Prentsa Oharren banner

Deportivo Alavesek taldearen urrezko eta brillantezko intsignia eman dio Gasteizko Udalari

Gorka Urtaran alkateak Alavesen urrezko eta brillantezko intsignia jaso du gaur goizean taldearen presidente Alfonso Fernández de Trocónizen eskutik. Kirol elkarteak ematen duen aitorpen gorena da eta fundazioaren mendeurrenaren ospakizunen testuinguruan egiten du. Ekitaldian talde zuri-urdinaren ordezkariek eta udal talde guztietako bozeramaileek hartu dute parte.

Alkateak korporazio osoaren izenean eskerrak eman ditu jasotako sariagatik. “Udalak harrotasunez erakuts dezakeen aintzatespen politenetakoa da, bereziki herritarrek hainbeste maite duten kirol erakunde batena bada”, azpimarratu du alkateak, eta zorionak eman dizkio berriz ere taldeari bere mendeurrena dela eta. “Aitortza hau ez da erakunde honetan bakarrik geratzen, Gasteiz hiri osora ere zabaltzen da; izan ere, inork intsignia hau merezi badu, hiria, gasteiztarrak eta, bereziki, Alaveseko zaleak dira.”, gehitu du Gorka Urtaranek.

Alfonso Fernández de Trocónizek, berriz, eskertu egin du “gasteiztarrek taldeari ematen dioten babesa eta maitasuna”. “Laguntza hori oso argi geratu da aspalditik; izan ere, lankidetza- eta babesletza-hitzarmenak sinatu ditugu, eta haiei esker hiriaren sinboloak gure elastikoan azaltzen dira, esaterako, Udalaren beraren izena”, azaldu du presidenteak.

Deportivo Alavesek iaz ezkutua berritu zuenetik bere urrezko eta brillantezko intsignia ematen duen lehen aldia da. 100 urteko ibilbide horretan, taldearen historian garrantzitsuak izan diren hainbat jokalarik eta zalek eta Gloriosoari lotutako kirolari eta erakundeek ere jaso dute intsignia hori.

Share