Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-06-08)

Harrera ekitaldia Aktibatu programan parte hartu duten neska mutikoei

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak Arloko zinegotzi Jon Armentia

Eguna. Asteartea, ekainak 8

Ordua. 10:00

Tokia. Salburuko gizarte etxea, areto nagusia

Share

Udalak eta Euskaltzaindiak berretsi egin dute Gasteizen euskararen erabilera sustatzeko lankidetza-hitzarmena

 

Hitzarmenak bere baitan hartzen du gure udalerriko toponimia historikoa aztertzeko Elena Martínez de Madina egiten ari den lana. Jada Arratzuko seriea amaitu du ikerlariak.

 

Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak berriki berretsi duten lankidetza-hitzarmena aurkeztu dute gaur goizean, bai eta Gasteizko udalerriko toponimia historikoaren saileko beste liburuki bat ere, hain zuzen Gasteizko toponimia. Arratzua III izenekoa. Liburukia aurkezteko prentsaurrekoan parte hartu dute Iñaki Gurtubai Gasteizko alkateorde eta Euskarako zinegotziak, Roberto González de Viñaspre euskaltzain oso eta Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak, eta Elena Martínez de Madina ikerlari eta euskaltzain urgazleak.

Elena Martínez de Madinak eginiko ikerlanak Gasteizko udalerri osoko toponimia historiko eta gaur egungoa aztertzen du, hots, hiria bera eta 63 herri. 

Arratzuko merindadearen ohiko toponimiak aztertzen dituen liburuki honekin amaitzen da berari eskainitako hiru aleko seriea. Oraingo lan honetan zazpi herri aztertu dira: Ilarratza, Jungitu, Lubinau, Matauku, Oreitia, Uribarri Arratzua eta Zerio.

Lankidetza-hitzarmena Udalarekin

Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak toponimia-ikerkuntzako lanaren aurkezpena urteko lankidetza-hitzarmena sinatzeko baliatu dute. Hitzarmen berriaren eskutik, hirian euskara sustatzen ahaleginduko da Udala, Euskaltzaindiaren eskutik.

Hitzarmen berriaren bidez, Udalak 63.000 euro emango dizkio Euskararen Akademiari, urte osoan kultur zabalkunderako jarduerak, ikastaroak eta hitzaldiak egin ditzan. Horrez gain, Euskaltzaindiak euskararekin lotutako gaietan aholku emango die Udalari eta udal-zerbitzuei. Gainera, hirian hizkuntza babesten, zaintzen eta sustatzen jarraituko du Akademiak. Gasteizko alkateorde eta Euskarako zinegotzi Iñaki Gurtubaik eskertu egin dio Euskaltzaindiari euskararen alde egiten duen guztia, eta berretsi egin du Udalak euskararekiko duen konpromisoa.

Share

Gasteizko auzo guztiak bisitatuko ditu Agenda Gasteiztarrak, informazio-postu partizipatibo baten bidez

 

Agintaldiko estrategia auzoetara hurbiltzea eta herritarren ekarpenak jasotzea hiriaren geroa definitzeko. Horiek dira gaurtik aurrera Gasteizko auzotan zehar ibiliko den informazio-postu partizipatiboaren bi helburu nagusiak. Gorka Urtaran alkateak gaur goizean aurkeztu du ekimena Zabalganean, osasun zentroaren ondoan jarritako karpan.

“Hiria egiteko modurik onena herritarrekin batera egitea da, auzoz auzo, eta horixe da gaur aurkezten dugun ekintzaren xedea. Kalera irten gara Agenda gasteiztarrarekin, agintaldiaren erdian martxan ditugun proiektu nagusien berri emateko, eta hiriaren oraina eta geroa partaidetzan eraikitzeko, positiboan eraikiz Gasteiz Green Dealen oinarrituta. Hori guztia agendako hiru ekintza-ardatzak ahaztu gabe: kalitatezko zerbitzu publikoa mantentzea, ekonomia berde eta dinamikoa garatzea eta  abangoardia- azpiegiturak bultzatzea tamaina ertaineko Europako hirien artean goi mailan egoteko” adierazi du Gorka Urtaranek.

Gaur goizean aurkeztutako postuak gobernuaren konpromisoei buruzko informazioa ematen du modu grafikoan, datu batetik abiatuta: agintaldi-planaren erdian, helburuen % 50 bete dugu;  86 konpromisoetatik 10 guztiz gauzatu dira, eta beste 76ak bidean dira. Era berean, Agenda Gasteiztarraen sei ardatz estrategikoak zehazten dira, eta proiektu estrategiko nagusiei buruzko informazioa zehatza ematen da (tranbiaren luzapenak, abiadura handiaren etorrera, autobus elektriko adimentsua, Principal antzokiaren eraberritzea, auzoetako 100 milioiko inbertsioa…). Era berean, europar funtsetara aurkeztutakoen berri ere ematen da. Auzo bakoitzean bultzatzen ari diren esku-hartze eta proiektuak ere azaltzen dira.

Parte hartzeari dagokionez, hainbat gune izango dira ekarpenak egiteko: Batetik, Gasteiz Green Dealen oinarritutako etorkizuneko estrategia eraikitzeko proposamenetarako gunea ireki da. Gainera, aukera egongo da hiri guztirako proposamen orokorrak eta auzoetarako berariazkoak egiteko. Azkenik, haurrentzako txokoak marrazkien bitartez parte hartzera gonbidatuko ditu haurrak.

Datozen 25 egunetan zehar, auzo guztietan zehar ibiliko da Agenda Gasteiztarraren informazio-postua. Astelehenetik ostiralera egongo da, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era. Alkatea eta zinegotziak aldiro joango dira bertara, lehen eskutik izateko herritarren kezken berri, eta horrenbestez, herritarrekin bertatik bertara izateko topagunea izango da.

Informazio-postuan jasotako ekarpenak kontu-emateko prozesu guztia jasotzen duen webgunean jarriko da, agintaldiaren ebaluazio-puntu berri gisa.  Horretaz gain, epe ertainerako  hiriaren estrategia definitzeko balioko dute. 2019an egin zen plan horren aurkezpenean, partaidetzazko lehen ebaluazioa egin zen, eta 500 ekarpenetik gora jaso ziren, horien artean azpimarratzekoa da mugikortasunarekin, ekonomiarekin eta enpleguarekin lotutako proiektuen balorazio positiboa.

Orduko partaidetzazko topaketan gertatu bezala, parte  hartzean harremanetarako kontaktua ematen duten herritarrek, ekimenaren emaitzari buruzko informazioa jasoko dute.

 

 

 

 

Share

Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak lau sentsibilizazio-proiektu lagunduko ditu

Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak sentsibilizazio globaleko proiektuetarako dirulaguntza-deialdia ebatzi du, eta 23.277 euro bideratuko ditu lau ekintza garatzeko.

Hauek dira onuradunak:

  • Mboolo Elkarteak 7.918,65 euro jasoko ditu “Diarama Africa. Diálogos sobre una África subsahariana rica y diversa” proiekturako.
  • Manuel Iradier elkarte afrikanista, 7.918,65 euroko dirulaguntza jasoko du Afrikako zinemari buruzko Afrikaldia jaialdirako.
  • Asamblea de Cooperación para la Paz-ek 4.750,79 € jasoko ditu “Ihesa jolasa ez denean. Cuando escapar no es juego” proiekturako.
  • Euskadi Mauritania elkarte soziokulturalak 2.689,18 € jasoko ditu Afrikako Astearen laugarren ediziorako.

Proiektuen aldez aurreko aukeraketa 

Bestalde, Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak beste 6 entitate aukeratu ditu proiektu txikietarako, eta 70.000 euro gorde dira horietarako.

SOLIVE, Jambo Congo, Alimentando sonrisas saharauis, ASVE, Afrika Miniaturan eta Mauritania Euskadi dira aukeratutako GGKEak, eta orain ekintzak definitu beharko dituzte.

 

 

 

Share

Saltoki batean laburtzeagatik atxilotuta

Larunbatean, udaltzainek 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuten hiriguneko saltoki batean indarkeria erabilita egindako lapurreta-delituaren ustezko egile gisa.

11:20an, patruila batek bi pertsona borrokan ikusi zituen Prado kalean: inguruko merkatari bat eta bere establezimenduan hainbat produktu lapurtu  berri zituen gazte bat ziren.

Poliziaren esku-hartze hartan, gazteari motxila barruan zeramatzan lapurtutako objektu batzuk konfiskatu zizkioten eta, ondorioz, atxilotu egin zuten. Borroka hartan, merkatariak zauri arinak jasan zituen.

Deskuiduen kontrol-kanpaina

Gaurtik hasi eta igandera, ekainaren 13ra, bitarte, Udaltzaingoak zirkulazioko kanpaina berezia egingo du. Horren helburua izango da zirkulatzeko garaian arreta-gabezia eta distrazioak eragiten dituzten tresna eta gailuak erabiltzea kontrolatzea: musikako kaskoak, GPS gailuak eta “esku librerik” gabeko telefonia mugikorreko gailuak.

Kanpaina hori 2018-2023 Bide Segurtasuneko Udal Plan Estrategikoan jasotako zaintza- eta kontrol-ekintzen baitan sartu behar da.

 

Share

Bihartik aurrera Kaldearterako gonbidapenak

Bihar hasiko dira Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko XV. Erakustaldiko ikuskizunetarako gonbidapenak banatzen, 09:30etik aurrera.

Gonbidapenik nahi duenak entradium.com plataformara jo dezake, edo 945 16 16 18 telefonora deitu (09:30etik 14:00etara bitartean). Pertsona bakoitzeko 2na gonbidapen emango zaizkio gehienez ere emanaldi bakoitzeko; gehienez ere 4 ikuskizunetarak gonbidapenak erreserbatuko dira telefono-dei bakoitzeko.

Bide horiez gain, jaialdiri buruzko informazioa guztia eskuratu eta sarrerak erreserbatu ahalko dira baita Kaldeartek telefono mugikorrentzako duen app-aren bitartez: app Kaldearte.

Aurtengo edizioari buruzko informazioa eskuragarri dago udalaren web-orrian, Kaldearteren app-an eta Goiuri jauregian eskuratu daitekeen paperezko programan.

Informazio gehiago

 

 

 

 

Share