Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdiak (2021-06-14)

– Prentsaurrekoa. 2021eko udako aire zabaleko kultur programazioaren aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Estíbaliz Canto, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzia.

Eguna: ekainak 14, astelehena

Ordua: 11:00

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

—————————————————————-

– Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzea, hirian inbertsioak finantzatzeko.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran alkatea; Ramiro González, Arabako diputatu nagusia; Iñaki Gurtubai, Ogasun zinegotzia; eta Irma Basterra, Lurralde Orekaren foru-diputatua.

Eguna: ekainak 14, astelehena

Ordua: 12:00

Lekua: Foru Aldundiaren jauregia.

——————————————————————

– Prentsaurrekoa. Beñat Etxepare sarien banaketa.

Parte-hartzaileak: Estíbaliz Canto, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzia; Marta Monfort, Udal Antzoki Sareko zuzendaria; Arantxa Ibáñez de Opakua, Vital Fundazioko zuzendaria; Natxo Artundo, “El Correo” egunkariko kazetaria; Elena Balaguer, Radio Vitoriako Komunikazio eta Marketin arduraduna; Amalur Bilbao, La Casa del Libroko zuzendaria; Maitane Goñi eta Pilar López, Teatro Paraísoko.

Eguna: ekainak 14, astelehena.

Ordua: 12:00

Lekua: Beñat Etxepare antzokia

Share

Prentsa-deialdiak (2021-06-12)

Gosari informatiboa: USN World Summer Cup eta asteburuko sustapen jarduerak aurkeztea

Parte hartzaileak. Alkateorde Maider Etxebarria; Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; Kultura eta Kirol diputatu Ana del Val eta Endika Gutierrez “Invert”, freestyler raperoa

Eguna. Larunbata, ekainak 12

Ordua. 10:00

Tokia. Cancille Ayala hotela

Share

Aurreikuspenak ekainak 11

Ekainak 11, ostirala

  • Ana Oregi, alkateordea, eta Kultura eta Hezkuntza zuzendari Paco Galve José Mardones elkartearen aurkezpen ekitaldira joango da, 19:30ean Europa jauregian.

 

  • Gorka Urtaran alkatea, Estíbaliz Canto Kultura zinegotzia, eta Miren Fernández de Landa Berdintasun zinegotzia Kaldearteren inaugurazioan egongo dira, Molinuevo parkeko pilotalekuan, 21:00etan.
Share

Etorkizuneko erabiltzaileentzat jarduera-eskaintzak nolakoa izan behar duen gogoeta egiten ari dira BIZAN zentroetan

Erretiroaren atarian dauden hogei pertsona bildu ditu San Martineko BIZANak, haien iritzi eta lehentasunen berri jasotzeko

Garai bateko adinekoentzako zentro soziokulturalek, orain BIZAN izenarekin ezagutzen direnak, eboluzionatzen jarraitzen dute. Izen berriari lotutako irudi-aldaketarekin batera, berrikuntzak egingo dira etorkizunean jarduera-programazioan, erabiltzaile berrien kezkei eta beharrei erantzun diezaieten.

Programazio berri hori diseinatzen laguntzeko, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak eta Giza Baliabideen Sailak partaidetza-saio bat antolatu dute gaur goizean, San Martineko BIZANen, erretiroaren atarian dauden 20 udal langileren iritzia ezagutzeko.

“Oso lagungarriak izango zaizkigu horien esperientzia eta ezagutza, iritziak eta proposamenak, BIZAN zentroetako etorkizuneko jarduerak diseinatzeko. Izan ere, edukiz aldatzeaz gain, edukitzaileak ere izango du bilakaerarik, hiriko adinekoen zahartze aktiboa sustatzeko”, azaldu du Gizarte politiketako zinegotzi Jon Armentiak.

Share

Atxilotua borroka batean merkatari bati eraso egiteagatik

Udaltzainek 36 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo lesio-delituaren ustezko egilea izateagatik.

Produktu bate prezioarekin lotutako desadostasuna zela eta, Koroatze kalean merkatari batekin borroka izan ondoren gertatu zen guztia.

Bertaratu zirenean, udaltzainek egurrezko makilekin kalean elkarri eraso egiten ari ziren bi gizonezkoak bereizi behar izan zituzten. Borroka hartan, bezeroak establezimenduko arduradunari hainbat ukabilkada eman zizkion eta, horien ondorioz, zauri ireki bat eragin.

Bi inplikatuek kolpeak eta harramazkak zituztela egiaztatu eta bien eta lekukoen bertsioak entzun ostean, udaltzainek bezeroa atxilotu zuten besteari eragindako lesioak nahiko larriak zirelako. Gaur jarriko dute epailearen esku.

 

Share

Enplegu-eskaintza bat onetsi da, Prebentzio eta Su Itzaltze Zerbitzuko 25 lanposturekin

Tokiko Gobernu Batzarrak onespena eman dio Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuan Suhiltzaile espezialisten 25 lanpostu betetzeko LEPa deitzeari. Horrela beteko dira erretiroa hartu duten langileek, batetik eta Zerbitzuko azpieskala operatiboan kabo lanpostura igo diren suhiltzaileek, bestetik, hutsik utzitako lanpostuak. Horrelako azken enplegu-eskaintza 2018an egin zen, eta haren bidez 15 lanpostu bete ziren. 25 lanpostu hauek betetzen direnean, 124 langile arituko dira Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuan.

“Urrats bat gehiago eman du Gasteizko Udalak udal langileriaren aldibatekotasun-tasa murrizteko konpromisoan, kasu honetan herritarren segurtasunarekin eta larrialdiei erantzutearekin estu-estu lotutako zerbitzu batean; bertan, bada, areagotu egingo dugu enplegu-egonkortasuna”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

LEPen parte hartzeko eskatuko den titulazioa eskola graduatua, LH-1 edo baliokidea izango da. Horrez gain, B eta C gida-baimena eduki beharko dira, bai eta 2. hizkuntza-eskakizuna ere. 25 lanpostuetatik, 8k derrigortasun-data iraungia dute, eta gainerako 17ek ez dute derrigortasun-datarik.

Share

Trafiko Zerbitzuak bide-marra berriak probatuko ditu Maite Zuñiga eta Zumabide kaleetan, ibilgailuen abiadura murrizteko  

Seinale berrien dosierra

Gasteizko Udaleko Trafiko Zerbitzuak bide-marren bi diseinu probatuko ditu Maite Zuñiga eta Zumabide kaleetan, trafikoaren abiadura murrizteko asmoarekin. Hartara, ‘chevron’ eta ‘dragoi hortz’ formako seinale horizontalak margotuko dira galtzadan, forma horien efektu optikoak gidariek abiadura moteltzea eragingo baitu, eta, horrekin batera, oinezkoen segurtasuna areagotuko baita.

‘Chevron’ marrak Maite Zuñiga kaleko bi bidegurutzetan jarri dira dagoeneko (Amua jatetxearen inguruan). ‘Dragoi hortzak’, aldiz, Zumabide kaleko oinezkoen pasabide bat baino lehen margotu dira.

“Udal gobernuak bide segurtasuna areagotzeko azken hilabeteetan hiri osoan egiten ari den ekintzen baitan kokatzen dira jarduketa horiek. ‘Chevron’ eta ‘dragoi hortzek’ emaitza ona ematen badute, forma horiek Gasteizko beste kale batzuetan ere marraztea baloratuko da”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Birgurpil bereizgailuak

Gasteizko kaleetan bizikleta-gurpilez berrerabilitako materialarekin egindako bereizgailuak eta seinaleak jartzen hasi da Udala. Zehazki, ekonomia zirkularraren estrategiaren barruan Udalak bultzatutako Birgurpil proiektuaren bidez jasotako bizikleta-gurpiletatik egiten dira bereizgailu hauek.

Oraingoz, Herrandarren kalean (lehen zatian), Artapadura kalean, Los Huetos kalean, Gamarrako Atean eta Zadorra etorbidean eta Martxoak 8 etorbidean jarri dira.

Share

Aurrera doa Lasarte herriaren eta Gasteiz hiriaren arteko komunikazioa hobetzeko konponbidea —espaloia eta bidegorria tarteko—

Lasarte herria Malizhaeza kalearekin eta Lasarteko atearekin lotzen duen A-4132 errepidea hobetzeko proiektua bultzatzeko konpromiso-kreditua sortzea ontzat eman du Tokiko Gobernu Batzarrak. Gaur egun, errepide horren lehen 200 metroek ez dute ikastetxe batera sartzeko eremu batean bide-segurtasuna bermatzeko beharrezko den antolamendu egokirik. Izan ere, ez dago espaloirik tarte horretan, eta ez dago Lasarteko ateko bidegorritik datozen bizikleten segurtasuna bermatzen duen konponbiderik. Bestalde, Malizhaeza kalea eraberritu delarik bertan jarri den bizikletentzako erreiari jarraipena emango dion konexio bat sortu beharra dago.

Egoera hori konpontzeko, esku-hartze bat diseinatzen ari da Gasteizko Udaleko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saila, zeinetan Arabako Foru Aldundiak laguntza teknikoa eta ekonomikoa emango baitu, bera izango baita proiektua onetsi eta obrak kontratatu, zuzendu eta kontrolatzeaz arduratuko dena —guztira, 304.413 eurokoa da aurrekontua, BEZa barne—.

Udalak lan horiek egiteko ekarpen ekonomikoa egin dezala ahalbidetuko du gaur goizean onetsi den aurrekontu-aldaketarako proiektuak, bi urteko konpromiso-kreditua tarteko. Hartara, 24.036 euro bideratuko ditu aurten bi erakundeen arteko hitzarmenera, eta beste 181.100 euro datorren urtean. Udalbatzara igorriko da orain Gobernu Batzarraren erabaki hori, berretsi dezan.

Share

Ehun ekonomiko lokala bultzatuko du Gasteizko Udalak, Jundizko enpresariekin eta Ajebaskekin hitzarmen bana sinatuta

Gasteizko Udalaren eta ehun ekonomiko lokala bultzatzen duten bi elkarteren arteko lankidetza-hitzarmenak onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak. Zehazki, Maider Etxebarria lehen alkateordea buru duen Ekonomia Sustapenerako Sailak, bi hitzarmen sinatu ditu, Arco Sur N-1 Jundizko Enpresarien Elkartearekin bata, eta AJEBASK-Arabako Enpresari Gazteen Elkartearekin bestea.

Udalak AJEBASK-Arabako Enpresari Gazteen Elkartearekin duen hitzarmena berrituko du, eta 10.500 euro emango dizkio zortzi jarduera profesional dituen proiektu bat gauza dezan. Jarduera horiek Gasteizko ekintzaile gazteen proiektuak abiarazten eta sendotzen lagunduko dute. Horrez gain, Goiuri jauregiko eta Europa biltzar-etxeko aretoak doan erabiltzeko aukera emango zaio, jarduera horiek antola ditzan.

Arco Sur N-1 elkarteari, berriz, 6.500 euro emango dizkio Ekonomia Sustapenerako Sailak, komunikazio-estrategia hobetu dezan. Jundizko industrialdea sustatzeko ekimenak bultzatzeaz arduratzen den elkarte horrek lan egingo du sare sozialetan duen presentzia handitzeko eta hilero albiste-buletin bat argitaratzeko.

“Erakunde hauek enpresa-ehun lokala egituratzeko egiten dute lan, bai eta hiriko enpresari eta enpresei aholku eta laguntza estrategikoa emateko ere. Hitzarmen hauek tresna on bat dira enplegua eta jarduera ekonomikoa sustatzeko”, adierazi du lehen alkateorde Maider Etxebarriak.

 

 

Share

Gasteizek 40.590 euroko laguntza eman dio AENKOMERri, tokiko merkataritza sustatu eta hobetzera zuzendutako ekimenak sustatzeko

Arabako Merkataritza eta Zerbitzu Enpresaburuen Federazioarekin (AENKOMER) lankidetza hitzarmena egitea onetsi du ostiralean Tokiko Gobernu Batzarrak, 2021ean Gasteizko tokiko merkataritzako enpresak sustatu, kudeaketan lagundu eta horien lehiakortasuna hobetzeko.

Hitzarmenaren zuzkidura ekonomikoa 40.590 eurokoa da, eta lehen alkateorde Maider Etxebarriak zuzentzen duen Ekonomia-Sustapenerako Sailak emango ditu. “Tokiko merkataritza defendatzen dugu, gure hiriko kaleak piztu, dinamizatu eta alaitzen duen hori, Covid-19ak eragindako oztopo guztien gainetik etengabeko berrikuntzan dagoena, beti amaiera gabeko bilakaeran. Gaur egun inoiz baino arrazoi gehiagoz babesten dugu”, azpimarratu du Etxebarriak.

Aurrekontuak zenbait monumentu enblematiko lorez apaintzea, tokiko produktuen azoka abiaraztea eta Hiria eta merkataritza dinamizatzeko sarien III. edizioa antolatzeko gastuak estaliko ditu.

 

Share