Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-06-23)

Prentsaurrekoa. Udalaren jakinarazpen elektroniko digitala aurkeztea

Parte hartzaileak. Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguez

Eguna. Asteazkena, ekainak 23

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

AMVISAk Europako funtsak eskuratzeko proiektu batean parte hartuko du, teleirakurketa-sistemak instalatzeko

AMVISAren administrazio kontseiluak Europako funtsak eskuratzeko proiektu partekatu batean parte hartzea onetsi du gaur, hornikuntza- eta saneamendu-sareetan teleirakurketa eta telekontroleko sistemak instalatzeko.

AMVISArekin batera, proiektuan parte hartuko dute Bilboko eta Bizkaiko Ur Partzuergoak, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Urak eta Itelazpik, horiek ere Next Generation funtsen planean lehiatu nahi dute eta.

Horretarako, uren udal enpresak kanpoko aholkularitza zerbitzuak kontratatzeko hitzarmen bat izenpetzea onetsi du, 4 urterako. Hitzarmen horri esker, proiektua zein dirulaguntza-deialditara aurkeztu definitu ahal izango da, laguntzak eskuratzeko aukera gehiago izate aldera.

Parte hartzen duten aldeen artean finantzatuko dute aholkularitza-gastua –160.000 euro–, eta AMVISAk % 13a ordainduko du.

Share

Klima-aldaketari aurre egiteko naturan oinarritutako zenbait irtenbide jarri ditu abian IGIk

Txagorritxuko haur-eskolak eskoletako patioak naturalizatzeko proiektua estreinatuko du, hiri-azpiegitura berdearen estrategiaren barruan.

Germoplasma-bankuak flora autoktonoaren berariazko bilduma osatuko du, lurzoru kutsatuak lehengoratzeko.

 

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak ikerketa eta esperimentazioa baliatuz klima-aldaketari aurre egiteko naturan oinarritutako zenbait irtenbide onetsi ditu gaur, eta horrek berrikuntza berdearen alorrean erreferentziazko zentro gisa duen lekua berretsiko du.

Batetik, Txagorritxuko haur-eskolako patioa naturalizatzeko kontratua Construcciones Arana enpresari esleitzea onetsi du IGIk, 26.544 euroko aurrekontuarekin, 4 hilabetetan gauzatzeko. Gasteizek azpiegitura berdea era partekatuan eraikitzeko aurkeztutako programen artean Udalsareak aukeratu duen proiektuetako bat da hori; horri beste proiektu gehituko zaio: Urarteko udal baratzeetan (Abetxuku) ikusmen urriko pertsonentzat egokitutako lorategia sortzeko proiektua, Itxaropena elkartearena.

IGIren lehendakari Ana Oregik IGIk sustatuko Hiri Azpiegitura Berdearen Estrategiaren barruan txertatu ditu hiru ekimen horiek. Estrategiaren helburua da “hiriko berdeguneen ekologia-, ingurumen- eta gizarte-funtzioak hobetzea, parke, lorategi, kale, plaza zein erreketan esku hartuz, baita beste aukera-espazio batzuetan ere, hala nola eraikinak eta erabiltzen ez diren orubeak. Ekintza horien guztien xedea da biodibertsitatea handitzea, uraren kudeaketa hobetzea, CO2aren eta beste kutsatzaile batzuen xurgapena handitzea, eta funtzio soziala hobetzea, besteak beste. Esku-hartze horiei guztiei esker, Azpiegitura Berdearen Sistema osatzen ari da, eta hori, era berean, hiriak klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko duen ahalmena hobetzen ari da, baita herritarren osasuna eta ongizatea ere.”

Orain arte Gasteizko Udalak sustatu eta gauzatu ditu jarduera horiek, berdegune eta espazio publikoetan. Baina ekipamendu pribatuetan ere garatu daiteke azpiegitura berdea, esaterako, auzo-komunitateetako patioetan, ikastetxeetan edo osasun eta asistentzia zentroetan. “Orain ikastetxe batean ekin diogu proba-proiektuari, hain zuzen ere, horrelako ekimenak eredugarri izan daitezen eta ingurumen eta gizarte onurak ekar ditzaten, Gasteizko eta beste udalerri batzuetako espazioetan errepikatzerik izan dadin” azpimarratu du Ana Oregik.

 

Bertako landareen katalogoa lurzoru hondatuak lehengoratzeko

Bestetik, germoplasma-bankuan flora endemikoaren bilduma bat osatzeko laguntza teknikoa kontratatzea erabaki du IGIko kontseiluak, horren  bitarteaz lurzoru hondatuak berreskuratzeko asmoz, Mendebaldea proiektuan —Phy2SUDOE proiektu europarraren barruan— egiten ari den bezala. 18.000 euro bideratuko dira katalogoa osatzera.

Olarizuko lorategi botanikoko germoplasma-bankua arduratuko da Mendebaldea proiektuko kokapenetan flora fitorremediatzailea bilatu eta kontserbatzeko ekintzak abian jartzeaz, eta laguntza teknikoa behar du horretarako.

Olarizuko lorategi botanikoko germoplasma bankuak ekarpen handia egiten dihardu Gasteizko, Arabako eta Euskal Herriko biodibertsitatea zaintzen eta bertako herritarren bizi-kalitatea hobetzen, mehatxatutako flora espezieak –horietako batzuk desagertzeko arriskuan– iraunaraztea bermatzen baitu“, nabarmendu du Ana Oregik.

 

Esperientzia pilotua baso-sail batean

Naturan oinarritutako irtenbideen esperientziaren barruan, orobat, Gamiz herriko (Gasteizko udalerria) baso-sail batean esperientzia pilotu bat egitea onartu du IGIk, BC3-BasqueCenter zentroarekiko lankidetzan.

Proiektu horren bidez klima-aldaketak erkameztien heriotzan duen eragina hobeto ezagutu nahi da, eta basoen kudeaketarako neurriak eta estrategiak proposatu kudeaketa jarduerak etorkizuneko agertokietara egokitzearren, aldaketa globalaren aurrean erresilenteagoak izango diren basoak lortzeko xedez. Hori dela eta, ezagutza horiek baso-kudeatzaileei zein basoen jabeei jakinaraztea da proiektuaren oinarrizko helburuetako bat. 15.000 euroko aurrekontua du ekimenak.

 

 

Share

Gasteizek Antzinako Liburuen Azoka berreskuratu du

Urrezko Zeledonen plazan egingo da 26. edizioa, ekainaren 25etik uztailaren 11ra arte.

 

Gasteizek irakur- eta liburu-zaleen ekimen kuttunenetako bat berreskuratuko du, Antzinako Liburuen Azoka, alegia, zein iaz bertan behera geratu baitzen pandemiaren ondorioz.

Ekimena aurkezteko prentsaurrekoan parte hartu dute Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estíbaliz Canto eta Azokaren arduradun Txema Sandoval, zeinek berari buruzko xehetasun batzuk azaldu baititu.

Urrezko Zeledonen plazak 8 saltoki hartuko ditu ekainaren 25etik uztailaren 11ra bitartean, goizeko 11:00etatik 14:0etara, eta arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara. Liburu-denda hauek arituko dira: Asilo del Libro, Torres de Valencia, Arkadia, Xabier, La Ela, Eurolibro, Maxtor eta Sekhmet.

Pozez hartu du Cantok Azokaren itzulera: “Poz handia da aurten ekimena berreskuratu ahal izatea, urtebetez utzi behar izan eta gero. Kultura Zerbitzutik antzinako eta bigarren eskuko liburuak sustatzera bideratutako ekimen honen alde gaude erabat. Ahalegin horretan jarraituko dugu gure Udal liburutegien saretik, irakurzaletasuna eta liburuen inguruko ekimenak sustatuz; bide batez esanda, gainera, ez dezagun ahaztu zenbat lagundu diguten liburuek hilabete benetan zail hauetan”.

Gasteizko Udalak 6.000 euroko dirulaguntza emango dizkio Azokari; horrez gain, espazio publikoa utziko dio doan Azoka ateak irekita egongo den egunetan, bai eta hura muntatu eta desmuntatzeko esleitu diren egunetan ere.

Ekimena ALVE (Euskadiko Antzinako Liburuen alorreko Enpresaburuen Elkartea) elkarteak antolatzen du, eta gero Espainiako beste hiri batzuetara ere joango da, hala nola Bartzelona, Bilbo, Donostia, Valentzia eta Valladolidera.

 

Share

BEIren korridore berdea itxura hartzen ari da, 500 zuhaitzetatik gehienak landatu baitira ibilbidean zehar

Dagoeneko 400 altzifreen % 80  landatu dira, batez ere markesinen ondoan.

 Datozen astean hasiko dira loreak eta zuhaixkak landatzen.

 

BEIren korridore berdea itxura hartzen ari da. Izan ere, Gasteizko Udala, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren bitartez, erritmo onean ari da BEI martxan jartzen denetik ibilbidean izango dituen 500 zuhaitzetako gehienak landatzen. Datozen asteetan hasiko dira proiektuan aurreikusitako 15.000 zuhaixkak eta lore-landareak landatzen. 

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok proiektuaren egoeraren berri eman du gaur goizean. “Hiriko kaleetan ikus daitekeenez, landatzea aurreikusitako 405 altzifeen % 80 baino gehiago eta astigar zurien % 75 baino gehiago landatu da” azaldu du zinegotziak. Ahalegin berezia egin da altzifre-multzoak BEAren geltokietatik hurbil jartzeko. Eta  horien ikusgarritasun eta inpaktu bisuala handitu egingo da hazten eta handitzen doazen heinean.

Halaber, datozen asteetan, ibilbidearen iparraldeko eremuan aurreikusitako landare-zerrendak, lore-landareak eta zuhaixkak landatzen hasiko da Gasteizko Udala.

Korridore berdeak nabarmendu egingo du garraio publiko sistema berri iraunkorrago, irisgarriago, berritzaileago eta seguruago horren identitatea. 9 milioi euroko udal inbertsioarekin (landaketak barne), puntako teknologia duten 13 ibilgailu elektriko berriek Gasteizko 14 auzo lotuko dituzte eta TUVISAren 2. linean emango dute zerbitzua, 3 milioi erabiltzaile potentzial dituelarik ibilbidean zehar.

Baina, horretaz gain,  bere ezaugarriengatik da ‘green’ autobus elektriko adimentsua: ez du kutsatzen, ez du emisiorik, efektiboa da, errei esklusiboetatik zirkulatuko duten ahalmen handiko ibilgailu elektrikoek osatzen dute, kutsadura akustikoaren maila txikiak izango ditu…

Korridore berdeak BEIren izaera iraunkorra sendotuko du. “Ezagutzeko moduko elementu bat ezarri nahi izan dugu, zuhaitz- eta landare-landaketa. Altzifreak izango dira nasen ondoan eta ibilbide osoan, lore-eremuak, zuhaixkak eta bestelako zuhaitz handiak. Sistema oso bat eratuko da hartara. Zehazki, 405 altzifre izango dira, ehunetik gora astigar zuri eta haritz, eta 15.000 inguru zuhaixka eta lore-landare. Nabarmen berdetuko da” adierazi du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok“Landaketa hauei esker hobetu egingo dugu BEIren ibilbideko landaretza, eta egin behar izan den obra zibilaren eragina arindu”

 

Altzifre multzoak

Garraiobide horren ibilbidean barrena izango diren markesinen inguruan egingo da landaketa-ahaleginik handiena —guztira, 10 kilometroko trazadura izango du ibilbideak, eta Gasteizko 14 auzo lotuko ditu—. Nasen ondoan, ahal den neurrian, lore- eta landare-parterreak izango dira, eta hainbat altzifre. Multzo apaingarri txiki horiek —guztira 405 altzifre izango dira— koherentzia estetikoa emango diete autobus elektriko adimentsuaren geltokiei, ingurumena aintzat hartzeaz gain. Baina geltokietatik kanpo ere izango da altzifrerik. Espezie horretako aleak landatu dira ibilbidean zehar ere, hainbat lekutan: Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean, Zaramaga kalean, Euskal Herriko Bulebarrean…

Beste elementu deigarri bat, landare-zerrenda bikoitz bat izango da, hiriaren iparralde osoa zeharkatuko duena, BEIren erreien ondoko erdibitzaileetan barrena. Oteizaren ‘Omenaldia Galindezi’ eskultura dagoen biribilgunetik —Telefónica eta Txagorritxuren eraikinaren parean— Jacinto Benavente kaleraino, “zuhaixka loredunen (teucrium fruticans eta viburnum tinus) zerrenda ‘berde’ bat sortuko da, 20 zentimetrotik metro eta erdira artekoa, gora eta behera egingo duena; ibilbideari jarraitutasun ‘berde’ iraunkorra ematea ahalbidetuko duen uhin bikoitz bat”. Zerrenda horrek altuerarik txikiena izango duen lekuetan, lore-eremu baten itxura hartuko du; hain zuzen ere, zebrabideetan eta ikuspen handiagoa behar den lekuetan.

 

Share