Prentsa Oharren banner

Gasteizek Urrezko Erratza saria jaso du gaur

Hondakinak eta Ingurumena Kudeatzeko Elkarte Teknikoa (ATEGRUS) ingurumenaren aldeko lanean nabarmentzen diren erakundeen lana aintzatesteko ematen duen Urrezko Erratza irabazi du Gasteizek.

Ana oregi alkateordeak saria jaso du gaur “hiriko bilketa eta garbiketaren kudeaketagatik eta hondakinak bildu eta kudeatzeko lanean aritzeko abian jarri dituen tresnengatik”. Tresna horiek birziklapenean zuzenean lan egiteko aukera ematen diete herritarrei, eta hondakin gutxiago sortzen”, nabarmendu du elkarte antolatzaileak.

Gorka Urtaran alkateak gasteiztar guztiekin konpartitu du saria, guztien meritua delakoan. “Gure hiria erreferente izan da, da eta izango da aurrerantzean ere gure bizi-kalitatearen hobekuntzarako praktika egokien alorrean, zenbateraino, eta eredu berde bihurtzeraino, praktika iraungarrien eredu. Sariak garbiketa eta hondakinen kudeaketa aintzatesten baditu, lan horietan konplizea dira, zalantza izpirik gabe, gasteiztarrak; izan ere, gero eta kontzienteago direlarik, gero eta gehiago inplikatzen dira hiri hobe baten alde”, azpimarratu du alkateak.

 

Share

Prentsa-deialdiak (2021-06-11)

Prentsaurrekoa. Atalak 2.0 proiektua aurkeztea

Parte hartzaileak. Eva Guerrero, koreografoa; Garazi López de Armentia, dantzaria; Bertha Bermúdez, Atalak proiektuko koordinatzailea; eta Udal Antzoki Sareko arduradun Martha Monfort

Eguna. Ostirala, ekainak 11

Ordua. 10:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

————————————-

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, ekainak 11

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Udalaren aldi baterako kontratuetarako enplegu-poltsa berrian izena emateko azken egunak

Bihar bukatuko da premia bereziak estaltzeko aldi baterako kontratazioetarako zerrendak handitzeko deialdian izena emateko epea —Aterpezaina, Garbiketa 1 eta Informazio, kontrol eta oinarrizko mantentzeko agenteak—. Ostiraleko —ekainak 11— 24:00ak arte eman ahal izango dute izena interesdunek enplegu-poltsa horietan, zein eskaria handia den zenbait egoeratan baliatuko baitira —iraupen laburreko kontratazioak edo lanaldi laburrekoak eskaintzen direnean, kasu— lehendik dauden kontratazio-zerrendak beharrei erantzuteko nahiko ez direlarik.

Hauek dira deialdian parte hartzeko baldintza orokorrak: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatua, LH1 edo baliokidea, B gidabaimena, informatikako ezagutzak eta 2. hizkuntza-eskakizuna.

Martxo bukaeran deitu zen kontratazio-zerrendei —Erizaintza, Erizaintzako Zaintza Osagarrien teknikaria, Sukaldea eta Garbiketa 2— gehituko zaizkie oraingo kontratazio-zerrendak. 6.700dik gora eskabide aurkeztu ziren haietara.

Informazio gehiago: Oinarrizko laguntza-zerbitzuetako lanpostuak betetzeko aldi baterako kontratazio-zerrendak handitzea

 

 

Share

(Txostenaz eguneratuta) Berdintasun Zerbitzuak, Gizarte Politiken Sailak eta Udaltzaingoak indarkeria matxistaren alorreko arretaren kontu-ematea aurkeztu dute

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailaren eta Herritarren Segurtasunaren Sailaren datuak baliatu dira txostena lantzeko, erantzun publikoaren protokoloan jasotzen denari jarraituz.

Gasteizko Udalak indarkeria matxistaren aurrean jendaurreko erantzuna emateko protokoloa 2018an onetsi zen, eta bertan aurreikusten da Gasteizko Udalak indarkeria matxistaren arloan bildu dituen datuen berri emango duela aldian-aldian eta publikoki, epe horretan protokoloa aktibatu ala ez.

Estatistika orokorrak emateaz gain, txostenak tresna praktikoa izan nahi du informazioaren jarraipena eta kontrastea errazteko, eta alderdi ahulak eta indartsuak identifikatzen laguntzeko, hobekuntza-lerroak finkatze aldera. Orobat, informazio egiaztatua eman nahi da, konparaziozko azterketak egin ahal izateko eta herritarrei komunikabideetan gehien agertutako kasuez harago doan informazioa emateko, hau da, zifren eta datuen kontakizun bateratu eta egiaztatua egitea da asmoa.

Era berean, indarkeria matxistaren errealitatean sakondu ahal izateko moduko tresnak erantsi nahi izan zaizkio txostenari, esku artean ditugun datuetatik eta zifretatik haragoko errealitatea irudika dezagun. Alegia, banakako kasuen gaineko informazio zehatzetik harago joan.

Udalak artatutako eta/edo erregistratutako kasuei buruzko informazioa baino ez du biltzen txostenak; beraz, gure hirian izandako indarkeria matxistaren ehuneko bat baino ez du erakusten. Ez da Gasteizko errealitatearen erradiografia osoa, ez baitira jasotzen toki-administraziora iritsi ez diren indarkeria matxistako kasuak.

Txostena

 

 

 

Share

Bihar hasiko da Kaldearte, dagoeneko sarrerak agortuta

Gasteizko kaleko arteen XV. erakustaldian 63 ikuskizun aurkeztuko dituzte 33 konpainiak.

Bihar hasiko da Kaldearte – Gasteizko Kaleko Artean Erakustaldiaren 15. edizioa, eta igandera arte iraungo du. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok gaur goizean Montehermoso kulturunean egindako prentsaurrekoan adierazi duenez, sarrerak asteartean jarri ziren eskuragarri, eta ordu bete pasa aurretik agortu ziren.

 “Kultura Zerbitzuan sektore honekiko gure konpromisoari eta laguntzari eusten diegu, eta indarrean dagoen araudia zorrotz beteko duen Kaldearte antolatzearen aldeko apustua egiten dugu, arte eszenikoek gure kale eta plazak har ditzaten”, adierazi du Cantok.

2020ko martxoaz geroztik gure hirian egingo den lehenengo kale-jaialdi handia izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan 2021ean egingo den lehenengo kaleko arteen jaialdi handia (eta Estatuko lehenengoetakoa).

Halaber, prentsaurrekoan izan dira hiriko uda kulturalari hasiera ematen dion programa honetan lanak aurkeztuko dituzten 33 konpainietako lauren ordezkariak:  Maite Guevara (‘¡Qué buen día!’ );  Larrua proiektuko Aritz López (‘Muda’); José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioko  Arantzazu Susunaga (‘Exit’ eta ‘Reminiscence’ piezak), eta Eñaut Gorbea (Judimendi parkera bisita bitxia).

 

63 ikuskizun hiriko kale eta plazetan. Horietako asko ordu berean egingo dira, eszenatoki batetik bestera joatean jendea pilatu ez dadin.

“Kaldearte ezinbesteko hitzordua da Gasteizko kultur egutegian.  Diziplina anitzeko ekitaldia da, eta Gasteizen, estatuan zein nazioartean antzerkiaren, zirkuaren dantzaren eta musikaren arloan diren joera berriak zabaltzen ditu” gaineratu du zinegotziak.

Hasierako ikuskizuna bihar egingo da, 21:00etan, Iparraldeko parkean. “Perceptions” izango da, Bivouac konpainia frantziarrarena. Zirku garaikideko pieza horretan, publikoak irudimen kuantikoaren bihotzera bidaiatuko du aireko dantzaren, makila txinatarren, akrobazien, pianoaren eta zuzeneko musikaren bitartez.

Informazio gehiago

Share

Atxilotua gidatzen zihoan bitartean bikotekideari eraso egiteagatik

Udaltzainek 47 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo genero-indarkeriaren delituaren ustezko egilea izateagatik bikotekideari eraso egin ziolako.

 

Gertakariak 21:20an izan ziren, zerbitzutik kanpo zeuden ertzain batzuek Udaltzaingoaren presentzia eskatu zutenean genero-indarkeria kasua izan zitekeen gertakari baten lekukoak izan zirelako.

Haien ibilgailu partikularrean zihoazela, Gardelegi udalerri inguruan, aurreko autoa bidearen alde batetik bestera aldaroka zebilela ikusi zuten. Azkenean, autoak irrist egin zuen, eta gelditu egin zen. Barruan, kopilotuaren tokian eserita zihoan gizonak emakumezko gidaria astindu eta sorbaldan kolpatu zuen.

Lekukoek hala eskatuta, udaltzainak arduratu ziren esku-hartzeaz, eta biktimarekin elkarrizketatu ziren. Emakumeak erasoa baieztatzeaz gain, ez zela gertakari puntuala izan adierazi zien.

Ondorioz, udaltzainek gizonezkoa atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten. Gaur goizean epailearen esku geratu da.

Erasoa udaltzain bati

Udaltzainek atzo Koldo Mitxelena kalean zirkulazioa arautzen ari zen udaltzain bati eraso egin zion 45 urteko emakumezko bat atxilotu zuten.

Ustezko erasotzailea galtzada gurutzatzen ari zela, udaltzainak oinezkoak zebra-bide baten parean geldiarazi zituen. Emakumeak, ordea, udaltzainaren aginduei kasu egin gabe aurrera jarraitu zuen eta, ondorioz, udaltzaina haren bidearen erdian jarri zen gurutzatu ahal izateko itxaron egin beharko zuela esanez. Aginduei jaramonik egin gabe, udaltzainari bultza egin eta iraindu egin zuen. Gainera, eskutik heltzean, eskuan ebakia eragin zion.

Hori guztia zela eta, emakumea atxilotu eta  udaltzainen bulegoetara eraman zuten eginbideak abiarazteko. Aske utzi zuten hitzordua jasotzen duenean epaitegira joateko betebeharrarekin.

 

 

Share

Aparteko osoko bilkura 2021-06-17

Webgunean dago ekainaren 17an (osteguna), 11.00etan, Goiuri Jauregiko Martín de Salinas aretoan, egingo duen Udalbatzaren aparteko osoko bilkuraren gai-zerrenda

Share

Udalaren zerbitzu sozialek Gasteizko biztanleriaren % 13 artatu zuten 2020an

Arazo ekonomikoak eta laneratzeko zailtasunak izan ziren auzi ohikoenak artatutako 16.643 familien artean

 

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 32.447 pertsona artatu zituen 2020an, hots Gasteizko biztanleriaren % 13. Horixe islatzen da Jon Armentiak zuzentzen duen sailak argitaratu berri duen oroitidazkiak.

Agiri horren arabera, iaz 16.643 artatu zituzten Udalaren zerbitzu sozialek –2019koaren antzeko kopurua–, hainbat problematika bultzatuta. Arazo mota ohikoena ekonomikoa izan zen, familien arteko % 51,5ean agertzen baitzen; ondoren laneratzeko zailtasunak (% 28) eta Autonomia pertsonalaren mugak (% 25). Eragin txikiagoa izan zuen etxebizitzaren auziak, bizikidetza-unitateen % 9,7an baino ez da agertu izan.

Azken egoera horri egiteko asmoz, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak Gizarte Larrialdi laguntzetatik ia 2 milioi euro baliatu zituen etxebizitza-alokairurako, eta beste 2,2 milioi euro mantenimendurako. Horrez gain, sailak 162.000 euro bideratu zituen Udal Prestazioen Programaren onuradun diren familiei laguntzeko

Covid-19

Gainera, oroitidazkiak gizarte zerbitzuek Covid-19ak eragindako larrialdi sozio-sanitarioko egoerari aurre egiteko nahitaez egokitu beharraren berri ematen du.

Pandemiaren ondorioz, berrantolatu egin ziren zenbait gizarte-baliabide (esaterako Aterpe), hartara osasun alorreko agintariek emandako prebentzio-gomendioetara egokitu ahal izateko, eta abian jarri ziren beste batzuk, hala nola Lakuako frontoiko harrera-zentroa.

Gainera, sendotu egin zen pertsona-talde zaurgarrien jarraipena egiteko lana. Esaterako, beren etxeetan konfinatutako 11.530 adinekoekin jarri ginen harremanetan, beharrezko laguntza helarazteko.

Udalaren gizarte zerbitzuak adi egon ziren, esku-hartzeak bermatzeko, eta indartu egin zuten informazio-, orientazio- eta jarraipen-zeregina, hartara oinarrizko beharrizanak bete eta beharrezko laguntza-zerbitzu osagarriak premiaz abian jartzeko.

Informazio gehiago: Gizarte Politiken oroitidazkia 2020

 

Share