Prentsa Oharren banner

Jantzi, oinetako eta objektu berrerabilgarrien birziklatze eta berrerabilera hobetu nahi du Gasteizek

Gaikako edukiontzien kopurua % 60 handitu, bilketa maiztasuna hobetu, zerbitzua nekazaritza-eremura hedatu eta produktu horiek merkatuan sartzea sustatuko da.

 

 

Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi  César Fernández de Landak eta Hondakinen Ataleko Joseba Sánchezek gaur aurkeztutako kontratu berriaren bidez, udalak jantzi, oinetako eta material berrerabilgarrien birziklapena hobetu nahi da. Oso helburu anbiziotsua da. Hobekuntzei esker, udalak bikoiztu egin nahi du orain jasotzen den hondakin tona.

Lehiaketa datozen bi urteetarako izango da, eta 90.000 euroko aurrekontua (45.000 euro urteko) izango du, material berrerabilgarriak –bereziki ehunak, baina baita oinetakoak, liburuak, etxetresna elektriko txikiak, gailu elektronikoak, jostailuak eta abar ere— edukiontzi-sistema bidez biltzeko.

Kontratu berriak hainbat berrikuntza dakartza: gaikako 70 edukiontzi jarriko dira (orain baino % 60 gehiago): 43 kontratua hastean, gainerako 27ak, kontratuko lehen sei hilabeteetan. Horretaz gain, hobetu egingo da bilketa zerbitzuaren maiztasuna, astelehenetik larunbatera egunero, eta horrek nabarmen hobetuko du edukiontzien kudeaketa.

Irisgarriagoa

Aurrerantzean, 55 menpeko toki-erakundetan ere bilduko dira oihal eta material berrerabilgarriak, eta berrikuntza nabarmena izango du: gaikako bilketa etxean egiteko aukera emango zaie hainbat arrazoi tarteko –mugitzeko zailtasuna, dibertsitate funtzionala, edo antzeko arrazoiak– ohiko bilketa bideak erabiltzerik ez dutenei.

Horretaz gain, esleipendunak merkaturatzeko aukera duen material guztia sailkatu, aukeratu eta berrerabiltzeko edo birziklatzeko prestatu beharko du, bere jabetzako instalazio batean.

Era berean, gutxienez lokal edo denda egokitu bat kudeatu beharko du, behar bezala prestatu eta gero erabilgarri diren hondakinei bizitza berri bat emateko.

“Gure hiria erreferente da nazioartean  ingurumen-politikengatik eta egiten dituen iraunkortasunaren alde egindako apustuengatik, eta horrela jarraitu nahi dugu. Hori dela eta, hobetzeko tartea duten proiektuak kontuan hartzen ditugu eta horiei ekiten diegu. Oihal-hondakinak eta berriz ere balioa izan dezaketen bestelako objektuak berrerabiltzea eta birziklatzea da hobe dezakegun eta hobetu behar dugun arloetako bat. Bat egiteko eskatzen diegu herritarrei, birziklapen eta berrerabileraren arloko ohiturak hobetzeko, eta erraztu egin behar diegu zeregina. Hori dela eta, hobetu egingo dugu zerbitzua, edukiontzi gehiago jarri, eta hustuketa-maiztasuna hobetu. Izan ere, uste dugu ekonomia zirkularra klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko konponbideetako bat dela, eta gure hiriko bizimoduari eta bokazioari ondo lotutako bizitza-filosofia ere badela” adierazi du Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotziak

César Fernández de Landak azaldu duenez, “edukiontzi grisera botatzen den zabor poltsako % 6 oihal hondakinak direla detektatu dugu; hau da, urtean 3.700 tona oihal galtzen dugu, eta 1.515 tona biltzen dira berariazko edukiontzietan.  Kontratu berriarekin, % 60 handituko dugu edukiontzien kopurua, eta zerbitzua nabarmen hobetuko da maizago hustuko baitira”.

 

 

 

Share