Prentsa Oharren banner

Arrakastaz amaitu da Gasteizko udaleko langileak partaide dituen loari buruzko azterlanaren hasierako fasea

Gaur eguerdian amaitu da loari buruzko azterlanean bere borondatez parte hartuko duten 202 udal langileen jarduera neurtzeko gailu elektronikoak banatu eta gaitzeko fasea. Azterlan hau aitzindaria da nazioartean, eta loaren kalitatea hobetzea du xede. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopezek zoriondu egin ditu Arabako Erakunde Sanitarioko Loaren Unitate Funtzionalaren buru eta Bioaraba Osasun Ikerketaren Institutuko ikertzaile Carlos Egea, eta azterlaneko lan taldea, hau da, astelehenetik  jarduera neurtzeko eskumuturrekoak prestatzen eta azterketan parte hartzen dutenei beharrezko prestakuntza ematen ari diren 9 pertsonak.

Arabako Erakunde Sanitarioko Loaren Unitateko eta Bioarabako administrari eta ikertzaileek denbora laburrean egin dute landa-lanaren lehen fasea, Gasteizko Udaleko Osasun Publikoaren Zerbitzuarekin batera. Azterlan zientifiko bat egiteko 200 laguneko lagina osatzea hilabetetako lana izan ohi den arren, aste batzuetan lortu da lan hori egitea. Aurrerantzean, aktibatu diren 202 gailuek 30 segundotik behin  jasoko dute lana gauzatzeko baliozko informazioa. Zortzi hilabete barru, lortutako milioika datu horien analisia egingo da.

Share

Ekainaren 24ko Udalaren aparteko osoko bilkura Goiuri jauregian bertan jarraitzeko izen ematea

Covid-19 pandemia dela zio, eta zinegotzien arteko distantziak gordetze aldera, aparteko osoko bilkura –Udal Politikari buruzko eztabaida orokorra- bihar ekainak 24, 10:00etan, egingo da Goiuri jauregian, Martin de Salinas aretoan.

Komunikabideek bertatik bertara jarraitu ahal izango dute osoko bilkura hori, Goiuri jauregian kazetarientzako egokitutako tokian, edo streaming bidez esteka honetan; baita ere, udaletxeko prentsa aretoan jarraitu ahal izango dute aipatu osoko bilkura.

Goiuri jauregian kazetarientzako toki mugatua dela eta (5 pertsona gehienez), bertan izateko interesa duten komunikabideei arren eskatzen zaie 945-16 13 35 telefonora deitzea goizean zehar gaur asteazkena, ekainak 23.

Gai zerrenda: Orden-8579

Share

Udaltzaingoak Agirrelandako udal biltegiko 7 ibilgailu laga dizkie prestakuntza-zentroei, mekanika-praktikak egin ditzaten  

Halaber, 11 bizikleta eman ditu maileguan, konponketa- eta mantentze-ikastaroetan erabiltzeko.

 

Udaltzaingoak hitzarmenak izenpetu ditu Egibide-Arriagarekin eta Mendizabala Lanbide Heziketako Zentro Integratuarekin, bide publikotik kendu eta udal-biltegian gordetako ibilgailuak zentro horiei lagatzeko, hartara ikastetxeetako ikasleek automobilen mekanikaren arloko praktikak egin ditzaten datorren urtean.

Hitzarmen horiek direla eta, Agirrelandako 7 ibilgailu hartu dira, ikastetxe horietako “garraioa eta ibilgailuak mantentzea” heziketa-zikloetako ikasleak prestatzeko erabil daitezen. Egibide-Arriagari 2 auto laga zaizkio eta Mendizabala zentroari, berriz, 5.

Ibilgailuak prestakuntzarako bakarrik erabiliko dira, eta ezingo dira inolaz ere zirkulazioan jarri. Lankidetza-mota hau Egibide-Arriagarekin hasi zen iaz, eta turismo bat jaso zuen.

Udaltzaingoari dagokio bide publikotik kendutako ibilgailuen biltegia kudeatzea; baita hiri-hondakin solido gisa tratatzeko zentro baimenduetara igortzea ere, gerora hondatu eta deskutsa ditzaten. Lagapenaren onura publiko eta sozialaren helburuak hori du ardatz.

 

Bizikletak lagatzea 

Turismoez gain, udaltzaingoak bizikletak ere lagatzen ditu helburu hezitzaile berarekin. Calasanz Escolapios ikastetxeari 5 bizikleta mailegatu dizkio –horiek ere hiri-hondakin solidotzat jotzen dira–, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleek egiten duten konponketa eta mantentze lanetako lantegi batean erabiltzeko. Beste 6 bizikleta El Carmen HHIko Eskolaratze Osagarriko Programako lantegietara bideratu dira.

 

Unibertsitatearekiko lankidetza 

Bide publikotik kendutako ibilgailuak lagatzeaz gain, udaltzaingoak badu prestakuntza-zentroekiko lankidetzan aritzeko beste biderik ere.

2016tik, Agirrelandan aritu dira Euskal Herriko Unibertsitateko, Valentziako Nazioarteko Unibertsitateko eta UNEDeko gradu eta masterretako 10 ikasle praktikak eta azken lanak egiten. Gehienak kriminologiako ikasleak, baina baita gizarte hezkuntzakoak berdintasunekoak edo krimenaren analisi eta prebentziokoak ere. Azken ikaslea EHUko Kriminologia gradukoa izan zen, eta martxoan amaitu zituen praktikak.

 

Share

Atxilotua errekisitoria judizialagatik

Atzo arratsaldean, 24 urteko gizonezko bat atxilotu zuten udaltzainek bere aurkako errekisitoria judiziala zegoelako.

Guztia 18:00ak inguruan gertatu zen Gasteiz hiribidean, pertsona hura beste batzuekin batera zegoela. Patruila batek berekin batera zegoen lagunetako bat ikusi zuen (errekisitoriaren bat izateko susmoa zuten udaltzainek) eta denak identifikatzea erabaki zuen. Azkenean, bilatzeko, atxilotzeko eta Gasteizko epaitegira eramateko agindua zuena 24 urteko gizonezkoa zela egiaztatu eta, ondorioz, errekisitoria gauzatu zuten.

Azken 24 orduotan, zirkulazioko sei istripu erregistratu dira eta bi pertsona zauritu dira horietan.

 

 

Share

Turismo Bulegoak gaikako 225 bisita gidatu eskainiko ditu aurtengo udan

Uztailean kanpaina bati ekingo dio, bi bisita baten prezioan erosi ahal izateko

Hiriko hegaztiak behatzeko bisita berri batek Arriagako eta Iparraldeko parkeak hartuko ditu barne

 

Gasteizko Turismo Bulegoak gaikako 225 bisita gidatu eskainiko ditu aurtengo udan; bi ibilbide berri eta bisitak sustatzeko zein bertako gidari-enpresei laguntzeko kanpaina bat ere sortu ditu.

Aurten hainbat gairi buruzko 225 bisita gidatu antolatu dira, mota ezberdinetako publikoari zuzenduta, bereziki iraunkortasuna, natura eta aire zabaleko ariketa fisikoa azpimarratuz. Ildo horretatik, eta berritasun gisa, hiri barruan hegaztiak behatzeko ibilbideak eskainiko dira (birding urbanoa). Hartara, zirkuitu turistikoetan lehen sartzen ez ziren Gasteizko inguruak ezagutu ahalko dira, Iparraldeko eta Arriagako parkeak, esaterako, eta leku horietako biodibertsitatearen balioa nabarmendu.

Gasteiz hiri berdea ibilbidea ere estreinatuko da: horren bidez, Gasteizen garapenean iraunkortasunak izan duen eta duen garrantzia azalduko da, eta zergatik bihurtu den hiria turismo iraunkorreko helmuga nagusietako bat.

Naturari eskainitako eskaintzak Florida parkea ezagutzeko ohiko bisita ere hartzen du barne, eta etxarteak eta hilerria ezagutzeko bisitak egiten jarraituko da aire zabaleko eskaintzaren barruan, baita bizikletaz eta lasterka aritzeko ibilbideak ere. Horretaz gain, umore ibilbideak, muralen ibilbidea eta eskulturena egin ahalko dira kanpoaldean, modu seguruan.

Bestetik, Turismo Bulegoak —Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailaren mende dago, zeinaren buru Maider Etxebarria lehen alkateorde baita— bisitaldi gidatuak sustatzeko kanpaina bat egingo du uztailean. Zehazki, bi bisita gidatu eskainiko dira baten prezioan, 1.000 plaza agortu arte. Uztailaren 1eko 12:00etatik erreserbatu ahalko dira, txartelak zuzenean www.vitoria- gasteiz.org/turismo web-orrian erosiz.

Maider Etxebarria: “Gasteizko Turismo Bulegoak duen bisita gidatu profesionalen eskaintza zabala ikusarazi nahi dugu, eta haren balioa nabarmendu. Une garrantzitsu honetan gure hirian turismo segurua berpizteko beste urrats bat da hau”.

Share

Jarduera-lizentzien eta obra handien lizentzien prozeduretan Jakinarazpen elektronikoa abiarazita, Udalak bizkortu egingo du tramitazio administratiboa uztailaren 1etik aurrera

Prozesu horietakoren batean dauden enpresek berehala jasoko dituzte jakinarazpenak, orain artean tramite horrek 10 eguneko epea hartu zezakeenean.

 

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak jakinarazpen elektronikoa jarriko du abian uztailaren 1ean Jarduera-lizentzien eta obra handien lizentzien prozeduretan. Neurri horrek tramite administratiboak arintzen lagunduko du.

Orain artekoan, Udalak ez zuen jakinarazpen elektronikorik ematen, bi kasu hauetan izan ezik: udal-kontratazioa eta trafiko-isunak.

“Jakinarazpen elektronikoari esker epeak laburtu egingo dira, eta horrek izapide administratiboak arintzea eragingo du. Gainerako udal-prozeduretan jakinarazpen elektronikoa pixkanaka txertatuko da”, azaldu du Borja Rodríguez, Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotziak.

Pertsona juridikoek eta elkargo profesionaletako kideek tresna elektronikoen bidez jarri behar dira harremanetan nahitaez Administrazioarekin. Herritarrek, aldiz, Administrazioarekiko harremana bideratzeko modua hautatu dezakete, dela jakinarazpen elektronikoaren bidez, dela paperezko bide tradizionalaren bitartez.

Jakinarazpen elektronikoak jasotzeko alta eman beharko da nahitaez, formulario bat beteta; bertan adierazi beharko da posta elektronikoko zein helbidetan jaso mezuak.

Mezuok esteka bat eramango dute, jakinarazpena irakurtzeko aukera ematen duen atarira, alegia, Eusko Jaurlaritzaren ‘Platea’ tramitazio-plataformara. Nahitaez, ziurtagiri digital edo NAN elektroniko bidez identifikatu beharko da.

“Eusko jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmen bati esker eskaintzen dugu bide berria. Horren bitartez,  batu eta sinplifikatu egiten da Udalaren, Aldundiaren zein Eusko Jaurlaritzaren jakinarazpen guztientzako lekua, Eusko jaurlaritzaren beraren egoitzan”, gehitu du Rodríguezek.

Jakinarazpen elektronikoak emandakotzat joko dira horien edukia irekitzearekin bat, edo bidali zirenetik 10 egun naturaleko epea igaro denean.

Nahita bide elektronikoa hautatu eta gero bide tradizionalera itzuli nahi dutenek, edozein unetan egin ahalko dute.

“Honelako neurrien bitartez –zein prozedura administratiboak gainbegiratu eta hobetzera zuzendutako programa batean kokatzen baitira–, aurrera egingo dugu Administrazioaren digitalizazioaren bidean, hots, kudeaketa arduratsua, efiziente, gertu eta gardenago baterako bidean.  Neurri honek, gainera, tramitazioa hobetzen lagunduko du, bai eta -papera saihesten den aldetik- baita Udalak iraungarritasunaren bidean aurrerapausoak ematen ere”, azpimarratu du zinegotziak.

Aurrerapen teknologiko berria 2021ean aurkeztu ditugun beste batzuei batzen zaie, esaterako Herritarren Udal Txartela (HUT) telefono mugikorrean txertatzea, VGReservas eta GeoVitoria-Gasteiz web aplikazioak (udal instalazioetako erreserbak kudeatzeko lehenak, kontsultak egiteko bigarrena). Baita WhatsAppen bidez Enplegu Zerbitzuaren ikastaroei buruzko informazioa ematekoa ere.

Herritarren eta Administrazioaren arteko harremana errazteko erabiltzen dituzte horiek guztiek teknologia berriak, hori baita Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailaren lehentasunetako bat.

 

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Gasteizek bat egingo du Dravet-en Sindromearen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin

Hori dela eta, morez argiztatuko dira hiriko eraikin enblematikoetako batzuk.

 

Ekainaren 23an (asteazkena) Dravet-en Sindromearen Nazioarteko Eguna ospatuko da; gaixotasun hori gaur egun sendabiderik ez duen epilepsia mota bat da, eta gaixotasun arraroen artean sailkatuta dago. Gasteizko Udalak bat egingo du ospakizunarekin eta morez argiztatuko ditu udaletxearen fatxada, Floridako kioskoa eta Arkupeak.

Dravet-en Sindromearen Fundazioak ahalik eta ikusarazi egin nahi du gaixotasun arraro hau, hartara gizartea kontzientziatzeko berekin dakartzan erronka eta oztopoen inguruan. Horrez gain, ikerketaren garrantzia azpimarratu nahi du Fundazioak, gaixotasunaren ondorioei aurre egiteko eta pairatzen pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko asmoz.

Sindromea lehen urtean agertzen da haur osasuntsuetan, eta krisi epileptiko kontrolgabeak, atzerapen kognitiboa, mugikortasun-arazoak eta hizkuntza-atzerapena eragiten ditu, bai eta hilkortasuna % 15 haztea ere.

Share