Prentsa Oharren banner

Bizanetako kafetegiak eta elkartzeko guneak irekiko dituzte bihar

Zentro bakoitzean mahai kopuru mugatua egongo da eta ezingo dira 45 pertsona baino gehiago bildu

 

Bizan sarea —lehen, adinekoentzako zentro soziokulturalak— normaltasunera itzultzen ari da pixkanaka zerbitzuen funtzionamenduari dagokionez. Pandemia zela eta, itxi egin behar izan zituzten iaz, eta, orduz geroztik, osasun egoerak utzi ahala zabaltzen joan dira berriro.

Jantokiak izan ziren ateak ireki zituzten lehenak, eta haien atzetik beste zerbitzu batzuk jarri ziren berriz martxan, hala nola informazioa, ile-apaindegia, podologia, osasun-parkeak, lantegiak eta ikastaroak, betiere COVID-19aren kontra ezarritako segurtasun-protokoloa errespetatuz.

Bihartik aurrera, kafetegiak eta elkartzeko guneak ere erabilgarri egongo dira. Mahai kopuru mugatua izango dute eta 45 pertsonarentzako lekua egongo da gehienez ere.

Kafetegian derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea kontsumitzeko unean izan ezik; ezingo da zutik kontsumitu; mahai bakoitzeko 2 pertsona soilik egon ahal izango dira eta erabiltzaileen artean 1,5 metroko distantzia mantendu beharko da. Gainera, gehienez ere ordubete egon ahal izango da bertan.

Erabiltzaileek barran eskatu beharko dute horretarako ezarritako lekuetan, momentuan ordaindu, eta langileek esaten dieten mahaian eseri.

Neurri horiekin batera, segurtasun arau orokorragoak ere errespetatu beharko dira bi zerbitzuetan.

Kafetegiak eta elkartzeko guneak ireki ondoren, hemerotekak dira Bizan sarean itxita jarraitzen duten zerbitzu bakarrak, eta, horiek ere, osasun egoerak uzten duenean irekiko dira.

 

 

 

Share