Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-06-10)

Prentsaurrekoa. 2021eko Kaldearten parte hartuko duten konpainien aurkezpena

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; Arantza Susunaga, Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioko irakaslea; Aritz Lopez , Larrua proiektuko zuzendaria; eta Maite Guevara eta Eñaut Gorbea, artistak

Eguna. Osteguna, ekainak 10

Ordua. 11:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea

Share

Alkateak “Ekonomia berdea bultzatzeko eta ekonomia berriaren eta planetaren erronkei erantzungo dieten irtenbide berritzaileak garatzeko aliatu estrategiko” gisa aurkeztu du Gasteiz

Gorka Urtaranek Green Dealen ildo estrategikoak azaldu ditu 200 enpresa baino gehiago biltzen dituen foroan


Gorka Urtaran alkateak “Ekonomia berdea bultzatzeko aliatu estrategiko” gisa eta “planetako ekonomia berde eta generiko berriaren erronka espezifikoei erantzungo dieten irtenbide berritzaileak garatzeko hiri egoki” gisa aurkeztu du Gasteiz. Zentzu horretan, alkateak nabarmendu duenez, “Eraldaketa prozesua guztion artean egin behar dugu, eta Green Deal akordio bat da, ez bakarrik administrazioarena, baita enpresena ere, GJHen helburuekin bat datorren hiri berri bat bultzatzeko. Gasteiz da zuen aliatua eta funtsezko hiria ekonomia berdean, gizarte-kohesioan eta natura-ingurunearen babesean oinarritutako esperientzia berritzaileak garatzeko “.
Alkateak “hiri jasangarriak eraikitzen: arrakastarako palankak” topaketan parte hartu du, EU Green Week-en ekitaldien barruan eta Foretica erakunde laguntzailea den 2021 Hirien Foroarekin bat eginez.
Gorka Urtaranek, bere hitzaldian, Gasteiz Green Deal aurkeztu zenetik (duela urte eta erdi) Gasteiz buru duen hiri berdetik ekonomia berderako trantsizio-prozesua azaldu du. Prozesu hori inpaktu esanguratsua sortzen duten ekintzak gauzatzean zehazten ari da, datorren beharrezko eraldaketari helduz.


Foretika 200 bazkide baino gehiagok osatzen dute, Ibex 35en % 40, baita multinazionalen, enpresa txiki eta ertainen eta GKEen filialek ere. Forética World Business Council for Sustainable Development (WBCSD) erakundearen ordezkaria da Espainian, eta Espainiako enpresa handietako 25 presidentek eta CEOk osatutako Garapen Iraunkorrerako Espainiako Enpresa Kontseiluaren buru da.

 

Share

“Hiri iraungarri eta herritarrekin konprometitu” gisa aintzatesten du Gasteiz La Red del Cambio txostenak

Gorka urtaran alkatea Wallapopek antolatutako topaketa batean izn da gaur goizean, mahaikide zituela Elsa Punset filosofoa, Víctor Viñuales ECODESeko zuzendari exekutiboa eta Olivia Calafat, plataforma teknologikoko marketing alorreko zuzendaria.

 

La Red del Cambio bigarren urtez Wallapop plataforma teknologikoak antolatutako ekimena da; gaur Gasteiz aintzatetsi du, “iraungarritasun-estrategiagatik, bereziki ekarpenak egin dituelako, lidergo postu batetik egin ere, herritarrekin konprometitutako hiri baten alde, maila nazional zein nazioartekoan eredu abangoardiako baten bidez”. Gorka Urtaran alkateak kontsumo iraungarri eta arduratsuan lider den plataformak emaniko diploma jaso du, Madrilen burutu den jardunaldiaren amaieran.

Gorka Urtaran alkatea “Hiriak eta erakundeak iraungarritasunaren erronkaren aurrean” izeneko ekimenean izan da gaur goizean. Alboan izan ditu Elsa Punset filosofoa, Víctor Viñuales ECODESeko zuzendari exekutiboa eta Olivia Calafat, Wallapopeko marketing alorreko zuzendaria. Mahai-inguru horretan eztabaidan jarri dira, besteak beste, kontsumo molde berriak, bigarren eskuko kontsumoaren joerak, nekazari-exodoa, pertsona gazteenek eta erakundeek iraungarritasunari buruz duten pertzepzioa, bai eta konfinamenduaren ondoren eta pandemiaren eraginez sortu diren erronka berriak ere.

Gorka Urtaranek Gasteizen bizitako esperientzia eta hirian bultzatutako politika publikoak azaldu ditu. “Pertsonen osasuna hertsiki lotuta dago hirietako eta inguruetako osasunarekin. Pandemiak agerian utzi du hori, eta Gasteizen oso presente daukagu gure ekintzetan: asko kezkatzen gara naturaren osasunaz, gure herritarrena babesteko “.

Gainera, “Gure gizarteak jorratu behar duen aldaketa iraunkorraren eredu gisa” hiriek duten papera aipatu du alkateak. Gasteizen, hiri berdetik ekonomia berdera igarotzen ari gara, Gasteizko Green Deal bezalako ekimen eta akordioen bidez eta ekonomia zirkularreko ekintza zehatz eta aitzindarien bidez, hainbat sektore eta eragileren eskutik, kontsumo arduratsuaren, hondakinen berrerabilpenaren eta zero kilometroko estrategien alde eginez, nekazaritzako elikagaien kasuan, besteak beste “.

Share

Aurrekontu-egonkortasunaren betekizunak bete zituen Gasteizko Udalak 2020an

2020ko ekitaldiari dagozkion aurrekontu-egonkortasunari buruzko txostena eta barne-kontroleko urteko txostena —Udalaren iazko kudeaketa ekonomikoa fiskalizatzen duten bi dokumentuak— aurkeztu ditu Gasteizko Udaleko kontu-hartzaile nagusiak Ogasun Batzordean. Gaur goizean ezagutzera eman duen balantzearen ondorio nagusia da Udalak 2020an bete zituela aurrekontu-egonkortasunaren, gastu-arauaren, zor biziaren eta hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epearen inguruko arauak.

“Kudeatzea egokitu zitzaigun ohiz kanpoko urte horretan, kudeaketa ekonomiko ona egiteko gomendatzen diren arau guztiak bete ditu Udalak. Administrazio- eta funtzionario-egitura onaren meritua da. Udalarentzat ona delako bete ditugu arau horiek guztiak, eta hain urte zaila izanik ere gogotik lan egin duten profesionalak izan dugulako”, adierazi du Ogasun zinegotzi Iñaki Gurtubaik.

Urtaranen gobernuaren kudeaketa ekonomikoaren arduradun nagusiak nabarmendu duenez, kontu-hartzaileak fiskalizatutako arauak betetzeko legezko betebeharrik ez badago ere, “Gasteizkoa bezalako udal batek kudeaketa ekonomiko serioa eta arduratsua behar du; burugabekeria litzateke, erakundearen egonkortasunerako beharrezko diren arauak ez betetzea”.

Gastu-arauari dagokionez, Udalak 2019an gainditu egin bazuen ere —inbertsio ugari egin ziren urtea izan zen—, 2020an bete egin dira parametro guztiak. Hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea 20,71 egunekoa izan zen iaz —hobekuntza nabarmena 2019koaren aldean, 23,45 egunekoa izan baitzen orduan—. 30 egunetik beherakoa izan dadila eskatzen du araudiak. “Udalak obrak eta zerbitzuak kontratatzen dizkien enpresa guztiek epe egokian kobratzen dute, eta hori ona da gizarte osoarentzat”, nabarmendu du Ogasun zinegotziak.

Zor biziaren muga ere bete zen —ezin du gainditu ez diru-sarrera ez-finantzarioen, ez likidatutako diru-sarrera arrunten portzentaje jakin bat—. Hain zuzen ere, 83,7 milioi eurokoa zen Udalaren zorra urte bukaeran —106,2 milioi udal-sozietateak ere kontuan hartuz gero—.

Azkenik, kontu-hartzaile nagusiak jakinarazi duenez, % 1,61eko finantzaketa-ahalmena zuen Udalak likidatutako 2020ko ekitaldian, diru-sarrera ez-finantzarioei dagokienez, eta, beraz, aurrekontu-egonkortasuna erakusten du. Aurreko urtean % 2,83koa izan zen magnitude hori.

Kontu-hartzaileak egindako gomendioak direla eta, Ogasuneko zinegotziak planteatu du, konpromiso gisa, besteak beste kontratazioan hobekuntzak egitea, hornitzaileen prozedura arrunta izan dadin faktura elektronikoa aurkeztea.

Share

BEA abian jartzeak Gasteizko bizikleta-bideen sarea hobetuko du, 1.700 metro bidegorri sortu edo zaharberritzeko aukera ematen baitu  

Azpiegitura berriak orain arteko 170 kilometroko sarera gehituko dira

Bidegorri berriak dosierra 

Etenik ez Gasteizen Autobus Elektriko Adimentsua abian jartzeko prozesuan. BEA garraio publikoko sistema iraungarri, irisgarri, berritzaile eta seguruagoa izango da. Udalak 9 milioi euro inbertitu dituelarik, azken teknologiaren arabera eginiko 13 ibilgailu elektriko berriek Gasteizko 14 auzo lotuko dituzte, TUVISAren 2. Linea baliatuta. 3 milioi erabiltzaile garraiatuko dituela aurreikusten da.

Baina horrez gain, BEAri esker hiria bera ere bertako espazio publikoa ere hobetu egingo dira. Duela aste gutxi BEAren ibilbide guztian korridore berdea egingo dela jakinarazi zen, 500 zuhaitz eta 15.000 zuhaixka zein lore-landare landatuko direlarik. Bada, gaur Udalak BEA abian jartzearen ondoriozko bidegorri berriak erakutsi ditu. Autobus elektrikoa abian jartzeko lanak aprobetxatu ditu Udalak bizikleta-sarea zabaltzeko. Horrenbestez, bidegorri berriak sortu dira, eta beste batzuk zaharberritu, BEA abiarazteko kontratuko aurrekontuaren kontura. Hiriak 1.700 metro bidegorri irabazi ditu, batez ere Arabako Unibertsitate Ospitalearen inguruan eta Jacinto Benavente kalearen ardatzean. Hauek dira orain arte egindako esku-hartzeak:

– Pablo Neruda eta Leandro Viana kaleak: bidegorri bikoitz berria galtzadan, 426 metrokoa.

– Euskal Herria bulebarra (ospitaleko ingurua). Ipar espaloian bi norabideko bidegorri berria, aparkaleku-lerroan, 175 metrokoa Eta hego aldean bi norabideko bidegorri berria, trafikotik bereizia espaloi mailan aglomeratu gorri bidez (lehen ospitaleko espaloian margotua zen), 175 metrokoa.

Jacinto Benavente: berriro asfaltatu da oso-osorik zaharberritu da Florida eta Sutaustegi Zaharreko kalearen arteko bidegorria. Gainera, eta esku-hartze osagarri gisa, udarako aurreikusitako asfaltatze lanen artean, Esmaltaciones arterainoko zati osoa zaharberrituko da, gaur egun oso egoera txarrean baitago.

Dagoeneko burutu diren esku-hartze horiez gain, datozen asteetan beste batzuei ekingo zaie, horiek ere BEA abiarazteko kontratuaren barruan.

Euskal Herria bulebarra (Eusko jaurlaritzaren ingurua): Ipar espaloian dagoen noranzko bakarreko bidegorria galtzadara jaitsiko da, eta bi noranzkoko bihurtuko, 275 metrotan.

Latinoamerika / Paraguai zatia: Hego aldean bidegorri bikoitz berri bat egingo da galtzadan, 240 metrokoa.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok gaur goizean azaldu duenez, “Udal honek beti dauka bizikleta gogoan. Horrenbestez, espazio publikoa birmoldatzeko esku-hartzeren bat planteatzen edo mugikortasunean aldaketa garrantzitsuren bat sustatzen den aldiko bidegorrien sarea –zein berriki 170 kilometroko distantziara iritsi baita– zabaltzeko ere. Jokamolde horren adibide asko ditugu: Hegoaldera zuzenduriko tranbiak hobekuntzak eragin zituen bizikleta-sarean, gauza bera gertatuko da tranbia Salburura eramateko lanekin, eta hala gertatu zen baita Biktimen Oroimenezkoaren eta Arkupeen ingurunea eraberritzekoekin ere… Eta orain BEArekin”.

 

Share

Gasteiztar bakoitzak 10, 26 € eman zituen iaz garapenean laguntzeko udal proiektuetarako

Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak 2020ko oroitidazkia argitaratu berri du udalaren webgunean, eta bertan jaso denez, gasteiztar bakoitzak 10,26 euroko ekarpena egin zuen iaz udalak arlo honetan sustatutako ekintza eta proiektuetarako. Pasa den ekitaldian, udalak 2.622.970 euro bideratu zituen lankidetzara, AMVISAk egindako ekarpena barne.

2020a urte zaila izan zen maila askotan, baina ez Gasteizen bakarrik, baita udala eta hiriko GGKEk lankidetzan aritzen diren herrialdeetan ere. Garapenean laguntzeko udal politikak lagundu egin du batetik, covid-19k munduan sortutako egoerari aurre egiten, eta, bestetik, herrialde pobretuetan milioika pertsonaren bizi-baldintzak hondatzen dituzten oinarrizko giza eskubideen galeraren funtsezko arrazoiei heltzen.

Memorian – PDFn deskarga daiteke-, udal zerbitzuek, GGKEek eta hiriko beste agente batzuek egindako lanari buruzko informazio eta datu ugari biltzen dira.

Inor atzean ez uzteko eta oinarrizko giza eskubideak bermatzen laguntzen jarraitzeko konpromisoa dugu. Horretarako, udalaren aurrekontuko % 0,67 bideratzen dugu lurralde pobretuetan garapenean laguntzeko proiektuak finantzatzera eta sustatzera. 2020n, covid-19aren ondorioz hemen zein mundu guztian bereziki zaila izan den urtean, Gasteizek solidarioa izaten jarraitu zuen” azpimarratu du Jon Armentia Garapenean Laguntzeko zinegotziak.

2020ko datuak aztertuz, nabarmentzekoa da Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak gauzatutako aurrekontua: 2.273.970 euro, hau da, udalaren ohiko diru-sarreren % 0,67a. AMVISAk (Gasteizko Udal Urak, SA) beste 349.000 euroko ekarpena egin du bere aurrekontutik, beraz, Gasteizko udalaren ekarpena 2.622.970 eurokoa izan da guztira arlo honetan.

Lankidetza-proiektuak 13 lurraldetan egin dira: Larrialdietakoak, 11tan. Funtsen % 61,96% Latinoamerikara bideratu da; dirulaguntzen % 31,16 Afrikara, eta Asiara, berriz, guztiaren % 0,25a bakarrik.

Sentsibilizazioa eta garapenerako hezkuntzari dagokionez, Bidezko merkataritzaren eta Kontsumo arduratsuaren aldeko ekintzak eta kanpainak egin dira, baita Aterpea Mediterraneoan jardunaldiak ere. Era berean, askotariko jarduerak egin dira hainbat formatutan, gai desberdinekin eta hiriko publiko desberdinei zuzenduta.

 

Share

Urtaranen gobernuak hiriko garraio publikoa babesteko 2,8 milioi euroko laguntza lortu du estatuko ezohiko funtsetatik

Urtaranen Gobernuak estatuko funtsetatik 2,8 milioi euroko laguntza lortu du hiriko garraio publikoa babesteko eta, zehazki, COVID-19ren pandemiak TUVISAn eragindako diru-sarreren murrizketa konpentsatzeko. Garraio publikoaren zerbitzua ematen duten toki-erakundeei zuzendutako diru-laguntza horien ebazpena gaur goizean argitaratu da Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE).

“Gasteizen, bidaiarien kopurua % 50 inguru jaitsi zen (8 milioi pertsona) 2020an. Beherakada horrek, jakina, sarrerak nabarmen murriztu zituen ticket salmentetan. Laguntza hau albiste bikaina da gure hiriarentzat eta Tuvisarentzat”, azaldu du Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotzi eta Tuvisako presidenteak. Gasteizko Udaleko garraio enpresak 2.844.271,24 euroko diru-laguntza jasoko du.

Share

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak sendotu egin dute euren arteko koordinazioa, elkarren arteko lankidetza-protokoloa eguneratuaren bidez

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak koordinazio operatiboko hitzarmenaren eguneraketa sinatu dute gaur Udaletxean, xede dutelarik herritarren segurtasuna hobetzea, ikerlana optimizatzea eta gertutasunez artatzea biktimak zein polizia-zerbitzuren bat eskatzen duten herritarrak.

Hitzarmen berria sinatzeko ekitaldian kidego bietako buruak bildu dira, eta halaxe egingo dute aurrerantzean ere, elkarren arteko bileren bidez koordinazio operatiboaren alorrean adostutako erabakien eta hartutako konpromisoen jarraipena egin ahal izateko.

Koordinazio Operatiborako Mahai Teknikoa baliabideen kudeaketa garatzen eta bateratzen jarraituko du, kidego bien arteko esku-hartzeak planifikatuko ditu, eta poliziarentzako intereseko informazio-trukea zehaztuko du. Horrez gain, delitu-tipoak aztertuko ditu, bereziki “delitu estrategikoak”.

Orobat, protokoloak Udaltzaingoaren eskumen-esparrua zehazten du polizia judizialaren funtzioetan, eta munta handiko delitu-egitateen aurrean, eskumen partekatuko kontuetan egiten diren ikerketak koordinatu eta bikoiztasunak ekiditen laguntzen du, baita, beharrezko kasuetan polizia-kidego batek eta besteak duen informazioa osatzen ere.

Kidego bien arteko lankidetza-mailaren erakusgarri, eta hartara baliabideak optimizatzeko, egoki jo izan da herritarrak artatzeko instalazioak konpartitzea. Horrenbestez, Ertzaintzak Herritarrei Laguntzeko Bulegoaren (Olagibel kalea, 34) ateak irekiko dizkio Udaltzaingoari, eta “Herritarrei Laguntzeko Baterako Bulego” bihurtuko du, behar izatera bertan egiteko salaketak, eskariak, iradokizunak eta abar izapidetzeko.

Hitzarmenaren berariazko beste protokolo batzuk identifikazioaren arloan eta genero-indarkeriaren kasuen kudeaketan kidego bien arteko lankidetza jasotzen dute. Koordinazioa beste esparru batzuetara ere iritsiko da, esaterako Trafikora eta Bide-segurtasunera. Arlo horietan Udaltzaingoa eta Ertzaintza zein bere eskumenetan arituko dira, aintzat hartuta hiriak azken urteotan izan duen hazkundea, hiri- eta industria-poligono berrien sorrera, eta hiriko eta hiriarteko bide-sarean izandako aldaketak.

Share

Gasteizko Jazzaldiaren 44. edizioa egingo da Iradier Arenan uztailaren 14tik 18ra

Anne Paceo eta Antonio Sánchez bateria-jotzaileek Letter One Rising Stars jazz sariaren irabazleekin batera joko dute Gasteizen

 

Gasteizko Jazzaldiak iaz egin ezin izan zen 44. edizioa berreskuratu du. Jaialdia uztailaren 14tik 18ra egingo da, aurten agertoki berri batean: Iradier Arena. Agertoki horretan kontzertuak goizean eta iluntzean egingo dira, eta uneko osasun baldintzetara egokitzeko aukera izango du Jazzaldiak. Gainera, Principal antzokiak arratsaldeetako kontzertuak hartuko ditu.

“Jazzaldia udako ezinbesteko ekitaldietako bat da gure hirian. Oso pozik gaude berreskuratu ahal izan dugulako, eta Iradier Arenan egiteak segurtasun neurriak bermatzeko aukera ematen digu”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoan.

Prentsaurrekoan Ana del Val Kultura foru diputatuak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Axier Urresti Vital Fundazioetako zuzendari exekutiboak, José Luis Baztarrica Kutxabankeko Arabako sareko zuzendariak eta Iñigo Zárate Gasteizko Jazzaldiaren Elkarteko presidenteak hartu dute parte.

Záratek azaldu du pandemiaren bilakaera pixkanaka hobetzen doanez, nazioarteko hainbat musikarik, hala nola Antonio Sánchez mexikarrak edo Thumbscrew talde iparramerikarrak, Gasteizen aritzeko aukera izango dutela. Arretaz hautatutako nazio mailako hainbat jazz interpreterekin batera, talentu berriak ezagutzera ematea eta musika estilo horri leial izatea lehenesten duen programa osatzen dute.

Iradier Arenan emanaldi bikoitza egingo da eguerdietan, asteazkenetik larunbatera. Saio horietan hiriko eta inguruko musika eskolek tokia izango dute, bai eta jazzaren munduan lekua egiten ari diren talde gazteek ere. Eta gauean ere emankizun bikoitza egingo da, Jazzaldiaren historian egin izan den moduan, ibilbide luzea duten musikariekin.

Principal antzokiko programazioak ere jaialdiaren aurreko edizioetako ildo bera jarraituko du eta hilaren 14tik 18ra egungo jazzaren proposamen berritzaileak bilduko ditu.

Iradierreko gauak

2021erako egitarauan, Jazzaldiak aurreko urterako aurreikusitako bi izen mantendu ditu, eta, hain zuzen ere, haiek izango dira ilunsentiko programari amaiera emateaz arduratuko direnak: Anne Paceo eta Antonio Sánchez, bateria jotzen birtuosoak.

Estilo berezi batekin, Frantziako konpositore eta interprete emankorrak Boli Kostan bizi izandako haurtzaroa islatzen du bere musikan, mugak hausteko. Anne Paceoren ondoren, jazz musikako beste bateria-jotzaile handi batek joko du, Antonio Sánchez mexikarrak. Bost Grammy sariren irabazlea laukotean arituko da Gasteizen Miguel Zenon, Scott Colley eta Donny McCaslin musikariekin, interpretazioei inprobisazio eta sormen ukitu bat emateko.

Gasteizko Jazzaldia izango da estatu mailan entzuleek Itamar Borochoven zuzenekoaz gozatzeko izango duten aukera bakarra. Tronpetista israeldarrak Letter One Rising Stars jazz sari garrantzitsua irabazi berri du, gorabidean dauden musika talentuak aintzatesten dituena. Borochovek hilaren 14an, asteazkenean, joko du Iradier Arenan, eta gaua Atlantic Bridge musika proiektuak osatuko du, jazzaren bitartez kultura iberiarra eta iparramerikarra lotzen dituena. Gasteizera Atlantikoko alde honetako taldea etorriko da: Alberto Conde piano-jotzaile galiziarra Kin García eta Miguel Cabanarekin batera arituko da, Jorge Pardo saxo-jotzailearen laguntzaz, eta gonbidatu berezi batekin, Rosario Giuliano saxofoi tenor italiarra.

Borochovez gain, Letter One Rising Stars sariaren iazko irabazlea ere izango da Gasteizen, Kathrine Windfeld piano-jotzaile daniarra. Uztailaren 16an, ostiralean, Iradier Arenako agertokian joko duen boskote baten buru izango da. Gau hori ixteko Europako jazzaren erreferente den piano-jotzaileetako baten emanaldia egongo da. Moisés P. Sánchez madrildarrak jazza ulertzeko modu berezi batean musika estilo asko txerta daitezkeela erakutsiko du.

Eta Sánchez da, hain zuzen, Al Toque hirukotearen kideetako bat. Pablo Martín Caminero gasteiztarra buru duen hirukote horrek hilaren 15eko saioa irekiko du flamenkoa eta jazza uztartzen dituen proposamen indartsu batekin. Thumbscrew talde iparramerikarrak itxiko du gaua, egungo hirukote berritzaileenetako batek, Mary Halvorsonen gitarra abangoardistarekin.

Antzokiko arratsaldeak

Jazzaldiak Principal antzokiko agertokia ere berreskuratuko du aurten. Arratsaldero, 18:00etatik aurrera, egungo jazz musikarien proposamen berritzaile eta freskoenez gozatzeko aukera izango dute ikus-entzuleek. Miguel Salvador Bilboko gitarra-jotzaileak irekiko du zikloa hilaren 14an, asteazkenean, mendiekin duen harreman emozionala islatzen duen ‘Diez años después’ lana aurkezteko.

Hurrengo egunean Gonzalo del Val bateria-jotzailearen txanda izango da. Bere azken diskoa aurkeztuko du, ‘Cancionero’, Marco Mezquida piano-jotzailearen, David Mengual kontrabaxuaren eta Benet Palet tronpetistaren laguntzaz.

Perico Sambeat, Javier Colina eta Marc Miraltaren CMS Trío taldeak bere 15. urteurrena ospatuko du Principal antzokiko agertokiaren gainean hilaren 16an, ostiralean, eta hurrengo egunean Lucía Martínez musikari polifazetikoaren The Fearless bandak hartuko du lekukoa.

Igandean, 44. edizioa ixteko, programako emanaldi nagusia egingo da Maciej Obara laukotearen eskutik, jazz garaikidearen talde erakargarrienetako bat.

Iradierreko goizak

Iradier Arenako goizeko emanaldiak jazza batez ere publiko gazteenari helarazteko daude pentsatuta, eta interprete gazteak eta proposamen interesgarriak izango dituzte.

Asteazkenetik ostiralera, lehen zatietan Gasteizko eta Nafarroako musika eskolek gailentzen ari den talentua erakusteko aukera izango dute.

Eta bigarren zatietan, Jazzaldiak gaur egungo programa interesgarri bat prestatu du musika estilo horretara hurbildu nahi diren zaleak erakartzeko.

Fran Serrano kontrabaxuak irekiko du programa hilaren 14an, asteazkenean, jazzean eta beste genero batzuetan oinarritutako bere obrekin. Hilaren 15ean, Daniel López de Pariza gasteiztarraren Dan in a Box bandaren txanda izango da, eta, ondoren SPA taldea arituko da, musika talde ugaria eta tokiko musikariak dituena.

Zikloa larunbatean amaituko da. Lehenengo zatian, The Sey Sisters hirukotearen emanaldia egongo da, eta ahots beltz ikusgarri horiek gospela, soula eta musika afrikarra ukituko dituzte. Haien ondoren, DORAren ahots gazteak goizeko saioa itxiko du.

“Herritar guztiak gonbidatzen ditugu Gasteizko Jazzaldiaren edizio honetan parte hartzera. Proposamen oso interesgarriak ditugu, era askotakoak, eta arima elikatzeaz gain, Gasteiz suspertzen lagunduko dute”, esan du Hezkuntza eta Kultura zinegotziak

Sarrerak datorren asteartean, ekainaren 15ean, jarriko dira salgai www.jazzvitoria.com web orrian.

 

Informazio gehiago

 

 

Share