Prentsa Oharren banner

(Argazkiez eguneratuta) Kaldearte 2021ek Espainian inoiz egin gabeko 6 ikuskizun aurkeztuko ditu, horietako 2 erabateko estreinaldiak

Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiaren XV. edizioak 2020rako aurreikusitako konpainia batzuk izango ditu eta 10 ikuskizun berri gehitu ditu

 

programa_kaldearte_ 2021_

Ekainaren 11tik 13ra Kaldearte, Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiaren 15. edizioa egingo da Gasteizen, eta 33 konpainiaren 63 ikuskizun aurkeztuko dira. Estíbaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotziak programazioa eman du ezagutzera gaur goizean egin den prentsaurrekoan. “2020ko martxoaz geroztik gure hirian egingo den lehenengo kale-jaialdi handia izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan 2021ean egingo den lehenengo kaleko arteen jaialdi handia”, iragarri du.

Sei ikuskizun kalean estreinatuko dira (Espainian lehen aldiz); bi erabateko estreinaldiak izango dira, eta zenbait ikuskizun Kaldearteren laguntzarekin ekoitzi dira. Jatorriari dagokionez, 4 konpainia Gasteizkoak dira; 9, Euskadikoak; 15, beste probintzia batzuetakoak, eta 5, atzerrikoak. 

“2020rako programatuko konpainia profesional gehienak berreskuratu ditugu eta hamar bat ikuskizun berrirekin osatu dugu kartela; punta-puntako programazioa da, Kaldearte kaleko arteen jaialdien buruan jartzeko Estatu mailan”, gehitu du Cantok.

Hasierako ikuskizuna ekainaren 11n egingo da, 21:00etan, Iparraldeko parkean. “Perceptions” izango da, Bivouac konpainia frantziarrarena. Zirku garaikideko pieza horretan, publikoak irudimen kuantikoaren bihotzera bidaiatuko du aireko dantzaren, makila txinatarren, akrobazien, pianoaren eta zuzeneko musikaren bitartez.

Ikuskizunak hasiera emango dio programazio oparo bati: denetarik egongo da, pertsona guztientzat. Zirkua, Circ Bover, Maite Guevara, Xampatito Pato, Dikothomía, UpArte, Mortelo& Manzani, Circo Eia, Murmuyo, Leandre Ribera eta Bucraá Circus taldeen eskutik. Dantza, Kukai Dantza, Tio Teronen Semeak, Isabel Vázquez, Titoyaya Dansa, Proyecto Larrua, Paloma Hurtado, Iron Skulls y José Uruñuela Dantza Kontserbatorioaren ikuskizunekin.

Gasteiztarrek, gainera, antzerkiaz gozatzeko aukera ere izango dute Hika Teatroa, Cristina Solé, Escandall Teatral, Trapu Zaharra, La Industrial Teatrera, Zurrunka Teatro eta Markeline konpainiekin. Musika Señor Stets orkestra-gizonak eta De Vacas laukoteak jarriko dute. Halaber, diziplinarteko ikuskizunak egongo dira, Dela Praká, Berdinki eta Arriera konpainien eta Naoto Okada, munduko yo-yo txapeldunaren eskutik. 

Neurriak 

Jaialdia erdialdeko 10 gunetan egingo da jendea pilatzea saihesteko. Espazio horiek aire zabalean daude, mugarrituta egongo dira eta edukiera mugatua izango dute. Jendeak eserita egon beharko du eta sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik gonbidapena erreserbatzea eta segurtasun-neurriak errespetatzea, Eusko Jaurlaritzaren araudiari jarraituz. 

“Kultura Zerbitzuan sektore honekiko gure konpromisoari eta laguntzari eusten diegu, eta indarrean dagoen araudia zorrotz beteko duen ekitaldi bat antolatzearen aldeko apustua egiten dugu, arte eszenikoek gure kale eta plazak har ditzaten”, adierazi du zinegotziak.

Berritasun gisa, Kaldeartek mugikorretarako doako aplikazio bat izango du, ikuskizunak ordutegiaren eta gunearen arabera kontsultatu ahal izateko. Aplikazioa esteka hauetan deskargatu daiteke.

Android

Ios

“Eventool” aplikazioa deskargatu ondoren, “kaldearte” hitza idatzi beharko da jaialdiari buruzko informazioa ikusi ahal izateko.

Gonbidapenak ekainaren 8an 09:30etik aurrera erreserbatu ahalko dira bai aplikazioan, bai udalaren webgunean, edo 945 16 16 18 telefonoan 9:00etatik 14:00etara astelehenetik ostiralera. Pertsona bakoitzak 2 gonbidapen erreserbatu ahalko ditu gehienez ikuskizuneko.

 

 

 

Share