Prentsa Oharren banner

Gasteizek bere ongizate eta jasangarritasunerako hirigune gisa duen eredua zabaldu du Hirien Foroan

Gorka Urtaran alkateak eta Ana Oregi alkateordeak online bilerak egin dituzte Gasteizen, trantsizio energetikoaren proiektua eta Agenda 2030erako erronkak azaltzeko

Gasteizek gaur arratsaldean IFEMAk hartzen duen Hirien Foroan bere ongizate eta jasangarritasunerako hirigune gisa duen eredua zabaldu du. Foro horrek 500 hizlari baino gehiago eta 10.000 parte-hartzaile baino gehiago biltzen ditu.

Gorka Urtaran alkateak eta Ana Oregi alkateordeak bi topaketa egin dituzte online, eta Gasteizen trantsizio energetikoaren proiektua eta Agenda 2030erako erronkak azaldu dituzte.

Hain zuzen ere, alkateak “Hiri erresilienteek anbizio klimatiko handiagoa nahi dute” saio tematikoan parte hartu du, eta Valladolideko, Sevillako, Limako eta Santanderko alkateekin, Ingurumen eta Mugikortasun Saileko ordezkariarekin, Ferrovial Zerbitzuetako kontseilari delegatuarekin eta Irungo alkateordearekin ideiak partekatu ditu.

Bestalde, Ana Oregik “Hiri-sareak, inoiz baino beharrezkoagoak” topaketan parte hartu du, ICLEI Europa Iraunkortasunaren aldeko Tokiko Gobernuen Kontseilu Orokorreko kide eta Gasteizko Udaleko Lurralde eta Klimaren aldeko Ekintza Saileko zinegotzi ordezkari gisa.

Hirien Foroak zeharkako begirada-programa bat eskaintzen du, hiri berriaren diseinuan sakondu nahi duena, Coviden pandemiak eragindako krisi-egoerari erantzuteaz gain, hiriko “larrialdi” guztiei erantzuna emateko, hala nola klima-aldaketaren edo lurralde-desberdintasunaren aurkako borrokari, ekonomia zirkularraren aurrerabideari, Espainiako Hiri Agendaren eta GIHen inplementazioari, mugikortasun iraunkorrari eta, azken batean, behar humanizatuenei eta gardenei.

Share

Prentsa-deialdiak (2021-06-09)

Mahai ingurua. Wallapop erakundeak antolatutako Red del Cambio 2.0 “Ciudades e instituciones frente al reto sostenible”

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Elsa Punset, filosofoa; eta Victor Viñuales, ECODES

Eguna. Asteazkena, ekainak 9

Ordua. 10:00

Tokia. Espacio Nueva Carolina – Carolinas kalea, 18. Madril

——————————————-

Prentsaurrekoa. Vitoria-Gasteizko 44. Nazioarteko Jazzaldia aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; Kultura foru diputatu Ana del Val; Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria; Vital Fundazioko zuzendari nagusi Axier Urresti; eta Vitoria-Gasteizko Jazz Jaialdia Elkarteko presidente Iñigo Zarate

Eguna. Asteazkena, ekainak 9

Ordua. 10:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea

—————————————-

Prentsaurrekoa. BEArekin lotutako txirrindularientzako azpiegiturak aurkeztea

Parte hartzaileak. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escudero

Eguna. Asteazkena, ekainak 9

Ordua. 11:00

Tokia. Jacinto Benavente eta Florida kaleen arteko bidegurutzea, Escolapios ondoan

Share

Udalak Olarizuko etxebizitza ilegalak hustu ditu, eta eraikinen barrualdea eraisten hasi da

Poliziaren zaintzaz gain, atariak estaltzen eta babesten ari dira amiantoa blokeetatik kendu bitartean, erabat eraitsi aurretik

Gaur amaitzen zen legez kanpoko okupatzaileek Olarizu etorbidean etxebizitzak uzteko zuten epea, eta goiz erdirako Udalak hogei solairu berrikusi eta gaur egun legez kanpo okupatuta zeuden hiru etxebizitza hustu ditu.

Goizeko lehen ordutik, udal ordezkariak eraikin okupatuetara hurbildu dira etxebizitzak berreskuratzeko tramitea egiteko. Aldi berean, gaur hasi dira etxebizitzak husten, tresnak eta hondakinak garbitzen, etxeen barrualdea eraisten eta amiantoa duten blokeak eta egiturak bilatzen.

Prebentzio gisa, polizia-zaintza mantentzen da, eta atariak estaltzen eta babesten ari dira.

 

Share

Haur eta nerabeek parte hartzeko Aktibat(tu) programak udalean izandako harrera-ekitaldiarekin eman dio amaiera ikasturteari

Gorka Urtaran alkateak, haurtzaroko zinegotzi Jon Armentiak eta gainerako taldeetako ordezkariek Salburuko gizarte-etxean gaur goizean egindako harrera-ekitaldiak eman dio amaiera haur eta nerabeentzako partaidetza-programari.

Hiriko 18 ikastetxetako 2.000 ikasletik gora aritu dira 2020-2021 ikasturtean Aktiba(tu) programan. Ikasleek txikitatik parte hartzea bultzatzen du programa horrek, hiru helbururekin: haur eta nerabeen eskubideak ikusaraztea, haurrek beren eskubideen defentsaz jabetzea, eta udal bizitzan parte hartzea ekarpen eta erabakiak tarteko.

Salburuko gizarte-etxeko ekitaldi-aretoko harrerara hiru ikastetxetako irakasle eta ikasleak bertaratu dira, Aktiba(tu) programan parte hartu duten ikastetxeen ordezkari gisa.

 

Share

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren… eta Euskara, Kultura … Batzordeak (2021-06-15)  

Webgunean eskuragarri daude Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritza eta Turismoaren eta Sozietate Publikoen Batzordea ekainaren  15ean (asteartea), 9.00etan, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda eta  Euskara, Kultura, Hezkuntza, Kirol eta Osasun Batzordea, 12.00etan, egingo duen ohiko bilkura gai-zerrenda

 

Share

Hondakinen kudeaketa eta hiriaren garbitasuna saritzen dituen Urrezko Erratza irabazi du Gasteizek

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Hondakinak eta Ingurumena Kudeatzeko Elkarte Teknikoa (ATEGRUS) ingurumenaren aldeko lanean nabarmentzen diren erakundeen lana aintzatesteko ematen duen Urrezko Erratza irabazi du.

Zehazki, Udalak saria jasoko du “hiriko bilketa eta garbiketaren kudeaketagatik eta hondakinak bildu eta kudeatzeko lanean aritzeko abian jarri dituen tresnengatik”. Tresna horiek birziklapenean zuzenean lan egiteko aukera ematen diete herritarrei, eta hondakin gutxiago sortzen”, nabarmendu du elkarte antolatzaileak.

Gorka Urtaran alkateak gasteiztar guztiekin konpartitu du saria, guztien meritua delakoan. “Gure hiria erreferente izan da, da eta izango da aurrerantzean ere gure bizi-kalitatearen hobekuntzarako praktika egokien alorrean, zenbateraino, eta eredu berde bihurtzeraino, praktika iraungarrien eredu. Sariak garbiketa eta hondakinen kudeaketa aintzatesten baditu, lan horietan konplizea dira, zalantza izpirik gabe, gasteiztarrak; izan ere, gero eta kontzienteago direlarik, gero eta gehiago inplikatzen dira hiri hobe baten alde ”, azpimarratu du alkateak.

Aurtengoa sarien hamazazpigarren edizioa da, eta ibilbide luze horretan mila sari inguru eman dizkie Espainia, Mexiko, Txile, Argentina, Peru eta Andorrako udal, foru aldundi, kabildo eta unibertsitateei.

Hiri-hondakinen kudeaketa eta hirien garbiketa, oro har, hobetzeko ekimenak nabarmendu nahi dituzte sari hauek, aurrerapen teknologikoak eta kontzientziazio-lana sustatzeko, horiek bizi-kalitatea eta iraungarritasuna hobetzeko balio baitute.

Datorren ostegunean (ekainaren 10ean) egingo da aurtengo 35 entitate irabazleei sariak emateko ekitaldia, eta, bizi dugun egoera dela eta, modu birtualean egingo da. Urrezko Erratza kategorian 4 hiri saritu dituzte aurten Estatuan.

 

 

 

Share

Anabel Quincoces, Natalia Suárez, Begoña Antón eta Estíbaliz Sádaba: 2022an aurkeztuko dituzte euren lanak Montehermoson lau artistek

Kulturuneko Proiektu artistikoetarako deialdiak 61 proiektu jaso ditu guztira

 Montehermoso kulturuneak lau lan hautatu ditu 2022ko proiektu artistikoetarako deialdian. Hauek dira datorren urtean euren lana Montehermoso jauregian aurkeztu ahalko duten artistak, kulturuneko erakusketa-programaren baitan: Anabel Quincoces eta Natalia Suárez gasteiztarrak, eta Begoña Antón eta Estíbaliz Sádaba bilbotarrak.

Gasteizko Hezkuntza eta Kultura Saileko zinegotzi Estibaliz Cantok esan duenez, “Programa honen bidez tokiko artisten proiektuak landu, erakutsi eta zabaltzea, horien bitartez jardun artistiko garaikidearen alorrean lantzen ari diren lengoaia eta diskurtso berriak ezagutarazi eta horietaz hausnartzearren”.

“Aurten 61 proiektu jaso ditugu. Epaimahaiak emakumeen lau lan hautatzeak gure sortzaile emakumeen lanaren kalitatea azpimarratzen du”, gehitu du Cantok.

6.000na euroko laguntza ekonomikoa eta katalogo baten argitarapena jasoko dute saritan adituen epaimahaiak hautatu dituen artistek. Aurtengoan, Leyre Goikoetxea arte-komisarioak, EHUn Artearen Historiako irakaslea den Garazi Ansak eta Montehermoso kulturuneko zuzendari Luis Mª Pascualek osatu dute epaimahaia.

Hauek dira proiektu hautatuak:

Hydra-El fluido traslúcido. Anabel Quincoces (Gasteiz 1968).

Artistak aurkeztu duen proiektuak instalazio eskultorikoak aztertu, hauteman eta egiteko lana dute hausnargai, horretarako ibai-uretako biztanleak hartuta aitzakia, mendetan zehar garraiatutako lohi eta sedimentuak, zein etengabe aldatzen baitira. Horretarako Panspermiaren hipotesia balizatzen du, hots, ustez beste planeta batzuetatik Lur planetara nahita bidalitako mikroorganismoen balizko garraio bat, horien bidez bizitzari hasiera emateko.  Zehatzago, hydrak ditu hizpide, zeinen morfologia eta aldatu eta birsortzeko gaitasunak jatorrizko moldera itzultzeko ahalmena ematen baitiete, baita erabat birrindu eta txikitu badituzte ere.

Hydra-El fluido traslúcido bideo-irudiak zeharkatzen dituzten eta berariaz Montehermoso kulturuneko Ur Biltegirako pentsatutako 9 instalazio eskultorikoz osaturiko esku-hartze artistikoa da.

Negro Cremoso.  Natalia Suárez Ortiz de Zárate (Gasteiz, 1994).

Tinta-orban bat edo marra bat egitea batere funtzio edo zeresanik gabeko egintzak dira, ez bada horiek gertatze hutsaren zentzua. Artistarentzat hori zerbait bizitzeko oso modu garbia da, zamarik gabea. Oro har, margotze-lanean oso modu zehatzean arrastatu behar da masa, harik eta modu egokiarekin asmatu arte. Margo-trazu bat ez da tramite hutsa; zerbait margo-lan amaitu izatera irizten bada, trazu bakoitzak izaera propio eta berezkoa duelako izango da, zerbait modu jakin batean gertatu delako, eta ez beste inolaz; horren ondorioz, aleak trazu horiek diren karaktereen batuketari dagokion izaeraz jantziko da. Gauza bera marrazketan ere.

Artistak, azken margoan abiarazi duen lan-ildotik abiatuta, tamaina handiko koadro-sorta bat sortuko du, itxuraz orain artean egin dituen margo eta marrazkietan –zeinek pilatze gisa funtzionatzen baitute– bakarti eta monolitikoagoak.

Botanical Frenzy.  Begoña Antón (Bilbo 1983).

Diziplina anitzeko proiektu honek kolonialismo botanikoaren eta landare-itsutasunaren historia jorratzen du, “orkideen sukarra” deitu fenomenoaren bitartez. Orkideen ea gainerako landareen ustiakuntza komertziala aztertzen du.

Sir Joseph Bank (Cook kapitainak gobernatu zuen HMS Endeavour ontziko botanikariak) 1768an Ekialdeko Indietako orkideak Europara lehen aldiz ekarri zituenetik, oihanen arpilaketak ez du etenik izan. Hainbesteraino, non munduan ezagutzen diren 380.000 landare-espezien arteko % 20 desagertzeko arriskuan baitago.

Artistak argazki domestikoak eta artxiboko materiala jorratuko ditu, collagea baliatuko du, eta posta-zigilu bilduma bat sortuko du, kolonizazio botanikoa eta orkideen garrantzia erakusteko. Ikusiko dugu landare horren inguruan –eta batez Ingalaterran, non dena hasi baitzen– orkidea-hazle, bilduma-zale, feria, lehiaketa, etxez etxeko zaintzaileak, orkideen mutazioetan adituak eta abarren abarra dagoela.

Espacios para habitar. Estíbaliz Sádaba (Bilbo 1963)

Proiektu artistiko honetan egileak instalazio bat planteatzen du –irudia, soinua, performancea, collagea eta marrazkia bitarte–, zeinaren bidez emakumeek historikoki espazio publikoarekin izan duten harreman-zailtasunari buruz hausnarketa egin.

Estíbalizek proiektu bat sortu du hirian zehar egindako ibilera eta nora-hara galduen bidez; horien bidez agerian jarriko du gorputz femeninoak mobilizatzeko eta esperientzia mikropolitikoak aktibatzeko duen deserosotasuna, hartara ahizpatasun edo sororitatea adierazte aldera –eta horien bitartez esperientzia kolektibo, pertsonal eta historikoak transmititze aldera, erreferentzia intelektual eta afektiboen kartografia bat osatzeraino–.

Share

Udalaren Folklore Akademiak ikasturte amaierako entzunaldia eskainiko du ekainaren 9an, Principal antzokian

Streaming bidez jarraitu ahalko da lehen aldiz

 Pandemiak eragindako urtearen ostean, Gasteizko Udalaren Folklore Akademiak ekainaren 9an, asteazkena, emango du ikasturte amaierako entzunaldia, 19:30ean, Principal antzokian. Ikastetxeko ikasleen gurasoentzako jaia da. Covid-19aren aurka hartutako protokolo zorrotzari esker, zentroak nahiko normal egin ahal izan du ikasturtea.

Honako piezak entzungo dira: ‘Arabako bideak’ (gaita eta perkusio taldearen eskutik); ‘Heriotza bezain hotza’  txalaparta, alboka eta txirula taldearen eskutik); ‘Vida de rico’ (trikitixa taldearen eskutik) eta ‘Ansoa anaiak’ (nagusien txistu taldearen eskutik).

Dantza-taldeek pieza hauek dantzatuko dituzte:  ‘Brunilda’, ‘Eskutik heldu eta egin dantza’, ‘Dantza nazazu’, ‘Firin-faran Azokan’ eta ‘Garena garelako’.

Saioa streaming bidez jarraitu ahalko da. Esteka

Izena emateko kanpaina

Folklore Akademian izena emateko kanpaina amaitu delarik, datuek agerian uzten dute susperraldi argia osasun-krisiaren ondoren. 2021-2020 ikasturtean 226 ikasle matrikulatu ziren, eta 2021-2022 ikasturterako 356 lagunek eman dute izena, pandemiaren aurreko ikasturteko (2018-2019) 362tik hurbil.

Ikastetxean euskal musika eta dantza tradizionala irakasten zaie Gasteiztarrei, eta hainbat irakasgai ematen dira: alboka, gaita, txalaparta, txistua, txirula, trikitixa eta panderoa. Gainera, ikastegian beste ikasgai hauek ematen dira: musika-hastapenak, musikaren lengoaia, euskal dantzak, abesbatza eta perkusioa.

 

 

Share