Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdiak (2021-06-16)

– Prentsaurrekoa. Udalaren Antzoki Sareko udako programazioa aurkeztea

Parte-hartzaileak: Estíbaliz Canto, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzia.

Eguna: ekainak 16, asteazkena.

Ordua: 10:00.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

 

———————————————————-

 

– Autokontsumo energetikorako proiektua aurkeztea

Parte-hartzaileak: Ana Oregi, Lurraldea eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzia, eta Oscar Fernández, Elkarrekin taldeko eleduna

Eguna: ekainak 16, asteazkena.

Ordua: 11:30

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

 

 

 

Share

Ekonomia-Sustapenaren Sailak 445 enpleguren sorrera sustatu du Gasteizen, pandemia hasi zenetik hona

  • Sailak eta EHUk antolatu duten Enplegu Foroak 61 enpresa eta entitate ere bildu ditu, zeinek beste 413 lanpostu eskaini baitituzte

Ekonomia-Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak Gasteizen 445 lanposturen sorrera sustatu du, zuzenean, pandemia hasi zenetik hona. Batetik, tokiko enpresek bideratutako 222 kontratu finantzatu ditu udal-laguntzekin, 450.000 euroko partida baten bidez. Bestetik, Eskualde Planaren azken deialdian 124 pertsona kontratatu ziren Udalean lanean jarduteko. Horrez gain, Gazte Planaren azken deialdiaren bitartez beste 44 pertsona kontratatu ziren. Azkenik, Udalak lanbideren eskutik eskaintzen dituen Kontratatzeko Laguntzek 55 kontratu finantzatzeko aukera eman dute; deialdi hori irekita dago oraindik, ekainaren 30era arte.

Gureak eta bost egin ditugu galdutako lanpostuak berreskuratzera –lehengo baldintza beretan edo hobeagoetan– zein aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtzera. Ez da nahikoa enplegua sortzea, enplegu hori duina eta kalitatezkoa izan behar du”, esan du Enpleguko zinegotzi Igor Salazarrek.

Kontratuen finantziazio zuzenaz gain, Sailak bultzatu egin du enpresen kontratazioa, Udaleko teknikarien bitartekaritza eta orientazio bidez. Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak apirila eta maiatza artean antolatutako Empleo Gune foroak guztira 413 lanpostu eskaini dituzten 61 enpresa eta entitate bildu ditu. Lehen aldiz online egin da Foroa (Donostian eta Bilbon aurrez aurre egitearen aldeko erronkan tematuta, bertan behera utzi behar izan zuten) eta orain arteko daturik onenak eman ditu, 1.700 pertsonak eman baitzuten izena.

Halaber, Ekonomia-Sustapenerako Sailaren orientazio eta bitartekaritza zerbitzuak, Lanbiderekin lankidetzan arituta, orientazioa jaso duten pertsonen arteko % 34,23 laneratzea lortu du; bi urteko epean mila pertsona inguru artatu ditu zerbitzuak. Bitartekaritzari dagokionez (hots, enpresek eskatzen dituzten profil profesionaletara aurkezten direnen kudeaketa zuzenekoa), 2020an soilik 112 lanpostu bete zituzten Udalaren Enplegu Zerbitzuak berak proposatutako hautagaiek.

Maiatzean 16.044 langabe zeuden Gasteizen, iazko apirilean baino 749 pertsona gutxiago. Langabezia-tasaren daturik onena da 2020ko otsailetik hona.

“Itxaropena pizten diguten adierazle positiboak agertzen hasi dira, baina helburua, oraindik ere, galdutako enplegu guztia berrekuratzea da, eta enplegu horiek duin eta kalitatezkoak izatea”, baloratu du Enpleguko zinegotzi Igor Salazarrek.

Share

Tokiko merkataritza eta ostalaritzarako laguntzak eskatzeko azken egunak

 

  • Laguntzek ildo berri bat dute, terrazetarako altzariak erosteko

Ekainaren 18an amaituko da txikizkako merkataritzaren, zerbitzu pertsonalen eta ostalaritzaren arloetako enpresa txikiak —50 enplegatu, gehienez— ezarri eta berritzeko udal laguntzak eskatzeko epea. Deialdiak 300.000 euroko aurrekontua du, eta egindako inbertsioaren %25etik %40ra arteko laguntza lor dezakete proiektuek.

Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak adierazi du “dirulaguntzak ahalik eta lokal gehienetara iristea espero dugu, atzeraeraginezkoak izango direlako gainera”. Zehazki, 2020ko uztailaren 18tik ekainaren 18ra bitartean egindako gastuetarako izango dira.

Laguntza-ildoaren helburua da hiriko enpresa txikien lehiakortasunaren hobekuntza sustatzea. Honako hauei zuzentzen zaie deialdia: abian jartzeko edo berritzeko inbertsioa egiten duten saltokiak, tabernak, jatetxeak, hotel txikiak, eta zerbitzu pertsonalen negozioak —hala nola ile-apaindegiak eta estetika-zentroak—.

Diruz lagundu daitezke, besteak beste, ekintzak hauek: lokalak zaharberritzekoak, ekipoak hobetzekoak —jarduera nagusiarekin zerikusia duten makinak eta altxariak, eguzki-oihalak, pertsianak, aire-garbigailuak eta manparak—, eta pandemiak eragindako aholkularitza-gastuak.

Berrikuntza gisa, deialdiak ildo bat dauka Udalak baimendutako terrazak ekipatzeko elementuak erostea diruz laguntzeko. “Ostalaritzari laguntzeko beste pauso bat da, terrazak ahalik eta gehien aprobetxatu behar dituelako” gaineratu du Etxebarriak. Laguntza hauekin eguzki-oihalak, mahaiak, aulkiak, aldi baterako itxiturak edo lorontziak erosteko dirulaguntzak emango dira.

Share

Ostegunean hasiko da familia zaintzaileei laguntzeko Maiteki programan parte hartzeko izena emateko epea  

Yoga, barre-terapia eta norbere burua zaintzeko estrategiei buruzko ikastaroak eskainiko ditu

 

Familia zaintzaileei laguntzeko Maiteki programak jarduera-sorta bat antolatu du udarari begira, pertsona zaintzaileei zuzendua, aisialdiaz gozatzeaz gain, euren egoera fisiko eta mentala hobetu dezaten.

Datorren ostegunetik aurrera yoga, barre-terapia eta norbere burua zaintzeko estrategiei buruzko ikastaroetan eman ahalko dute izena. Jarduera horiek ekainaren azken astean hasiko dira, eta uztailaren azken asteraino iraungo dute.

Lau mintegi hauek programatu dira:

  • Barre-terapia. Aldarte optimista eta positiboa izaten laguntzeko ikastaroa.
  • Yoga hastapenak. Egoera fisikoa eta mentala hobetzeko ariketa eta teknika errazak.
  • Norbera eta gainerakoak zaintzeko agenda. Agenda bat osatzeko eskulangintza-lantegia, hari esker beti eskura izateko zaintza-plana, aisialdi-jarduerak eta “inporta zaizkizun beste kontu batzuk”.
  • Neure buruaz arduratzea, luxua ala beharra? Ikastaro honetan egunerokoan norbere burua zaintzeko estrategia praktiko xumeak eskaintzen dira.

Izena emateko 945 13 56 16 telefono-zenbakira deitu beharko da, 09:00etatik 13:00etara bitartean. Parte hartzeak 2 euro balioko du. Lekuak izena emateko hurrenkeraren arabera esleituko dira.

Bilakaera

2002an jaio zen Familia zaintzaileei laguntzeko programa, hasiera batean 65 urtetik gorako pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntzeko. 2020ko abenduan programak Maiteki izena hartu zuen, eta zabaldu egin zuen pertsona zainduen profila, hortik aurrera mendetasun aitortua duten edozein adineko pertsonak, desgaitasunen bat dutenak eta zaindu beharra eskatzen duen egoera psikiko edo fisikoren bat dutenak ere onartzen ditu.

Maitekik 457 pertsona artatu zituen iaz.

 

Share

Atxilotua bikotekide ohiari mehatxu egiteagatik eta bizilekua bortxatzeagatik

Udaltzainek 57 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo ustez bikotekide ohiaren aurka mehatxu egiteagatik, bortxagatik eta bizilekua bortxatzeagatik.

Emakumeak polizia bere bizilekura joateko eskatu zuen (Zabalgana auzoan). Izan ere, bere bikotekide ohia bere baimenik gabe etxera sartu eta mehatxu egin zion.

Egoera ikusita, etxetik alde egin eta Udaltzaingoari abisua eman zion. Udaltzainek gizonezkoa atxilotu zuten bere ondasunak gordeta zeramatzan poltsa batekin ataritik ateratzen ari zela.

Gaur jarriko dute epailearen aurrean, dagozkion izapidetzeak Emakumearen aurkako Indarkeria Epaitegira bidali ostean.

Errekisitoria judiziala

Udaltzainek atzo Gasteizko epaitegi bateko errekisitoria judiziala zuen 19 urteko gizonezko bat atxilotu zuten. Errekisitoria gizonezkoa bilatzeko, atxilotzeko eta epaitegira eramateko zen. Larrugile kalean zaintza-lanak egiten ari zen polizia-patruila batek identifikatu zuen gaztea.

 

Share

PNV, PSE, Bildu eta Elkarrekin taldeen adierazpena, Juana Ruizen atxiloketari buruz, zein Palestinako Helth Work Committees (HWC) osasun-elkartearen proiektu-koordinatzailea baita

Health Work Committees (HWC) gobernuz kanpoko oinarrizko erakunde palestinarra da, 1985ean sortua, irabazi askorik gabea, osasunaren alorrean diharduena. Elkartearen lana funtsezko xede batera bideratzen da: diagnostiko-zerbitzuen eta lehen arretako zerbitzu terapeutikoen bitartez Palestinako osasun-egoera hobetzen laguntzea, bai eta programa komunitarioak abiaraztea ere. Kontuan hartu behar da, gainera, euskal erakundeek sarritan aritu izan direla elkarte horrekin lankidetzan.

Apirilaren 13an Israelek atxilotu eta espetxeratu egin zuen –batere kargurik gabe– Juana Ruiz Sánchez, 35 urtetik gora Palestinan bizi delarik, HWCren proiektu-koordinatzaile lanetan ari dena. Elkarteak elkartasunezko zereginetara bideratzen du bere lana, hartara egoera ahulenean dauden palestinarren osasunarekiko eskubidea bermatze aldera, batez ere haur eta emakumeen osasun-prebentzioaren eta haurren txertaketaren alorretan.

Gauez atxilotu zuten: 20 soldadu israeldar baino gehiago indarrez sartu ziren haren etxebizitzan (Beith Sahur udalerrian, Zisjordanian), galdeketa egiteko aitzakia hutsarekin.

Horren aurretik, 2021eko martxoaren 8an Israelgo armadak Juanak lan egiten duen osasun alorreko HWC erakundearen bulego nagusian sartu ziren bortxaz, Al Bireh hirian, eta Kontabilitate Saileko arduradun Tayseer Abu Sharbak atxilotu zuten; horrez gain, ekipo informatikoak eta nazioarteko erakundeekin eta dohaintza-emaileekin lankidetzan egiten duten lan humanitarioari buruzko dokumentazioa eraman zuten. Atxilotuta dago baita Saeed Abbad, gaur egun HWCrekin lan-harremanik ez duen arren, 2 urtez Kontabilitate Saileko arduradun izan dena.

Hasiera batean, gorabehera horiek pentsarazi zuten (gero horrela dela egiaztatu ahal izan da) atxiloketen arduradunek HWCren proiektuen finantziazioarekin loturiko delituren baten inguruan osatu nahi zutela salaketa, eta Juana saltsa-maltsa horretan nahasi.

Azpimarratu behar da Juana Ruizek hiru aste pasa eman dituela leporatzen dizkioten karguen berri jakin gabe, tarte horretan Israelgo auzitegi militarrek teoria sinesgaitz bat osatu dutela, eta Juanaren lankideak kargurik gabe geldiarazi zituztela. Israelgo agintarien artean ohikoa den jokamolde horrek Nazioarteko Zuzenbidea urratzen du, eta horixe salatu dute –giza-eskubideen alorreko nazioarteko erakunde batzuen artean– tortura-egintza eta tratu krudel, anker edo iraingarriei buruzko, eta Palestinako lurralde okupatuetako giza-eskubideen egoerari buruzko NBEko Errelatore Bereziek.

Hartara, israeldar agintariek osasun-arreta bermatzeko dagokien (potentzia okupatzailea diren aldetik) erantzukizunari uko egin diotelarik, urte askoan Zisjordanian osasun-prebentzio eta -arreta lanetan aritu direnak atxilotu ditu Israelek.

Horrekin batera, arlo humanitarioan eta palestinarren eskubideen aldeko lanean dihardutenen jazarpenean jarraitzen du Israelek.

HWCk osasun- eta gizarte-proiektu ugari egin ditu nazioarteko, Espainiako eta Euskal Herriko lankidetzaren babespean, esaterako: Ekialdeko Jerusalemgo adingabeei txertoa jartzea, Israelgo gobernuak uko egin ondoren; jaio aurretiko osasuna Zisjordaniako emakumeen eskura jartzea, osasunarekin, osasun-ohiturekin edo ohiko gaixotasunen prebentzioarekin zerikusia duten arlo ugaritan informazio- eta prestakuntza-kanpainak egitea; HWCk Palestinako Aginte Nazionalaren menpeko lurraldeetan dituen hamalau ospitaleetan pazienteen % 40 doan artatzea, eta gisako beste jarduera batzuk, inolako delitu izateko batere susmorik gabeak.

HWCk izaera osasun-humanitarioa izan arren –edo agian horrexegatik–, Israelgo gobernuaren jazarpena pairatzen du tarteka-tarteka, hartara Palestinako gizarte zibileko erakundeak erreprimitu, higatu eta eraisteko politika gauzatzen duelarik.

Gainera, Juanaren kasuan kezkagarriak dira baita bere osasun-arazoak, zer nolako ondorioak eragin diezaiokeen Israelgo agintariek pairarazten dizkion galdeketa-saio ezin luzeagoek, zeren kontura, eta, soil-soilik, palestinarren giza-eskubideen alde jarduteagatik.

Gure aburuz, Euskal Herriaren zein Espainiako Gobernuaren kooperazio publikoek finantzatutako proiektuek ez dute delituren zantzurik batere, hori ezinezkoa da, zein jarduerarako dirulaguntza eskatu eta jarduera horietan baliatzera behartzen baitute, bai eta finantziazioaren justifikazio oso-osoa aurkeztera ere.

Horren guztiaren aurrean, PNV, PSE/EE eta Elkarrekin udal-taldeek adierazpen hau aurkezten dute:

Gasteizko Udalak adierazten du ezen Israelgo armadak eskubide zibil eta politikoak babesteko nazioarteko gutxieneko arauak urratu dituela, atxilotu dituelarik Juana Ruiz Sánchez eta haren lankide Tayseer Abu Sharbak eta Saeed Abbad, hiruak ere Health Work Committees (HWC) osasun erakunde palestinarreko kideak.

Gasteizko Udalak Israelgo agintariei formalki eta premiaz Juana Ruiz Sánchez eta haren lankide Tayseer Abu Sharbak eta Saeed Abbad askatzeko eskatzeko eskatzen die Arabako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari, Espainiako Gobernuari eta Europar Batasunari, hartara euren eskubide zibil eta politikoak bermatzeko.

Gasteizko Udalak Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa eta palestinarren giza-eskubideak errespetatzeko exijitzen dio Israelgo Estatuari.

Gasteizko Udalak ondasun kaltetu eta konfiskatuen –tartean lankidetza publikoak finantzatuak ere bai– erreparazioa exijitzen dio Israelgo Estatuari.

Gasteizko Udalak Juan Ruiz Sánchez laster aske izan dadin egin beharrekoak egiteko eskatzen dio Espainiako Gobernuari.

 

Share

AMVISA, Ensanche 21 Zabalgunea eta TUVISA sozietateen ohiko batzar nagusiak (2020-06-18)

AMVISA, 21 Zabalgunea eta TUVISA sozietateek ekainaren 18an egingo dituzten ohiko batzar nagusietarako deialdiak eta gai-zerrendak eransten dira; 15:00ean, 15:02ean eta 15:05etan egingo dira bilkurak, hurrenez hurren.

AMVISA. batzar nagusiak (2020-06-18)

Ensanche 21. batzar nagusiak (2020-06-18)

TUVISA. batzar nagusiak (2020-06-18)

 

Share

Udalbatza 2021-06-18

Webgunean dago ekainaren 26an (ostirala), 9.00etan, Goiuri Jauregian, egingo duen Udalbatzaren ohiko osoko bilkuraren gai-zerrenda

 

Share