Prentsa Oharren banner

3.000 familia ingururi emango zaie arreta osasunaren arloko elkarteekin egingo diren bost hitzarmeni esker

Beste bost hitzarmen onetsi ditu gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak arlo soziosanitarioko hainbat elkarterekin, eta, horren ondorioz, guztira 23 dira dagoeneko 2021eko aurrekontua indarrean denez geroztik onetsitako horrelako akordioak. Hitzarmen horien hartzaile diren elkarteek 2.800 familia baino gehiago artatzen dituzte. Guztira 80.000 euro inguruko ekarpen ekonomikoa egingo die Udalak.

Alzheimerra eta bestelako buruko gaitzak dituztenen senitartekoen eta lagunen Arabako elkartearekiko  lankidetza-hitzarmenak aukera emango du halako gaixotasunak dituzten pertsonak zaintzen dituztenei hezkuntza eta psikologia arloetako aholkuak emateko programa gauzatzeko. 32.629 euroko ekarpena egingo du Udalak dementziak dituzten pertsonak zaintzen dituztenek familian, emozioetan eta gizartean duten zama handia arintzeko ekimen hori garatzeko.

Beste hitzarmen garrantzitsu bat, Fibromialgia eta neke kronikoaren Arabako elkartearekin (ASAFIMA) sinatuko da —aste honetan bertan izana da gaitz horren munduko eguna—. Kasu horretan, 24.235 euroko ekarpena egingo du Udalak, intzidentzia handiko —biztanleriaren % 2 eta % 3 artean— gaixotasun horrek eragindako pertsonei arreta, aholkularitza eta esku-hartzea eskaintzeko programa garatzeko —intzidentzia handiagoa da emakumeengan—.

Hirugarren hitzarmenak, Arabako Diabetesaren Elkartearekin (ADA) sinatuko denak, banakako eta taldekako arreta-programa bat garatzea ahalbidetuko du. 9.690 euroko dirulaguntza emango dio Udalak. Elkarte horri atxikitako 790 pertsonek prestakuntza- eta arreta-zerbitzu ugari jasoko dituzte horrenbestez.

Era berean, Jatorrizko zein Bigarren Mailako Linfedemek eragindakoen Elkartearekiko (ADELPRISE) lankidetza-hitzarmena ere onetsi da. 8.384 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du Udalak. Gaixotasun kronikoa denez gero, eragindako pertsonen bizi-kalitatea hobetzea da hitzarmen horretan aurreikusitako jardueren lehentasuna —arreta integrala, informazioa, zabalkundea eta prestakuntza—.

Azkenik, Arantza bifidoa eta hidrozefalia dutenen Arabako Elkartearekiko —ARESBI— lankidetza-hitzarmena onetsi da, arretarako, laguntza psikologikorako eta sentsibilizaziorako programak egiteko, baita sentiberazio- eta informazio-jarduerak ere. 3.825 euroko dirulaguntza jasoko du ekimen horrek.

 

Share

Merkataritza Ganberarekin hitzarmena sinatzea onetsi du udal gobernuak, Itun Berdeko enpresa txiki eta ertainen nazioartekotzea sustatzeko

17.000 euro bideratuko ditu Ekonomia Sustapenerako Sailak kanpo-sustapeneko ekintzak garatzera

Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialarekin hitzarmena sinatzea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, Itun Berdeko komunitateari atxikitako enpresa txiki eta ertainek beren nazioartekotze-prozesua bultzatu ahal izan dezaten.

17.000 euroko ekarpena egingo du Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak, enpresa txiki eta ertain horiek kanpo-sustapeneko jarduerak egin ditzaten, hala nola bisitak nazioarteko azoka sektorialetara, networking-topaketak edo merkataritza-misioak.

Hitzarmenari esker, 300 eta 600 euro arteko laguntzak jasoko dituzte enpresek, joan-etorrietako gastuei aurre egiteko, eta 450 eurokoak, kontaktu-agenden gastuetarako. 7.700 euro, berriz, Ganberaren zerbitzuetarako izango dira.

“Erakundeen arteko lankidetza-akordio honekin, kanpoan sustatzeko prozesuan lagunduko diegu ingurumena zaindu eta inpaktu ekologikoa murrizteko konpromisoa bere egina duten hiriko enpresei”, azaldu du Maider Etxebarria alkateordeak.

Share

60.000 euro bideratuko ditu Udalak teknologia berrien inguruko prestakuntza gizarteratze-tresna gisa baliatzen duen Saregune proiektura

Sartu Arabarekiko hitzarmena berritu du Ekonomia Sustapenerako Sailak

Sartu Arabak garatzen duen Saregune prestakuntza-proiektuari laguntza ekonomikoa emateko hitzarmena onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, Erdi Aroko hirigunea biziberritzeko eta elkartasunez integratzeko lanarekin jarraitzerik izan dezan, teknologia berrien inguruko prestakuntza tarteko. 60.000 euro bideratuko ditu Ekonomia-sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak horretara.

Egungo testuinguruan, eta etorkizuneko erronka berriei aurre egiteko, pandemiak sortutako egoerara egokitutako bertsio berri bat aurkeztu du Saregune proiektuak.

Oinarrizko trebetasun digitalak irakasteaz gain —nabigatzaileak, posta elektronikoa edo testu-prozesadorea—, banako laguntza eta tutoretza-zerbitzua eskainiko die hainbat programa eta aplikazioren inguruko prestakuntza behar dutenei. Ezagutza informatiko espezializatuen eskariari erantzuteaz gain, on-line prestakuntza-espazioen diseinuari eta mantentze-lanei ere erantzuten die, eta gizartea sentsibilizatu eta dinamizatzeko beste zenbait ekintza egingo.

Lankidetza-hitzarmenari esker, harreman eta partaidetza komunitariorako leku gisa bere balioa erakutsia duen espazio bat dinamizatzen jarraituko du 2002. urteaz geroztik integrazio-lanak egiten diharduen Sartu Alavaren ekimenak.

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotzi Maider Etxebarriaren ustez, “eten digitalaren haustura gainditzen laguntzen duten ekimenak babesten ari gara. Gainera, auzoko beste arrakala batzuk gainditzeko aukera ematen du oinarrizko gaitasun digitalei buruzko prestakuntzak, hala nola soziala edo ekonomikoa. Eta hori, zalantzarik gabe, balio handiko zeregina da”.

Hogeita hamahiruna ordenagailuz hornitutako bi gela ditu Saregune proiektuak, Bueno Monreal kalearen eta Santa Maria kantoiaren arteko lokalean.

Share

Taxi elektrikoak erosteko laguntza deialdi berria

Gasteizko Udalak hiriko taxi-flotari ibilgailu elektrikoak gehitzen laguntzeko deialdia egin du laugarrenez. Gaur goizean onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak deialdiaren oinarriak, Raimundo Ruiz de Escudero zinegotziak zuzentzen duen Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak sustaturik. Urtaranen gobernuak 40.000 euro jarriko ditu horretarako aurten, eta ibilgailu bakoitzeko 10.000 euroko dirulaguntza jaso ahalko da.

Mugikortasun iraunkorreko politiken barruko deialdi horren bitartez, Udalak gure hiriko airearen kalitatea hobetzen lagundu nahi du, eta kutsadura akustikoa eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten, baita energia-kontsumoa ere. “Garraio publikoaren elektrifikazioa funtsezkoa da Gasteizen etorkizuna eraikitzeko. BEIa abian jartzeko, tranbia-sarea hedatzeko Salburua eta Zabalganera, TUVISAko flota hobetzea… ari gara lanean, baita taxiaren sektorea modernizatzeko ere, azaldu du Raimundo Ruiz de Escudero zinegotziak.

Gasteizko Udalaren taxi-lizentzia baten jabe diren pertsona fisikoek jaso ahalko dituzte laguntzak, baldin eta dirulaguntzaren xede den ibilgailua aurretik lizentzia horri esleitutako ibilgailua ordezteko bada; Gasteizko taxilarien elkarteek ere jaso ahalko dituzte laguntzak, horren xede den ibilgailua Gasteizko taxi-lizentzia duten ibilgailuak ordezteko erabiltzekoa bada. Taxi-lizentziaren titularrek 2021an erosi dituzten edo erostekoak diren ibilgailu elektriko huts berriengatik bakarrik jaso ahalko da diru-laguntza. Diruz lagundutako taxiek lau urtez eman beharko dute zerbitzu Arabako hiriburuan.

Aste batzuk barru eskatu ahalko dira laguntzak, Diru-laguntzen Datu-base Nazionalean eta ALHAOn argitaratzen direnean.

 

Share

Olarizuko lorategi botanikoko zidorren sareak argiztapen berria izango du, 45 farola bereziri esker

Olarizuko lorategi botanikoak eta bertako zidorren sareak 45 farola berezi izango dituzte. Beste pauso bat Euskadiko erreferentziazko botanikoa izan dadin datzan udal-proiektuan..

Gaur goizeko bileran onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak lan horiek kontratatzeko dosierraren esleipena. 87.090,15 euroko inbertsioa egingo da, eta bost hilabetean burutuko du TECUNI S.A.U. enpresak.

Argiteria publiko berri horrek, gainera, ingurune naturaletarako diseinatutako teknologia berezia baliatuko du. Led argiak izango dira, eta anbar koloreko iragazki bat jarriko zaie, argi-kutsadura ekiditeko.

 

Share