eguna, berriz, irailaren 5a izango da Gamarran eta irailaren 19a Mendizorrotzen.

Ordutegiari dagokionez, 8:00etatik 22:00etara egongo dira zabalik. Aurten ez dute eguerdian itxiko, eta, horri esker, instalazioen edukiera handituko da.

Sartzeko baldintzak eta abonamendu berria Gamarrarako

Iaz bezala, bazkideek lehentasuna izango dute, eta, horregatik, Mendizorrotzeko kirol-esparrua haiek bakarrik erabiltzeko izango da.

Hala ere, bazkide ez diren pertsonek abonamendu bat erosi ahal izango dute Gamarrarako hasieratik. 1.500 udako abonamendu inguru eskainiko dira kirol-gune horretan sartzeko, eta herritarrek Udalaren webgunean —Herritarren Udal Txartela badute— edo aurrez aurre herritarrei laguntzeko bulegoetan —hitzorduarekin— erosi ahal izango dituzte.

Ezingo dira eguneko sarrerak erosi, ezta txartela ahaztuz gero igerilekura sartu ahal izateko sarrera bereziak ere. Iaz bezala, bi urtetik gorako haurrek abonamendua beharko dute igerilekuetara sartzeko, eta abonamendua doakoa izango da 5 urte bete arte. Abonamendu hori eskuratu nahi duten familiek herritarrei laguntzeko bulegoetan eskatu ahalgo izango dute, aldez aurretik hitzordua hartuta.

Erabilgarri egongo diren ekipamenduak

 Kirol esparruetan iaz baino instalazio eta gune gehiago erabili ahal izango dira. Esaterako, aurten txirristak eta haurren jolastokiak irekita egongo dira. Gauza bera gertatuko da futbitoko, saskibaloiko, hondartza-boleiboleko eta mahai-teniseko kirol-pistekin, eta Gamarrako minigolfarekin, edukiera mugatuta egongo den arren eta jokatzeko hainbat arau errespetatu beharko badira ere.

Bestalde, tenis eta padel pistak aldez aurretik erreserbatu beharko dira erabili ahal izateko. Edonola ere, kontuan hartu behar da zelai horiek erreserbatuta ere, ezinbestekoa izango dela kirol-esparruetara sartzeko leku libreak egotea. Edukiera beteta egonez gero, erreserbaren dirua itzuli egingo zaio erabiltzaileari.

Aldagelak eta barruko dutxak irekita egongo dira, baina edukiera % 35ekoa izango da. Ez da hamaka-zerbitzurik egongo, baina nork bere hamaka erabili ahal izango du. Mendizorrotzen solariumean soilik jarri ahal izango dira. Gamarrako barbakoa gunea ezingo da erabili.

COVID-19ari aurre egiteko beste segurtasun neurri batzuk

Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da beti, bereziki sarrera gunean eta gune komunetan. Salbuespen gisa, ez da beharrezkoa izango bainatzeko unean edo erabiltzailea bere lekuan eserita/etzanda dagoenean. Ezinbestekoa izango da, ordea, bainu-txanoa erabiltzea bainatzeko.

Azkenik, garbiketa indartuko da, eta, ateak ireki aurretik eta itxi ondoren, sakonean desinfektatuko dira instalazioak egunero. Gainera, egunean zehar ere desinfektatzeko txandak egingo dira, batez ere igerilekuetako ontzietan maiz ukitzen diren gainazalak garbitzeko.

DOSSIERRA

Share