Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-06-30)

Prentsaurrekoa. Saharako futbol selekzioaren Gasteizko elkarretaratzea aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez; Saharako Kirol Federazioko presidente Ahmed Baba Buhubaini; eta Euskadirako Saharar ordezkaria M. Limam Mohamed Ali

Eguna. Asteazkena, ekainak 30

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————–

Florida parkearen 200. urteurreneko eta  Eusko Legebiltzarraren 40. urteurreneko ekitaldiei amaiera ematea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria; eta Legebiltzarreko eta Udalbatzako ordezkariak.

Alkatearen eta Presidentearen hitzaldiaren ondoren, bisita gidatua egingo da Santiago Arcediano historialariaren eskutik Legebiltzarreko kanpoaldean eta parkean

Eguna. Asteazkena, ekainak 30

Ordua. 11:00

Tokia. Eusko Legebiltzarraren kanpoaldea

 

Share

Gaurtik aurrera, gazteek eta gizarte eta ekonomia eragileek Klimaren eta Energia Iraunkorraren Planerako egiten dituzten ekarpenak jasoko ditu Gasteizek

Udalak parte hartzeko zenbait bide ireki ditu, udalerriko herritarrek, enpresek eta entitateek esku har dezaten Udalak zehaztuz joan diren sektoreetan krisi klimatikoari aurre egiteko ekintzarik egokienak zein diren erabakitzeko

 

Gaurtik aurrera, gazteek eta gizarte- eta ekonomia-eragileek Klimaren eta Energia Iraunkorraren Planerako egiten dituzten ekarpenak jasoko ditu Gasteizek. “% 100 energia herritarra” lemaren pean, Gasteizko Udala udalerriko klima- eta energia-politiken definizioan parte hartzeko eskatzen ari zaie herritarrei, hau da, PACES 2030 hirirako Klimaren eta Energia Iraunkorraren Planaren definizioan.

Estrategia bat prestatu dugu Gasteizen klima-aldaketaren kontrako borrokari heltzeko, PACES 2030 izenaren pean, denon partaidetza funtsezkoa baita trantsizio energetikoan eta klima aldaketarako egokitzapenean aurrera egiteko“, nabarmendu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik prentsaren aurrean.  Estrategiak bi ekintza-plan barne hartzen ditu: trantsizio energetiko integratuko plana (PATEI) eta klima-aldaketara egokitzeko ekintza (PAAC).

Une honetan, udal sailek, gizarte- eta ekonomia-eragileek eta herritarrek PATEIaren aurrerapenari ekarpenak egiteko aukera dute, eta ekintza ildoak hobetzeko.

INTENSIFY proiektu europarraren barruan, Udalak animatu egin nahi ditu udalerriko herritarrak, enpresak eta entitateak esku hartzera PATEI 2030 eraikitzearekin batera egin den partaidetza-prozesuan zehaztuz joan diren sektoreetan krisi klimatikoari aurre egiteko ekintzarik egokienak zein diren erabakitzeko eztabaidan.

Gasteiz iraunkorrago baten aldeko 41 ekintza, 5 sektoretan

Hasteko, 41 ekintza proposatzen dira estrategia horretan, 5 sektore hauetan banatuta:

  • energia berriztagarria sortzea,
  • industria- edo bizitegi-eraikinak zein hirugarren sektorekoak birgaitzea,
  • mugikortasun iraunkorra,
  • gobernantza eredu berriak,
  • udal ekipamendu eta zerbitzuak.

 

Vitoria Gasteiz Green Deal

Ekintzok, eta horien finantzaketa, gako izango dira hiriaren etorkizunean, gasteiztar belaunaldi berrien bizitzan eta planetaren etorkizunean, trantsizio ekologikorako prozesu horretan“, azaldu du alkateordeak. Ildo horretatik, Ana Oregik azpimarratu du: “Vitoria-Gasteiz Green Deal itunean lanean jarraitu nahi dugu, gure hiriburu berdea nazioarteko erreferente bihurtu duten jarraibideei lotuz: etorkizunerako ikuspegi partekatua, ausardia politikoa, udal taldearen lidergoa, enpresa eta eragile ekonomikoen inplikazioa eta energia % 100 herritarra“.

 

Herritarrek bide hauetatik hartu ahalko dute parte eraikuntza partekatu horretan:

1)  PATEIarekin lotutako ikuspuntuak, ekarpenak eta iradokizunak transicionenergetica@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikora helaraziz:

2) PATEIari buruzko eztabaida-espazio irekietan parte hartuz.

  • Gasteizko gazteak. Ekainaren 29an, asteartea, 17:00etatik 19:00etara, Zabalganeko gizarte-etxeko plazan. Taldean hausnartu ondoren, gazteenen nahiak eta beldurrak adierazteko horma-irudia margotuko da.
  • INGURUMEN ELKARGUNEA, uztailaren 30ean, asteazkena, 17:00etaik 20:00etara,  Montehermoso jauregian eta bertako lorategian.

3) ETORKIZUNEKO IBILALDIA: Nolakoa izango da gure auzoa 2030ean? Adituen eta auzoko bizilagunen eskutik, espazio publikoan barrena ibiliko gara, trantsizio energetikoaren erronkei aurre egiteko eta klima-aldaketari egokitzeko gure kale eta plazetan zein gure etxeetan zein aldaketa egin behar dugun identifikatzeko.  2021eko iraila.

4) PAAC- klima-aldaketara planari buruzko partaidetza-prozesua. 2021eko iraila.

Antolatutako ekintzetan parte hartzeko, 609039939 telefonora deitu, edo transicionenergetica@vitoria-gasteiz.org helbidera idatzi.

PATEI 2030

 

Share

Gasteizek Koopera Store-ren merkataritza iraunkor eta inklusiboa babesten du

Caritasek eta Kooperak laugarren Koopera Store denda ireki dute Gasteizen, hain zuzen ere Koroatzearen auzoko Simon Anda kaleko 7an. Merkataritza mota honek iraunkortasuna eta inklusiorako enplegua sortzea bateratzen ditu.

Denda berriaren inaugurazio-ekitaldian izan dira Estibaliz Canto zinegotzia (udal gobernu taldearen izenean), Gasteizko gotzain Juan Carlos Eliazalde, Gasteizko Elizbarrutiko Caritasen zuzendari Maite Sebal, udaleko beste zenbait udal ordezkari, Caritaseko kideak eta boluntarioak.

Share

Atxilotua Txagorritxun exhibizionismoagatik

Udaltzainek atzo 53 urteko gizonezkoa atxilotu zuten Txagorritxun exhibizionismo-delitua zela eta.

18:30ean gertatu zen guztia Pablo Neruda kaleko lorategiz inguratutako toki batean. Hainbat pertsonak gizonezkoa zuhaixka batzuen atzean eta adingabeen aurrean zirriak egiten ari zela ikusi zuten.

Egoeraren berri ematen zuten hainbat dei jaso ostean, udaltzainek exhibizionista atxilotu zuten hainbat lekukorekin elkarrizketatu ondoren.

Share

Aurtengo udan, igerilekuetara eta gazteen aisialdirako espazioetara eramango du Udalak berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren kontrako kanpaina

 

“Udan ere, Libre Izan Nonahi” kanpainaren bitartez, norbera askatasun osoz adierazi ahal izatea aldarrikatuko du Berdintasun Zerbitzuak, eta eraso sexista eta matxistei erantzutera animatuko

 

Aurtengo udan, igerilekuetara eta gazteen aisialdirako espazioetara eramango du Udalak indarkeria sexista eta matxistaren kontrako sentsibilizazio-kanpaina; pandemia ez zegoen garaian, udako jaietan egin ohi zen kanpaina.

Berdintasun Zerbitzuak Gamarra, Mendizorrotza eta Estadioko igerilekuetan egingo du “Udan ere, libre izan nonahi” kanpaina uztailaren erdialdetik aurrera, baita egun seinalatuetan ere, hala nola Santiago egunean eta Andre Maria Zuriaren egunean, hirian jaiak ospatzea aurreikusita ez dagoen arren. Gainera, eta esperientzia pilotu gisa, Zaramaga auzoan ere jarriko ditu informazio eta sentsibilizazio bitartekoak berez auzoko jaiak egingo liratekeen egunetan.

Horretarako, sentsibilizazio eta prebentzio talde ibiltariak baliatuko ditu, bai igerilekuetan, bai hiriko leku zehatzetan, egun seinalatuetan. Hezitzaile bikoteek programaren merchandising produktuak banatuko dituzte, talde naturalak hautatuz eta pandemiaren egoerak ahalbidetzen duen nerabe eta gazte kopurua errespetatuz. 12 eta 26 urte bitarteko pertsonekin arituko dira hezitzaile bikoteak. Gazteek kaleko hezitzaileekin partekatu nahi dituzten edukiak eta esperientziak izango dituzte hizpide, baina  indarkeria sexistari eta beste indarkeria matxista batzuei (LGTBIfobia, kasu) eusten dioten balio eta sinesmenen sistemari erreparatzea da helburu nagusia.

“Indarkeria matxistaren arloko prebentzioarekin eta jarduketarekin dugun konpromisoan aurrera egin nahi dugu, indarkeriari zero tolerantzia erakutsiz eta herritar gazteak berdintasunaren alde eta indarkeriaren kontra parte hartzera eta konprometitzera gonbidatuz. Hau bezalako kanpainekin, informazioa eta tresnak eman nahi dizkiegu gazteei, bereziki emakume gazteei eta LGTBI gazteei, indarkeria matxista identifikatu eta prebenitu eta haren aurka egiteko. Garrantzitsua da zero konplizitatea eta tolerantzia lantzea jarrera eta ekintza matxisten aurrean”, nabarmendu du Berdintasun zinegotzi Miren Fernández de Landak.

Indarkeria matxista prebenitzeko udako kanpaina beste baliabide bat da hirian indarkeria matxista prebenitzeko estrategiaren esparru orokorraren barruan. 2021eko uztail eta abuztuan prebentzio-estrategia osatzeko zenbait jarduera egingo dira. Horiek guztiek, aurrekoetan bezala, HARA! Gasteizko Genero Berdintasunerako IV. Planari (2018-2021) jarraitzen diote, programa honen planteamenduen eta gainerako jardueren arteko koordinazioa eta koherentzia hobetzearren.

 

Askatasun eta ahalduntze leherketa

“Udan ere libre izan nonahi, ekin, erantzun” lemak, batetik, kanpaina udako girora hurbildu nahi du, eta bereziki, pertsona orok askatasun osoz agertu eta adierazteko duen eskubidea jarri nahi du agerian, eta jasaten edo ezagutzen dituen eraso sexista eta matxistei erantzuteko duen eskubidea/betebeharra.

Kanpaina honetan, estrategiaren barruan udazkenean eta neguan antolatu diren jardueretan bezala, alde batera utzi da lemaren barruan agertzen zen “ospatu” hitza, covid gaitzak eragin duen egoera ez dela ospakizunetarako egokia iritzita.

Udako kanpainaren logoa indarkeria matxista prebenitzeko udal estrategia irudikatzen duena oinarri hartuta diseinatu da. Azken horretan bezala, aniztasuna koloreen bidez irudikatu nahi da. Eguzkiak kanpaina ezartzekoa den urte-sasoian zentratu nahi du, eta irudia lemarekin lotu, aldi berean estrategiaren logo orokorretik bereiziz.

Tipografiari dagokionez, hizkiak eskuz eginak dira, esklusibotasuna ematearren, eta gazte, atsegin eta irakurterraza izatea bilatu da, gazteekin errazago konektatzearren, haiek baitira kanpainaren xede-publikoa. Eztanda bat ere gogorarazten du, askatze eta ahalduntze eztanda.

Harridura markak, berriz, programa abian jartzeko beharra eta horretarako indarra adierazten du, bai Udalaren aldetik bai “Libre Izan Nonahi” kanpainaren hartzaileen aldetik.

 

Share

Gasteizek bat egingo du Esklerodermiaren Mundu Egunaren ospakizunarekin

Hori dela eta, hiriko eraikin enblematikoetako batzuk berdez argiztatuko dira.

Ekainaren 20an (asteartea), Esklerodermiaren Mundu Eguna ospatuko da. Erreumaren alorreko gaixotasun kroniko eta autoinmunea da. Hori dela eta, Gasteizko Udalak bat egingo du ospakizunarekin eta berdez argiztatuko ditu udaletxearen fatxada, Floridako kioskoa eta Arkupeak.

Espainiako Esklerodermiaren Elkarteak ahalik eta gehien ikusarazi nahi du gaixotasun arraro hori, hartara gizartea kontzientziatzeko eta pairatzen dutenen beharrak ase daitezen. Gehienetan, esklerodermiak gogortu egiten du azala; horrexek ematen dio izana gaitzari. Alabaina, barne-organoei ere eragin diezaieke; horrenbestez, gaitza larria izan daiteke.

Share